Iņaki Soto
2012ko Irailaren 21a
Aurreko batean elkarrizketa bat egin zidan Madrilgo lagun batek nire irakurketen inguruan, bere blogean argitaratzeko (http://bit.ly/UgAe9q). Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, beti uzten dituzu aipagarriak diren zenbait irakurketa sartu gabe, halabeharrez. Nolanahi ere, egin nuenetik benetan garrantzitsua den erreferentziaren bat eman gabe utzi ote nuen pentsatzen aritu naiz, eta behin baino gehiagotan oroitu naiz T.S. Kuhn pentsalariaren “Iraultza zientifikoen egitura” lanaz. Egia esateko, sartzekotan izan nintzen, liburu akademikoa eta, ondorioz, honelako testuinguru baterako oso egokia ez izan arren, nire bizitzan garrantzia izan duelako (garai batean zientziaren filosofian buru-belarri aritu nintzelako) eta orokorrean, kultura mailan, erreferentzia garrantzitsua dela uste dudalako. Urrutiago joan gabe, lan hori euskaraz argitaratzeko Elhuyar-Elkarreko lagunek duela 22 urte egin zuten esfortzua aipatu nahi dut.
Auziari bueltaka ari nintzela “The Guardian Weekly” heldu zen erredakziora eta, hara non, Kuhnen liburuaren 50. urteurrena orain betetzen dela-eta, liburuaren garrantzia aztertzen zuen artikulu bat argitaratzen zuten bertan, John Naughtonen eskutik (http://bit.ly/S7RlYv). Liburuaren azalpena oso azalekoa zen, baina zientziaren filosofiatik harago izan duen eragina ondo aztertzen zuen. Hemen ere antzeko zerbait egingo dugu. Kazetaritzak gai sakon hauetarako dituen mugak kontuan hartuz, auziaz gehiago jakin nahi duenari jatorrizko liburua irakurtzea gomendatzen diot. Bestela, auziari buruz badira gutxienez bi erreferentzia on euskaraz. Alde batetik, Baztarrika, P.; Eizagirre, X.; Ibarra, A.; Oianguren, J.: “Zer da zientzi teoria delako hori?”, Bilbo, UPV-EHU, 1992. Bestetik, Eizagirre, X.; Ibarra, A.: “Zientzi razionaltasun berriranzko urratsak: Popper ala Kuhn?”, Donostia, UPV-EHU, 2008. Jakina, ordutik hona gauza gehiago argitaratuko zirela imajinatzen dut, baina funtsa hor dago.
Paradigma aldaketa: Kuhnen eragina diziplinatik harago
Ikaragarri laburbilduz (barka nazatela irakasleek), Kuhnek zientziaren filosofian jite historizista zabaldu zuen. Aipatutako liburuan bere aurreko pentsalarien ikuspuntu arauemaile eta idealisten kritika zorrotza egiten du eta zientziak giza jarduera gisa benetan nola funtzionatzen duen aztertzea du helburu. Horretarako bere kontzeptu zentrala paradigma da; paradigma aldaketa, hain zuzen ere. Bere ustez, zientziaren garapena ez da lineala. Paradigma garai jakin batean zientzialarien komunitateak sostengatzen dituen konpromiso eta uste komunak dira (Naughtonek ongi azaltzen zuenez, ingelesez “business as usual” deitzen dena). Konpromiso horiek pitzatzen joaten dira eta ikuspuntu hegemonikoa zalantzan jartzen duten egitateei ikuspuntu berriak gehitzen joaten zaizkie. Krisiari iraultza zientifikoak jarraitzen dio, eta horri paradigma berri baten ezarpenak.
Nolanahi ere, bere eragina diziplina horretatik askoz harago doa, paradigma hitza bera jatorrian zena baino askoz komunagoa bihurtu arte. Eragin hori ekonomian, politikan, artean… nabarmena da. Zeinek ez du, bere argudioei indarra eman nahirik, ikuspuntu jakin batek «paradigma aldaketa» bat suposatzen duela esan? Gure artean ere ohikoa da esamolde hori. Politikagintzan, adibidez, ezker abertzalearen estrategia berriak paradigma aldaketa bat suposatzen duela defendatzen dute askok, nik neuk barne. Edo, gutxienez, suposatu behar duela. Nekez uler baitaitezke azken urtean gertatu diren zenbait gauza aurreko eskema politiko eta mentalekin. Logikoa denez, paradigma berriaren aurrean erresistentzia egon badago, eta ez da soilik kontzientea; alegia, ez dio soilik desadostasunari erantzuten. Hein batean, aurreko aroaren eskemak barruraino sartuta ditugu, automatizatuta. Adibidez, aldebikotasunarena. Arnaldo Otegiren liburu berriak zerbaitetan lagundu baldin badezake, besteak beste, paradigma berriaren klabeak ikusten izango da. Baita automatismo zaharrak hautematen ere, jakina. •




