Marea bizietan, itsasoak kartzelakoak izandako harriak bistara ateratzen ditu Ondarretako hondartzan, inork ahaztu ez dezan paraje eder horretan kartzela ikaragarri bat egon zela 1890. eta 1948. urteen artean. Donostiako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak erakusketa bat prestatu dute, ez dutelako hondarrez tapatu nahi hainbeste sufrimendu sortu duten murruen historia.
Amagoia Mujika
2012ko Irailaren 21a
Urteak eman zituen preso Ondarretako kartzelan. Sekula ez du horri buruz hitz egiten, baina urtero-urtero egun horretan pastel bat ekartzen du etxera. Ez du hitz egiten preso egondako egunez, baina libre geratu zen eguna gogoratzen eta ospatzen du, isil antzean.
1890. eta 1948. urteen bitartean Donostiako badiako postal ederra Igeldoko magalean zegoen eraikintzar batek ebakitzen zuen. Eraikina bera ez da postal askotan agertzen, eta kartzelako murruek entzundakoak eta ikusitakoak apenas atera diren horma horietatik. Badirudi Donostiak lotsa sentitzen duela. Horregatik, historia, onerako eta txarrerako, ezagutu egin beharko delako, Donostiako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Ondarretako kartzelari buruzko erakusketa bat antolatu dute. Datorren ostiralean, irailaren 28an, irekiko dute erakusketa Aieteko kultur etxean eta bi hilabetez egongo da ikusgai. Juantxo Egaña da erakusketaren komisarioa. «Erakusketarena aipatu zidatenean, zein material grafiko zegoen ikertzen hasi nintzen. Ez nuen ezer askorik topatu. Pentsa, lehen garai hartako argazki bakanetakoa Parisko liburutegi nazionalean topatu nuen. Kartzela barruan argazki gutxi egiten ziren eta kanpokoak ere ez daude asko».
Kartzelari propio ateratako argazki asko topatu ez eta ingurunean ateratakoei erreparatu zien ondoren. «Kartzelak sekulako presentzia fisikoa zeukan hirian. Estropadetako argazkietan hortxe ageri da, hondartzan jokatzen ziren futbol partidetan... Hiriaren parajearen zati zen Ondarretako kartzela», jarraitu du Egañak.
Donostiako Udal Liburutegia, Espainiako eta Frantziako liburutegi nazionalak, Donostiako Artxibo Historikoa, San Telmo museoa, Aranzadi Zientzia Elkartea, Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroa, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa... Hamaika artxibo arakatu ditu Juantxo Egañak azken hilabeteotan. Bestelako artxiboetan ere izan da, Ondarretan preso izandakoen etxeetan. Preso egondakoen senideen eskutik eta kasu batzuetan preso egondakoen ahotik jaso ditu kartzela hartako usainetako batzuk. «Deialdi publiko bat egin genuen kartzelari buruzko materiala eskatuz eta egia esan sekulako erantzuna jaso dugu. Oraindik jendearen deiak jasotzen ari naiz. Niretzako izugarria izan da jende horren etxeetara joan eta lehen eskutik jasotzea testigantza horiek. Benetan hunkigarria izan da», segitu du. «Istorio pertsonal ugari entzun ditut topaketa horietan eta konturatu naiz jendeak kontatzeko behar handia duela. Nik kasu guztietan preso egon zenaren argazki bat eskatu diet, garrantzitsua iruditzen zaidalako istorio horiei aurpegia jartzea».
Irudiak eta objektuak
Erakusketa inauguratu bezperatan harrapatu dugu Juantxo Egaña, txukun ordenatutako kutxa artean. Zumezko saski bat atera du. «Senideek zumezko sakietan jatekoa, arropa eta horrelako gauzak eramaten zizkieten presoei. Baina debekatuta zuten eskutitzak eramatea. Hartara, saskien kirtena askatu, barruan eskutitzak ezkutatu eta berriz lotzen zuten kirteneko soka. Modu horretan lortzen zuten eskutitzak sartu eta ateratzea. Eskutitz horietako bat lortu dugu eta erakusketan egongo da».
Kartzela inauguratu zutenean “La Voz de Guipuzcoa” egunkarian argitaratutakoa atera du beste kutxa batetik; «Cárcel nueva y cómoda –dio titularrak–. Es insensible a la acción de las temperaturas producidas por causas meteorológicas, se compensan sus dilataciones automáticamente». Bertan preso egondakoek kontatzen dute ziega arratoiekin partekatzen zutela.
Erakusketaren helburua isil samar idatzi den Donostiako historiaren kapitulu bat bistaratzea da. Bai, Ondarretan kartzela frankista bat egon zen eta 600 eta 800 lagun bitartean kartzela hartatik atera eta fusilatu egin zituzten. Argazkietan ez ezik, objektuetan, eskutitzetan, marrazkietan kontatuko du erakusketak kresal usaineko murru horien artean bizi izandakoa.
«Kartzelatik bidalitako eskutitzak, kartzelara bidalitakoak, burdinazko bisagrak, harriak, barruan preso batek marraztutako erretratuak, fusilatuak izan zirenei buruzko egunkari-zatiak, Pelletierrek Ondarretako kartzelan bizitakoari buruz idatzitakoak... gure helburua Ondarretako historiari izenak eta aurpegiak jartzea da», jarraitu du Egañak.
Lehenago aipatu bezala, erakusketan dauden elementu asko Ondarretan preso egondakoen senideen eskutik jaso dituzte. Hartara, Debako Amuategi familiak Jose Martinez Amuategik kartzela barruan egindako marrazki sorta bat utzi du erakusketarako. Amua &discHyphen;–horrela sinatzen zuen– karikaturista zen eta hainbat komunikabidetan argitaratzen zituen bere lanak atxilotua izan baino lehen. Ondarretan preso zegoela marrazten segitu zuen eta berari esker jakin daiteke, esaterako, nolakoa zen Ondarretako kartzelako ziega arrunt bat, marraztuta utzi zuelako. «Kartzelako bere kideen erretratuak marrazten zituen. Denak albora begira marrazten zituen. Eta fusilatuak izan zirenei gurutze txiki bat jartzen zien azpiko aldean», azaldu du Amuaren koadernoa eskuetan hartuta.
Ziegen ateetako bisagrak
«Goiz batean Ricardo Ugarte eskultorearekin topo egin nuen kalean eta aipatu nion Ondarretako kartzelari buruzko erakusketa batekin ari nintzela. Eta berak esan zidan etxean kartzelako bisagra bat zuela. San Vicente kalearen parean errementari bat omen zegoen eta Ugartek lan asko egiten zuen harekin. Ondarretako kartzela bota zutenean bertako burdinazko gauza asko errementari horren eskuetara iritsi ziren, tartean bisagrak. Ugartek bisagra horietako bat eskatu zion eta ordutik bere estudioan zeukan jarrita. Erakusketarako utzi digu orain. Ondoren beste pertsona batek deitu digu beste hiru bisagra dituela esanez; hauek ere errementari horien bidez lortutakoak dira».
Zenbait datu historiko
Gaur egungo ikuspuntutik harrigarri samarra egiten da Ondarretako parajean kartzela bat irudikatzea, baina 1885. urtean udal teknikariek kartzelaren kokapena erabaki zutenean errealitatea bestelakoa zen. Iñaki Egaña historialariaren hitzetan, «beste aukera Amarako lurretan kokatzea zen, baina hiria alde horretarantz ari zen zabaltzen eta Ondarretako hondartza aukeratu zuten azkenean. Hiritik baztertua zegoen –oraindik ez zegoen Antiguako tunela– eta Antigua auzo zaharra zen, leku herrikoia eta ez nabarmenegia kartzela batentzako».
Gipuzkoan baziren kartzela txikiak, gehienak udal eraikinetan, baina Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak garaiko berrikuntzak nahi zituzten eta kartzela handi baten aldeko apustua egin zuten. «Donostian gaur egun Trinitate plaza dagoen tokian kartzela bat zegoen; Azpeitian eta Tolosan kartzelak egon dira eta gerra garaian kartzela asko sortu ziren herrietan». Hartara, Ondarretako kartzelak, Donostiakoak ez ezik, inguruko herrietako presoak ere hartu zituen.
Benito Olasagastik egin zituen Ondarretako kartzelako lanak. Kontratista horrek egin zituen, hain juxtu, garai hartako hiriko lanik gehienak.
«Inaugurazio garaian komunikabideen nabarmendu zuten Ondarretakoa Gasteizko presondegiaren kopia bat izan zela, proiektua ez zela originala izan», jarraitu du historialariak. Gasteizko kartzela 1858. urtean eraiki zuten eta bertan erabili zen Estatu espainolean lehen aldiz sistema zelularra, gerora Ondarretakoan bezala.
Kartzela eraiki aurretik eremu hori militarrek erabiltzen zuten maniobrak egiteko, «horrek adierazten du toki hori hiritik kanpokoa zela», nabarmendu du Iñaki Egañak. Kartzelak, 33.628 metro koadroko azalerarekin, militarren eremuaren zati bat bereganatu zuen eta horrek sortu zuen tirabiraren bat, azkenean onean konpondu zutena.
Kartzelaren eraikuntzan batez ere Igeldoko harria erabili zen, Ondarreta eta Orio bitarteko harrobietatik ekartzen zutena. Menditik hondartzara idi pareak ekartzen zituen harriak. Eraikinak itxura hartzen hasi orduko bereganatu zuen jendearen arreta, bere handitasunak zerikusi gutxi baitzuen ordura arteko kartzela txikiekin. Iñaki Egañaren hitzetan, «Ondarretakoa harrizko munstroa zen». Honela jarraitzen du deskribapena: «Zelula itxurako presondegiak gurutze latindar formako nabe handi bat zuen, eta hiru solairutan ziegak. Erdi-erdian aldare bat meza emateko. Ziegek 28 metro kubikoko bolumena zuten, egurrezko ohe bat eta aulki bat (...) Zigor ziegak, berriz, sotoan ezkutatzen ziren».
Hala ere, eta handitasunak handitasun, Ondarretako kartzela orokorrean oso ezezaguna da. «Nik txikitandik Donostiako postalen bilduma egiten dut eta postal horietan apenas agertzen den kartzela. Hondartza askotan agertu arren, beti saiatu izan dira kartzela ezkutatzen», esan du Iñaki Egañak.
Itsustu egiten zuen postala
Espainiako erregeek Donostia opor leku aukeratu zutenean atzetik etorri ziren aristokratak eta beste. Eta Biarritzen antzera, turismoaren miran jarri zen hiria. Turismoak gora egin zuen neurrian, kartzelak itsustu egiten zuen hiriaren postal ponpoxoa eta azkar konturatu ziren agintariak kokapena ez zela egokiena. 1927. urte hasieran udal ingeniari baten txostenak dagoeneko kartzela lekuz aldatzearen aukeraz hitz egiten zuen, «Ondarretako kartzelak kokapen ezin hobea du, edozertarako egokia, betetzen duen funtzio tristerako izan ezik. Lorategi zabalez inguratua, Ondarretako hondartza ederraren ertzean, eta Kontxako badian, kokaleku zoragarrian, hiriko gune gorenetatik ikusgai dago. Bere silueta ikaragarria modu ilunean nabarmentzen da, ukitu ilun eta tristea eskainiz».
Baina gertakari politikoen ondorioz atzeratu egin zen presondegiaren itxiera eta hiriak bizi zuen muturreko egoeraren ikono bihurtu zen. 1931. eta 1948. urteen bitartean preso politikoak Ondarretako kartzelaren ikur bihurtu ziren. Murru haien artean egon ziren garaiko protagonista politiko eta sindikal asko.
Bada argazki bat, 1936ko abendukoa –erakusketan ikusgai dagoena–, benetan ikusgarria; kartzela preso errepublikanoz lepo ageri da bertan.
Gerra zibilaren krudeltasuna muturreraino eraman zen kresal usaineko kartzela haren hormen artean. Bertako egonaldia askorentzat heriotzaren atarikoa zen, fusilatua izan aurreko kalbarioa. 600 eta 800 preso artean atera zituzten Ondarretako kartzelatik inguruko toki desberdinetan fusilatzeko. «Kartzelaren ondoan zegoen baserri batean bizi zen Imanol Unanue elkarrizketatu genuen duela urte batzuk. Berak kontatzen zuen frankistak hirian sartu eta lehen egunetan tiro hotsak entzuten zirela. Batzuk kartzelan bertan fusilatu zituzten, baina gehienak kanpora ateratzen zituzten akabatzeko; Uliara, burdinazko zubira, Hernanira, Oiartzuna, Artikutzako bidera, Berako harrobietara eta Bidebietako tiro-eremura kasu», kontatu du Iñaki Egañak.
Rafael Latailade alkate frankistak itxi zuen Ondarretako kartzela, eraikuntza operazio handiago bat tarteko. 1948. urteko apirilaren 30aren eta maiatzaren 3aren bitartean aldatu zituzten presoak Ondarretako kartzelatik Martutenekora. Artean, Urumeako kartzela ez zegoen erabat bukatuta baina uda gertu zegoen, baita turisten etorria ere, eta presa zuten agintariek.
Marea bizietan itsasoak kartzelako harriak arrastaka ateratzen ditu hondartzara, inork ahaztu ez dezan hor kartzela erraldoi bat izan zela.
Donostiako Udalaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen harremana bizia da gerra zibilari buruzko ekimenetan eta oraingoan Udaletik sortu da erakusketa hau egiteko beharra. Eta Aranzadikoek gustura jaso dute elkarlanerako eskaintza. «Oso erakusketa duina eta zirraragarria dela iruditzen zait; gure historiaren zati hori berreskuratzeko zerbait garrantzitsua izango dela pentsatzen dut. Kartzela barruko bizitzari gainbegirada bat eskaintzeko moduko mapa txukuna dela uste dut, benetan zirraragarria eta hunkigarria», segitu du historialariak.
Izan ere, Ondarretako kartzelari buruzko erakusketa honek balio historiko garrantzitsua izatez gain, gizatasun handiko ariketa izan nahi du. «Finean espetxe bati buruz ari gara hizketan eta espetxeak gizakiek eta beren bizipenek betetzen dituzte. Espetxeak ez dira eraikin soilak», nabarmendu du Iñaki Egañak.
Marcelo Usabiaga, 21 urte kartzelan: «Goizean koltxoia kendu eta iluntzean ekartzen zidaten»
Hizketaldia hasterako ohar pare bat egiten dizkigu, «ez ditudalako ahaztu nahi nire bizitzako bi pasarte funtsezko». Bere bizitzako momenturik latzena Gijonetik itsasontzi batean ihesi zihoala bizitu zuen. «Itsasontziko sotoan ginen ezkutatuta berrehun lagundik gora eta goian emakumeen ahotsak entzuten genituen, urduri eta beldurtuta. Bat-batean, gizonen ahotsak entzun nituen eta lau hankatan igo nituen eskailerak, goian zer gertatzen zen ikusteko. Zuriz jantzitako gizonak ikusi nituen; itsas armadako kideak ziren. Behera jaitsi eta burkideari esan nion ez nuela berriro preso erori nahi. Eta hark, berdina pentsatzen zuela. Aldean genituen pistolak atera eta lokian jarri genituen. Gure buruaz beste egin nahi genuen. Burkideari begietara begiratu nion eta azkar konturatu nintzen ez bata ez bestea ez ginela ausartuko».
Marceloren bizitzan muturreko egoerak eta aparteko kapituluak asko izan dira. Berak argitasun izugarriz gogoratzen ditu datak, tokiak, izenak... Nabarmendu nahi duen bigarren kapitulua 1982. urtekoa da. «Kartzelatik atera eta denbora batera Radio España Independiente irratiko zuzendariak proposatu zidan berriz Burgosko kartzelara sartzeko hamabost urtean han egiten nuena berriz egiteko. Eta egin genuen. Burgosen preso egon nintzen hamabost urteetan ‘Euzkadi Roja’ astekaria idazten nuen miniaturetan, luparekin eta luma-muturrarekin. Gero kartzelan bertan egiten genituen eskulanetan ezkutatuta ateratzen genituen idatzi horiek. Nahiz eta kasik erotu ziren ‘Euzkadi Roja’ egiten zutenak harrapatu nahian, ez gintuzten harrapatu», kontatu du.
21 urte eman ditu kartzela frankistetan preso eta Ondarretako kartzelan hiruzpalau aldiz egon da. «Ondarretan egin nuen espetxealdi luzeena urtebetekoa izan zen, eta ia urte osoa isolamenduan eman nuen, bakarrik eta ziegan. Beraz, ezer gutxi konta dezaket kartzela horri buruz», hasi da. Isolamenduko ziega hura erizaindegiaren ondoan zegoen. Lurrean koltxoi bat eta bazter batean bizpahiru hilkutxa, ez zegoen besterik. «Erizaindegian norbait hiltzen bazen hilkutxak eskura izateko gordetzen zituzten ziega hartan. Izugarria zen».
Egunero goizeko zortzietan koltxoi hura kendu egiten zioten, iluntzean berriz ekartzeko. «Eskerrak horrela egiten zuten, ze nire burkideek egunero koltxoi haren barruan zigarro pare bat ezkutatzea lortzen zuten. Horrela gutxienez tabako pixka bat izaten nuen». Ondarretara iristerako Usabiaga izana zen beste kartzela batzuetan eta Arroakotik ihes egindakoa zen. «Ihes egindakoak eta preso sozial ‘arriskutsuak’ egoten ginen isolamenduko ziega haietan. Horrela deitzen zieten homosexualei. Gogoan dut Angel izeneko batek –Toledokoa zen– nola kontatzen zizkigun bere konkistak. Esaten zuen nahi izan zuen soldadu frankista guztiekin oheratu zela».
Baina tertulia gutxi izaten zen Marceloren egunerokoan eta orduak luzeegiak ziren isolamenduan. Irakurtzeaz aspertuta– liburutegiko liburu guztiak irentsi zituen–, idazten hasi zen Usabiaga. «Amari eskatu nion koaderno batzuk sartzeko eta haietan idazten nituen irakurritako liburuei buruzko nire iritziak. Berehala betetzen nituen koadernoak eta garesti ateratzen zitzaizkion amari. Horregatik hasi nintzen miniaturak idazten, orri gutxiago gastatzeko». Gerora abildade hori baliatu zuen Burgosko kartzelan “Euzkadi Roja” idazteko.
Bere etxeko lurrari begira akordatu da berriz Ondarretako kartzelaz. «Lurra horrelakoa zuen, egurrezkoa, eta azpitik arratoiek zuloak egiten zituzten. Zulo horiek tapatzeko xafla zatiak jartzen zituzten. Ziega guztietan zeuden horrelako petatxuak. Behin amak gazta zati bat ekarri zidan. Goizean txoko batean gorde eta iluntzerako arratoiek dena janda zuten», jarraitu du ahazten zailak direnak oroituz.
Pilar Garciandia, Ondarretan preso egona: «Prostitutak, lapurrak, preso politikoak... denak pilatuta geunden»
Ondarretan sartu eta sei hilabetera premiazko gerra-kontseilua izan zen. Pilar eta beste hamabi gizonezko epaitu zituzten. «Gainontzeko guztiei heriotza zigorra eman zieten eta niri, hamabi urte eta egun bateko kondena, oso gaztea nintzelako. Epaileak, neskato bat besterik ez nintzela ikusita, Prim kalean zegoen San Jose egoitzako kartzelara bidali ninduen eta bertan bederatzi hilabetez egon nintzen. Gero hura itxi eta berriz Ondarretara bidali ninduten. Zer zen hura... lapurrak, prostitutak, preso politikoak... hura oso gogorra zen niretzako». Normalean San Josen egoten ziren haurrak zituzten emakume presoak eta adinekoak.
Ondarretako kartzelaz oroitzapen ikaragarria dauka Pilarrek. «Hainbeste emakume ginen pilatuta han... sekulako miseria zegoen. Batzuk besteen gainean egoten ginen. Pasillo luze bat zegoen eta bukaeran harraska bat. Harraska hori bakarrik genuen preso guztientzat, han garbitzen ginen denak. Egoera oso latza zen. Kanpoan gizarte zibilak ez zeukan jatekorik eta zer izango zuten presoek! Eskerrak nire amak jatekoa eramaten zidan. Hamabost egunean behin etortzen zen bisitan eta saski batean ekartzen zidan janaria», kontatu du. Bisitak erotzekoak direla gogoratzen du; «taldeka egiten genituen bisitak. Presoak barra batzuen atzean, senideak beste barra batzuen atzean, eta, tartean, sekulako pasilloa. Buila ozenen egiten zuenak lortzen zuen zerbait entzutea». Ondarretakoa paseko kartzela omen zen: «Toki askotako jendea ezagutu dut nik han, Madrilgoak, Andaluziakoak, baita Tenerifekoak ere. Gogoan dut Ondarretan ezagutu nituela Tenerifeko emakume bat eta 4 urteko bere alaba. Gero San Josera eraman zituzten, eta, handik, Saturraranera. Ez dakit non bukatu ote zuten. Ondarretan ginela ohikoa zen emakume taldeak sartzea, gero Saturraranera eramaten zituzten emakumeak».
Orduak luze joaten ziren kartzelan. «Kartzela garbitu besterik ez genuen egiten. Batzuk eskulanak ere egiten genituen, pixka batean gure errealitate garratza ahazteko edo. Gogoan dut iluntze batean nola etorri zen ofizial bat pasilloa garbitzen ari ginela. ‘Faustina, prestatu eta jaitsi behera, zain dauzkazu’. ‘Ordu honetan?’, galdetu zuen harrituta. Joan zen eta ez genuen gehiago bere berririk izan. Fusilatu egin zuten. Bere ahizpa bat ere preso zegoen Ondarretan. A ze gaua pasatu genuena! Bat behetik entzuten genuen builaka bazekielako fusilatu egingo zutela eta bestea goian builaka, negar batean», eta hunkitu egiten da egoera gogoratuta.
Pilar kartzelako aurrealdeko ziega batean zegoen; «ordulari handi bat zegoen fatxadan, nik uste ia Donostia osotik ikusten zela ordulari hura». Kartzelan loa arina zuten preso guztiek, ohikoa baitzen gaueko ilunean pausuak entzutea pasilloan eta norbait bere ziegatik nola eramaten zuten sumatzea, sekula bueltan ez ekartzeko. «Ziegan zortzi edo hamar emakume inguru egoten ginen. Beste baten bizkar gainera igo eta ikusten genuen leihotxo hartatik nola eramaten zuten jendea gauez, nola ateratzen zituzten kartzelaren aurrealdetik kanpora, nonbaitera fusilatzera. Beldurgarria zen».
1940. urteko irailaren 16an atera zen Ondarretatik baldintzapeko askatasunean. Gau hartan ohean bueltaka eta bueltaka ibili eta gero, koltxoia lurrera bota behar izan zuen lo hartu ahal izateko.




