KOMUNIKAZIOA -

Ander Izagirre, kazetaria

2012ko Irailaren 14a

Groseko kaleetan nabil, ezezagunekin gurutzatzen naiz eta ez dut inor agurtzen. Hamar minutu beranduago, Uliako bideetan, ezezagun guztiak agurtzen ditut. Zein da muga? Non hasi behar dugu arrotzei «epa» esaten?

Badaramat denbora pixka bat zeremonia hauek behatzen, eta ez ikusiarena egiteko eremua (eremu urbanoa, alegia) Zemoria kalearen goiko alderaino hedatzen dela esan dezaket. Kalearen beheko aldean, gasolindegiaren ondoan, arrotz bat agurtuz gero egoera deserosoa sortuko genuke («barkatu, elkar ezagutzen dugu?»), edo kezkatzekoa («tipo honek zer nahi du?») edo, zuzenean, susmagarria («hau ez al zen bizikletaz biluzik joaten zen hura?»). Pixka bat gorago, etxeak bukatzen direnean, porlanezko malda bat basoan gora barneratzen da: Nahasketa Sozialaren Berrehun Metroak dira. Zona gris horretan, batzuek elkar agurtzen dute eta beste batzuek ez. Nik «ñe» ahul bat esaten dut ahopeka, konpromiso handirik gabe. Baina ehun metro aurrerago, Uliara doan lurrezko pistan sartzen naizenean, ezezagun guztiei buruarekin keinu bat egin eta «epa» ozen bat esaten diet. Elkar agur-tzeko eremua hasten da (eremu basatia, alegia).

Nik uste dut hiritik kanpo memoria genetikoa pizten zaigula. Ulian bi ibiltari topatzen direnean, duela bi milioi urte sabana afrikarrean topatzen ziren bi Homo habilisen esperientzia bera izaten dute. Hominidoek keinuak, jauziak eta marmarrak egingo zituzten, mezu lasaigarri bat jakinarazteko, «kaixo, lagun, zer moduz, ez dut piztiarik ikusi, segi lasai». Ordutik igaro diren milaka urteek formula sintetizatu dute: orain «epa» esaten dugu. Baina «epa» horren mezua berbera da: «Kaixo, lagun, zer moduz, ez dut piztiarik ikusi, segi lasai». Arbasoengandik datorkigun elkartasuna da, Zemoriaz haratago zain daukagun etsai basatiaren aurkako babesa.

Zemorian hiltegi bat egon zen 1972ra arte. Ez da kasualitatea. Aurreko hiltegia Alde Zaharrean zegoen, XIX. mendearen amaieran, hiria zabaltzen ari zen garaian, Donostiako azken mugara atera zuten arte. Harakinek protesta egin zuten, Zemoriako eremua «osasungaitza eta kutsatua» zelako, hango «harea mugikor eta beroen artean, gantz, tripaki eta bestelako hondakinen deskonposizioa» azkartuko zelako eta «harea soltearen erruz hildako abelburuak haiza-tzea ezinezkoa» izango zelako. Giza erresumaren azken postua zen Zemoria, animaliak errukirik gabe hil –gan-tzak, tripakiak, hondakinen deskonposizioa– eta Ama Lur gaizkileari mezu anker bat bidaltzeko erabiltzen genuena.

Horregatik, muga hori zeharkatu eta Uliara igotzen naizen bakoitzean, ondo dakit piztiek irentsi nazaketela. Sugandilak, katuak eta kaioak besterik ez dira ikusten. Baina ez naiz fidatzen. Saurio zital, felido handi eta bizirik iraun duten dinosauroen ondorengo isilak baitira. Garrantzitsua da gure mesfidantza genetikoari eustea, honaino arrakastaz ekarri gaituena.

Eta espeziekoon arteko elkartasuna gordetzea ere bai. Horregatik agurtu nuen hirurogei urte inguruko emakumea bidean, aurreko astean. Ez dago ugaltzeko adinean, pentsatu nuen, baina etxean gizaki txikiak hezten lagunduko du seguruenik. Baliotsua da gure biziraupenaren lehiarako. Beraz, «epa» esan nion eta mezua pentsamendu telepatikoekin azpimarratu nuen:

–Lasai, andrea, ez dut hienarik ikusi mendian. Eta baten bat azalduko balitz, borroka egingo nuke zu babesteko.

Harriduraz begiratu ninduen. Ez nago seguru, agian esaldi telepatikoak ozen esan nituen konturatu gabe. Edo agian zerbait entzun zuen, nik bezala, sasi artean mugitzen. Bidetik harri bat hartu nuen eta andreari irribarre egin nion. Pausoa azkartu eta mendian behera urrutiratu zen. Ni bizkarra zaintzen gelditu nintzen, harria eskutan. •

www.anderiza.com

Twitter: @anderiza