-

Euskal Herrian ez du tradizio handirik lutheriak. Frantzian hango maisu batekin lanbidearen sekretuak ezagutu ondoren etxera itzuli eta tailerra ireki zuen Oiartzunen. Hainbat taldetan gitarra-jotzaile aritu ondoren, beste musikariak berak sortutako tresnak agertoki gainean astintzen ikustearen poza dauka orain.

Xole Aramendi

2012ko Irailaren 14a

U metatik aritu da etxeko gailuei tripak atera eta haiek konpondu nahian. Gurasoen ezkutuan, haiek errieta egiten baitzioten. Baina alferrik. «Jakin-nahia neukan. Tresna elektrikoekin eta egurrezkoekin aritzen nintzen. Txinparta batzuk hartua naiz... Horrela ikasi nuen», esan du irribarrez.

Zazpi urte zituenerako lanpara bat konpondua zuen... entxuferik atera gabe! «Kablea etengailuan ondo sartzea besterik ez zen. Kontuz ibili nintzen, eta orduan ez nuen txinpartarik hartu», kontatu du.

Ondoren, musika tresnak izan zituen jomugan. Izan ere, betidanik erakarri du musikak. Hainbat euskal taldetan aritu da gitarra-jotzaile eta luthierrak bi zaletasunak uztartzeko aukera eskaintzen dio.

Begiratu batera, Oiartzunen duen txokoak elektronika tailerraren antza gehiago du luthier batena baino. Hobeto begiratuta, musika tresnak ikusten ditugu han-hemen. Lurrean, ilaran jarrita, konpontzeko zain dauden hamar bat gitarra ikus daitezke, bakoitza bere zorroaren barruan.

Gorka Urraren esanetan, musikaria da tresnei bizia ematen diena, ez luthierra. «Musikariak transmititu nahi duen soinua sortzeko behar duen tresna egitea da nire lana. Ahalik eta ondoen egiteko, eurekin hitz egiten dut, beren musika estiloa entzuten dut, daukaten ideia. Batez ere, oso garrantzitsua da zuzenean jotzen entzutea. Gitarra nola hartzen duten... Ez da soinua sortzea bakarrik, musikariak eroso egon behar du tresnarekin. Nire lana hori guztia interpretatzea da», azaldu du Gorka Urrak.

Musikaria izateak lagundu egiten dio zeregin honetan. «Ezingo nuke jotzen ez dudan tresnarik egin. Horregatik bibolinik eta horrelakorik ez dut egiten, ez baititut ezagutzen –argitu du–. Teknika badakit, musika klasikoko tresnetan aditua zen luthierra zegoen Frantziako tailerrean eta harekin ikasi nuen. Baina jotzen ez dudanez, ez dut nahi».

Lau urte eman zituen Dupont maisuaren tailerrean. «Dezente ezaguna da mundu mailan. Hogeita hamar urte daramatza lanean eta denetarik egiten du. Ez da besteek diotenaz fio eta bere begiez ikusi nahi du, esperimentatzea gustatzen zaio». Horixe da Dupontengandik jaso zuen lezio nagusiena; beste luthierrek esandakoari jaramon egin gabe, gauzak probatu eta bere begiez ikustea.

Dupontek ez zuen tailerrean beste langilerik nahi, baina Urrak besapean zeraman gitarra ikusi ondoren bertan geratzera gonbidatu zuen. Duela bederatzi urte egindakoa zen, berak egindako lehenengoa.

24 urte zituen. «Entzuten nituen diskoetan bezalako soinua egiten zuen gitarrarik ez nuen aurkitzen dendan. Urtebete pasa nuen ikertzen, lehenago nola egiten zen begiratzen, eta azkenean, egin nahi nuena egin nuen. Lehenengoa izateko oso soinu ona zeukan, dendetan aurkitzen nituenak baino hobea», gogoratu du.

Altxor preziatu hura tailerrean dago, oiartzuarraren ibilbidearen lekuko. «Gitarra hau probatuta enkargatu zidaten gitarra bat», dio. Ordura arte musikatik bizi zen, hainbat taldetan jo eta gitarrako eskolak emanez. Han ate berria ireki zitzaion.

Ez da altxor bakarra. Jazzeko gitarra bat erakutsi digu. Ez da edozein. «Duponten tailerrean egin nuenean ‘orain bai, orain benetan luthierra zara!’ esan zidaten lankideek. Zatika ikusten zuten eta ezin zuten irudikatu egiten ari nintzena. Muntatuta ikustean denak isildu ziren eta gainera, soinua egiten zuen! Asko geratzen dira begira», aitortu du luthierrak.

Duponten tailerrean, hasi eta buka, tresna osoa egiten zuen luthier bakoitzak. «Lutheria enpresa handi bat da, baina hori ez da ohikoa lantegi batean. Normalean pertsona bakoitzak tresnaren zati bat lantzen du».

Horri esker, sortze prozesu osoa ikasi zuen. «Konponketa asko egin nituen, baita tresna dezente ere. Esperientzia handia lortu nuen han. Gitarrak, baxuak, mandolinak, ukeleleak... denetarik egin nuen», dio.

Etxera bueltan, luthierra izatea erabaki zuen. «Eskaera bazegoela ikusi nuen. Euskal Herrian gutxi gara tresnak hasieratik bukaerara fabrikatzen ditugunok; gehiago dira konponketetan aritzen direnak», esan du.

Oiartzungo tailerrera ere denetarik iristen zaio. «Hortxe daukat ukelele bat konpontzeko. Baina gehienak gitarrak eta baxuak dira. Anplifikagailuak eta gitarra pedalak ere konpondu eta fabrikatzen ditut. Erakargarriena musika tresna hutsetik sortzea da, nahiz konponketa batzuk ere politak diren», dio.

Enkarguz aritzen da. «Pixkanaka nire gitarra eredu propioak prestatzen ari naiz, estandarrak, baina orain arte enkargu bereziak izan ditut. Musikariak bere gitarra nahi du, berezia».

Bezeroen artean denetarik du. «Batzuk profesionalak, ezagunak, eta besteak ezezagunak –argitu du–. Eta ez da beti musika profesionala zorrotzena. Bitxia da, bada beretzat bakarrik jotzen duena eta oso zorrotza dena».

Pozik dago hartutako bidearekin. Ahoz aho eta Internet bidez (www.gorkaurra.com helbidean) ari da bere burua ezagutarazten. Enkarguzko lanetan, musikariak nahi dituen ezaugarrien bila, zeresan handia du materialak. «Egurrak, batez ere, baina pieza guztiek dute beren garrantzia. Azken finean, sukaldaritza bezalakoa da. Osagai desberdin asko dago eta bakoitzak bere ukitua ematen dio. Patata tortila denok dakigu egiten, baina inork ez du berdin egiten... Hemen gauza bera. Osagaiak oso garrantzitsuak dira, eta horri sukaldari ona gehituz gero...», adierazi du.

Egurra karamelizatuz

Hainbat jaki sutan bezala, “karamelizatu” egiten da egurra. Frantziarrek horrela esaten diote egurrari lehortzeko behar adina denbora uzteari. Horixe egiten du Urrak. «Ez da lehortzea bakarrik, soinu karakter bat edukitzea baizik. Nik erabiltzen ditudan egurrek gutxienez hamar urte dituzte. Baditut batzuk 36 urte lehortzen daramatenak, eta beste bat 50 urtetik gora daramana; oso tresna on batentzat ari naiz erreserbatzen». Luthierraren esanetan, «labean azkar lehortuz gero, tresna horrek egingo duen soinua ez da berdina izango. Egur bakoitza ezberdina da eta bizirik dago. Enpresa handiak, batzuetan, dirua aurreztera joaten dira. Lehorketa prozesuan, adibidez», azaldu du.

Egur batzuk propio moztuta datoz –palo santoa, ebanoa– eta beste batzuk ia enbor osokoak datoz. Astigar zuria, intxaurra, altza, lizarra... dira erabilienak.

Barnizak ere garrantzi handia du. «Detaile txiki askoren batura da. Barniza emateko modua eta bere fintasuna egurra ez itotzeko oso garrantzitsua dira. Nik, zaharrek bezala, barniz nitrozelulosikoa erabiltzen dut. Orain ez da oso erabilia, baina garai batean bai. Oso ona da, normalean kalitatezko tresnek barniz hori daramate, baina emateko moduaren eta lodieraren arabera eragina okerra ere izan daiteke. Geruza finegia emanez gero, leuntzerakoan kentzeko arriskua dago, eta hori saihesteko, enpresa batzuk behar baino gehiago botatzen diote. Detaile guztiak zainduz denboran iraungo duen tresna egitea da nire helburua».

Tratu pertsonalizatua eskaintzen du Urrak. «Nigana datorrenak oso pertsonala den zerbait nahi du. Lantegian seriean egiten dira gauzak. Luthierrak, hasteko, musikariak zer nahi duen jakin behar du. Ez badaki, zaila da ‘zure gitarra hau da’ esatea... Normalean datorrenak etxean dituen gitarrak erakusten dizkizu, zein duen kuttunena, zer akats ikusten dizkion eta zer nahi duen. Beti ‘auskalo’ bat dago berak nahi duen soinua lortzerakoan, baina orain arte bezeroak oso pozik geratu dira».

Atzean lan asko dagoela nabarmendu du Gorka Urrak. «Barniza, elektronika, egurra... denetatik ikasi behar da. Ez da hain erraza honetatik bizitzea. Frantzian, asko saiatzen dira baina dezentedira bidean geratzen direnak. Lan exigentea da, honetatik bizitzeko lan asko egin behar da».

Egan, Izotz, eta Pikutara taldeetan aritu zen gitarra-jotzaile. «Eganekin urtean 110 kontzertu ematera iritsi ginen», esan du.

Hamahiru urterekin eduki zuen lehenengo gitarra. Hura ere dena desmontatu, konpondu eta soinua egiten zuela jarri zuen. Gitarra eduki eta musika taldea sortzea dena bat izan zen. «Bi astera, taldea sortu genuen lagunen artean. Barrua husteko eta gauza asko transmititzeko bidea ematen zidan... Berehala ikusi nuen musikaria izan nahi nuela», kontatu du.

Azken urteak agertokietatik urrun ibili ondoren, orain beste talde bat sortzeko ideia dauka buruan. Bien bitartean, beste musikariek berak sortutako gitarrak astintzen ikustearen poza dauka oiartzuarrak. •