PABLO AZKUE -

Surfak zerikusi handia izan du Pablo Azkue zarauztarra argazkilaritzan hastearekin. Itsas kirola kontsumo gizartean barneratzearekin batera, interesa galdu du beretzat. Ordea, itsasoak eta olatuek erakartzen jarraitu dute, eta argazkilaritza berezi bati heldu dio, munduan lehena ez den arren: tutu barnetik ateratako argazkiak, tutuaren begirada.

Fausto Berazadi

2012ko Irailaren 14a

Itsasoak lurrarekin bat egiten duenean sortzen diren olatuak ditu maite Pablo Azkue argazkilari zarauztarrak. Katalunia aldean dihardu bertako kostaldea ikuspuntu zeharo berezi eta pertsonal batetik erretratazen. Olatuaren baitan sortzen den tutuak eskaintzen dio argazkia ateratzeko leihoa. Kostaldeko postal tipikoetatik haratago, lehorreko paisaia urbanoa naturarekin lotzen du, itsasoaren, olatuaren ikuspegitik.

Kantauri itsasoan, gurean, urteak eman ditu gure surflariei argazkiak ateratzen. Hortaz, esperientzia zabala du uretan, bera ere surflaria baita. Haratago oraindik, itsasoa eta olatuak maite ditu, surfeko argazkilaritzak surflariari eskaintzen dion transzendentziaz gaindi. Egun, surfa gizarte kontsumoan sartu denetik itsasoari heldu dio, surfak garai batean sortzen zion zirrara galdu baitu. Itsasoa du inspirazio iturri, eta egunero berritzen delako du bide lagun. Finean, itsasoko olatu bakoitza ezberdina baita.

Olatu bakoitzak bere sentsazioa

Kontatzen duenez, «surfeko argazkiek azkenean surflarien autoerretratuen tankera hartzen dute. Surflariak betetzen du argazkia. Argazkiko elementu hori kenduz gero, surflaria alegia, beste guztiak hartzen du orduan irudia: itsasoak, olatuak, olatu bakoitzaren egiturak, formak edo ehundurak, haizeak uraren gainazala ferekatzen dueneko instantea, aparraren zuriak, itsasoaren urdin-orlegiak, argiak eta bere islak, kontrasteak, kolore ezberdinak, tonuak... Uretan denbora asko eman dut, argazkiak ateratzen. Olatu bakoitza nire gainetik pasatzean, sentsazio berezi eta bakarra sortzen dit. Azken finean, sentsazio horiek islatzen saiatzen naiz, tokian tokiko paisaiarekin batera. Horrek betetzen nau azkenaldian: olatuaren tutu forma ezberdinek sortutako markoa, eta atzean dagoen panorama. Olatu perfektu edota handiak erretratatzea baino, toki edo txoko polit batean, argi berezi bat duen olatua, ilunabarrean edo egunsentian... horrekin guztiarekin jolastea bilatzen dut», azaldu du barru-barrutik Azkuek. «Eta hala, surfarekin kokoteraino nintzela eta gure Kantauri itsasoan baino Mediterraneoan argi gehiago dagoela-eta (olatu txikiagoak ere bai, bide batez), Katalunia alderantz abiatu nintzen. Etapa berri bati ekin nahi nion eta orain Vilanovan bizi naiz», jarraitu dio hizketari zarauztarrak.

Argazkilaritza, diseinua, itsasoa

Diseinu Grafikoa ikasi zuen Donostian Pablo Azkuek. Ondoren, hainbat ikastaro egin zituen, denak ere argazkilaritza eta diseinuaren inguruan. Diseinua eta argazkilaritza gaztetatik atsegin izan ditu eta makina bat proiektutan sartuta ibili izan da, surfa eta argazkilaritza uztartuz. Esaterako, orain gutxi itxi berri den www.alaplaya.com webgunearen sortzailetako bat izan zen. 1999an sortu zuten. Bi munduak txikitatik gustatu zaizkiola eta arnastu dituela dio. «Gaztetan, 14 bat urterekin edo, uretako argazki makina bat erosi nuen, surfeko argazkiak ateratzeko batik bat. Nire aitak, gaztea zenean, uretan argazkiak ateratzeko karkasa edo estalki bat egin zuen. Akaso hortik etorriko zait zaletasun hau... ez dakit», adierazi du umore puntua erabiliz. «Zentzu horretan autodidakta naiz. Ez dut besteen lana jarraitzen. Ez dakit argazkilaritza munduan zer panorama dagoen. Nire lana nire sormenetik eta nire hutsegiteetatik osatu da, ez beste inorengandik», bota du segidan, serio jarriz.

Bizibidea atera behar

Katalunian argazkiak atera bai, baina hutsetik bizi ezin denez, badu bere bizibidea. Formatu handiko argazkiak saltzen ditu, etxebizitzetako horma luze eta zabaletan ezartzeko. Olatu baten tutuaren barrenetik ateratako argazki erraldoiak, etxeko salan. «Aurrera ateratzeko balio dit, ez gehiagorako. Bagoaz pixkanaka, baina panorama nahiko iluna da. Bestela, aitak asmatu eta patentatutako parrilla bat merkaturatu nahian ere banabil. Elitxu izenez saltzen dugu (www.elitxu.com) eta ez du kerik sortzen. Denetik pixka bat, bestela jai baitago», agertu du Azkuek.

Atzo, ostirala, Sitges inguruan olatuak iragarrita zeudela-eta gustura ageri zen Pablo elkarrizketa egiteko unean, asteazkenean. «Olatuak datozela-eta dena prest dut. Uda aurretik etorri nintzen Kataluniara, eta Mediterraneoan garai hori olatu kontuetarako nahiko eskasa denez, txoko eta toki berezien bila jardun dut. Zarautzen bizi nintzenean Euskal Herriko kostaldea eta inguruak nahiko ondo ezagutzen nituen, baina hemen ezberdina da. Hutsetik hasi behar izan dut eta surf zaletasun askorik ez dagoenez, olatuak dauden lekuak ez ditut gehiegi ezagutzen. Alde horretatik nik bilatu ditut argazkietarako tokiak. Batez ere Sitges eta Bartzelona aldean mugitu naiz, nahiko ezagunak baitira. Uda honetan Kanarietan ere ibili naiz. Han, ordea, tutuaren barnetik hondartza eta dunak soilik ageri ziren, hondarrezko paisaia. Argazki ezberdinak dira. Kanarietako eguzkia eta argia nabarmentzen dira eta segituan datorkizu hondartza haietako argia burura; sentsazio horiek datozkizu. Goxotasun hori, Kanarietako berotasuna, lasaitasuna. Hori bilatzen dut; begiratu batean jendeak ezagutuko dituen tokiak eta sentimenak, kasik postaletan bezala. Jendeak toki hori kokatzea bilatzen dut, baina tutuaren barrutik. Donostian gauza bera egin nuen Kursaaleko kuboarekin. Jendeak di-da batean identifikatzen du», azaldu du Azkuek.

Teknologia berriak

Pablo Azkueren webgunean Iphonearekin ateratako argazkiak ere ikus daitezke. Harrigarria iruditu zaio martingala berriak ekarri duen abantaila. «Bizitza guztian aritu naiz gauza bera egiten: argazkia atera, ordenagailura joan, orduak eman ukitzen, apaintzen... Iphonea erosi eta aurrerantzean dena zen erraztasun! Momentuan atera ahal duzu argazkia, momentuan ukitu eta webgunean zintzilikatu. Flipatu egin nuen! Autodidakta naizen aldetik, orduak eman nituen tramankulu horrekin egin ahal nituenak kuxkuxeatzen. Uretako estalkia ere badu...», adierazi du Azkuek.

Aurrera begira, Sitgesen urria amaieran egiten den Beldurrezko Astean eta Bartzelonan erakutsi nahi du bere lana. Ea gauzak ondo atera, lana gustatu eta surflariak bezala, tututik ateratzen den, ur sifoiz.