Euskal Moneta elkarteak ekonomia eredu solidario, ekologiko eta euskaldun baten alde egiten du. Ipar Euskal Herrian, 2013an, «euskoak" erabili ahalko dira.
Amalur Artola
2012ko Irailaren 14a
Eukal Moneta elkartean (www.euskalmoneta.org) biltzen diren lagunek ez dute bat egiten indarrean den eredu ekonomikoarekin, ezta honek dakartzan balioekin ere. Aberastasuna kapital metatzea baino gehiago dela sinetsi eta kontsumo ohiturek aldaketa behar dutela aldarrikatzen dute. Horretarako sortu zuten, orain bi urte, Euskal Moneta elkartea. Euskal Herri osoan erabilgarri izango den moneta, «euskoa», sortzea dute helburu, gisa horretan tokiko produktuen kontsumoa bultzatu eta etekin ekonomikoa Euskal Herrian bertan geratzea bideratuko delako. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 2013ko urtarrilaren 1ean ordaindu ahalko da euskotan, hitzartutako dendetan. Gainerako herrialdeetan apur bat gehiago itxaron beharko da.
Kontaiguzu: nondik sortzen da Euskal Herrirako moneta propioa sortzeko ideia?
Ekonomia analizatzen baduzu, ikusten duzu diruaren %90 baino gehiago ez dela lurraldean egoten. Merkatu finantzieroetan egoten da, eta gure billeteak, euroak, diruaren parte minimo bat dira. Urrunago joaten bagara, esan dezakegu dirua ez dela existitzen: azkenean titulu bat besterik dira, paper bat. Diruaren helburuak truke sistemarako baliagarri izatea izan behar du. Lan egin ahal izatea da garrantzitsua, ekoiztu ahal izatea, lurraldean bizia izatea. Eta, horretarako, dirua manera bat da. Ez helburu bat.
Ideia aspaldi partitu zen, baina orain bi urte ekin genion serioski. Lehendabizi, behaketa eta analisi lan bat egin genuen beste lekuetan zer egiten zen ikusteko. Bi bidaia egin ziren, bata, Okzitaniako Tolosara eta bestea, Alemaniara, Bavierara. Azken hau Iparraldearen tankerako lurraldea da jende kopuruari, baserrien eta hirien arteko oreka mailari eta geografiari dagokionez, eta bertan orain hamar urte ezarri zuten moneta lokala. Denbora horretan, moneta lokalarekin, enpresa baten diru kopuru orokorra euroarekin baino handiagoa izatera pasa dira, aberastasuna diruak zirkulatzen duenean sortzen delako. Biziki huntsa ibili da, zinez.
Nola ekarri esperientzia horiek Euskal Herrira?
Gure helburua ekonomia lokalizatzea da, baina baita jokabideak aldatzea eta dinamika positibo batean sartzea ere. Hori lortzeko, euskara eta ingurumenaren aldeko desafio batzuk sortu ditugu, eta euskoa hartuko duten zerbitzu emaileak ere engaiatuko dira desafio horiek betetzera.
Zeintzuk izango lirateke erronka horiek?
Ingurumen mailan, bertako hiru produktu proposatu beharko ditu bere saltokian saltzeko eta, posible ez den kasuetan, medikuen kasuan adibidez, bere hondakinak bereizi beharko ditu, birziklatzeko. Euskarari buruz, euskarazko afixa jarri beharko du bere enpresa edo komertzioan. Ez badu lokalik, berak edo bere langileek egin beharko dute 35 oreneko euskarazko formakuntza ikastaro bat. Hona hemen helburua: euskaraz komunikatzea posible dela ikustea eta euskara bizi espazio publikoan agerraraztea. Horiek dira gure monetaren berezitasunak. Alemanian, adibidez, ez dago halakorik, edonork hartzen ahal du bertako moneta, baina guk nahi izan dugu zentzu bat ukan dezala.
Elkartasuna ere aipatzen duzue. Hori nola bideratuko da?
Norbanakoak euroak euskotan aldatzen dituenean, %3 berak hautatutako elkarte batera joango da. Edozer elkarte izan daiteke, kirol elkarte bat adibidez, baina euskoak jaso ahal izateko 30 pertsonek hautatu behar dute, logistika mailan zaila delako 30.000 elkarte izatea eta, gainera, 30 pertsonek hautatzen badute elkarteak ere ahalegina egin dezakeelako jendeak euskoa erabili dezan.
Hala ere, baldin bada elkarte bat 30 pertsona ez dituena baina lurraldeari bizia ekartzen diona edo euskarentzat lan egin duena, onartuko dugu; ez gara itxiak.
Orduan, ehun euroren truke 97 eusko jasoko lirateke, ezta?
Ez, ehun eusko jasoko dira.
Eta nondik ateratzen dira beste hiru euskoak?
Nik aldatzen baditut ehun euro euskotan, gero ezin ditut atzera aldatu; hau da, Herri Urratsen bezala, txartelak hartzen ditut eta gero ezin ditut eurotan trukatu. Ukanen dut zerrenda bat non ikusten ahal dudan non erabiltzen ahal ditudan euskoak eta erabiltzen baditut ostatu batean, adibidez, berak aldatu ahalko ditu eurotan, bestela zama aski lodia izanen lukeelako. Baina %5 galduko luke. Hau da, zerbitzu emaileak ehun eusko trukatzean bost galduko lituzke. Zergatik? Osoki euskotan funtziona dezala bultzatzeko. Horrek zirkuitua edo sarea handitzen joateko balio du, zerbitzu emaileak bilatuko duelako nork hornitzen ahal duen. Hori da helburua, berak ere bertako produktuak har ditzala.
Irailean abiatu duzue zerbitzu emaileak erakartzeko fasea. Zer moduz doa?
Momentuz, ohartu dira proiektu lodia dela, eta badago lan asko egiteko. Izan dugu harremanik eta hasieran kosta egiten zaie helburu guztiak ulertzea. Denbora asko pasa dugu komertzianteekin hitz egiten eta, oro har, itzultze onak ukan ditugu. Jendea interesatuta dago, baina ideiak bere bidea egin behar du komertzianteen eta enpresarien buruetan. Momentuz ikusten duguna da izanen direla partikular anitz euroak euskotan aldatuko dituztenak eta, beraz, hiru hilabeteren buruan ikusten badugu 50.000 euro euskotan aldatuak direla, joaten ahal gara ikustera zerbitzu emaileak esanez badirela 50.000 eusko hor, eta nahi badu sar daitekeela sarean. Uste dugu hori pisu garrantzitsua izanen dela.
Baina kanpaina dagoeneko abian da, ezta?
Bai, hainbat lantalde egin ditugu eta jendea proiektuan mobilizatzeko kanpaina egin dugu. Badugu txartel edo billeteak egiteko lantaldea, erabakitzeko zer irudi jarriko diren txartelean, zer segurtasun neurri jarri beharko zaizkion, zer inprimatzailek egingo dituen... Informatika aldetik ere lan handia dugu, guztia kudeatzeko gunea behar delako. Tolosan erabiltzen dute halakorik eta haiekin gaude harremanetan, nola egin ikusteko.
Lege aldetik topatu al duzue oztoporik?
Legezkoa izateko euskoak moneta osagarria izan behar du, eta honek eskatzen du elkarte bateko kideen artean erabiltzeko moneta izatea. Beraz, erabiltzaileek kidetu egin beharko dute. Bestetik, behar da erabiliak diren euroak –euskotan aldatuak direnak– ukatea nonbait.
Gure nahia liteke euro horiek ez daitezen egon deus egin gabe. Beraz, ari gara elkarlanean Herrikoarekin (Euskal Herriaren garapen ekonomikorako arrisku-kapitalaren elkartea): haiek bertako proiektuak sustatzen dituzte, diruz lagunduz eta, beraz, euro horiek parte hartuko lukete hortan justuki. Guk genuke begi bat horretan, adibidez, ikusiz zerbitzu emaileen artean falta dela ile-apaintzaile bat edo mediku bat, euro horiek erabili litezke proiektu hori bultzatzeko. Beraz, nik euskoak erabiliko ditut bertako ekonomia indartze aldera eta, bitartean, nire euroak lan egingo dute ere bai.
Bada beste kontu bat ere: legearen arabera, banketxe batek nire euro bakoitzeko 12 erabili ahal ditu. Hau da, nire 100 euroko berak 1200 utzi ahal ditu. Euro horiek euskotan aldatzen baditut eta nire euroak ezartzen badira Herrikoan, banketxeari 1200 euroko boterea kentzen diot eta bertako ekonomia sustatzeko erabiltzen dut.
Eragin mordoa, beraz.
Bai, bai, izugarri! Elkarte bat sustatzea baino askoz gehiago da, lokalean kontsumitzea da, bertakoa indartzea, banketxeei indarra kentzea, ingurumena zaintzea... Denetik apur bat.
Faltsutzeen aurka ere hartu beharko duzue neurririk.
Inprimatzaile ezberdinak ikustera joan gara eta badira modu ugari billeteak segurtatzeko. Guk batzuk hautatuko genituzte, gardenkiak, izpien bidezkoak, banda magnetikoak... Billeteak segur-segurak izatea ezinezkoa da, baina guk ukanen ditugu 1, 2, 5 eta 20 euskoko billeteak eta horiekin kristoren aberastasuna lortzerik ez dago.
Eta ordainketa handiak egin behar dituenak, zerbitzu emailea kasu, badu biderik?
Okzitaniako Tolosan, kontu batetik bestera igortzen ahal dute dirua, modu segurtatuan. Aukera hori existitzen da eta etorkizunean jartzeko asmoa dugu.
Kidetzea nahitaezkoa izanik, kuotarik edo ordaindu beharko da?
Kidetzen denak araudi bat onartu beharko du. Oro har, onartu beharko du kate handien aurrean bertako ekonomia sustatuko duela. Hori da euskoaren funtsa eta pentsamoldearekin bat egin behar du. Hori alde batetik. Bestetik, behar du harpidetza ordaindu. Partikularrentzat izanen da bost eta hogei euroren artekoa. Zerbitzu emaileen kasuan, aipatu bi desafioak bete behar dituzte bi urteko epean, eta ordaindu beharko dute 60 eta 200 euroren artean. Elkarteek ere, %3 jasoko duten horiek, harpidetu beharko dute, eta haiek oraindu beharko dute 10 eta 100 euroren artean. Beraz, bada harpidetza bat diru mailan, baina saiatu gara ahal bezain apala izan dadin.
Aurreikuspenak egingo zenituzten. Zuen ustez, zer harrera izan dezake ekimenak?
Ez dakigu sekula, baina Bavierakoak arrakasta itzela duela ikusi dugu eta Euskal Herrian bada halako militantzia natural bat... Zinez pentsatzen dugu proiektua erraz zabalduko dela jendartean. Proiektuaren hainbat fase bete ditugu jada. Esaterako, monetaren izena hautatzeko kontsulta publikoa egin genuen: kasik 400 izen proposatu ziren eta hori asko da, jakinez bazela batek baino gehiagok proposatutako izenik. Zenbait pertsonalitate hautatu genituen proposamenak 7ra jaitsi zitzaten, eta, gero, bozketa publikoa egin genuen izena hautatzeko. Hor ukan genituen kasik 2000 bozkatzaile eta badakigu ere badirela hainbat pertsona jakin zutela ekimenaren gainean baina ez dutela bozkatu. Izan da parte hartze handi bat, interesa bada.
Interesaz gain, hainbat partikularrek eman dute jada izena eta orain tokatzen da zailena: taldeak antolatzea, zerbitzu emaile izan daitezkeenekin hitz egitea, logistika guztia moldatzea, ama elkartea martxan jartzea...
Eta dirua aldatzeko lekuak ere beharko dira, noski.
Bai. Donapaleun, esaterako, Baionatik urruti gaude eta beharko da leku bat non nik euskoak atzeman ahal ditudan. Komertzioren batekin akordioa egin eta aldagune ere izan dadin da asmoa. Eta horrek euskoak garraiatzea eta abar ere ekarriko du, noski.
Kudeaketa lan handia duzue beraz... zenbat jende zabiltzate logistika kontu horietan?
Inplikazio maila ezberdinak daude. Bada zinez inplikatua dagoen jendea. Hamabost inguru biltzen gara astero eta, gero, bada hainbat jende puntualki edo gauza jakinetan lagunduko duena. Lantaldeen asmoa hori da, norberak dakienaren eta ahal duenaren mailan laguntzea. Azken hauek kontabilizatzea zaila da, asko direlako eta justuki hor dugulako orain kanpaina.
Lanpostuak sortuko dira?
Bai, Tolosan, esaterako, Estatu frantsesak ematen dituen lanpostu lagunduen bidez funtzionatzen dute. Horrelako enpleguak nahi genituzte, laguntzaileen bidez bakarrik ez litzatekeelako bideragarria izango; norbaitek egon behar du guztia koordinatzeko. Partikularren, zerbitzu emaileen eta ekoizleen ordezkariak ere izango dira bilkuretan, etorkizunean hobetzen joan ahal izateko. Haiek dute erabakiko zer egingo dugun, norantz goazen eta abar.
Euskoa noiz zabalduko da Euskal Herri osora?
Hegoaldean bada interesdunik; elkarrekin egin beharko dugu lan, ikusteko nola egin Euskal Herri osorako moneta bat. Lehen bi urteetan Ipar Euskal Herrian hasi eta garatuko dugu, ikusteko nola hartua den, nola bizitzen duten, ea harpidetza handia dugun,... Baina helburua hedatzea da. Ez dakit hemendik bi urtera edo lehenago zabalduko den, harremanak eginak direlako. Orain hemengoa bultzatu behar dugu, gero ikusiko dugu zer egin daitekeen eta nola.
Irailaren 27an Biltzar Nagusia duzue.
Bai, bertan ama elkartea osatuko dugula esan daiteke. Lantaldeak finkatuko ditugu, partikularrekin aurre-konbertitze kanpaina egingo dugu, elkarteak atzeman eta aldalekuak bilatu. Forma hartuko du eta hori da garrantzitsua. Eta interesdun oro dago bertara gonbidatua.




