Coach bata, aktorea bestea; bien esperientziak bat egin eta ikastaroak eskaintzen dituzte Julia Segurak eta Justi Larrinagak. Bizitzaren antzerkirako prestatzen dituzte parte hartzaileak, beren helburuak betetzeko beharrezko dituzten baliabideak eskainiz. «Gu gara gure buruaren eta gure ekintzen jabe eta arduradun", nabarmendu dute.
Xole Aramendi
2012ko Irailaren 14a
Coachinga eta interpretazioa bizitzaren antzerkirako baliagarriak diren baliabideak dira Julia Segura eta Justi Larrinagaren eskutan.
Bezero eta profesionalaren artekoa izan zen bien arteko lehen harremana. «Nire aktore jardunean lana nola enfokatu eta lankideekin harremanak hobetu nahian nenbilen. Coachinga interesatzen zitzaidan eta Juliaren kontsultara etorri nintzen. Nire helburuak lortzeko bidean enbarazu egiten zidana kentzen eta ideiak garbitzen lagundu zidan», kontatu du Larrinagak.
Bezeroari eskaintzen dioten zerbitzua hobetzeaz gain, batak bestearen ikuspegia aberastu du. «Asko eman dit coachingak», aitortu du aktoreak.
Zer egin nahi duzun pentsatu, zure buruari benetan nahi duzun galdetu, sinetsi eta ekin. Lau pauso dira coachingaren oinarria. Bezeroak bere helburuak betetzeko bidea gainbegiratzen duen entrenatzailea da Julia Segura. Eta prozesu horretan, aurre egin beharreko egoera eszenaratzen laguntzen dio bezeroari Justi Larrinagak.
Coachingean ez dago aholkurik, ez terapiarik. Bakoitzak egin behar du bere bidea. «Metodo sokratikoa jarraitzen dugu. Ez dugu aholkurik ematen. Bezeroak berak erabakitzen du zer eta nola egin, eta bide horretan gidari lanak egitea da gure zeregina. Zer egin dezakezu? Noiz? Zerk egin diezaizuke traba?... antzeko galderak luzatzen dizkiot. Justik guzti hori entzun egiten du eta eszenan jartzen hasten da», dio.
Modu honetan, ohiko kontsultetan baino urrunago iristen dira. «Gidoi batekin ateratzen da kontsultatik bezeroa. Egin beharreko etxeko lanen zerrenda du bertan, eman beharreko pausoak zehaztuz. Demagun norbaitek zailtasunak dituela nagusiari ezezkoa emateko. Une jakin horretan gorputza nola jarri eta tonu oldarkorra erabili gabe egiten laguntzen diogu. Justik, bere aurrean, nagusiaren rola hartzen du. Modu horretan egoerari egin diozu aurre, nolabait, nahiz ondoren, benetan zuk bakarrik egin beharko duzun. Pauso bat urrunago doa, esatea besterik ez zaizu geratzen. Era honetakorik orain arte ez zen coahingen egiten. ‘Goazen jendea bizitzaren antzerkirako prestatzera!’, pentsatu genuen», jarraitu du.
Helburuak mila izan daitezke. Norberak berea. Nagusiari ezezkoa ematea, nahi duzun bikote hori lortu, lan aldaketa, jendaurrean hitz egitea, laneko elkarrizketari aurre egitea... dena delakoa.
Antolatzen dituzten ikastaroetan, taldean egiten da bidea. «Taldeak sostengua ematen du. Parte hartzaile bakoitzak bere helburua lantzen du, baina taldeak babesa ematen du. Ideia-jasa bakarrik onartzen da, iritzirik eman gabe. ‘Nik zure lekuan hau edo bestea egingo nuke’ bezalakoek ez dute tokirik. Era berean, guztiok daukagu ezezkoa eman beharreko norbait, eta albokoaren eszenifikazioa ikusita geuk ere ikasi egiten dugu», argitu du.
Urrian Mujeres del Mundo elkarteko kideekin arituko dira. “Coachinga eta interpretazioa lanabes bezala’’ izeneko tailerra eskainiko dute Bilbon. «Ahotsa lantzen dugu, baina ez hori bakarrik, gorputz-hizkuntza eta ahozko hizkuntza ere bai», azaldu du Larrinagak.
Ahots ikastaroak ematen ditu berak. «Ahotsa gure begirada, keinu eta egoera emozionalarekin bat doa. Kontua ez da ahots polita izatea, zer transmititu nahi duzun baizik. Non dago nire ahotsa? Nola egokitu bolumena egoeraren arabera? Zure ahotsa ezagutzea da, azken finean».
Badira horretan laguntzen duten teknikak. «Arnasketa landu daiteke edo dagoeneko bizita daukazun egoera bat sortu... Hala, gorputza eta begirada bera baretuz doaz».
Zera nabarmendu du aktoreak: «Interpretazioa itxura egitea bezala har daiteke, baina hori abiapuntuaren eta zertarako egiten duzunaren araberakoa da. Egiatik eta benekotasunetik abiatzea da gakoa».
Bizi ditugun garaiotan sormen gaitasuna da giltza bien esanetan. «Gure tailerren oinarria sormen gaitasuna da. Krisia dela-eta lanik ez dagoenez, sortzaileak izan behar dugu. Baina nola, txikitatik aurkakoa irakatsi badigute? Umetatik arauak betetzen aritu ondoren, oso zaila da bat-batean hori aldatzea... ‘Begira, egiteko gai zara! esaten ari gara gu’. Jendea alda dadin bultzada eman nahi diogu. Orain arteko gauza bera eginez berdina jasoko duzu. Benetan aldatu nahi baduzu, beldurra kentzen saiatzen gara».
Gu geu gara gure bizitzaren jabe eta arduradun, ez errudun, azpimarratu dute. «Langileei eta ikasleei esan egiten diegu beti zer egin. Ez, nik entzun egin nahi ditut. Izan ere, bide honetan ateratzen diren ideiak ez dira nireak, eurenak baizik. Horixe da lan honen handitasuna! Modu horretan, zer egiteko gai diren ikusten dute», gaineratu dute&discHyphen;.
Julia Seguraren coaching kontsultaren web orria: http://www.coachingbilbao.es/




