MEDITAZIOAREN OLATUAK -

Geroz eta gehiago dira yogara hurreratzen diren surflariak eta, bi kirol hauek geroz eta gertuago daudela ikusita, pauso bat gehiago eman eta biak uztartzen dituen diziplina sortu dute Marcelo Diazek eta Marta Olazabalek. Stand Up Paddle modalitatea garatu eta taularen gainean sokasaltoan ere aritzen dira. Udazkenean ikastaro sorta berriari ekingo diote.

Amalur Artola

2012ko Irailaren 14a

Surfean aritzen direnek jakingo dute zenbaterainoko onura ekartzen duen uretan sartu aurretik yoga ariketa batzuk egiteak. Asanak, luza-tze-ariketa bikainak izateaz gainera, gorputza indarberritu, giharrak berotu eta pentsamendua egiten ari zaren horretan finkatzeko egokiak dira. Horren jakitun abiatu zuten Marta Olazabal eta Marcelo Diaz yoga eta surf irakasleek, hurrenez hurren, bi kirol horiek uztartzeko ekimena.

Stand Up Paddel edo taularen gainean zutik arraun egitea eredu hartuta, orain bi urte taula gainean yoga egiten hasi ziren eta, apurka-apurka, ariketa berriak gaineratzen joan dira, «bestela aspertu egiten gara eta», dio Diazek. Uruguaitarra jatorriz, surf irakasle honek hogei urte daramatza eskolak ematen eta bere sorterrian hasi omen zen irakaspenetan yoga barneratzen:&punctSpace;«Nire amak yoga egiten zuen, eta konturatu nintzen uretara sartu aurretik yoga egiten banuen surfean nenbilen bitartean lasaiago eta kontzentratuago egoten nintzela. Aurretik egun gogorra duzunean, denak ondo funtziona dezala behar duzu, uretan gauzak oso azkar soluzionatu behar dituzulako. Arroketan bazabiltza, esaterako, akats txikiena garesti irten dakizuke», argudiatu du.

Bere aldetik, Olazabalek zazpi urte daramatza yoga irakasten eta, Donostian duen eskolan, saioak egin ditu yoga beste diziplina batzuekin uztartzeko. «Adibidez –azaldu du–, egun akrobaziak eta yoga uztartuta eskaintzen ditut eskolan; sabaitik zintzilik dauden bi soketan helduta egiten dira asanak eta, horrek buruz behera jartzeko aukera ere ematen digunez, bizkarreko luzaketak egiteko primerakoa da». Diaz orain bi urte ezagutu zuela kontatu du, hain justu, elkarlana proposatzera etorri zitzaionean. Ideia haseratik izan omen zuen gustuko:&punctSpace;«Beti gustatu izan zait gauza berriak probatzea, eta yoga surfarekin uztartzearen ideia oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gogoan dut Zumaiara joan ginela taularekin arraun egitera, flyscharen parean eta... itsasoa bare-bare zegoela yoga egiten hasi nintzen, nire gorputzari entzuten. Zoragarria izan zen».

Urgaineko yoga baino gehiago

Mundu mailan ez da berria taula gainean yoga egitearena. Meteorologia pausatuagoa den lekuetan zabaldua dago, batez ere surfaren munduan, baina gurean itsasoak, haizeak, euriak... ez dute kostaldea kirol honetarako bereziki aproposa egiten. Hori ikusita, Diaz buruari bueltaka hasi, eta zerbait iraultzailea egin behar zuela otu zitzaion:&punctSpace;«Martari esan nion ondo zegoela egiten genuena baina zerbait fusionatuagoa egin behar genuela, ez zela soilik taula gainean yoga egitea izan behar. Badia honek bere berezitasunak ditu, meteorologiak ez du beti laguntzen». Adibidez, haizeak zenbaitetan taula gainean posturak edo asanak egitea ezinezko bilakatzen duela dio, «alboan haizagailu bat duzula benetan zaila baita. Baina badira uretan egin daitezkeen beste gauza asko. Horri bueltaka sortu genuen gerora Gondolin Therapy deitu duguna». Eta, zer den Gondolin Therapy? Ba, Diazen hitzetan, «burutik pasatzen zaigun edozer gauza». Zehazki, meteorologia areriotzat hartu beharrean eskaintzen duena ikusi eta horretaz baliatzea proposatzen dute. Adibide bat:&punctSpace;«Aurreko batean, ikasle izan nuen nafar bat etorri zen froga egitera. Denboralea zegoen, baina egun hartan soilik etor zitekeen eta uretara sartu ginen. Bagenekien zegoenera egokitu beharko genuela. Portuan sartu eta Aquariumeraino joan ginen, haizearen kontra, sekulako indarra eta ahalegina eginez. Baina, itzulera egiteko orduan, ez genuen batere indarrik egin behar, gure gorputzak belak ziren eta haizeak eraman egiten gintuen. Jendeari naturarekin bat egin dezakezula erakustea zoragarria da», ziurtatu du Diazek.

«Yoga eta surfaren gaineko webgune asko daude –jarraitu dio Olazabalek–, baina guk proposatzen duguna ez da taularen gainean posturak egitea soilik, meteorologia ulertu eta alternatibak bilatzeaz gainera, itsasoak dakartzan onurez jabetzea ere bada. Oreka mantentzea da, baina baita gorputza aske uztea ere, itsasoaren mugimenduekin bat egitea... horregatik da terapia bat».

Momentuz, uda osoa daramate ikastaroak eskaintzen eta, emaitza ona ikusita, udazkenean ere emango dituztela aurreratu dute. Iraupen ezberdineko ikastaroak dituzte (informazioa: http://gondolingipuzkoa.com) eta, Olazabalen hitzetan, ikasle gehienek dakite zerbait surfaz edo yogaz, «baina hori ez da muga: sekula aritu ez denari, arraun egiten eta taularen gainean zutik mantentzen erakusten zaio, eta kito». Oinarrizko ezagutzak berenganatuta, ikasle guztiak uretara sartu eta, arraun eginez, buietaraino joaten dira. Han lotu eta arnasketa ariketak egiten dituzte; esperientzia dutenek eserita eta gainerakoek zutik:&punctSpace;«Arnasketek berebiziko garrantzia dute, hori delako lehen jarrera aldaketa eragin eta ariketetarako prestatzen zaituena. Arnasketekin amaituta, taula gainean zutitu eta asanak egiten ditugu», azaldu du Olazabalek. Eta taula gainean zutik mantentzeko nahiko lan dutenek ere badute aukerarik: asanak eserita ere egin daitezke. «Posturak lantzen amaituta, azken erlaxazio ariketak egiten ditugu, giharretan izan ditzakegun tentsio guztiak askatzeko. Gorputza erlaxatua dugunean, erlaxazio mentalera pasatzen gara, gehiago sakontzeko».

Olazabalek azaldu bezala, kirol hau esperientzia dutenek eta hasiberriek egiteko modukoa da eta, horrez gainera, adinak ere ez du mugarik ezartzen: «Bederatzi urtetik laurogei arte, gutxieneko baldintza fisikoak betetzen dituena aritu daiteke», azaldu du Diazek. Adibide bezala, 66 urte dituen bere aita eta «urte batzuk gehiago izango dituzten beste ikasle batzuk» ere izan dituela dio. Berak «haur handiak» direla dio eta Donostiako badian, taula gainean sokasaltoan aritzea ere ausartu direla dio:&punctSpace;«Badakigu sekulako harrikada dugula, baina gauza berriak egiten ez baditugu aspertu egiten gara. Haurrekin frogak egiten ditugu eta, esaterako, taula gainean sokasaltoan eta hula hoop-arekin ibiltzera animatu ditugu, gauza ezbedinak lantzeko. Gainera, horiek kentzean, taula gaineko oreka askoz hobea izaten da». Haurrekin proba egin ostean, helduen txanda iristen da eta, «egia esan, harrituta geratu izan gara: haurrak beti dabiltza jolasean, baina haur handiek, zenbat aukera dituzte jolasean aritzeko?».

Nasak diseinatutako taulak

Kirolaren berezitasunaz gainera, erabiltzen duten materiala ere ez da nolanahikoa. Hasieran ohiko surf taulekin hasi ziren Gondolin Therapy izendatu dutena egiten, baina, egun, taula bereziak erabiltzen dituzte. Zodiac baten antza duten taula puzgarriak dira, gogortasuna eta aldi berean urarekiko harreman zuzenagoa bideratzen dutenak:&punctSpace;«Hawaiiko NASAko ingeniari batek sortu zuen eta egun AEBetako eta Australiako sorosleen taula ofizialak dira. Barruan airea daramatenez, urarekiko kontaktu zuzenagoa bideratzen dute eta, ohiko taula eta hau probatu ostean, esan dezaket askoz atseginagoa dela honetan aritzea, sentsazioak ezberdinak direlako, harreman zuzenagatik... Taula gogor batek ez dizu zure azpian duzun hori sentitzeko aukera ematen», ziurtatu du Diazek. Orain, udazkeneko ikastaroak prestatzen dihardute eta, ikasleak dituzten artean, ikastaro hauekin jarraitzeko asmoa dute. Ikasleengatik, baina baita beraiengatik ere. «Halako ingurune eder batean, itsasoari begira erlaxatzea, gutxik dugun aukera baita», esan du Olazabalek.