ASTEARI ZEHARKA BEGIRA -

Iñaki Altuna

2012ko Irailaren 14a

Espainiako Gobernuko presidentea izan aurretik, garaipena lortu zezakeela inork gutxik sinesten zuenean, Jose Luis Rodriguez Zapaterok hauxe esan zuen: Moncloara iritsiz gero, Kataluniako Parlamentuak erabakitako Estatut berria, bere horretan, babestuko zuela. Hauteskundeei begira Bartzelonan egindako mitin batean esan zuen, eta «konpromisoa» hitza erabili zuen. 2004ko martxoaren 11ko eraso islamisten ondoren, eta ondorioz, Aznarren garaiak bat-batean behera egin zuen, Rajoyk ez zuen segurutzat zuen garaipena lortu eta Zapatero iritsi zen boterera. Itxaropena ere piztu zen.

Halere, Zapaterok ez zuen hitza bete, Kataluniako Parlamentuan gehiengo oso zabalez onartutako testuari ez baitzitzaion bere horretan bide eman, ezta gutxiagorik ere. «Nos hemos cepillado el Estatut», esan zuen harro Alfonso Guerra PSOEko diputatu ultrajakobinoak testua Madrilgo Kongresuaren eskutik pasa eta gero. Hori dena gutxi ez, eta azkenean, herritarrei aurkezturiko eta Katalunian erreferendum bidez onartutako –ez ilusio handiarekin, egia esan behar bada– Estatut-ari Konstituzio Auzitegian helegitea jarri zion PPk. Hortik ere murrizketa etorri zen, 2010eko ekainean izandako epaian. Herrien erabakitzeko eskubide ezaren eta, aitzitik, Estatuaren beto eskubidearen erakusle izan zen luze jo zuen prozesu hura dena.

Euskal Herritik ikusmina sortu zen. Ibarretxe Planaren garaia ere bazen. Eta Kataluniarekin gertatzen ari zenari buruzko irakurketa oso ezkorra zabaldu zen, ezinbestean; zenbait kasutan, ezkorregia. Adibidez, gerora ezkerreko euskal independentismoak soilik bide demokratiko eta politikoetatik abiatzeko marraztuko zuen estrategia zalantzan jartzeko argudio bihurtu zen batzuentzat Estatut-arekin gertatutakoa. Borroka armatua ezinbesteko zela frogatzen zuen, nolabait.

Urte batzuk pasa dira, eta esan behar da Estatuak beto eskubidea izan bazuela, eta oraintxe ere izan baduela, lotsarik gabe erabiltzen duena, gainera; baina horrek ez dio sua amatatzea ahalbidetu, ezta hurrik eman ere. Bueltan, bada, gero eta arazo larriagoa du. Azken urteotan Euskal Herrian sortutako giroa eta Katalunian independentismoaren alde altxatutako olatua dira erakusle. Estatuaren krisiari (ekonomikoa ez ezik, politikoa eta soziala ere bada) estaturik gabeko herrietan burujabetza osoa eskuratzeko pizten ari den gogoa gehitu behar zaio, oraindik historia idatzi gabe badago ere. Indar harremanak erabakiko du norantz egingo ote duen honek denak. Estatuen indarkeria, alde batetik; herri gogoa, bestetik. Indarkeriari aurre egiteko erronka horretan, orain dela egun batzuk Xabier Makazaga idazleak, Joxe Azurmendi filosofoa etapentsalaria aipatuz, kontzeptu hau erabili du idazki batzuetan: indargintza.

Iosu Uribetxebarria etxean

Estatuak beti erantzun bera eman izan du: muturreko indarkeria, inposizioa eta mespretxua, Kataluniaren kasuan, independentistak barra-barra sortu arte. Berezkoa du, DNAn du sarturik. Ez du proiektu integratzailerik, eta, horrenbestez, zanpatzen eta suntsitzen baizik ez da saiatzen. Eta halaxe gertatu da Iosu Uribetxebarriaren auzian ere. Auzitegi Nazionaleko medikuaren (?) eta Fiskaltzaren jokabidea ikustea besterik ez dago, mendekuz eta gorrotoz beterik.

Uribetxebarria etxekoen ondoan hilko da. Azken muturreraino eraman nahi izan dutela ikusirik, poztekoa da. Baina askoz ere lehenago behar zuela aske kontuan hartuta, nahigabetzeko ere bada. Sentsazio nahasketa horri irakurketa politiko egokia eman zaio Euskal Herrian: horrelakoetan ez du inork irabazten.

Itxi-itxi segitzen dutenek nahiago dituzte beste irakurketa batzuk, baina arazoak dituzte jarrera tematia mantentzeko. Ipurtageri geratu dira, oso nabarmen, esate baterako, Estrasburgoko epaia dela-eta. Kontraesanak PPra eta Estatu egituretara iritsi dira. •