Telefono mugikorren erabiltzaileei Kongoko Errepublika Demokratikoan tantalioa ateratzeko egiten diren sarraskien inguruko hausnarketa eskatu zaie. «Zuk telefono mugikor dotore hori izan dezazun, agian bi ume hilko ziren», esan du Jean-Bertin 34 urteko kongoarrak, koltanak eragiten duen egoera salatu nahian.
Ines Benitez-Tierramerica
2012ko Irailaren 14a
Mineral urria da koltana. Tankerako gaien ustiapenaren inguruan egiten diren krimenei buruzko «erabateko isiltasuna» dagoela salatu du kongoarrak.
Adituen arabera, koltanaren munduko erreserben %64 inguru dago herrialdean. Material bitxia da koltana, kolunbita eta tantalitaren aleaziotik eratorritakoa. Tantalitatik tantaloa ateratzen da, hau da, kolorez gris zilarkara den metala. Oso gogorra eta dentsitate altukoa da tantaloa. Korrosioari oso ondo eusten dio eta horrexegatik elektronikaren industrian asko erabiltzen dute, kondentsadoreak egiteko. Sakelako telefonoetan eta ordenagailu eramangarri eta bideo jokoen kontsolen baterietan egoten da, batez ere. Transbordadore espazialetarako eta misiletarako ere erabiltzen dute. Audiofonoak, protesiak, inplanteak eta turbinak egiteko aleazioetarako ere erabiltzen da, beste gauza askoren artean.
«Bere ondasuna da Kongoko Errepublika Demokratikoaren benetako madarikazioa. Mendebaldeak eta armak ekoizten dituzten guztiek beren sudurra sartzen dute bertan», adierazi du Jean-Bertinek, gurasoak eta anai-arrebak bizi diren Kinshasa hiriburutik Malaga Estatu espainolako hirira orain zortzi urte iritsi zen gazteak.
Bost milioi hildako
Koltanaren erauzketa dela-eta, ez du ezagutu oraindik amaierarik Afrikako gatazka armaturik larrienak. Dagoeneko bost milioitik gora hildako eragin ditu, giza eskubideen aldeko elkarteen arabera. Milioika lagunek beren etxea utzi eta ihes egin behar izan dute, eta azken 15 urteotan 300.000 emakume bortxatu dituzte.
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak berak onartu zuen egoera hori 2001ean, herrialdeko gatazka eta legez kontrako baliabide naturalen ustiapena lotuta daudela baieztatu zuenean.
Segurtasun Kontseiluak aditu talde bat izendatu zuen legez aurkako ustiapena aztertu zezan. Talde horrek izen-abizenak jarri zizkion fenomenoari. Lanaren arabera, 2003ra arte, mundu osoko gutxienez 157 konpainia zeuden nolabait lotuta herrialdeko balio handiko lehengaien legez kontrako erauzketarekin. Izan ere, Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko oihanetan koltana ateratzeko dozenaka meategi informal dago. Hortik ateratzen den diruak finantzatzen ditu talde armatuak eta usteltzen ditu militarrak zein funtzionariak.
Beste aurpegi kezkagarri batzuk ere baditu fenomenoak. Artisau-lana egiten dute meategi horietan; lan baldintzen inolako zaintzarik gabe. Esklabutzaren tankerako lan erregimena suposatzen du horrek, ingurumenari sekulako kaltea eragiteaz gain. Bertan lanean aritzen direnen osasunak ere jardueraren kalteak jasaten ditu. Baita ume langileen osasunak ere, Frank Piasecki Danimarkako zuzendariaren “Blood in the Mobile” (odola mugikorrean) filme dokumentalean salatzen denez.
Arazoa hain larria ez dela aditzera eman nahian, herrialdean lanean ari diren konpainiek esaten dute bertako eta Erdialdeko Afrika osoko meategietatik ateratako koltana oso gutxi dela gaur egun, tantaloa lortzeko beste aukera batzuk badaudelako. Horrela dio TIC Tantalum-Niobium International Study Center erakundeak.
TICek egin dituen kalkuluen arabera, Australia zen orain urte batzuk tantalo gehien ekoizten zuen herrialdea. Azken urteotan Hegoamerikako eta Asiako ekoizpenak gora egin du, eta lehengaia lortzeko aukera berriak sortu dira: birziklapena, alegia. Iturri horrek dioenez, egungo tantalo erreserba ezagunik handienak Brasilen eta Australian daude. Azken boladan Venezuelan eta Kolonbian ere erreserba handiak aurkitu dituzte.
Kongoko Errepublika Demokratikoko beste ondasun natural batzuekin ere kontrabando egiten da: urrearekin, kasiterita edo eztainu dioxidoarekin, kobaltoarekin, kuprearekin, zur bitxiekin eta diamanteekin. Hala ere, herrialdea munduko lekurik txarrena da bizitzeko, Giza Garapenaren Indizearen arabera.
Birziklapena
Testuinguru horretan ez da harritzekoa gizarte zibilak bere eskaera egitea lehengai horiek dituzten produktuen kontsumitzaileei. Estatu espainolean, esate baterako, Kongoko Errepublika Demokratikoaren aldeko sareak (ikerketa zentroek eta gobernuz kanpoko erakundeek osatzen duten koalizioa da) “Ez nire sakelakoarekin” izenburua duen kanpaina jarri zuen abian otsailean. Ekoizleei legez kontrako koltana ez erabiltzeko konpromisoa exijitzea du helburu.
Teorian, birziklapenak eta tantaloa lortzeko iturri berriek Kongoko Errepublika Demokratikoko koltanak duen eskaria murriztea eragin beharko lukete. Baina hori teoria besterik ez dela dirudi.
Entreculturas erakundeak eta Espainiako Gurutze Gorriak zortzi urte daramatzate “Eman ezazu zure mugikorra” kanpainarekin. Aparatu zaharrak leku egokira eramatea eta berriz erabiltzea da helburua. Baita telefonoaren pieza zaharrak birziklatzea ere. Bide horretatik iristen den dirua sektore pobreenen garapena bultzatzeko ekimenak ordaintzeko erabiltzen da. Uztailera arte 732.025 aparatu jaso dituzte, eta milioi bat eurotik gora bildu, Ester Sanguino Entreculturaseko koordinatzaileak Tierramericari esan dionez.
Hala ere, birziklapenean diharduten fundazioek eta konpainiek Tierramericari esan diote gaur egun ezinezko dela bide horretatik munduko tantalo eskariaren zati esanguratsu bati erantzutea. Ez da ahaztu behar merkatuak sekulako presioa egiten diola kontsumitzaileari telefono mugikorra lehenbailehen alda dezan. Beraz, birziklapena, oso ondo eta gogo handiz eginda ere, ez da nahikoa izango gero eta handiagoa den eskariari aurre egiteko, BCD Electro konpainiako eledunak Tierramericari esan dionez. Kontuan hartu behar da telefono mugikorra tantaloa erabiltzen duten produktuetako bat besterik ez dela.
Apple eta Intel konpainiek iaz jakinarazi zuten Belgikako kolonia ohiko tantalo gehiago ez dutela erosiko. Nokiak eta Samsungek tankerako adierazpenak egin dituzte. Samsungek jakinarazi zuen bere produktuek «legez kontra Kongoko Errepublika Demokratikotik ateratako koltanik ez dutela bermatzeko» neurriak hartu dituela. Era horretan, konpainien jokaera kodeak ari dira betetzen gai honen inguruan dagoen hutsunea, arau zehatzei dagokienez. Horren harira, koltanaren ustiapena arautzeko ahaleginik garrantzitsuena “OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen ildoak konpainia multinazionalentzat” izenburua duen lana da, erakunde horretako herrialde industrializatu guztiak hartzen baititu.
Baina Kongoko koltanak egiten duen ibilbidea luzea eta, batez ere, opakua. Beraz, konpainiak aipatutako kode horiek betetzen ari ote diren argitzea oso zaila da. Normalean, legez kontra ateratako mineralak Ruanda eta Ugandatik barrena eramaten dituzte Europa, Txina eta beste lekuetara.
«Talde armatu ugari sortzen dira herrialdeko ekialdean, bertako lurrak dituen koltanaren, diamanteen eta urrearen eraginez», adierazi dio Tierramericari Raimundo Rivas Farmamundi elkarte humanitarioko koordinatzaileak. Inguruko herrialdeetako Gobernuak «konplize» dira Rivasek egiten duen irakurketaren arabera, eta lehengai horiek erabiltzen dituzten konpainiak ere bai, beste era batean bada ere, «orain arte negozio egiten duten konpainiek jarduera guztia babestu eta ezkutatu egin izan baitute».
«Koltanaren negozioaren inguruan interes ekonomiko asko dago», dio Jean-Bertinek. Aldi berean, «Kongoko sarraskiak bene-benetakoak dira, odola bazter guztietan dago. Hala ere, badirudi Kongo ez dela existitu ere egiten».
Zigorrak, beranduegi
Horiek horrela, ulertzekoa da SEC AEBetako Balore Batzordeak abuztuaren 22an hartutako erabakia. Wall Streeteko Erreforma eta Kontsumitzailearen Babeserako Legean «gatazketako mineralei» buruzko kapitulu bat sartu zuen. 1.502 arauaren arabera, eztainua, tantaloa, tungstenoa edo urrea duten produktuak ekoizten edo kontratatzen dituzten konpaniek lehengaiaren ibilbidea argitzeko neurriak hartu behar dituzte nahitaez.
Norabide egokian egindako urrats hori beranduegi iritsiko da ordea, lehen txostena 2014ko maiatzaren 31rako aurkeztu behar baitute; «epe luzeegia» giza eskubideen aldeko elkarteen arabera. Elkarte horiek salatzen dutenez, sarraskiak eguneroko ogi bihurtu dira, nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak misio bat bidali zuen herrialdera 2010ean.
Haserreak ilundutako begiradarekin, eta sei hilabeteko alaba besoetan duela, Jean-Bertinek behin eta berriz gogorarazten du «talde armatuek armak ematen dizkietela ume askori eta talde armaturen batean sartzera behartzen dituztela».
Raimundo Rivasen ustez, bi aurpegiko konponbide bakarra du arazoak: herrialdeak Gobernu indartsu bat izatea, erasoei aurre egiteko kemena izango duena; eta gatazka eremuetako mineralak inportatzen dituzten konpainiak zigortu ahal izateko nazioartearen laguntza.




