DATORRENA -

Isidro Esnaola

2012ko Irailaren 14a

Kurtso politikoa gogoeta orokor batekin hasi dela ematen du. Rajoyren Gobernua Europari laguntza eskatuko dion ala ez hausnartzen ari da; Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak erreskatea bideratzeko bitarteko berriari bide emango dion ala ez gogoetatzen ari da. Bien bitartean, munduan beste kontu batzuk gertatzen ari dira.

Aurreko astean jakin dugunez, Encode proiektuak zenbait datu argitaratu ditu DNAren inguruan dugun ikuspegia berrituz. Orain arte oso zabalduta zegoen DNAren %2 geneak zirela; hau da, parte horiek proteinak ekoizteko informazioa gordetzen zutela. Gainerako DNAk, ia %98, zertarako balio zuen ez zekiten ikerlariek, eta horregatik, zabor deitzen zioten, lasai asko. Orain, dirudienez, ulertu dute zer gertatzen den: «zabor» horretan etengailuak daude eta horiek proteinen ekoizpena kontrolatzen dute; nolabait esateko, «zaborrak» geneak lanean jartzen ditu edo beharren arabera gelditzen ditu. Ongi etorria da aurkikuntza; dena den, nahiko logikoa zen pentsatzea DNA horrek funtzio bat edukiko zuela, nahiz eta ezagutu ez. Naturak bakuntasunera jotzen du; horregatik, DNAren parte horiek funtzioren bat zutela segurutzat jo genezakeen. Beste kontu bat da zientzialariak ez zirela gai haien funtzionamendua ulertzeko.

Hortik abiatuta, DNAren parte bati «zabor» deitzeak asko esaten digu ikerkuntzan dabiltzanen harrokeriaz. Ezagutu eta ulertzen ez dutena mespretxatzen dute, naturak hutsegiteren bat edukiko balu bezala. Oker bakarra euren handikerian dago. Hori guztia ikerlari batzuen txantxa moduan har genezake, horretan geldituko balitz. Baina, ikerlari horiek enpresa multinazionalentzat lan egiten dute, eta hazi transgenikoekin betetzen ari dira gure ingurumena. Gainera, «aditu» horiek lasai asko esaten dute ez dagoela inolako arriskurik, dena kontrolpean dagoela. Berri horren bitartez baieztatu dugu hori ez dela egia: geneak manipulatzen ari dira, baina ez dakite, inondik inora, horrek nola funtzionatzen duen eta zer-nolako eraginak izango dituen. Are okerrago, ezagutzen ez dutenari zabor deitzen diote. Lasai egoteko moduko jendea!

  Arazo horrek baditu beste alderdi batzuk ere. Gizarte modernoek zientzian dirutza gastatzen dute, aurreko beste edozer gizartek baino askoz gehiago. Gure artean, ikerkuntzan hasten direnak aparte utzita, ikerlariek estatus sozioekonomiko pribilegiatua dute. Inork gutxi daki zertan ari diren, baina beste sektore sozialekin konparatuz gero, maila berezia dute. Horrekin inork ez du zalantzan jartzen zientziak eta ikerkuntzak bizitza hobetzeko, ekonomia suspertzeko eta abarrerako egiten duten ekarpena. Alta, zientzialariek batzuetan erabiltzen duten lengoiagatik eta esaten dituzten gauzengatik, iruditzen zait ez direla konsziente gure gizartean duten estatus horretaz, eta, ondorioz, gizarteari zor diotenaz. Gizarteak bestelako erantzunak behar ditu, askoz serioagoak, ez baikara umeak.

   Nolanahi ere, ez dirudi Ebrotik behera zientzia kontuek kezka handia sortzen dutenik. Bazter haietan, antza, beste burbuilarako prestatzen ari dira. Udan jakin dugu Bonok hasieran, eta De Guindosek ondoren, oso prezio baxuan luxuzko etxebizitza bana erosi dutela Madrilen. Egunotan ere, Adelsonek Eurovegas Madrilen eraikiko duela esan du. Proiektu hori argi-gorriko taberna izateaz gain, hirigintzako espekulazio-operazio erraldoia da. Bartzelona inguruan ere, Eurovegas proiektuak huts egin duenean, horrelako beste bat iragarri dute.

Ikerkuntzan eta bestelako garapen ereduetan ez daudela interesatuak argi dago, baina, eredu berdina errepikatzera doaz? Berriz? Ez al dute ezer ikasi? Hori ikusita, Europako ipar estatuak, edozer laguntza berri eman aurretik, errezelo askorekin ibiltzea logikoa dirudi. Momentuz, Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak mekanismo berriari bide eman dio. •