Txapela bakarrik falta zaio. Ez baita gurean munduko euskaldunak hobe ulertu eta ezagutzen dituenik. «Txapela buruan eta ibili munduan» esaldia egia dela dio, posible dela mundua euskaraz zeharkatzea, «diaspora oso zabala baitugu». Oraindik diaspora deskubritzeke gaudela dio.
Fausto Berazadi
2012ko Irailaren 06a
Euskal diasporaren jarraipena egiten duen www.euskalkultura.com webgunearen zuzendaria da Joseba Etxarri kazetari donostiarra. Donostiarra dela esateko era bat besterik ez da, Irutxulotik gutxi du eta; euskaldunok munduan ezarri ditugun ia txoko guztiak ezagutzen ditu.
Estrainekoz 1987an joan zen Ameriketako Estatu Batuetara; New Yorkera, hain zuzen ere. Hortxe hasi zuen euskal jatorriko AEBetan bizi zen jendartea ezagutzeko bidaia, eta hurrengo urtean mendebalderantz abiatu zen: Nevada, Utah, Idaho, Kalifornia... Haiek ezagutu ez ezik, euskaldunok munduan eraiki ditugun Euskal Etxeen berri emateko lanean hasi zen buru belarri. 1990eko hamarkadaren hasieran Euskadi Irratian euskal diasporaren berri ematen zuen saio bat zuen, bai eta, geroago, Radio Euskadin ere. Prentsa idatzian ere makina bat kolaborazio egin ditu munduko euskaldunen berri emanez. Duela urte gutxi batzutatik hona, teknologia berriek mundua txikitzen edo lotzen lagundu duten heinean, Etxarrik beste proiektu bati ekin zion; www.euskalkultura.com proiektua 2001ean abiatu zen eta ordutik Euskal Herria, gure kultura eta munduko euskaldunak lotzen eta haritzen jardun du. Baina, krisiak gogor jo du proiektuaren funtsa eta urtetan zubi lan garrantzitsu eta emankorra osatu duen webgunearen etorkizunak trumoi kolorea hartu du.
Oso ondo ezagutzen du Etxarrik euskal diaspora. Batez ere ameriketakoa. Izan ere, webgunea sarean ezarri baino lehen, Argentinan, Txilen eta batez ere hegoameriketan Euskalkultura buletina zabaltzen jardun zuen. «Hasiera hartan, material bila eta hango euskaldunei, bertan jaioak ala ez, elkarrizketak egiten jardun nuen. Irratirako eta prentsa idatzirako egiten nituen lehen lan haiek, hango bizimodua azalduz. Era berean, hango euskaldunen berri izan eta, haien istorioak barneratu ahala, mundu hura ezagutzen joan nintzen; ezinbestekoa da nire ustez haien inguruan idatzi zein hitz egiterako orduan. Hala, urteak aurrera zihoazen heinean, ni ere gero eta gehiago inplikatu nintzen, ia ia diasporako kide izateraino», aitortu du Etxarrik. «Boluntario lan handia denez, eta militantea ere bai, sarri kazetari lana eta diasporako euskal kulturaren partaide izatea nahastu izan ditut», jarraitu du segidan, esplikazioa imintzio eraginkorrez lagunduta. «Hemendik kolaboratu, han esku bat bota, beste hura antolatu... eta bai Euskal Herriko errealitatea, bai, azkenean, hango toki bakoitzekoa ezagutzen bukatzen duzunez, zubi lan hori egitea tokatu zait. Eta ederra da. Zubigintza hori egiten pasa ditut azken urte hauek», adierazi du Etxarrik.
Euskal Herritik mundu berri baten, bizimodu berri baten bila joandakoen arrastoaren atzetik jardun du Josebak urte askoan. Ez da soilik euskaldun emigranteak bildu izan ziren guneetan izan. Ameriketan euskaldunak gaur egun edo garai batean bildu izan diren toki tipikoak ez ezik beste hainbat bazter bisitatu ditu, betiere euskaldunen lorratza jarraituz. «Autoz iristen nintzen herrietara. Aurrez kontaktu, harreman edo zerbait banuen hobe, bestela telefono izendegian arakatu edo herriko liburutegian euskaldunekin zerikusia zuen herriko istorioren bat bilatzen nuen. Herrixka askotan daude abizen euskaldunak, baina horien nondik norakoa jaso gabe geratzen da. Egon izan dira belaunaldiak ameriketan euskaldun jaio direnak, ama hizkuntza euskalduna izan dutenak eta euskal kulturan hezi eta hazi direnak. Ez da gauza bera lehen belaunaldikoa izan edo bigarrengoa, hirugarrengoa, aitona edo amona euskalduna izan eta haren bikotea italiar emigrantea izan dena... mundu hori oso anitza eta aberatsa da. Hor dago eta gurekin lotura handiak ditu. Euskal Herritik laguntza minimo bat izanez gero bada hor guretzat, Euskal Herrian bizi garenontzat, gure kulturarentzat, aberasgarria den zerbait», zehaztu du hitzei intentzio handia ezarriz.
Diasporako euskaldunen artean, Euskal Herrian gertatzen den moduan, aniztasun handia dagoela baieztatzen du Etxarrik. «Batzuek euskaraz han ikasi dute, beste batzuek bi hitz soilik dakizkite... euskaldun izateko modu asko baldin badaude Euskal Herrian bertan, are gehiago diasporan. Enkarterrietako euskaldun bat edo Urdinarbeko bat edo Arizkuneko bat ezberdinak dira, baina, badute, kontrara, zerbait amankomunean. Diasporan, komunitate bakoitzak ezaugarri propioak ditu; bakoitzak tradizio berezia du. Euskal Etxeen artean ere bada kasuistika ikaragarri zabala. Batzuk historia laburra dute, beste batzuek aldiz oso luzea. Esaterako, Argentinako Rosario herriko Zazpiak Bat Euskal Etxeak aurten 100 urte beteko ditu. Euskal Etxe zaharrena 1876an sortu zen. Beste Euskal Etxe bateko presidenteak txapela eramango du, El Vasco deituko diote eta birraitonaren aita izan zen hemendik joandakoa eta bertako batekin ezkondu zena. Bestetan, aldiz, abizen «potentea» badu, horrek ere kuriositatea elikatzen du, eta familia horrek Agirregomezkorta abizena badu, eutsiko dio euskal izaerari, eta era berean, auzokoek edo herrikoek El Vasco deituko diote, abizen soil baina potente horrexegatik bakarrik. Oso mundu zabala da eta Euskal Herriak oraindik ere diaspora deskubritu egin behar du», azpimarratu du Etxarrik serio. Eta segida ematen dio. «Bestalde, diaspora Euskal Herriaren inspirazio iturri ere izan da. Izan ere, gaur egun, oraindik ere, donostiar batek ez du Arabako eta Arabako herrietako ohitura ezagutzen. Zuberotar batek Bizkaia ez du ezagutuko, akaso. Baxenabartar batek Debagoiena justu-justu, edo apika, hori ere ez. Berdin euskalkiekin. Apenas ezagutzen dugu elkar gure herrian», azaldu du, eta puntu honetan sakondu du. «Elkar ikusi, eragin eta lan egite hori diasporan eman da punta bateko eta besteko euskaldunen artean; hemen askotan ez da pasa. Elkarrekin Euskal Etxeak eraiki dira, esaterako. Eta hori euskaldunok oso kontuan eta argi izan behar dugun zerbait da. Zazpiak bat lema oso presente dago, hori ezagutu baitute, hain zuzen. Normaltasun osoz egiten dute bat; hemen ez da halakorik pasatzen. Euskarak eta gure kulturak lotzen ditu. Zentzu horretan aitzindari da diaspora. Askotan gutxietsi egiten ditugu, baina, akaso, gu baino euskaldunagoak dira, batasun horrexegatik. Gure unibertsoko eta osotasuneko parte dira, zalantzarik gabe», adierazi du donostiarrak. Egiari zor, arrazoirik ez zaio falta.
Asko daki Josebak diasporaren egoeraz eta izan duen bilakaeraz. Eta nabari zaio, jartzen duen interesagatik, bederen. Denbora asko pasa du diaspora ulertuz eta ezagutuz. Finean, bere bizitzaren zati bat baitira diasporako euskaldunak. Egun ere horretarako bizi dela dio, gure lurra eta gure jendearen zubi lanerako. Azpimarratu duenez, administrazioek gehiago lagundu behar dute, baita erraztasunak eman eta diaspora gehiago maitatu eta zaindu ere. Badaki zertaz ari den, diru laguntzak eten dizkiote webguneari eta urte amaierara iritsi bai, baina aurrerantzean lanean jarraituko ote duten zalantzaz ikusten du. Animoak eta indarra! •




