-

«Ikusi zer aurkitu dudan lurrean», dio Iraitz Lazkano Intxortako ibilaldiko gidariak. Esku artean harri puxketa bat dakar. Barre egin du harri horrek aparteko zer daukan galdetu ostean. «Tira, hartu zeuk esku artean». Bala bat da. 36Ko gerrako bala bat. Gerrako fronte bat egon zen bertan eta garaiotan bizitakoak ezagutzeko aukera aparta eskaintzen du.

Beņat Alberdi

2012ko Irailaren 06a

Elgetan dago Intxorta, errepublikarrek frankisten aurka Gipuzkoan babestu zuten azken tokia. Non eta zer gertatu zen ezagutzeko ibilaldi bat antolatu dute Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Elgetako Udalak. Lubakiak bisitatzen dira, testuingurua ulertzeko gidari baten azalpenez lagunduta. Igandero igandero antolatzen dituzte ibilaldiak eta parte hartzeko baldintza bakarra aurretik izena ematea da. Hala ere, 12 pertsonatik gorako taldetxoei eskaintza zabaldu diete. «Beste egun baten nahi balute etorri aldaketak onartzen ditugu –dio Iraitz Lazkano bide-erakusleak– eta, gainera, beraien ordutegira moldatzen gara. Denbora gutxiagoan egin behar bada bisita, azkar egingo dugu eta luzatu behar bada gustora asko jardungo dut».

Herrian elkartu, gure buruak aukeztu eta Elgetatik Intxortara abiatu gara tipi-tapa. Bakoitza muino batean dago eta gerrako tokiak ikusteko batetik bestera ibili behar dugu, baina altueran egoteak inguruak behatzeko aukera eskaintzen du. Inguruko haranak, mendiak, basoak... Inguruko dena ikusten duzu bertan, eta historia ulertzeko puntu bat ematen dizu. «Begiratu mendi hori. Horren atzean dago Eibar, eta Intxortaz gain, beste fronte bat egon zen bertan». Lasai ekin dio gidariak gerra hasierako kontuak azaltzeari, eta azaldu duenez, Gipuzkoako frontea Ondarru eta Lekeitio artean hasi eta, barrualdera, Arrasateko Udalaitz mendiraino zabaldu zen. Garaiko egoerari buruz galdetu eta azkar bezain gogotsu erantzun du Lazkanok. «Matxinatuak Gipuzkoan sartu zirenean, lehenengo helburua Irun izan zen. Irun garrantzitsua zen mugan zegoelako, eta garai horietan trena zen garraiobide nagusia. Errepublikarrek Frantziaren laguntza jasotzea ekidin nahi zuten. Gero, Donostia inbaditu zuten. Behin hiriburua hartuta, probintziako hiri denak edo gehienak 2 edo 3 astetan menperatu zituzten eta 36ko irailaren amaieran Gipuzkoa kontrolpean zeukaten, Elgeta eta Eibar izan ezik». Gerran gorabehera ugari gertatzen dira, eta elgetarrak Eibar ezkutatzen duen muino ondoko baserri bat nabarmendu du. «Frontetik kanpo gelditu zen baserri hori. Baina errepublikarrek ihesi zebiltzala dinamitaz bete eta matxinatuak sartu balira lehertu egin zuten. ‘Erretako lurra’ deritzo gerretako egoera horri eta azalpen sinplea dauka. Iheslariak esaten du: ‘nik ezin badut erabili, zuk ere ezingo duzu erabili’».

Bideari jarraituz, jada ez ditugu ikusten Elgetako inguruneak. Orain zuhaitz artean barneratu gara eta haranak eta larreak ezkutatuta daude. Ustekabean, bideko puntu baten maldan murgildu da Lazkano eta beherantz abiatzeko eskatu digu. Lurra, landareak eta zuhaitzak dira nagusi, guneak obrarik ez duela jasan igartzen da. Asko jaitsi gabe, gelditu eta inguruak seinalatzeari ekin dio gidariak. «Hauek ziren frankisten lubakiak». Lurrean zulatuta eta elkarren artean lotuta dauden lerro zuzenek osatzen dute matxinatuek babestutako tokia, eta belar asko hazi denez barnean, zulo naturalak dirudite. Lubaki artean erradio zabaleko zuloa nabarmentzen da. «Tamaina kontuan hartuta, zerbait garrantzitsua egiteko erabiliko zuten, baina ez dakigu zertarako –adierazi du Lazkanok–. Agian metrailadorea jartzeko, akaso jana pilatzeko edo beharbada babesleku berezi bat zen». Azpimarratu duenez, lubakien helburua tropek berenganatu zuten tokiari eustea zen, ez zeudelako erasorako toki egokian eta ez zeukatelako behar beste azpiegitura. «Irailean, Gipuzkoa menperatu zuten matxinatuek, baina aurrera egin arren, Intxortan gelditu egin zituzten urriaren 4an». Elgeta ondoko herrian, Bergaran, basea antolatu eta bertatik eraso zuten Intxorta, aurrera egiteko asmoz. Lehenengo erasoaldiei aurre eginez frontea egonkortu zuten errepublikarrek eta frankistei aurre egin ahal zietela erakutsi zuten. «Hainbat faktoreri esker eutsi zieten Intxortan. Batetik, mendi tontorrean kokatu ziren eta ikuspegi ona zeukaten inguruko bide bat gurutzatu nahi zuena erasotzeko. Bestetik, arma partida bat heldu zitzaien eta, amaitzeko, bruselar talde baten laguntza jaso zuten. Gainera, atzerritarrak metrailadora astun batekin batu zitzaizkien. Fusil berriekin eta metrailadorarekin eutsi zituzten tropa faxistak». Harrezkero, lubaki horietan kokatu ziren matxinatuak eta hilabeteetan iraun zuten.

Maldan gora abiatu gara berriz eta baztertu dugun bideari berrekin diogu. Zalantzak galdetu eta galderak egin bezain azkar erantzuten die bide-erakusleak, eta bideko tarteak baliatu behar ditut bururatutakoa galdegiteko. Azken batean, ezin nezake ulertu lubakietan nola bizirauten zuten. «Intentsitate txikiko gerra izan zen. Askotan, zazpi hilabetez egunero borrokan aritu zirela imaginatzen dugu, baina, ez». Beraz, frentean ahal den erosotasuna bilatu, fusila esku artean hartu eta ageri ez zen etsaiaren zain egotea zen egunerokotasuna. Nabarmendu du, bestalde, frankistak Madril konkistatu nahian zebiltzala eta tropa asko Intxortatik bertara bidali zituztela. Hala ere, eguraldiak bazuen zer esanik. «Negua oso gogorra izan zen. Elur pila bat egin zuen eta hotza ikaragarria izan zen. Imajinatu mendi tontor bateko lubakiek daukaten hezetasunean, mahonezko frakak, katiuskak, txaketatxo bat eta kaiku bat jantzita eta manta zahar batekin zer-nolako hotza pasako zuten. Jende gehiago hil zen gaixorik balekin baino».

Aurrera segiz, laku txiki batera iritsi gara. Oraindik zuhaitz ugari dauzkagu inguruan, baina mendiak eta larreak ikusten ditugu. Gainera, maldan gora eta behera ibili ostean, eskertzen da laua den gunean egotea. Azalpenak ematen ari da Iraitz Lazkano. «Ikusi hor parean dauzkagun muinoak. Bi horietan eta beraien atzean dagoen beste batean kokatu zituzten lubakiak errepublikarrek. Bi babesguneren artean gaude, eta ondorioz, hemen egon ziren iskanbila gehienak». Errepidea urrun samar dago eta ez dugu inor topatu; ez herritarrik, ez mendizalerik. Oso toki lasaia da eta irudimenarekin jolastu nahi izanda ere, ezin da irudikatu gauden leku berean duela 75 urte balak alderik alde ibili zirela eta jende pila bat hil zutela.

«Frontea geldirik egon zen neguan zehar, baina eguraldia hobetzen hasi eta tentsioa indartu zen». Garai haietan gerrarako eguraldia garrantzitsua zela azpimarratu du gidak. Gaur egun ulertzea zaila egiten zaigu estatubatuarrak edozer toki bonbardatzen ikusten ditugulako. «Adibidez, pentsa dezagun Bergaratik Elgetako etxe bat bonbardatu nahi zutela. Kontuan hartu behar da, Bergarako artilleria urte haietako aurreratuenetakoa zela. Pentsa hiru lagun dabiltzala tiroka. Batek obusa sartzen dio, besteak tiro egiten du eta azkena prismatikoekin Elgetara begira dago. Lehenengo saioan huts egin dute. Prismatikodunak eskuinerago bota behar dutela dio eta armadunak mugitu egin du kanoia. Horrela jardungo dute jo nahi duten etxean asmatu arte eta bi ordu behar izaten zituzten. Lainoekin ez badute Elgeta ikusten ez dira saiatzen». Hegazkinek ere eguraldi ona behar zuten, GPS-rik ez zen garaietan erreferentzia geografikoei esker zekitelako non bonbardatu. Pentsa Gasteiztik Elgetara heldu nahi duen alemaniar batek nola aurkituko zukeen, bestela.

Matxinatuek, apirilaren 20an, Intxorta erasotu eta frontea berpiztu zuten, hegazkinen laguntzarekin eta kanoiak erabiliz. Bigarren Mundu Gerrarako taktikak frogatzen jardun zutela esan du elgetarrak. «Bi pauso zeuzkan taktikak. Batetik, bonbardaketa masiboak eta, bestetik, infanteriak bonbardaketa jaso ostean hutsik egongo ziren lubakiak hartzea. Ustez erraz lortu behar zuten. Gainera, bonbardaketak luzeak izaten ziren: hiru orduzbonbak bota eta bota eta bota. Baina aurre egin zieten eusko gudariek». Beste behin, gauden tokian gertatutakoa irudikatzeko gonbidapena luzatu digu. «Garai haietan hemen ez zegoen ezer, gari soroak bakarrik. Bonbardaketak amaitu eta gero irteten ziren matxinatuak, baina errepublikarrak zain zeuzkaten. Hurbildu arte tirorik ez egiteko agindu zieten, ahalik eta soldadu gehien irtetzeko eta behin soroan zeudela ezin zutelako ihes egin». Soldaduak orain zapaltzen gabiltzan lurrera bota ziren tiroak jasotzea ekiditeko, baina bi aukera zeuzkaten: altxatu eta tiroen mehatxuari aurre egitea edo etzanda gelditzea. Gehienak lurrean botata gelditu zirenez, bonbardatu egin zituzten. «Alde erasotzaileak kolpe galantak jaso zituen».

Apirilaren 20tik 24ra bitartean, makina bat saio egin arren, matxinatuek ez zuten Elgeta menperatzea lortu eta, jasandako galerak kontuan hartuta, beste bide batetik saiatu ziren. «Errekete bat Arrasateko Udalaitz mendi ondotik Elorriora heltzen saiatu zen. Errepublikarrek beste fronte bat zeukaten bertan, baina defentsan zeuden gudariek lubakietatik ihes egin zuten», esan du Lazkanok. Matxinatuak Elorriora heldu, bertatik eraso eta errepublikarrek frontea zabaldu behar izan zuten. Borroka eusteko arazoak medio, apirilaren 24an atzera egitea iruditu zitzaien egokiena eta frankistek Elgeta eskuratu zuten. Urriaren 4tik apirilaren 24ra, zazpi hilabete iraun zuen Intxortako fronteak.

«Herrian zazpi hilabete irautearren mendekua espero zuten eta hala izan zen: fusilamenduak, bortxaketak... –argitu du gidariak–. Orduko testigantzek diote herriko emakume eta neska gazteek bortxaketak ekiditeko basora ihes egin zutela». Fusilamendu edo bonbardaketetan, errepresio edo mendeku bidez 15 pertsona hil ziren Elgetan, apirilaren 20tik 24ra bitartean. «Azkena 15 urteko mutiko bat izan zen, Fausto Berazadi. Granada bat lurrean aurkitu eta jolasean edo zer zen ikusten zebilela eztanda egin zuen».

Ibilbidea bukatzeko, errepublikarren lubakiak zeuden muino batera joan gara. Errepide ondoan lubaki bat dago, zakuekin babestutako zulatutako lurra. Baina muinoa igo dugu goikoa ikusteko eta puntan zakuz eraikitako etxola antzeko bat dute. «Hemen jarri zuten metrailadora. Baina begiratu behera, ikusi defendatzaileek zer ikuspegi perfektua zeukaten». Orain arteko bide gehienak ikusten dira, baina asko zuhaitzek ezkutatzen dituzte. Magalean soroak zeuden urteetan guztia ikusten zuten. Hainbat lubaki elkartzen dituzten bideetatik ibili gara eta noiz edo noiz lurretik zerbait batzen du Lazkanok. «Hau metraila zati bat da akaso edo tresnaren baten puxka bat. Ez dakit zer den». Bala bat aurkitu du halako batean. «Bala asko dago lurrean. Gainera, haurrak bisitan datozenean gure jolasa bala bat ea nork aurkitu da».

Elgetara abiatu gara berriro, asko ikasi dugulakoan eta galdera mordoarekin buruan. Iraitz Lazkano gurekin dator, eta ibilbidea bukatu baino lehen makina bat galdera entzun beharko ditu. Ea denak erantzuten dituen.