Italian etxe sozial ugari eta ezberdinak daudela azpimarratzen du antropologoak. Kazetari lanetan bertatik bertara ezagutu ditu Estatuan zehar dauden eraikinak.
Beñat Alberdi
2012ko Irailaren 06a
Ohikoa da Euskal Herriko edozer herritan okupatutako etxe bat egotea. Baina, ez da euskal lurretara mugatutako mugimendua. Espainiar Estatuan barrena badaude hainbat «gaztetxe», eta Kopenhageko auzo okupatuak hedabide ezberdinen titularrak eskuratu ditu. Kasu batzuk ezagunak dira eta beste batzuk ez dute famarik lortzen. Esaterako, Italian zehar etxe okupatu pila bat daude eta Marco Santopadre kazetari diharduen antropologoa prest dago bertako egoerari buruz hitz egiteko. Ezer azaldu aurretik, «gaztetxe» izena ez dutela erabiltzen eta Italiako eraikin okupatuak «etxe sozialak» direla azpimarratzen du.
Noiz sortu zen eraikinen okupazioa Italian?
1960ko eta 1970eko hamarkadetan. Muturreko ezker mugimenduak baztertuta edo hutsik zeuden eraikinak edo lur zatiak okupatu zituen. Hitzaldiak edo kontzertuak antolatzea eta baztertutako guneen erabilera publikoa aldarrikatzea zuten helburu. Baina behin-behinekoak izaten ziren, hau da, epe jakin baterako okupatzen zituzten, ez behin betiko.
Noiz hasi ziren behin betikoak?
1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran. Garaiotan ezker mugimenduek indar asko galdu zuten eta bertan behera utzi zituzten etxe sozial batzuk. Azken batean, errepresioa oso latza izan zen eta ez zioten eutsi. Hala ere, egoera egonkortzeko asmoz, zenbait gunek alternatibak eraikitzeari ekin zioten eta gaur egun zutik diraute.
Zeintzuk izan ziren lehendabizi okupatutako etxe sozialak?
Milango Leoncavallo 1975ean eta Erromako Forte Prenestino 1977an. Aurretik esan dut talde politikoek hartu zituztela lehen eraikinak eta bi horietan ere eurek jardun zuten. Talde antolatuak ziren eta masak mobilizatzeko gaitasuna zeukatenez etxe okupatu finkoak lortu nahi izan zituzten. Batez ere, ekimen politiko edo sozialak bultzatzeko eta aisialdirako ekintzak antolatzeko aukera emango zien toki bat izatearren. Gaur egun, talde edo mugimendu bakoitzak bere etxe soziala dauka.
Zenbat etxe sozial daude Italian?
Milango Leoncavallo eta Erromako Forte Prenestino oraindik okupatuta daude eta garrantzi handia izan dute. Baina, kopuru bat ematea ezinezkoa da ehunka baitaude. Erromako probintzian, esaterako, 32 edo 33 daude. Askotan hiriekin lotzen ditugu baina herri txikietan ere badaude. Dena dela, batzuk gailendu dira garrantzi eta eragin handia izatearren. Leoncavallo eta Victoria Milanen, Forte Prenestino eta Cortocircuito Erroman, Askatasuna eta Il Gabrio Turinen, Oficina 99 Napolesen, PCA Florentzian...
Gizarteari egokia iruditu al zitzaion mugimenduaren sorrera?
Hasieran bai, hirietako kanpoaldean dauden auzoetan batez ere; etxe sozialak gazteek kudeatzen zituzten eraikin bihurtu beharrean, auzokoei ekintzak antolatu eta eskaintzak egiten zizkien gune bilakatu zirelako.
Orain, ordea, egoera ezberdina da. Urte asko igaro dira, eta etxe bakoitzak zer jokamolde daukan, halako mugimenduarekiko jarrera sortuko da hirietan. Batzuetan, onartzen dituzte, bertaratzen ez badira edo ekintzetan parte hartzen ez badute ere. Beste batzuetan, berriz, ez daukate onespenik eta hustu egin nahi dituzte. Azken batean, talde kriminalekin lotuta daudela zabaldu da hirietan eta herritarrekin zeuzkaten loturak hautsi egin dira. Tokian tokiko edo estatuko agintariek etxe sozialen aurka egindako kanpainek ere kalte handia egin diete.
Egin al dituzte kanpainak Gobernuek? Zeintzuk?
Oro har, talde kriminalekin edo gizartean onartzen ez diren jarrerekin lotu dituzte: drogak, delinkuentzia... Bestalde, hiritarrentzako eraikina berreskuratu behar dela diote ikastetxe bat edo ospitale bat eraiki dezaten. Baina, oro har, baztertutako etxeak ziren okupatu aurretik eta hustu ostean ez dituzte erabiltzen. Etxe soziala arazo politiko bat da, besterik gabe.
Dena den, alde galanta dago agintean dauden alderdien jarreren artean. Esaterako, ideologikoki eskuindarrak direnek ez dute etxe sozialekin inongo harremanik izan nahi. Gogor egin diete aurka: presio gogorrak, kanpaina mediatikoak, udaltzainen presentzia... Polizia nazionalak delitu bat egin izanaren frogarik ez daukanez, ezin du ezer egin eta hiriko polizia erabiltzen du burokraziaren bidetik erasotzeko. Hau da, etxeek isunak jasotzen dituzte, alkohola zerbitzeko baimenik ez daukatela argudiatuta barrak ixten dizkiete, iskanbila galanta egitea leporatzen diete...
Alkate batzuek jarrera gogorra izan dute etxe sozialekin. Esaterako, Aleman Erromako alkateak. Hauteskundeak irabazi eta etxeak husteari ekin zion, baina ez zuen guztiak hustea lortu. Erroman ugari daude eta uztarazteko planak direla eta elkartasun handia jaso zuten.
Beste udal batzuk jarrera lasaiagoa hartu ohi dute. Batez ere, ezkertiar moderatuek. Mugimenduaren eta udalaren arteko adostasuna edo elkarlana bultzatu dituzte, okupazioaren osagai ilegalak kentzeko gehienbat. Esaterako, Erromako alkate izan zen Dutellik plan bat abiarazi zuen. Planaren arabera, baldintza batzuk beteta zeuzkatenak legalizatu egingo zituen eta eraikinak eskainiko zizkien.
Onartzen al dituzte Dutelliren tankerako planak?
Lurralde bakoitzean jarrera bat hartzen dute eta kudeatzaileek akordioa lortu nahi izateak erabakia aldatzen du. Etxe sozial batzuek onartu dute eta beste batzuek uko egin diote. Baietz esan dutenek alokairu bat ordaintzen diote udalari.
Ulerkorra da akordioa onartzea errepresioa jasaten duten kasuetan, argudio nagusia ilegaltasuna izaten delako. Errebindikazioa erabili gabe edo gaizki erabilita dagoen etxe bati beste funtzio bat ematea den arren, egoera hausnartu zuten, eta etxe soziala bitarteko bat dela erabaki, ez helburu bat. Okupazioaren arazo nagusia antolatutako ekintzen %90 etxean jarraitzeko egitea da. Legalak direnek defentsan zentratu ordez, beste eskaintza bat prestatu dezakete.
Gainera, eduki politikoak eta aldarrikapenak murriztuz gero, diru-laguntzak erraz jaso daitezke, eta errepresioa asko jaisten da.
Hustu dituzten etxeetan erantzun al dute uztaraztea?
Uztarazteko saiakera bakoitza ezberdina da. Ezin izan dituzte hustu zenbait etxe sozial, hiritarren lana medio, eta beste batzuetan etxetik bota dituzten arren, auzo berean beste eraikin bat okupatu dute. Hala ere, noiz edo noiz, gune sozialetik joanarazi eta gero ez dute beste espaziorik lortu.
Baina, oro har, ixten dituztenean, berriak sortzen dira. Hiri guztietan dagoenez etxe bazterturik edo etxe hutsik, etengabe sortzen dira okupatzeko prest dauden taldeak.
Zein da gaur egungo egoera?
2000. urtetik aurrera asko gelditu da mugimendua. Non edo non jaitsi egin da. Hala ere, hiri batzuetan indartsu dabil. Esaterako, Turingo «Askatasuna» etxe soziala edo AHTaren aurkako mobilizazioak dauden tokiak. Gune horietan borrokak etxe sozialetan garatzen dituzte eta harremanak bertan indartzen dira. Lanerako arrazoi bat edo eskaintza landua daukaten etxeetan hiritarrak batzen dira. Etxearen joerak ere badu zerikusirik.
Joera ezberdinak al daude?
Bai, joera zabalduak eta gutxi batzuenak. Adibidez, Turingo Askatasuna «Langileen Askatasuna» izeneko alderdi baten garapena dela eta sortu zen. Erroman, Venezian, Milanen, Bolonian eta Napolesen «Lan-jantzi Zuri» izeneko mugimendutik sortutako joera nabarmentzen da. Joera hori ezker alternatibo bilakatu zen. Batzen dituen etxe kopurua, inguratzen zaion hiritar kantitatea eta daukan presentzia publiko eta mediatikoa kontuan hartuta nagusia da.
Mugimendu politikoek jardungo dute etxe sozial gehientan eta ekimen edo aldarrikapen batzuk lehenesten dituzte, baina badaude kultura oinarri hartzen dutenak edo aisialdirako aukerak eskaintzen dituztenak. 1990eko hamarkadan, musika zein antzerkia lantzen zuen kultura olatua zabaldu zen, talde gazteei garatzeko aukera esakiniz. Etxe sozialetan sortu ziren musika talde asko ezagunak dira gaur egun eta, gainera, tailerrak antolatzen dituzte: gitarra tailerrak, hizkuntza tailerrak...
Joera anarkistak daude zenbait gunetan, baina indar gutxiago izaten dute eta gizartean eragiteko gaitasunik ez. Baztertuta egoten dira.
Ba al dago alderik joera batetik bestera?
Dauzkaten ezberdintasunak azpimarratu aurretik, ezaugarri batzuk ohikoak direla nabarmenduko dut. Esaterako, mugimendua oso gaztea da, gazte ugari dabiltza lanean eta, etxe sozial bat bisitatuz gero, gaztez beteta egongo da. Bestalde, 40 edo 50 urteko jende heldua ere bertaratzen da. Baina, etxe sozialean lanean aritu diren beste belaunaldi bateko partaideak izaten dira, oraindik ere etxea guztiz baztertu ez dutenak.
Joera ezberdinek, ordea, ezaugarri ezberdinak dauzkate. Joera politikokoek adibidez lelo, bandera eta sinbolo ugari erabiltzen dituzte. Langile mugimenduko sinbolo klasikoak ageri dira etxe sozial politikoetan, edo egiten dituzten aldarrikapenak sinbolikoak izaten dira. Etxe sozialera sartu eta zein joera daukan ohartzen zara.
Baina antolamendu mailari dagokio eduki politikoak jorratzea. Egoki antolatuta daudenek aldarrikapen ugari egin eta ekintzak etengabe eskaintzen dituzte. Beste batzuetan, batzar batek kudeatzen du etxea eta edukiak baino garrantzi handiagoa dauka gune fisikoak. Hala ere, batzar bat arduratzen denez plangintzak burutzeaz, lanean dabilen jende kopurua oso aldakorra da. Egun batean 20 pertsona agertuko dira, hurrengo egunean 5, eta kideak aldatzen direnez, helburuak aldatu egiten dira.
Gainera, joeren aniztasuna dela eta, kudeaketa estilo ezberdinen artean gatazkak sortu dira.
Zergatik sortu dira gatazkak?
Taldeek ez dute ekimen politikoa partekatzen eta etxe sozial batek bultzatutako ekimen baten aurkako jarrera hartu dute beste batzuek. Hala ere, gatazkok ez dira garrantzitsuak izan eta ez dute inoren eguneroko lanean eragin.
Zer eskaintzen dute etxe sozialek?
Kultur eta joera politikokoek kontzertuak antolatzen eta aldarrikapen ezberdinak bultzatzen dituzte, politikoetan gehienbat. Dena den, etxe batzuk gazteen aisialdirako gune bilakatu dira. Zeukaten nortasun politiko-kulturala galdu dute eta astebukaerarako taberna funtzioa daukate, garagardoa tabernek baino merkeago saltzen dutelako edo kontzertu bat ikustera sarrera ordaindu gabe joan zaitezkeelako.
Milango Leoncavallok, esaterako, joera hori izan du. Aldarrikapenei indarra kendu ostean, ezker moderatuko alderdiekin elkarlanean jardun dute eta bertako kideak hauteskundeetako zerrendetan agertu dira.
Etxe sozialeko partaideak hauteskundeko zerrendetan agertu dira?
Bai, bai. Ezkerrak gizartearen ordezkaritza lortu nahi zuen eta langileak, feministak edo etxe sozialetako pertsona ezagunak aukeratu zituen. Udal hauteskundeetan parte hartu dute gehienek eta zinegotzi dihardute askok. Estatuko Legebiltzarrean ere diputatu batzuk etxe sozialetako ordezkariak dira.
Duintasunez jardun dute udaletan eta etxe okupatuei eragiten dieten gaiak gogotsu babestu dituzte: eremu publikoen kudeaketa eta kultura, batzuk aipatzearren. Esanguratsua da, ordea, auzoetan jarduten duten mugimenduen lana. Zenbait auok batzordeak dituzte eta hainbat ekintza antolatzen dituzte etxe sozialekin batera, hala nola, etorkinei italiera irakastea.
Politikan parte hartzen dutela kontuan hartuta, gizartean eragiten al dute eta aldarrikapenak lortzen al dituzte?
Etxe sozial bakoitzak eragiteko gaitasun ezberdina dauka. Hainbat gunek alderdi txikien gisan funtzionatzen eta lurraldean esku hartzen dute. Indartsuenek, berriz, eskualdean eta nazio mailan eragiteko indarra dute. Ezberdintasuna nabarmena da.
Bestalde, mugimendu politikoen joera murriztu dela kontutan hartu behar da, halaber. Horren ondorioz, zenbait etxe sozialek aisialdia lantzen dute eta politika guztiz baztertuta daukate.




