2012ko Irailaren 06a
Orain dela hamar urte konturatu nintzen, Ingalaterrara aurrenekoz etorri nintzenean ikastera. Madrilgo bi lagunekin atera ginen paseoan, campus paretik pasatzen zen Severn ibaiaren ertzean, piknik poltsa eskuan. Halako batean, belaontzi txiki bat ikusi genuen, ibaian ertzeratuta. Leku aproposa iruditu zitzaigun piknik poltsak ireki eta otordu akuatikoa egiteko. Esan eta egin. Zoritxarrez, ontziratu eta hiru segundora gizon bat agertu zitzaigun bekozko ilunez, barkuko jabea nonbait, jabetza pribatuaren ontasunak aldarrikatuz. Lurreratzera gindoazenean, otzan, «nongoak zarete?» zorioneko galdera egin zigun gizon pipertuak. «Spain», erantzun zuen nire lagunetako batek. Aitaren batean, gizonaren aurpegia argitu egin zen, rictusa irribarre bihurtu. «Oh, Spain! Barcelona? Mallorca? Lloret? Almeria?» Baietz erantzun genion, leku horietatik guztietatik gentozela, eta gizonari saltotxoak ematea baino ez zitzaion falta ordurako. Leku zoragarri bateko izaki zoragarriak ginen orduan. Gure herrialdean eguraldia beti da ona, alkohola beti merkea eta gaueko hamarretan joan zaitezke jatetxe batera, arazorik gabe. Belaontzian bazkaldu genezakeen, nola ez.
Gertakari horretatik hamar urtera, kontra ez egiten ikasi dut azkenean. Hemen, Ingalaterran, ez du inork zirimiriaz, Kantauri itsasoaz edo sangria zerbitzatzen ez duten terrazei buruz entzun nahi. Frantzia eta Espainia artean zer? Hizkuntza-aurre-indoeuro-what? Aldiz, Spain esatearekin, ate guztiak zabaltzen dira, aurpegi guztiak erlaxatzen dira. Opor-leku mitikoa da Espainia.
Kontra egitea erabakiko banu ere, zaila izango litzateke niretzat. Askotan gerturatu zaizkit kaletik espainola naizela galdetzeko, badakitena konfirmatzeko, hobe esanda. Zine-areto batean, orain dela aste batzuk «Hola, España!» esan zidan tipo batek, «Hasta la vista, baby!» beste batek autobus batean, «Buenos días, española» hirugarren batek, gauez. Umiliagarriena akaso pasa den larunbatekoa izan zen. Taberna giroan, gaueko ordu txikietan: nigana gizon horditu bat gerturatu, hatz erakuslearekin zuzendu eta zera bota zuen, ez niri, baizik eta audientzia imajinario bati: «Spanish! Guaranteed!». Erreplikarako aukerarik gabe. Aurpegiak salatzen nau. Azalaren koloreak. Nire begi marroiek. Prototipoa betetzen dut, zer dakit nik. Zein da bidea? RH negatiboari buruz diskurtsoa bota? Zortzi abizen euskaldun asmatu? Txapela jantzi eskoziarrek beren gona janzten duten moduan? Ikurrina nire motxilan josi, kanadarren antzera?
Ba bai, horrelakorik egin nezakeen. Baina zer nahi duzue esatea. Euskalduntasuna ez da hain arrakastatsua herrialde honetan. Espainoltasunak, berriz, ingelesei eguna alaitzen die. Batez ere gizonezkoei. Hitz egin dezadan argi. Kaletik gerturatzen zaizkidanak gizonezkoak dira. Espainola naizela galdetzen didate emakume espainolek ospe ona daukatelako, eta nire espainoltasuna konfirmatzekotan, «hobeto ezagutu» nahi nautelako. Emakume espainolak ederrak dira, odol berokoak eta ondo dantzatzen dute: Shakiraren ahizpa bikiak guztiak. Hori egi unibertsala da. Jarri google-en «Spanish women are» eta ikusiko duzue nolako iradokizunak egiten dituen bilatzaileak berak: easy (errazak), beautiful (ederrak), the most beautiful (ederrenak).
Pasaporte espainola daukat eta bada garaia paper-sorta honi probetxu apur bat ateratzeko, ze demontre! Ez da dena miseria, zapalkuntza eta lotsaizuna izango. Espainiatik ere abantailak datozkigu. Bat behintzat bai. Dantzalekuko erregina gisa zer sentitzen den jakiteko nire eskubidea aldarrikatzen dut nire pasaporte espainolari eraginez! Bizitzan behin bada ere. Azken finean, laster uharte hau utzi eta Euskal Herrira itzuliko naiz. Euskalduna izatera. Eta hain da nekeza, batez ere dantzalekuetan... •




