-

Gorka Zozaia | Kimikaria

2012ko Irailaren 06a

Irailaren lehenetik aurrera, ohiko goritasun-lanparak fabrikatzeari utzi zaio Europar Batasunean. 132 urtez bazterrak argitu dituen asmakizun erabilgarri hau stocka amaitu bitarte topatu ahalko dugu soilik dendetan. 60 watt baino gutxiagoko bonbillak desagertzearekin, ohiko goritasun-lanparak desagerrarazteko 2009an abiaturiko plan progresiboari (urtero, hurrenez hurren, 100W, 75W eta 60Wekoak fabrikatzeari utzi zaio) amaiera emango zaio. EBren helburua aukera eraginkorragoak erabiliz energiaren kontsumoa murriztea da; izan ere, argiztapenak elektrizitatearen kontsumoaren bostena suposatzen du eta ohiko goritasun-lanparek kontsumitzen duten energia elektrikotik soilik %5 aldatzen dute argi ikuskorrean. Bestela esanda, bonbilla guzti hauek aldatuta, Europan urteoro 15 milioi tona CO2 aurreztuko lirateke. Esan dezagun, beraz, berandutxo baina ongi etorria dela neurri hau.

Hileta honek, guztiek bezala, merezi du hildakoaren aldekoaipurik. Esan bezala, XIX. mende amaierako asmakizun garrantzitsuenetakoa izan zen. Gertakari honen meritua Thomas Edisonek eraman bazuen ere, asko izan ziren mende amaiera horretan ideia berari bueltaka aritu zirenak; izan ere, ordura arteko argiztapena eskasa eta arriskutsua zen (kandelak eta olio kriseiluak). Heinrich Göbel alemaniarrak 1955ean patentatu zuen eta Alexander Lodygin errusiarrak 1874an. Edisonek 1879an aurkezturikoa ere aurrez Humphry Davy eta Warren de la Ruek garatu zuten. Hauekin batera Nikola Tesla, Joseph Swan, William Sawyer, James Bowman, Henry Woodward eta Mathew Evans dira beste izen aipagarriak.

Behin izenak aipatuta, ezin ahantzi zeharka Elhuyar anaiek egindako ekarpena. Mende bat arinago, 1783an, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Bergaran zuen Mintegian, Juan Jose eta Fausto Elhuyar Zubize anaiek wolframa lehen aldiz bakartzea lortu zuten. Hasierako bonbilletan erabilitako filamentua karbonozkoa bazen ere, bonbillak komertzializatzeko hobetu ziren heinean, argia sortzen duen material hori wolframezkoa izatera igaro zen. Eta nola sortzen da, bada, argi hori? Hari fin honetatik korronte elektrikoa iragaten denean, hots, elektroien jarioak metala zeharkatzen duenean, jarioak jasaten duen marruskadurak (partikulen arteko talkak; erresistentziak) metala berotzea dakar. Gorputz guztiek irradiatzen ditugu uhin elektromagnetikoak tenperatura jakin bat izateagatik, eta bonbillako wolframak 2000 ºC inguru hartzen dituenez, 600 nm inguruko uhinak emititzen ditu, hau da, argi ikuskorra, eta nahiko beroa (ikuskorraren mugak: 380 nm – 780 nm). Kristalezko bilkariaren funtzioa filamentuaren inguruan atmosfera geldo bat sortzea da, tenperatura horietan haria ez erretzeko edo sublimatzeko. Hasieran, hutsunea egiten zen horretarako, baina egun gas nobleak erabiltzen dira, kriptona normalean.

Goritasun-bonbilla, beraz, berogailu bat da, ezeren gainetik, eta heriotza merezi zuen. Gerora garatutako bonbilla halogenoek ere printzipio bera darabilte; baina, filamentu gisa tungstenoa darabilte, gas geldikorrean halogenoak (iodoa edo bromoa) gehitu dira, eta oreka kimiko bat ematen da filamentua babesten duena. Ondorioz, tenperatura altuagoak lortzen dira (argi zuriagoa) bonbilla txikiagoetan. Argia emititzen duten berogailuak, hauek ere. Fluoreszenteek, berriz, neoia, argoia eta merkurio gasa elektrikoki kitzikatuz sortzen dute argia, abiatzen nahiko zaila den prozesuaren bidez, baina piztuta oso energia gutxi kontsumitzen dute. Egun, mota honetako konpaktuak (edison erroskadunak) dira gehien saltzen direnak, eta esan liteke nahiko ondo probesten dutela energia argia egiteko (behin piztuta daudela...). Etorkizunera begira, berriz, badirudi LED teknologia darabiltenak izango direla jaun eta jabe. Gas baten kitzikapenaren ordez, erdieroale baten kitzikapen elektrikoa dute oinarri, eta ez dute, beraz, pizteko halako enegia handirik behar. Gainera, ez dute kutsakorra den merkurioa erabiltzen. Energiaren zati handiena argia sortzen ematen dute eta, horrez gain, bizitza denbora ikaragarri luzeko bonbillak dira. Hori bai, gaur gaurkoz oso garestiak dira, nahiz eta ezaugarriei begira, merkeenak direla esan beharko genukeen! •