-

Ion Orzaiz

2012ko Irailaren 06a

Behar bereziak dituen gaztea da Fermin. Sindrome baten ondorioz, kostata egiten ditu harremanak, eta batzuetan, haserraldi eta erreakzio oldarkorrak izan ditzake, pertsona ezezagunekin, batez ere. Gaurkoan, alta, lasai dago. Pozik. Irribarre egiten du etengabe, animaliei bazka ematen dien bitartean. Harentzat, behar bereziak dituzten beste zenbait lagunentzat bezalaxe, oso mesedegarria da lantzean behin baserrira hurbildu eta, animaliak zaintzen dituen bitartean, aisialdi mota horrekin terapia egitea. Eta gozatzea. Hori baita, hain zuzen, Gure Sustraiak baserri-eskolaren helburu nagusienetako bat: naturaren eta animalien bitartez, ongizatea bultzatzea.

Ollo herrian dago kooperatiba hau, Iruñetik 20 kilometro eskasera, baina munduko bazter bakartu batean dagoela ematen du, mendi artean galduta, naturak eta orografiak ematen dioten izaera basari esker. Duela hamarkada oso bat jarri zen abian jasangarritasuna, turismoa, aisialdia eta heziketa uztartzen dituen ekimen hau, Raul Pilar Garcesen eskutik. Berak erein zituen baserri-eskolaren haziak, artean unibertsitateko ikaslea zela: «Biologia ikasten ari nintzen, eta hortik sortu zen proiektu osoa. Bost ikasle izan ginen ekimena diseinatzen hasi ginenak. Bi urtez ibili ginen kokapen egokia bilatzen, eta azkenean, Ollo herrian topatu genuen», azaldu digu kooperatibaren arduradunak.

Jakina, hasiera batean, proiektua ez zen gaur egun dutena bezain konplexua. «Askoz proiektu xumeagoa zen. Herriko aterpetxearen kudeaketa lanekin hasi ginen soilik, ez genuelako baserri-eskola egiteko lursailik. Pixkanaka-pixkanaka hazi egin ginen, alta. Hurrengo urtean, oilategi txiki bat prestatu genuen, eta hortik abiatuta, eskoletako ikasleentzako programak antolatzeari ekin genion. Duela zazpi urte, minusbaliotasun intelektuala duten pertsonei zuzendutako kanpaldiak egiten hasi ginen eta hori mugarri izan zen Gure Sustraiak elkartearen ibilbidean, eskaintza zabaldu ahal izan genuelako. Ordutik aurrera, turismo eta hezkuntza alorretan lan egiteaz gainera, behar bereziak dituzten pertsonei egokitutako aisialdi terapeutikora hedatu genuen gure jarduna». Erronka berriei aurre egin ahal izateko, instalazioak berritzea eta handitzea ezinbestekoa zen, eta bide horretan, proiektuaren partaidetza-filosofiari eutsiz, auzolanari ekin zioten. Kooperatibako bazkide, teknikari eta hezitzaile den Gorka Cubelosek azaldu digu prozesua: «Baserri-eskola berria duela bi urtekoa da. Guk egoitza handiagoa behar genuen, eta herriko abeltzain batekin hitz egin genuen. Pabilioi erraldoi pare bat zuen, eta ardien negozioa uztekotan zen, abeltzaintza intentsiboak ez ziolako bizitzeko adina ematen, baina ez zuen beste lanik. Guk kooperatibako kide izatea proposatu genion, eta halaxe egin zuen. Berarentzat aukera polita izan zen, abereekin zerikusia duen lanbide batean jarraitu ahal izan zuelako; eta guretzat ere oso onuragarria izan zen, baserri-eskola berria zabaltzeaz gainera, haren eskarmentua profitatu ahal izan genuelako».

Cubelosen esanetan, jendearen partaidetza ezinbestekoa izan zen proiektua garatzeko orduan. «Bi hilabete eskasetan atondu behar izan genuen dena. Animalien pabilioiarekin hasi ginen eta hamaika ordu eman genituen auzolanean. Lagunei, senideei eta herriko bizilagunei esker, lana epean amaitzea lortu genuen. Guztira, hiru auzolan antolatu genituen, eta oso polita izan zen, jende askok proiektua bere egin zuelako. Propiotzat dute orain, eta hori zen gure xedea».

Instalazio berriei eta urteek emandako eskarmentuari esker, Gure Sustraiak baserri-eskola erreferente bihurtu da, bai landa-turismo alorrean, bai ikastaroak eta kanpaldiak antolatzeko orduan, eta hori guztia, irisgarritasunean, aukera berdintasunean eta jasangarritasunean oinarrituta. Raul Pilarrek nabarmendu duenez, minusbaliotasunak edo behar bereziak dituzten pertsonen aisialdi terapeutikoan espezializatu dira azkenaldian: «Urtetan zehar egindako lanari esker, eta kooperatibako kideek agertutako gogoei esker, egokitutako aisialdi eskaintza indartu dugu. Prestakuntza jarraia izan da gurea, arian-arian ikasi dugulako. Behar bereziak dituzten pertsonek aisialdiaz gozatzeko aukerarik ia ez dutela ikusi, eta alternatiba bat proposatu nahi izan genuen. Alde horretatik, baserri-eskolaren ingurunea oso egokia da lagun horientzat, animalien artean egotea estimulatzailea delako oso».

«Asto-terapia»

Hezkuntza berezia eskaintzen duten zentroekin elkarlana bultzatzen dute Gure Sustraiak kooperatibako kideek, eta horren baitan, hainbat saio egiten dituzte, baserriko animaliekin. Izan ere, ahuntzekin, antzarekin, untxiekin eta, batez ere, astoekin egoteak propietate terapeutikoak izan ditzake, eta hori probestu nahi dute. «Esperientzia erabat onuragarria da» behar bereziak dituzten gazteentzat, eskolako arduradunen arabera.

GAUR8 baserri-eskolara hurbildu den unean, behar berezidun gazteen talde batek hitzordua du bertan. Furgonetatik jaitsi eta berehala, maitasun handiz besarkatu dituzte eskolako hezitzaileak. «Hilabete eta erdi igaro da azken aldiz etorri zirenetik, eta nabari da», aitortu digu Leire Rivas hezitzaileak. Gazte hauetako batzuek minusbaliotasun latzak dituzte, eta haientzat, zaila da edozer tokitan aisialdiaz gozatzea. Aldiz, Ollora heldu eta berehala, irribarrea margotu zaie ezpainetan. Zakurrak non diren galdetzen dute, baita untxiei bazka ematen utziko dieten ere. Badakizkite astoen izenak. Haientzat, gozamena da. «Neska-mutil hauek bi urte daramatzate hona etortzen, eta eboluzioa nabari da. Aurrera-egitea mantsoa da, mailakatua, eta zaila da egun batetik bestera hobekuntzak antzematea, baina hor dago. Epe luzera igartzen den bilakaera da», azaldu digu Raul Pilarrek.

Solasaldi labur baten ostean, ukuiluetara sartu dira gazteak. Lehenengo geldiunea oilategian egin dute. Jatekoa eman diete oilo, antzara eta indiolarrei. Askok, alta, nahiago zuten untxien zonaldera hurbildu. Hezitzaileen esanetan, oso garrantzitsua da itxaronaldiak errespetatzea. «Gauza bakoitza bere garaian egin behar dela, eta horretarako, zain egon behar dutela ikasi behar dute». Untxiak laztantzeko unea iritsi da, eta horren ostean, ahuntzak eta zerriak ikusten aritu dira. Baina, bisitaldiaren unerik garrantzitsuenetako bat ukuilutik atera eta astoen lursailera iristean bizi dute neska-mutilek. Han, astoak orrazten dituzte, bueltak emanarazten dizkiete, bizkar gainera igotzen dira, besarkatzen dituzte...

Gure Sustraiak elkarteko hezitzaileen esanetan, astoa oso abere aproposa da aisialdi terapeutikoa garatzeko. Izan ere, oso animalia lasaia da, beldurtia, baina gizakiekin konfiantza har dezakeena. Horrez gainera, esker onez jasotzen ditu laztanak eta maitasun keinuak. «Astoak ez du erreakzio oldarkorrik. Ez da batere erasokorra. Norbaitek belarritik tira egiten badio, burua aldenduko du, eta kito. Asko jota, altxatu eta alde eginen du, eta hori oso baliagarria da gure lanean, ekintza bakoitzak erreakzio bat duela ikas dezaketelako gazteek».

Eboluzioa, begien bistan

Aisialdi terapeutikoa kooperatibako hezitzaileentzat beraientzat ere oso esperientzia aberasgarria dela azpimarratu du Gorka Cubelos bazkideak: «Hasiera batean, helburua gazte hauek euren zentroetatik ateraraztea besterik ez zen, aisialdi proposamen alternatibo bat eskaintzea, baina haiekin lanean hastean, guk geuk zehaztu genituen helburu konkretuagoak. Hala, animaliekin egiten dugun saio bakoitzaren helburu nagusia neska-mutilen ohitura zehatz batzuk sendotzea da, psikomotrizitatea eta sozializazioa hobetzen lagunduko baitie horrek. Animaliekin kontaktu zuzena izan dezaten sustatu nahi dugu, ukitu ditzatela, usaindu ditzatela, orraztu ditzatela, bazka eman diezaietela, jaki mota ezberdinen artean bereizten ikas dezatela... Horrek eragin handia du haiengan. Izugarri lasaitzen dira, eta batzu-batzuk asto gainean lokartzera ere iritsi dira».

Minusbaliotasunak dituzten pertsonengan baserriko abereek izan dezaketen eragin positiboa neurtzea oso konplikatua den arren, eboluzioa agerikoa dela uste dute Gure Sustraiak kooperatibako kideek. «Animaliek izan dezaketen gaitasun terapeutikoa modu zientifikoan kuantifikatzea oso zaila da. Gaur egun, badira ikerketa konkretuak alor horretan, baina horrek ez gaitu sobera kezkatzen. Badakigu behar bereziak dituzten pertsonentzat astoekin lan egitea eta animaliak zaintzea mesedegarria dela. On egiten die, eta hori begibistakoa da: irribarrean, portaeran, agertzen duten lasaitasunean...», azaldu digu Pilarrek.

«Hona etorri ohi den gazteetako batek, adibidez, badu jokaera disruptibo bitxi bat: jendea besotik edo arropatik heltzeko ohitura. Bada, baserri-eskolan egindako saioei esker, halako portaerak hobe ditzakegu, bestelako testuinguru batean izanen ez luketen erlaxazioa lortzen dugulako hemen. Eta horrez gainera, segurtasun eta konfiantza eza agertzen duten kasuetan ere oso lagungarri da baserrian landutako aisialdi terapeutikoa. Zakurrei izugarrizko beldurra zieten pertsonekin lan egin izan dugu, eta gaur egun, hona etorri bezain laster, zakurrak laztantzera joaten dira beste edozer egin baino lehen», esan du Cubelosek.

Eskolako haurrentzako onurak

Behar bereziak dituzten lagunentzat soilik ez, eskoletako neska-mutilentzat ere oso onuragarriak dira Gure Sustraiak baserri-eskolan egiten dituzten saioak eta tailerrak.

«Ikasgelan jaso ezin duten esperientzia eskaintzen diegu hemen eskoletako haurrei –aipatu digu Leire Rivasek–. Proposamen ezberdina da haientzat, eta gusturago ibiltzen dira, gurea ez delako ikasgelan ematen dieten hitzaldi aspergarri bat, esperientzia berri bat baizik. Urteak pasa ondoren ere, oroitzapen ederrak gordetzen dituzte Ollon bizitakoaz, eta horrek argi eta garbi erakusten du heziketa proposamen interesgarria dela. Aurrekoan, adibidez, Iruñeko San Fermin ikastolako irakasle batek esan zigun idazlan bat egitea eskatu zietela neska-mutilei, eta gehientsuenek Olloko baserri-eskolari buruz egin zuten».

Izan ere, egungo gaztetxoentzat oso deigarria da Gure Sustraiak zentroan ikus dezaketena. «Hirietan haziak eta heziak izan dira ia guztiak, eta hori nabari da», nabarmendu du Raul Pilarrek. «Geure belaunaldikoek bagenekien behi bat, oilo bat edo zerri bat zer zen, aiton-amonak herrian bizi zirelako eta abereak zituztelako etxean. Baina, orain, haurrek ezjakintasun handia dute baserriko errealitatearen inguruan. Oiloen beldur diren neskato edo mutiko asko ikusi ditugu azken urteetan. Eta ez haurrak soilik. Irakasle eta guraso asko ere harritu egiten dira hona etortzean».

Naturak eta, bereziki, baserriko bizimoduak eskaintzen duen askatasuna da haurrak gehien harritzen dituena. Leire Rivasen esanetan, egungo umeak «ez daude herrian aske ibiltzera ohituta. Atsedenaldia iristen denean, ez dakite zer egin ere, betidanik, aisialdia goitik behera antolatu dietelako».

Gorka Cubelosek ere bat egin du ideia horrekin: «Gure baserri-eskolaren ezaugarrietako bat partaidetza da. Neska-mutilak saio bakoitzeko protagonista izan daitezen bilatzen dugu: animaliei jatekoa eman, zerritegia garbitu, ogia egin, landareak bildu... Baserriko bizimoduaren parte izan behar dute. Dinamika aktibo hori oso deigarria eta erakargarria da haurrentzat, ez daudelako parte-hartze horretara ohituta». Raul Pilarrek laburbildu digu Gure Sustraiak kooperatibaren filosofia: «Oro har, nekazal munduaren balioa da nabarmendu nahi duguna».

 
Aterpetxe irisgarria
 

Ekologia eta irisgarritasuna sustatu nahi dituen proiektua da Gure Sustraiak kooperatibak duela hamar urte abiatu zuena. Ordutik, hazkunde etengabean dago ekimena, eta hemendik gutxira, beste pauso bat emanen dute, mugikortasun urria edo minusbaliotasunak dituzten pertsonen aukera berdintasuna bermatzeko:
«Irisgarritasuna bermatuko duen aterpetxea eraikiko dugu hemendik gutxira. 1.000 metro koadroko eraikina izanen da, 72 lagunentzako tokia izanen duena, eta 1,5 milioi euroko inbertsioa egin nahi dugu», azaldu digu Raul Pilarrek.

 

Ekimen berriak, gainera, lanpostuak sortuko ditu Olloko bailaran, antolatzaileen esanetan: «Zortzi bazkide gara orain, baina horrez gainera, hamaika lanpostu sortu nahi ditugu eskualde honetan. Krisialdi betean egonda, arraroa dirudi, baina gure kooperatiba hazten ari da».

Gainera, euren printzipioi bizkar eman gabe lortu dute hazkunde hori: «Hasieratik beretik argi izan dugu gure filosofia. Pertsonak oinarri dituen proiektua garatu nahi genuen, eta ez genekien zein izan zitekeen horretarako formularik egokiena. Kooperatiba gisa antolatzea aurretik genuen filosofia horri izen juridikoa ematea besterik ez zen izan», gaineratu du Pilarrek.