Askok zineman edo telebistan bakarrik ikusi dute esgrima. Ezjakintasunak eragindako topiko okerrei aurre eginez, Fortuna klubak hamarkada luzea darama tiralariak sortzen. Adinari eta generoari ez dio erreparatzen kirol honek, eta gorputza eta burua, biak, behar dira sasoian. Xakea mugimenduan da.
Xole Aramendi
2012ko Irailaren 06a
Euskal Herrian, bere mailan dagoen esgrima maisu bakarra da Igor Otaegi. Haurra zela Madrilen ezagutu zuen kirola eta urteak daramatza Euskal Herrian zabaldu nahian. «Hamaika urterekin hasi nintzen entrenatzen, Madrilen. Bertan bizi izan nintzen, naiz familia guztia Donostiakoa den», kontatu du.
Maisu eskasia ikusita, lehia nahiko azkar utzi eta irakaskuntzan murgildu zen. «Hogeita bi urte daramatzat maisu, txapeldunak sortzen», dio.
Donostiako Pio Baroja kiroldegian aurkitu dugu. Fortuna Kirol Elkartearen ardurapean daude instalazioak. Sargori dago kanpoan, baita barruan ere. Iritsi dira tiralariak. Elkar agurtu eta aldagelara. Izerdiak ez die eragotzi “laneko arropa” soinean jartzea: galtza luzeak, jaka, petoa, galtzerdi luzeak, oinetakoak eta eskularru bat. Dena zuria. «Jantzia balen aurkako materialaz egina dago. Aurpegi-babesak, berriz, 200 kiloko presioa aguantatzen du», azaldu du. Ez da txantxetakoa gorputzak gaur bezalako egunetan hartzen duen tenperatura, baina ohituta ikusten dira.
Arma eskuan eta altzairuzko babesa aurpegian. Materiala gordetzen den gelan sartu gara. Aurpegi-babesak, txukun txukun, horman eskegita daude.
Lehenengo topikoa haustera goaz. Esgrima ez da garestia. «Trajeak 80 euro balio ditu: galtzak, jaka eta petoa. Aurpegi-babesak 40-50 euro eta goi mailako sableak 35 euro. Noski, beste kiroletan bezala, nahi duenak badu material garestiagoa ere aukeran. Karetak 10 urte inguru iraun dezake, eta trajea, kirolaria gorputzez ez bada hazten, bizitza osorako da», esan du Otaegik.
Entrenamendu gelara abiatu gara. Tiralariekin bi ilara osatu ditu maisuak. «Ekin eskuinekook! Ezkerrekook hautsi! Erne! Orain erasora!». Otaegiren agindu-ahotsa bakarrik entzuten da. Ispilua da tiralarien erasoaldi eta atzerapausuen lekukoa.
Sablea dute tiralariek eskuan. Donostian hauxe da gehien lantzen den arma. Ezpata ere zerbait bai. Floretea da esgriman erabiltzen den beste arma. «Desberdintasuna ukitzeko modua eta gorputzeko zein ataletan ukitu dezakezun da. Sablearen kasuan, orri osoa erabil dezakezu eta arerioa gerritik gora bakarrik ukitu dezakezu. Floreteari dagokionez, berriz, puntarekin ukitu daiteke aurkaria, gorputz-enborrean, bular aldean eta bizkarrean. Aldiz, ezpata ere puntarekin bakarrik erabiltzen da, baina gorputz osoan, hasi burutik eta oinetaraino.
Arau nagusia sinplea da: zuk arerioa ukitzea lortu behar duzu, eta berak zuri gauza bera ez egitea. Erasoaldiak eta atzeraldiak arautzen dituzten baldintzak konplikatuagoak dira eta urtez urte aldatuz joan dira.
Hamalau metro luzeran eta metro eta erdi zabaleran ditu kirolariak dabiltzan pistak. «Erasora jo edo defendatu egiten dugu, beti aurrez aurre. Esgrima zaharretik dator, arerioari ezin diozu inoiz bizkarra eman, ikusi egin behar duzu noiz erasotzen dizun», argitu du.
Tiralariak ekinean ari diren bitartean, buru gainean, itzalita dauden argiei erreparatu diegu. «Batzuetan oso zaila denez lehenengo ukitu duena nor den jakiten, pizten den argia oso lagungarri zaigu. Jokalari bakoitzak berea dauka, berdea edo gorria, eta epaileak, ikusleek eta tiralariek, guztiek ikusten dute», dio.
Otaegiren esanetan, «ez da nork ematen duen indartsuago; alderantziz, azkarren egitea da gakoa. Sablea da armarik azkarrena. Batzuetan ‘nola liteke? Non eman dit?’, galdetzen diozu zure buruari. Argia ikusten dut baina…», kontatu du.
Borroka kirola da esgrima, baina desberdina. «Armak ditugu esku artean, baina ez da indarrean oinarritzen, abilezian baizik. Txikiagoa den pertsona batek handiagoa irabaz dezake argiagoa bada eta beharrezkoa den jenioa ateratzen badu», dio.
Euskal klubak
Hego Euskal Herrian badira esgrima klubak. Fortuna da indartsuena emaitzei erreparatuz gero. Bera nabarmendu da azken urteotan duen antolakuntza mailari dagokionean, zein kirolarien parte-hartzeari dagokionez. «Geuk ditugu lizentzia gehien eta urtean zehar hemezortzi txapelketa antolatzen ditugu, horietatik batzuk estatu mailakoak», adierazi du.
«Bizkaian ezpata eta floretea lantzen dira. Araban eta Nafarroan, ezpata. Nafarroan badago sablea lantzen duen talde bat ere. Bakoitza bere aldetik gabiltza, baina Euskadiko ezpata txapelketan denok elkartzen gara», jarraitu du.
80-90 kide ditu orain Fortunako esgrima sailak. Irunen kluba sortu dute Diputazioarekin elkarlanean. «Eskoletan ari gara lanean», esan du.
Uda garai aproposa da herritarrak kirolera erakartzeko. Donostiarrek urteak daramatzate esgrima ezagutaratu nahian. «Aurten, uztaila eta abuztuan 50-60 pertsona aritu dira esgriman lehen pausoak ematen», adierazi du. Gipuzkoako hiriburutik kanpo, Ordizian, Lezon eta Alegian ere eskaini dituzte ikastaroak uztailean.
Horixe du helburu Otaegik. Esgrima zabaltzea. Dena aldeko ikusten dio kirolari. «Gorputza lantzen da, koordinazioa, eta batez ere, burua. Xakea mugimenduan da. Munduan punta-puntan dabiltzanak ikusiz gero, badirudi ez dutela lurrik ukitzen!», kontatu du.
Bigarren topikoa apurtzera goaz: esgrima ez da arriskutsua, nahiz baden armak ikusi hutsarekin beldurtu egiten denik. «Are gehiago, medikuek gomendatzen dute bihotzeko gaixotasunak dituztenentzat, estresa botatzen duzulako. Kontzentrazio handia eskatzen duenez, arazo guztiak ahazten dituzu. Erabat gustura geratzen zara», dio.
Bada besterik. «Norberak erabakitzen du zer egin, eta hori gustuko du askok. ‘Asmatzen badut ondo, bestela…’, diozu. Ez diot jokalari kideari golik huts egin…», gaineratu du.
Atseginez hartzen du maisu lana. «Inoiz kirol hau gertutik ikusi ez duten gaztetxoak erabat lotuta ikusteak poz handia ematen dit. Esgrimak dena eman dit. Jendea ezaugu, bidaiatu… Noski, kendu, denbora kendu dit. Asteburu askotan txapelketara zoaz… Ni kiroldegian nago gaueko 22:30ak arte, jende asko lanaren ondoren baitator entrenatzera», esan du.
1991n, Udal Kirol Patronatuarekin eman zituen esgrima hedatzeko lehen urratsak. «Gero Fortunak kirolaren alde egin nahi izan zuen. 1994an hasi ginen udako ikastaroekin. Ondo atera zen. Madrilen esgrima maisu nenbilen lanean orduan eta uda ondoren bertara itzuli nintzen. 1995ean errepikatu egin genuen. Fortunak jarraipena eman nahi ziola-eta, monitore ikastaroa egin genuen, neguan zehar nork irakatsi egon zedin. 2000. urtean etorri nintzen Donostiara eta neuk hartu nuen esgrima sailaren ardura. Urte hartan, 80 kide ginen. Belaunaldi desberdinak atera dira ordutik», gogoratu du.
Emakume zein gizon, gazte zein zahar... Denak dira ongietorriak. «Ez du adinik. Taldean badugu 45 urterekin hasi eta Espainiako beteranoen txapelduna izan denik», kontatu du. Ezinduek ere egin dezaketee esgrima.
Fortunaren historian hainbat dira nabarmendu diren izenak: Joseba eta Rafael Bajo, Mari Jose Padura, Enrique Solís, Pablo Martinez Egia eta Gorka Arizkorreta eta Elisa Carrasquedo, besteak beste.
Lehiari lotuta
Maria Jose Padura, Pablo Martinez Egia eta Gorka Arizkorretarekin elkartu gara entrenamendu aretoan. Hiruak hasi ziren Pio Baroja kiroldegian antolatutako udako ikastaro batean eta ordudanik ez dute esgrima utzi. Kirolari ez ezik, lehiari ere erabat lotuta daude.
Astean bi egunez entrenatzen dira eta ostiraletan elkarrekin tiratzeko geratzen dira. Asteburu askotan txapelketak dituzte.
Maria Jose Padura Euskadiko txapelduna da senior mailan eta estatuko txapelduna beteranoen mailan, 1. kategorian. Pablo Martinez Egia, berriz, junior mailan aritzen da. Euskadiko txapelduna izan zen 2011n eta brontzezko domina eskuratu du aurten. Munduko Kopan parte hartu du eta estatuko zortzi onenen artean dago.
Bera bezala, Gorka Arizkorreta duela zortzi urte hasi zen esgrima kontuekin. Hamabi urte zituen orduan. Kadete mailan aritzen da eta Euskadiko hainbat txapelketa irabazi ditu.
Martinez Egiak lehia gustuko du beste ezeren gainetik. «Gauzak oker atera litezke, eta gertatu izan zait emaitzarik lortu ez eta utzi egingo dudala esatea, baina hurrengo egunean entrenatzera nator berriz; harra barruan dut», aitortu du.
Aurrez beste kirol batzuetan aritu izanak –judon eta saskibaloian– lagundu egin dio Padurari. Aurrez zuen lehiarako grina asetzeko balio izan dio esgrimak. «Igorrek berehala sartu ninduen lehiaketarako taldean eta ni ere erraz animatu nintzen, lehiatzeko gogoa neukan», kontatu du.
Edonori gomendatzen dio kirol hau. «Kirol osoa da. Gozatu egiten duzu, animatu egiten zaitu, estimulatu… eta autoestimuan ere laguntzen du, nahiz batzuk armak ikusi eta beldurtu egiten diren. Osagai asko ditu. Dibertigarria eta era berean kirol osasungarria da», dio.
Lehiatzeko unean datoz ezinegonak. «Urduritasuna orekatzea asko kostatzen da, baina energia asko ematen dizu. Kontrol ezak erasoa galtzera eraman zaitzake. Giharrak lotu egiten zaizkizu, elastizidadearen, abiaduraren edo erreakzio gaitasunaren kaltean. Sablearekin batez ere. Izan ere, akzio oso azkarrak dira. Entrenamendu ona beharrezkoa da, akzioak aurrez barneratuta izatea. Maisuak beti esaten dit ez pentsatzeko, modu argian eta laburrean jokatzeko», azaldu du Padurak.
Kirol indibiduala da, nahiz taldeka ere lehiatzen diren. «Bi aldeak ditu eta osagarriak dira. Pistan zaudenean, nolanahi ere, zu bakarrik zaude. Gogoan dut Munduko Kopan lehiatu nintzen lehen aldia. Alemanian turkiar baten aurka egokitu zitzaidan lehenengo asaltoa. Entrenatzaileak ohartarazi zidan: ‘askotan lehia ez da aurkariaren aurkakoa bakarrik, zure buruaren kontra ere ari zara’. ‘Ezin dut, ezin dut’, esaten baduzu alferrik ari zara. Zure burua konbentzitu behar duzu egin dezakezula. Psikologiak garrantzi handia du», argitu du Martinez Egiak.
Alboan, Arizkorretak arlo fisikoa azpimarratu du. «Pena da kirol ezezaguna izatea. Pijoen kirola omen da, ez omen dugu izerdirik botatzen ere... Antzekoak entzuten ditugu. Baina, hemen probatzen hasi eta ez dute aguantatzen! Fisikotik ere asko dauka. Sablea, batez ere, oso azkarra da. Egin aurretik pentsatu behar duzu zer egingo duzun. Oso esplosiboa da, segundo-milarenek kontatzen dute». Hirugarren topikoa puskatuta.
Elkarbizitzaz ere gozatzeko aukera eskaintzen dio esgrimak. «Berdin dio emakume zein gizona izan, adina… guk denok denokin entrenatzen dugu. Beste kiroletan ez da hori ikusten. Gainera, asko bidaitzen dugu eta hori da kirol honek daukan onena. Polita da», adierazi du Arizkorretak.
Mari Jose Padurak irribarre egin du. «Oso talde anitza da gurea eta bidaietan primeran pasatzen dugu», esan du Euskadiko txapeldunak.
MARIA JOSE PADURA: «KROAZIAN 91 URTEKO TIRALARIA EZAGUTU NUEN, ORAINDIK BADUT DENBORA!»
Maria Jose Padurak 36 urte beteak zituen esgrima ezagutu zuenean. Ordudanik buru-belarri dabil tiralari moduan. Erroman du burua, datorren urtean egingo den Europako txapelketan. «Podiuma egitea da helburua. Iaz brontzezkoa eskuratzeko aukera galdu nuen Lillen, bostgarren egin nuen», azaldu du.
Nazioartean lehenengoz parte hartu zuenean, brontzezko domina etxeratu zuen, Hungarian. «Sekulakoa izan zen! Harrotasun handia sentitu nuen», gogoratu du.
Inoiz ez da berandu. Hauxe pentsatu du beti, eta uste hori indartu besterik ez zitzaion egin 50 urtetik gorakoentzat antolatzen den Munduko Beteranoen Txapelketan, Kroazian, 91 urteko alemaniar bat ezagutu zuenean. «Argazkia eta dena egin nuen berekin. ‘Oraindik badut denbora esgrima egiten jarraitzeko!’, pentsatu nuen», esan du.
Berehala murgildu zen norgehiagokan. «Abuztuan ikastaroa hasi eta hurrengo urtarrilean lehiatu nintzen lehenengo aldiz. Eragin handia izan zuen nigan. Lehenengo aldia zen, urduritasuna... ‘Zer egiten dut hemen?’, nioen, neuretzat. Baina, behin aurpegiko babesa jarri duzunean zure munduan sartzen zara, babesak lagundu egiten dizu zentratzen. Publikoa hor dago, eta ikus dezakezu, baina kontzentratzen laguntzen dizu», dio.
Beti ikasten. «Perfekzio zalea naiz, akzioa ondo egin nahi dut eta lehian ondo ateratzen ez bazait neure buruarekin haserretzen naiz. Hasieran oso gogotsu hasten zara, azkar ikasten duzu eta ondoren iruditzen zaizu ez duzula hainbeste aurreratzen. Eta beheraldia dator, maisuak normala dela dioen arren. Ikasten jarraitu nahi dut», gaineratu du.
Balletaren elegantzia, xakearen estrategia eta borroka diziplinen oldarkortasuna bezala definitzen duen kartela erakutsi digu kiroldegiko pasilloan, horman eskegita. «Oso ederra iruditzen zait definizioa. Oldarkortasuna, ondo bideratuta, betiere, beharrezkoa da», esan du.
Dotorezia darie bere mugimenduei. Pozik hartu ditu gure hitzak. «Benetan? Txikitan balleta egin nuen, baina ez dakit...», aitortu du.
PABLO MARTINEZ EGIA: «GOZATU EGIN NAHI DUT, AHAZTU EGITEN ZAIGU ETA»
Pablo Martinez Egia Madrilgo Goi Errendimenduko Zentroan ari da entrenatzen espainiar taldearekin. «Iazko udazkenean Madrilera joan nintzen Ikus-entzunezko Komunikazioa ikastera. Carlos III.a Unibertsitatean ari naiz. Batetik, Euskal Herrian ez gara asko esgrima egiten dugunok eta diru-laguntzak ere urriak dira. Madrilen eta Bartzelonan daude estatuko potentzia sendoenak. Bestetik, ikasketak eta kirola uztartu nahi nituen», esan du.
Emaitzak lortzea ez ezik, esgriman gozatzea du erronka. «Agian gehiegi zentratu naiz emaitza onak eskuratzeko ahaleginean eta hurrengo denboraldian gozatu ere egin nahi dut. Batzuetan ahaztu egiten zaigu. Madrilgo entrenatzaileak, Jonathan Mendozak, hala esaten dit: ‘gozatzeaz ahaztu zara eta horixe da irabazten laguntzen dizuna’».
Bere esanetan, «buruko abilezia gehien eskatzen duen kiroletako bat izanik, hori ere landu egin behar da. Denbora eskatzen du. Entrenatzailearekin baino, lehiaketetan lantzen da. Orain Madrilgo Goi Errendimenduko Zentroko psikologoak laguntzen dit. Izan ere, lehian urduritasunak traizio egiten dizu», adierazi du.
Futbolean eta eskubaloian aritu zen ikastetxean. Baina haiek ez bezala, esgrimak erabat harrapatu du. «Desberdina zen eta hasieratik ondo moldatu nintzen. Umetan oso txikia eta argala nintzen eta futbolerako ez zidan gorputzak askorik laguntzen. Esgriman balio duena abilezia eta buruz ondo moldatzea denez, hobeto moldatzen nintzen. Oso erakargarria egin zitzaidan», dio.




