-

2012ko Irailaren 06a

Askotan aipatua izan da Euskal Herriko mapa politikoa gutxi mugitzen dela hauteskundeetan, gutxiegi. Urriaren 21ean, aldiz, benetako iraulia gerta daitekeela antzematen da, egoerak zeharo aldatu baitu azken lau urteotan. Lurra azpian mugitu zaie aukera politiko guztiei bi arrazoirengatik. ETAren jardun armatuaren behin betiko etenak inoiz ezagutu ez den agertokia ireki du.

Eta krisi ekonomikoa azken hamarkadetako sakonena dela frogatu da lau urtetik hona. Bi borroka esparru dituzte, beraz, lehian egongo diren hautagaitzek: krisi politikoarena eta krisi ekonomikoarena. Biak kezka iturri, biak soluziobide eske.

Krisi politikoa:

–PPk ez du irtenbiderik eskaintzen, ez eta gogorik ere. Antonio Basagoitik egin berri duen gorrotoaren gorestea («nos importan un bledo los presos enfermos») guztiz adierazgarria izan da. Bitxia izan da ikustea Espainia mailan Euskal Herrian baino harrituago ageri direla: hemen ondo genekien zer pentsaten zuen PPk.

–PSE: Itxuraz, urriaren 21eko data aukeratzean, ETAren erabakiaren urtemugaren etekinak jaso nahi ditu Patxi Lopezek, baina alferrik ari da. Inork ez du sinestuko borroka armatuaren amaierara presoen argazkiak kendu edota ikasgeletan hitzaldiak emateagatik heldu denik. Bestalde, ipunean bezala erregea biluzik zihoala esan zuen umea Lopezen alderdikide bat izan da: Jesus Eguiguren. Orain Eguiguren badoa eta Lopez gelditzen da.

–EAJ: Aietekoa haren sukaldeko lanaren emaitza zela irudikatu nahi izan zuen, baina gero etorri diren hamar hilabete hauetan argi geratu da Urkulluren posizioa, Kongresuan PP eta PSOEren sinatu zuen Estatu Itunetik hasi eta orain Uribetxebarriaren aferan erakusten duen axolagabekiara heldu arte. Pello Urizar EAko presidenteak datu argigarri bat eman berri du ‘‘Berrian’’: maiatzean, nazioarteko adituek prozesua bultzatzeko hainbat ekimen abiatu nahi zituzten, baina EAJk geldiarazi egin zituen.

–EH Bildu: Erraza jarri diote gainerakoek, inork ez baitio kendu eskuetatik konponbidearen bandera, ez eta saiatu ere. Lopezek esan duenaren kontra, PSE ez da prozesuak aurrera egingo duen berme bakarra, EH Bildu baizik, begibistakoa baita honek bakarrik ematen diola bultzada. Azken adibidea, Laura Mintegik PPri, PSOEri eta EAJri Aieteko bidetik hitz egiteko luzatu dien eskaintza.

Krisi ekonomikoa:

–PPk eskertu egin beharko lioke Patxi Lopezi hauteskundeak aurreratu izana, urritik aurrera Rajoyren Gobernuak eraso gehiago ezarriko dituelako. «Ardura»ren diskurtso sineskaitza baino ez zaio gelditzen Basagoitiri.

–EAJk ere bide horretik joko duela marraztu du Urkulluk, «sakrifizioak» beharrezkoak direla esan baitu. Honekin argi utzi du Ajuria Eneara helduz gero, murrizketak nagusituko direla eta, garrantzitsuena dena, Euskal Herritik krisiari aurre egiteko eredu propiorik ez duela.

–PSE, itxuraz behintzat, hobe kokatu da esparru honetan, Madrildik datozen murrizketen aurka azaldu baita Lopez. Baina hauteskundeei begirako jokabidea izan dela ere nabarmenegi gelditu da. Eta azken hiru urteei begiratzen bazaie, garbiago ikusten da Lopezek ez duela funtsezko aldaketarik eskaintzeko asmorik.

–EH Bilduk bere alternatiba findu beharko du oraindik, baina bere egitekoan aldaketa sakonerako borondate garbia azaleratzen da: azken adibide, Gipuzkako Diputazioak zerga iruzurraren aurka lortutako emaitzak. Eta, batez ere, Espainiaren markapetik ateratzeko asmo sendoena agertu du, etorkizunari begira ez baita beste irtenbiderik ikusten, independentzia baino ez. •