-

2012ko Irailaren 06a

Azken aldian Sanchez Gordillo supermerkatuan jana ordaindu gabe gizarteratzeagatik famatua egin bada ere, Marinaleda aspaldikoa da. Reincidentesen kanta baten bidez izan nuen Marinaledaren berri: «Andalucia entera, como Marinaleda». Lagun batek esan zidan Marinaleda Andaluziako herri borrokalari bat zela. Urte mordoxka joan dira geroztik, baina jarraitzen du borrokalari izaten. Euskal brigadista gehienak urrutirago joan badira ere, badira bertara joan direnak ere, hango prozesu iraultzailea interesgarria izateaz gain, Euskal Herriaren laguna ere badelako. Gordillo alkateak maiz adierazi digu elkartasuna. Zeren zain gaude euskal utopikook, Estatu berean Marinaledak eraiki dituen garaipenak geurean eraikitzeko? Partaidetza-demokraziaren bidez kudeatzen da, batzarretan erabaki potoloak hartzen dituzte, eta latifundisten lurrak okupatu. Etxebizitzaren arazoa konpondu dute: Udalak lurrak bereganatu eta hiriko zoru bihurtu ondoren, etxea behar duenari ematen diote; dirurik edo lanik ez badu, bere etxea eraikitzen lana eskaintzen diote, beste udal langile batzuekin batera. Prezioa oso merke ateratzen da espekulaziorik gabeko etxean. Industria eta nekazaritza bultzatu dituzte, eta langabezia desagerrarazi. Andaluzian langabezia %33koa da. Herritarrek 30 urtez eman diote atxikimendua beren iraultzari. Geurean ere, soilik herritarren atxikimenduek bermatuko dute Euskal Herriaren askapen nazionala eta soziala, eta atxikimendu horiei eusteko modu onena zapalkuntza ekonomikoa, soziala eta politikoa iraultzea da. Bistan da zaborrekin, bide egokian doan edozer mugimendu gogor erasotzen dutela, baina prozesua bermatzeko modua horixe da. •