-

Erregimenaren aurkako lehen mobilizazio baketsuak gerra bihurtu ziren Sirian, eta herri mugimenduek egoera berrira egokitu beharra izan zuten. Egileak iraultzaren aldeko herritarren makina bat kezka eta hausnarketa azaltzen ditu testu honetan.

Hazim al-Amin / “Al Hayat” egunkaria

2012ko Irailaren 06a

Zer bidegabea den «Siriako Armada Askea» benetako Armada bat izango balitz bezala hartzea, gainerako armada guztiek bete beharreko arauak betetzen dituztela pentsatzea. Bidegabekeria hori beharrezkoa da, hala ere. «Siriako Armada Askea»k ezagutu beharko luke «etxekoekin (beren herrialdeko herritarrekin)» bidegabe izatea zer den; jakin beharko luke zaindariaren begia erne dagoela eta kontuan hartuko dituela gehiegikeria guztiak, gertatu direnak zein gertatu daitezkeenak, gehiegikeria horiek gehiago kaltetuko baitute iraultza, iraultzaren etsaiak baino. «Siriako Armada Askea»k egin behar lukeenari buruzko eztabaidak ez du kontuan hartzen ustezko Armada horren ezaugarririk. Ezta egunero aurkitzen duen zailtasunik ere.

Desertoreak

Eztabaida hori Siriatik kanpo sortu eta indartzen da. Eztabaida horrek asmatu du Armada hori; bere irudi bat margotu du, bere «brigadei» eginkizun birtualak emanez. Askotan entzuten da, esaterako, «Siriako Armada Askea»k erasoren bat egin duela. Momentu horretan, benetako Armada bat imajinatzen duzu, bere buruzagiak dituena, bere erabakiak hartzen dituena, baina Sirian bertan ez dago horrelakorik. Ustezko Armada horri kalte handia eragin dio Armada izena jarri izanak.

Izan ere, izenak azaltzen duenez, benetako Armadatzat hartzeak eta, hedabideetan nagusi den bertsioaren arabera, Siriako Armada erregularra utzitako militar desertorez osatuta egoteak, pentsarazten dizu Armadako ofizialek barrikadaren alde batetik bestera pasatzea erabaki dutela eta orain lagun zirenen aurka borrokan ari direla.

Kasu gehienetan, tankerako ideien eraginez imajinatzen dituzu armak, artilleria, gerrarako egitasmoak... Hori guztia Siriatik kanpo bizi diren oposizioko kideen zorakeriekin elikatzen da: satelite bidezko kateen bitartez, «Siriako Armada Askea»k egin omen dituen ekintza «zehatzen» berri ematen dute.

Baina, Sirian bertan iritzi horiek okerrak eta bidegabeak direla iruditzen zaie herritarrei, borrokan ari diren taldeak frustraziora eramango baitituzte, lortu ezin dituzten gauzak helburu moduan planteatzean.

Sirian bertan, erregimenaren aurka borrokan ari diren taldeen egoera ez da hori, ezta gutxiagorik ere! Alde batetik, erregimenaren aurkako herritar horiek ez dute «Armada» bat osatzen. Egungo taldeak «Jarraitzaile Armada» bihurtzeko ere lan asko egin beharko litzateke. Eta denbora ere beharko genuke, jakina!

Arma arinak

Gezurra da ere «Siriako Armada Askea» herrialdeko armada erregularra utzitako iheslariek osatutakoa denik, borrokan ari diren talde armatu horietako kideen %30 baino ez baitira desertoreak.

Izan ere, Siriako armada erregularra utzi duten ofizial gehienek ez dute bat egin erregimenaren aurkako talde armatuekin. Horren ordez, nahiago izan dute inguruko herrialdeetara joatea, Turkiara eta Jordaniara, batez ere. Zergatik zutitu ote dituzte herrialde horiek ofizialei zuzendutako kanpalekuak beren lurraldean? Ez dago garbi: egia esan, atxiloketa zentroen itxura osoa dute, bertatik irtetea debekatuta baitaukate, militarrek eman beharreko baimena lortu ezean.

Erregimenaren aurkako taldeek dituzten armei dagokienez, zerikusi handirik ez dute armada erregularrek erabiltzen dituztenekin. Arma arin edo eramangarriak baino ez dituzte izaten normalean, oso arma gutxi gainera, koherentziarik ez dutenak. Ez dira nahiko izaten operazio oso bat burutu ahal izateko.

Erregimenaren aurkako talde armatuetako kideen erresistentzia, iraunkortasuna eta koherentziari dagokionez, armada erregularrari aurre egiteko erabaki tinkoaren fruitu dira, zibilak bizi diren lekuetatik Bashar al-Assad presidentearen aldeko militarrak aldentzeko asmo sendoaren fruitu.

Libian, «iraultzaileak»

Agian, Libian Sirian baino okerrago aukeratu zuten iraultza lortzeko armak hartu zituztenei eman beharreko izena. «Iraultzaile» ziren Libian, hitz horrek berekin izaten duen gaitasunarekin, barkamen eskaerarekin eta kontu ematearekin. Iraultzaile horiek harreman berria zuten armekin eta gerrarekin. Erregimenaren biktimak ziren, beren mendeku nahiei mugak jarri behar zizkietenak.

A zer tankera gaur egun Sirian gertatzen ari denarekin! «Siriako Armada Askea» Siriako erregimenaren biktimen irudia da. Pertsona horiek armak hartzea erabaki dute; ez dira aingeru armada bat, biktima armada baizik, batere aingerutarra ez den errealitatean aritu behar dutenak.

Azken definizio horren arabera, hor ez dago barkamen eskaerarik, gauzak hobeto egiteko asmoa baizik. Iraultzaren lehenengo urtean, bere ezaugarri nagusia balio baketsuei eusteko joera izan zen, baina ezaugarri hori ia erabat galdu da, eta erantzukizunak argitu behar dira orain.

Jakina, erregimena bera da militarizazioaren lehenengo arduraduna. Lehenengoa eta erabatekoa.

Baina, erregimenaren aurka Sirian bertan lan egiten duen mugimenduak badu nabarmentzeko moduko beste ezaugarri bat: iraultza lortzeko armak hartu dituzten taldeak ez dira izan mugimenduaren jabe, talde zibilek ahalmen handia baitzuten gauzak zuzentzeko, egoera baldintzatzeko. Baina, zibilen ahalmen horrek atzera egin du armen diktadurarengatik eta iraultza zena gerra bihurtu delako. Gainera, ekintzaile zibil askok ihes egitea erabaki dute. Eta ez da ahaztu behar iraultza baketsuaren lehenengo belaunaldiko ekintzaile gehienak erail egin zituela erregimenak.

Militarizazioa

Gatazkaren bilakaerak sekulako eragina izan du siriar iraultzaren aldeko ekintzaileen jardueran. Periferian hasi eta hiriburura ere iritsi diren iraultza eta gerraren eraginez, Sirian jarraitzea erabaki zuten ekintzaileetako asko, oraindik erail ez dituztenak, «Siriako Armada Aske»ko unitateen buruak dira gaur egun. Amore eman behar izan dute, behartuta, borroka armatuaren aurrean. Herrietan eta hirietan lan egitetik frontera borrokara joan ez diren oso herritar gutxik eusten dio erregimenaren aurkako lanari.

Herritar horiek hedabideei begira egiten dute lan normalean, beren herrietan manifestazioak antolatu eta zaurituei eta iheslariei laguntza emateaz gain. Horrela eusten diete iraultzaren hasiera-hasierako balioei, maitasunari hain zuzen ere. Hiri txikiek, udalerriek eta herrixkek iraultzaren gotorleku izaten jarraitzen dute gaur egungo Sirian. Leku horietan, bakearen aldeko mezuak idazten dituzte oraindik paretetan. Leku horietan, gerraren frontean egindako hanka-sartzeak aztertzen dituzte herritarrek, su-etenak eta hitzarmenak eskatzeaz gain. Kontraesanak ere sortzen dira: «Ez da guk egindako gehiegikerien inguruan kontuak emateko garaia, erregimena hankaz gora botatzekoa baizik», diote siriar batzuek.

«Siriako Armada Aske»koak hain ondo hartzen dituzten hiri eta udelerrietan bakezaletasunak ez du bere balioa oraindik galdu.

Bennish eta Daraya

Bennisheko herritarrek, esaterako, kazetariak hartzea erabaki zutenean, beren herriak bisitatu zituztenei zera esan zieten: «Pasa gaua gure herrian eta zuentzako gaueko manifestazio ikusgarri bat antolatuko dugu». Hori esaten zieten, «erakustaldi militar bat antolatuko dugu» esan beharrean, nahiz eta armak bazituzten tankerako erakustaldi bat antolatzeko ere. Horrek adierazten du nahiago dutela manifestazio baketsuak antolatzen dituen herri gisa agertzea, sekulako indar militarra duen herri gisa agertzea baino.

Aipatzekoa da, halaber, Daraya herria, azken egunotan 500 hildako inguru eta erabateko suntsiketa ezagutu behar izan dituena. «Urtebete eta zazpi hilabetetan eraiki dugun guztia suntsitzeko ordubete baino ez dute behar izan», esan zuen bertako neska gazte batek. Darayak distira berezia zuen iraultzaren aurretik, eta ez du galdu ezaugarri hori iraultza garaian. Bertako gazteek eraiki zuten guztiak lan asko eskatzen zuen. Horrela sortu zen amesten dugun biharko Siriaren eredu txiki hori. Herri horretako mugimenduak beti harritu izan gaitu. Darayakoak izan ziren beraiek hiltzera zetorren Armadari loreak eta ura eraman zizkioten lehenengo manifestariak. Ramadan bukaerako festa egunean, Darayan beste inon ez zituzten banatu opariak shabbiha erregimenaren aldekoen seme-alabei, horien biktimen seme-alabei bezalaxe. Darayan ez ziren amaitu elkarrekin bizitzearen aldeko mezuak, sarraski berri baten ondoren herrialde osoa etsita zegoenean ere. Darayan beste inon ez zion eutsi emakumeen mugimenduak bere jarduerari. Darayan idazten ziren esaldiek justizia eskatzen zuten, ez mendekua; justizia, ez ohore krimenak. Han zeuden Siriako seme-alabarik onenak, erregimenaren erorketaren ondorengo etorkizuna eraikitzen, iraultzaren biharamuna eraikitzen. Daraya herri mugimendu baketsuaren herria da. Denbora askoan militarizazioari eutsi zion, eta azkenean militarizazioa iritsi zitzaionean, jarduera zibilari eutsi zion, elkarrizketari.

Atzerritik itzuli

Bakezaletasunak oraindik badu erakargarritasunik Sirian, nahiz eta gatazkaren militarizazioa bazter guztietara iritsi den. Militarrak, armak eta kontzeptu horien inguruko balioak hedatu dira azken hilabeteotan Sirian, baina bakezaletasunak bizirik jarraitzen du. Bakezaletasunak bere egungo ahulezia konpon dezake oraindik, batez ere oposizio zibilak Turkiatik, Libanotik edo Jordaniatik itzultzea erabakitzen badu. Siriara itzultzea litekeena da gaur egun, bere garaian herrialdetik ihes egin eta beharrak ikusi eta gero itzuli diren siriar ekintzaileek erakutsi digutenez.

«Siriako Armada Askea» ez da armada bat, herrietan sortutako talde inprobisatuak baizik. Armada zibil bat da egun, izatekotan. Armada hori etorkizunaz eta arazoak gainditzeaz edonorekin hitz egiteko prest dago, Siria berria eraiki nahi du-eta.

Baina, Siriako krisia horrenbeste luzatzeak oso eragin kaltegarria du balio iraultzaileengan. Fenomeno horri eransten badiogu nazioarteko potentzien joera, hots, ez ikusiarena egitearena, badaezpada ere zipriztinetatik urruti egotearena, armada zibil horrek ere aldatu egin beharko du bere jarduera. Orain arteko mugak gainditu beharko ditu. Brigadetako buruen herrietako aurpegiekin nahastuta, gerrako jauntxoen eta beldurtzaileen maskarak ageriko dira, eta hortik aurrera ofizialek ezin izango dute iraultzailearen irudi bakarra eskaini hirien inguruko nekazaritza eremuetan.

Biktimak, borrero

Ez dira aingeruak. Jakina, ezta infernuko etsaiak ere. Erregimenaren biktimak dira, besterik gabe. Baina, biktima borrero bihurtu daiteke Siriak gaur egun bizi duen egoeran, sekulako erraztasunarekin gainera. Hori gertatu ez dadin, egin daitekeen gauzarik onena izango litzatekeSiriako krisiaren konponbidea bizkortzea, eta helburua lortzeko eraginkorra izango litzateke herrialdetik ihes egin duten ekintzaileak iraultza taldeetara edo frontera itzultzea.