GELTOKIAK -

Unai Gorrotxategi

2012ko Abuztuaren 31a

Ea libre izan gaitezkeen. Halaxe galdetu didazu motxila bizkarrari estu lotuta; Noainez, Intxortaz eta Gernikaz betetako motxila bizkarrari atxikita. Aurrera makurtuta oinez ibiltzera ohituegi dagoen bizkar okertua erakutsiz erantzun dizut nik, begiak lurrari itsatsita. Haizearen zurrumurruak hizkuntza ezezagun batean hitz egiten du hemen, Adarraren eta Onddiren arteko lepo honetan. Etenetako Trikuharriak eguzki erloju bat dirudi eguerdiko sargorian. Begiak kizkurtuta ikusi dugu orain dela milaka urte gu bezalako beste batzuek ikusten zuten harri tentea. Denbora ez baita berdin mugitzen leku guztietan. Orduak mugitzen dira harriaren itzaletan, belarretako ilunguneetan marrazten dira eguzkiaren itzuliak, baina harriek ez dute erlojurik ezagutzen, eta kulturek ere ez, akaso. Heriotzari gurutze bideak sortu aurretik, bide-gurutzeetan egiten zitzaizkion monumentuak, harrian zizelkatutako momentuak. Hilentzako menhirrak altxatzen zituzten biziek, beraientzako zirela ohartu gabe. Beldurtutako lurra arantzaz betetako triku bat besterik ez baita heriotzarekin gogoratzen denean.

Pottokak bueltaka dabiltza inguruko belardietan. Baina, belarra gogorra da hemen; haizeen eta ekaitzen aurrean gotortuta dago. Hemendik begiratuta, Adarratik behera datozen mendizaleek inurri koloretsuak baino ez dute ematen. Garotan marrazkiak egin ditu norbaitek. Besteek egindako urratsen gainean luzatzen dugu pausua, dozenaka, ehunka, milaka oinen arrastoak uzten ditugu belarretan eta bideak soiltzen ditugu garotan, milaka oinen artean. Akaso bideak eraiki ez, ibili egiten baitira. Tarteka, norbaiti otuko zaio bide xendatik atera eta bere ibilbidea sortzea, baina berehala irentsiko ditu belarrak bere urratsak, berehala desagertuko da poliki doan denbora honen geografia ezkututik.

Motxilak bizkarrean min ematen dizu zuri, trikuharriaren aldamenean zutik. Libre izan nahiko zenuke, hegoak eduki nahiko zenituzkeela esaten didazu, lur honetatik ihes egin nahiko zenukeela. Nik hegoak bakarrik ez, haizea ere beharko zenukeela erantzun dizut. Eta hemendik aste batzuetara gure gainetik igaroko diren usoekin akordatu naiz, herri txikien negu gordinetik ihesi joaten diren horiekin.

Zure bideari jarraitu nahiko zenioke, halaxe esan didazu, baina bide-bazterretan ehizarako postu gehiegi dauzkagu adaxka artean ezkutatuta. Besteek egindako bideetan ibiltzeaz aspertuta zaudela esaten didazu, nekatu zarela historiaren lokarri ikusezinak orkatiletan estututa sentitzeaz. Buruntzaren horma irentsiekin gogoratu naiz ni, eta ustekabean urruneko errepideren batetatik azkarregi doazen autoen hotsa iritsi zait. Kulturak etenetan bizi dira, ez hausturetan. Galdera-ikur bat dira zure begiak zeruan ekaitza lehertu denean. Nik hemen denbora ezberdin ibili arren badabilela erantzun dizut, hankak belar gotortuan sustraituta, bideak ibil nazan zain.

Inguruko basoren batean orro egin du animalia izuturen batek. Lehenengo euri tantak sentitu bezain laster korrika abiatu zara garo artean, itsu-itsuan, baina bideak bukatu eta oinak urratzen dituzte landare artean ezkutatutako sasiek. Polikiago joateko eskatzen dizut eta tren azkarrak ikusi ditut mendietan zauri diren tuneletan lasterka; polikiago joateko eskatu dizut eta lurrak eta apurtzen imajinatu ditut inongoak ez omen diren zure hanka modernoak; polikiago joateko eskatu dizut eta hizkuntza arrotzetan mintzo diren haizeek oihu egin dute itsasaldean, eta azkarregi zoaz zu hankak lurrean behar bezala bermatzeko, azkarregi denbora ikusteko. Ekaitza lehertu denean, zuhaitz baten enborrean finkatu duzu eskua; arnasestuka dituzu begiak ere. «Ihes egin nahi nuen» esan didazu, motxila lurrera botaz. Baina besteek egindako urratsen lohiak zikindu dizkizu botak. •