-

Denok ezagutzen dugu «Laztana" abestia. Denok entzun dugu non edo non. Baina ez dira horren ezagunak konposatu zuen taldea, Latzen, eta bere abeslaria Aitor Uriarte. Ez da kantu batera mugatu bere karrera musikala. Latzen utzi ostean, makina bat taldetan jardun du. Baina ez da abeslaria soilik. Langilea eta bidaiaria da, eta, aurki, aita.

Beñat Alberdi

2012ko Abuztuaren 31a

Barre egiten du izandako arrakastaz edo urteetan luzatutako ibilbideaz galdetuta. Umorez hartzen ditu kuriosoen galdeketak eta txantxaz oroitzen ditu pasatutako garaiak. Irribarrea ahoan. Esaldi gutxik deskribatuko dute Aitor Uriarte hobeto.

Ez du urte gutxitan landu musikarekiko afizioa. 10 disko kaleratu ditu elkarlanean, Latzen, Sen eta Une taldeekin. Musika estilo ezberdinak probatuz bizitzako garai ezberdinetan, zaleez inguratuta beti ere. Baina oraindik gustura gogoratzen du guztiaren hasiera. «Email bat bidali zuen Latzeneko bateria-jotzaileak aurreko hilabetean, esanez 19 urte bete zirela ekainaren 7an taldekoak lehenengo lokalera sartu ginenetik».

19 urte. Erraz esaten da. Denbora tarte galanta da, bizitzan aldaketa nahiko izateko beste. Irribarretsu dio lau ume hasi zirela gustuko zuten musika munduan sartzeko asmotan lanean. «Garai haietan gu oso ‘heavy’-ak ginen. Klase berdinean geunden Gorka bateria-jotzailea, Joxe Mari baxu-jotzailea eta ni, eta beti ibiltzen ginen musika berdinak partekatzen. Hor agertu zen tontakeri moduan talde bat egitearen ideia. Orduan futbolean jolasten nuen eta bertan ezagutu nuen Iker Martinez gitarra. Horrela hasi ginen musika munduan saltseatzen».

Lau «ume»-k ekin zioten, beraz, trabesia musikalari. Ekin, baina ez alferrik. Lokalera sartu, musika estiloa eta konposatu beharreko kantuak adostu eta pare bat urte igarota maketa prest zeukaten. Hobeto esanda, Latzen famatu egingo zuen lana zeukaten prest. «Garai haietan, maketek gaur egun ez daukaten garrantzia zeukaten». Irratiz irrati pasa eta entzuleen arreta bereganatuta jarraitu zuten aurrera. Txotx lehiaketan parte hartzea izan zen pausu garrantzitsuena. Maketek zeukaten garrantzia dela eta, Euskal Herriko talde pila bat aurkeztu ziren eta entzulegoari zegokion saria nork merezi zuen erabakitzea. Latzenek jaso zuen sari nagusia.

Zaleak inguratu zitzaizkien horrela, eta bi disko grabatzeko aukera zabaldu. Abesti ugari konposatu zituzten, baina «Laztana» egin zen ezagunena eta ezagunena da oraindik ere. Barre egiten du kantuaz galdetuta, irribarrea luzatzen zaio berataz hitz egiten. «Hondarribian egon nintzen aurreko astean eta gauza kuriosoa da gertatu zitzaidana. Neska gazte batekin egon nintzen eta ez zekien nor nintzen edo zer zen Latzen. Baina, mobila joka hasi eta ‘Laztana’ zeukan jarrita». Ezin barre egiteari utzi kontatu ahalaz bat. «Ikusten da oraindik indarra daukala. Hori da musika taldeok lortu nahi duguna, baina ez dago formularik horretarako». Gogoratzen du oraindik taldekoak burugogor mantendu zirela abestiaren sorrerarekin. «Diskoetxekoek esaten ziguten kantu hori ideala zela jendeari gustatzeko. Horregatik erabaki genuen ez jartzea ‘single’ modura». Hala ere, gustura dio kantuaz «oso harro» egon dela eta harro dagoela. «Askotan galdetu izan didate nori zuzenduta dagoen edo norekin pentsatuta idatzi nuen. Nik esaten dut kantuak metafora moduan idazten nituela. Nire fikzioan sartuta. Guztiei zuzenduta».

Arrakastak arrakasta, azkar iritsi zen Latzenen amaiera. Goibeltasun edo damu gabe gogoratzen du; izan ere, ez zen eztabaidek edo euren arteko harreman txarrak ekarritako amaiera izan, lau gazteren erabakia baizik. «Guretzako taldearen arrakasta bat-bateko oso gauza handia izan zen. Motza izan zen agian, baina bizia ere bai. Hirugarren diskoa prestatzen genbiltzala, batek esan zuen ea zer iruditzen zitzaigun taldea uztea. Kuriosoa izan zen denok ados geundela». Igartzen zaio irribarrean, begiradan edo aurpegian oro har oroitzapen onak dauzkala. «Latzen zen talde bat prozesu guztiak zaintzen zituena. Diskoen azaleko diseinuen azkenengo detaileraino hor genbiltzan. Onerako eta txarrerako».

16 urterekin lokalera sartu eta harrezkero musika munduan murgilduta dabil Aitor Uriarte. «Orain dela 19 urte hasi ginen eta 10 disko kaleratu ditut». Musika munduko oroitzapen ona daukala dio, bitxia da 19 urte kontzertuz kontzertu jardun den baten ahotik entzutea. «Gauza asko ekarri» dizkiola gehitzen du, «gauza asko kendu» dizkion moduan. «Diskoak ateratzeko prozesuan egon naiz. Monotonia horretan sartuta. Beti da prozesu berdina. Urtebetean abestiak egin, diskoa atera, diskoa defenditu eta kontzertuak jo. Azkenean, erruleta batean sartzen zara. Erruletatik aterata, kosta egiten da berriro ere sartzea».

Garbi uzten du argi daukala zeintzuk diren musika munduak jarri dizkion oztopoak, bai eta nola bizi izan dituen ere. «Azkenean, ez dizu aukerarik ematen zure bizitzako gainerako gauzak egiteko. Nire lagunak, esaterako, bidaietan edo ahal nituen beste gauza batzuk egiten bakarrik ikusten nituen. Beti saiatu naiz lagunak zaintzen eta ez musikan bakarrik sartzen. Beti gustatu izan zait bizitzako gauzak zaintzea».

Lasai jarduten du arrakastaren edo famaren gorabeheren inguruan eta berak nola bizi izan zituen ere lasai azaltzen du. Ez dauka inongo taburik hitz egiterakoan. «Fama daukazunean gauza txarra da, ez daukazunean, aldiz, hutsunea igartzen duzu. Batzuetan, estututa sentitzen zara. Herri bateko jaietan denek nahi dizute txantxa bat egin edo zorionak eman. Azkenean ez zara nahiko zenukeena egiten ari. Baina, gero ez daukazunean estutasun hori faltan botatzen duzu era batean. Baina azken batean fama izatea ez dago gure esku».

Kontzertuen gaia ere aipatzen du. «Kontzertu asko eskaintzen dituzunean, kexatzen zara asko dauzkazula eta ez duzula denborarik beste zerbait egiteko. Gutxi jotzen dituzunean, gehiago nahi dituzu».

Orduari begiratu dio azken esaldietan. Tarte bat hartu du lanean musikaz eta bere taldeari buruz hitz egiteko. Baina, pare bat lankide bere zain dauzka, «pendiente» utzi dituelako lan batzuk. Lanera itzuli nahi du, baina badu zer esan errutinara itzuli aurretik. Ahotsean bakarrik igarri egiten zaio zer nolako garrantzia daukan berarentzako. «Irailean jaioko da gure alaba. Nire bizitzako erronkarik handiena. Ez dakit zer ekarriko ote duen urrats honek. Baliteke musika alde batera uztea betiko edo, agian hemendik gutxira hor egongo naiz berriro ere. Orain beste era batera disfrutatzen dut kantuak entzuten edo kantuak egiten. Dena dela, musika beti egongo da hor». •