Euskal kostaldeko itsas-hondoa deforestazio prozesu betean dago. 1980ko hamarkadatik hona, Kantauri itsasoan ohikoak ziren itsas-belariak izugarri murriztu dira, klima aldaketaren eraginez. Uren tenperaturak gradu bat egin du gora azken 30 urteetan eta horrek ondorio latzak izan ditzake Kantauri itsasoko biodibertsitatean.
Ion Orzaiz
2012ko Abuztuaren 31a
Kantauri itsasoaren tenperatura etengabe ari da igotzen. Euskal kostaldeko urak ia gradu bat beroago dira uda honetan, duela 30 urte baino, eta horrek aldaketa nabariak eragin ditu itsasoko floran eta faunan. Hori ondorioztatu du, bederen, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde batek, berriki argitaratutako lan batean.
Izan ere, 1980ko hamarkadatik hona, ekialdeko Kantauri itsasoko uraren batez besteko tenperatura 0,24°C igo da hamarkada bakoitzeko, baina udako hilabeteetako tenperatura aintzat hartzen badugu, 0,33 graduraino iristen da igoera. Alegia, azken 30 urteotan uraren udako batez besteko tenperatura ia 1 °C igo da.
Uren berotze prozesuak, eta horrekin batera, klima-aldaketak eragindako beste faktore batzuek mutazio nabariak eragin dituzte itsas landaredian. Hala adierazi du UPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa taldeak “Seaweed assemblage changes in Eastern Cantabrian Sea and their potential relationship to climate change” izeneko ikerlanean. Lana, nazioarteko zientzia aldizkari batean argitaratu du da: “Estuarine, Coastal and Shelf Science” izeneko agerkarian, hain zuzen. Aldizkari horrek kostalde, estuario eta plataforma kontinentaleko itsas inguruneetako espezieen antolaketa eta prozesu kimiko eta fisikoen ikerketak argitaratzen ditu.
«Ikerlanaren ondorio nagusienetako bat itsasoko landarediaren aldaketa azkarra da. Tenperatura dezente igo da azken urteetan. Udako tenperaturez ari bagara, 0,33 graduko aldea dago hamarkada batetik bestera. Lurrean, halako aldaketa batek hutsala dirudi, egun berean tenperatura hamar edo hamabost gradu gora edo behera joan daitekeelako. Itsasoan, aldiz, tenperatura-aldaketak geldiagoak dira. Medio egonkorragoa da, eta bertan bizi diren organismoak ohituta daude urtaroen arteko tenperatura-aldaketa mailakatuetara. Hortaz, azken hiru hamarkadotan itsasoan tenperatura gradu bat igotzea oso aldaketa adierazgarria da eta, dudarik gabe, landaredian ondorioak izan ditu», azaldu du Jose Maria Gorostiagak, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko irakasle eta Itsas Bentos taldeko zuzendariak.
Ondorio horien artean, landare espezie jakinak desagertzea nabarmendu du irakasleak: «Klima epel-hotzetara egokitutako organismoek arazoak dituzte ugaltzeko, eta espezie berriek hartzen dute horiek utzitako lekua. Biodibertsitatea izugarri kaltetu dezake halako gertaera batek».
Euri gutxiago
Baina berotzearena ez da klima-aldaketaren ezaugarri bakarra Euskal Herriko kostaldean. Itsas Bentos taldearen ikerketak agerian utzi du udaberriko eta udako prezipitazioak nabarmen gutxitu direla azken 30 urteotan. «Udako hilabeteak lehorragoak dira gaur egun, eta hori bereziki nabarmena izan zen 1997., 2003. eta 2006. urteetan. Badirudi 2012 honetan 2003ko lehorte-mailara iritsiko garela», esan digu Gorostiagak. Eta lehorteak ba al du eraginik itsasoko fauna eta florarengan? Bada, EHUko ikerlarien arabera, bai. Erabatekoa. «Euria egiten duenean, lurreko elementu eta lehengai asko itsasora isurtzen dira, ura uhertuz. Euririk egiten ez duenean, ura gardenagoa da eta eguzkiak eragin handiagoa du itsas hondoan. Beraz, elikagaiak murrizten dira eta alga-espezie asko desagertu. Euskal kostaldean, adibidez, oso ugariak ziren alga gorriak desagertzen ari dira apurka».
Ikerketa-taldeak aukera izan du florako aldaketak kuantifikatu eta neurtzeko, alderatu egin baititu taldearen zuzendariak 1991n egindako ikerketa aitzindari baten datuak eta 2008-2009 bitartean metodologia berarekin leku beretan jasotakoak. «Kostaldea 3 kilometroko zatitan banatu genuen, bai Bizkaian, bai Gipuzkoan, eta zati horietako bakoitzetik 20 lagin atera genituen. Horrek aukera eman zigun frogatzeko zenbaiteraino aldatu den Kantauri itsasoa azken 17 edo 18 urteotan», adierazi du Gorostiagak.
Bide horretan, datu esanguratsuak bildu ditu ikerketa taldeak, eta izandako aldaketak fenomeno global baten parte direla utzi du agerian. «Hauteman genuen, adibidez, kopadun algak —euskal kostaldean zehar itsas belardiak osatzen dituzten espezieak—, deforestazio-prozesu bat jasaten ari zirela. Larria da, alga horiek egituratzen baitute itsas hondoaren espazioa eta habitata».
Mediterraneoaren pareko
Itsas Bentos taldeko irakasle eta ikerlarien arabera, anekdota hutsetik harago doan arazoa da klima aldaketak eragiten duena: «Zer pentsatuko genuke, hamarkada batetik bestera, Euskal Herriko pagadiak erabat murriztuko balira? Begien bistan ez dagoen arren, flora eta fauna aberatsa da gure kostaldean, eta deforestazio handiari egin behar izan dio aurre».
Isabel Díez biologoak ere bat egin du bere taldekidearen iritziarekin: «Laminariak, ur hotzagoetan bizi diren algak, ugari ziren San Juan Gaztelugatxekoan eta Bakion 1990eko hamarkadaren hasieran, baina orain guztiz desagertu dira. Kanpoko espezieek, berriz, gora egin dute». Díez ere UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzailea da, eta ikerketaren egileetako bat.
Azterlanean ikusi da, halaber, askotarikoak eta ugariagoak direla orain urtaroko alga sinple eta txikiak, euskal kostaldeko floran iraunkor ez direnak. «Kantauri itsasoko landaredia ‘mediterranizatzen’ ari da, klima epelagoetan topa ditzakegun ezaugarriak agertzen hasiak direlako», gaineratu du Gorostiagak.
Ikerketa taldeak ondorioztatu du, bestalde, algak oso izaki sentiberak direla aldaketa klimatikoarekin, eta horren adierazle gisa erabil daitezkeela. «Zenbait faktorek aldi berean elkarri eragitetik datoz aldaketak. Beraz, oso zaila da aurreikustea nola garatuko diren fenomeno hauek. Xehetasun gehiago jakingo ditugu landa-lanetan zein laborategian aurrera eramaten ari garen proiektuei esker», erantsi du Isabel Díezek.
Jose Maria Gorostiagak ere zaila deritzo aurreikuspenak egiteari, baina, itsas hondoko landaredia suntsitzeaz gainera, klima aldaketak bestelako ondorioak ere izan ditzakeela nabarmendu du: «Etorkizunera begira, pentsa ezinezko ondorioak izan ditzake halako berotze batek. Arrantzan, esate baterako. Hegaluzeak, adibidez, ohituta daude ur hotzetan ibiltzera. Tenperaturak igotzen jarraituko balu, gure kostaldetik urrunduko lirateke arrain horiek, eta euskal arrantzaleentzako oso kaltegarria izan liteke. Baina, hori adibide hipotetiko bat besterik ez da. Balizko inplikazioak amaigabeak dira».
Finean, EHUko ikerlariek argitaratutako artikulua eta ikerlan osoa «aldarri bat» ere badela nabarmendu du taldearen arduradunak. «Klima aldaketaren kausak anitzak dira, baina nagusienetako bat, zalantzarik gabe, CO2, metano eta bestelako gasen isurketa da. Elementu horiek gehiegizko presentzia dute gure atmosferan, eta beroa gordetzen ari dira. Bero hori itsasora hedatzen da gero, eta hortik dator, besteak beste, tenperatura igoera. Horregatik, berotegi-efektua eragiten duten gasen isurketen aurkako aldarria da gure ikerlana. Behar-beharrezkoa da politika energetiko berriak aplikatzea, garraiobide garbiak sustatzea, eta, finean, energia berriztagarrien alde egitea», laburbildu du.
José María Gorostiaga eta Isabel Díezekin batera, Nahiara Muguerzak, Alberto Santolariak eta Unai Ganzedok parte hartu dute ikerketan. Denak EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Sailekoak dira.




