Polemika ederra sortu da Nafarroan LTD lizentzien banaketarako arauak direla-eta. Gobernuak euskararekiko duen jarrera makurraren beste adierazpide bat da.
Amalur Artola
2012ko Abuztuaren 31a
UPNren Gobernuek “euskal” hitzaurrea daraman edozer entzun orduko argi gorria piztu ohi dutela gauza jakina da, eta Lurreko Telebista Digitalen (LTD) banaketari heldu beharra izan dionean ere jokaera bera izan du. Hasteko, seinale analogikoaren eteteaz baliatuta, EiTBren (Euskal Irrati Telebista) bi telebista kate nagusiak Nafarroatik urrunduarazi zituen. Ostean, tokian tokiko euskarazko hedabideei ematen zitzaizkien diru-laguntzak –eskasak lehen ere, baina egon bazeuden behintzat– ezabatu ditu. Eta, LTD lizentzia lortzeko eskakizunak plazaratu dituenean, euskarari 100etik 5 puntuko balioa soilik emango diola jakin dugu. Ez hori bakarrik: puntu guztiak lortzeko nahikoa da sortutako edukien %20 euskarazkoak izatea eta euskararen erabilera zona “mixto” izendatzen dituenetan bakarrik izango da puntuagarri, hau da, Nafarroa osorako bi lizentzietan eta zehaztu diren tokiko bost emisio-guneetatik bitan:&punctSpace;Iruñerrian eta Lizarrerian.
Joxe Manuel Irigoienek «ezin makurrago» baloratzen du jarrera hau eta, egungo Gobernuak dirauen artean, ez du Nafarroan euskara hutsean ari den telebista sendorik ikusten.
Nafarroan, egun ez dago LTD lizentzia duen tokiko telebistarik. Zergatik?
Ia hamabi orduko produkzioa eskatzen delako eta hori ez dakit nola lortzen ahal den... Irudikatu Zangozan zaudela: 9.000 biztanle dituen zonalderako 12 ordu produzitzea ez da erraza. Nahiz eta ordu guztiak autoproduzituak ez izan, lizentzia eskuratzeko eskaini behar duzun informazioa berariaz Nafarroakoa izatera behartuta zaude eta hori lortzeko dauden baliabideak mugatuak dira. Telebistan lanean aritu den nornahik badaki hori ezinezkoa dela.
Hau ez da Gobernuak lizentziak banatzeko egiten duen lehen deialdia...
Ez, baina aurrekoetan soilik Popular TV aurkeztu zen. Aurreko deialdietan zonalde bakoitzerako lizentzia bana eman zen eta bostak eman zizkioten.
Deialdi honetan, zonaldeko bost lizentzia eskaintzen dira. Ba al du zentzu praktikorik?
Nire iritziz, ez. Baina aurrekoa izan zen arraroa, 2006an Estatuan milatik gora lizentzia eman zirelako eta Nafarroan, aldiz, zonalde bakoitzeko bakarra eman zen. Arrazoi teknikoa da multiplexak ematen duen ahalmena ahalik eta gehien aprobetxatzea, horiek ere kostu bat dutelako eta Gobernuak dio lizentziaren onuradunak ordaindu behar dituela. EAEn, adibidez, lizentziak eman zirenean bosten artean partekatu zituzten antena eta abaren gastuak.
Muga batzuk ere jartzen ditu, adibidez, ezin dutela sarean emititutakoak izan, hau da, Tafallan eta Tuteran ordu berean ezin dela gauza bera eman. Eta aldi honetan muga berri bat ere jarri dute: aurkezten den enpresa bakoitza eremu bereko lizentzia bakar baten onuradun izan daiteke.
Bitxia da Nafarroako ipar-mendebaldea hartzen duen lizentziarik ez egotea...
Ez delako Parlamentuan onartu dena bete. Ni neu eta Joseba Agirregabiria ere bai, biak egon ginen Nafarroako Gobernuko agintariekin hainbat bider eta eurek hitzez esan ziguten Parlamentuan onartutakoa beteko zutela, hau da, lizentziak esleitzeko hurrengo deialdiak etortzen zirenean Nafarroako ipar-mendebaldea edo gutxienez euskararen eremua kontuan hartuko zela. Deialdiak atera dira eta, berriro ere, Zangoza, Iruñea, Lizarra, Tafalla eta Tuterarako dira. Orduan, Parlamentuaren aldetik egon zen eskakizun formala hutsean geratzen da.
Horrekin gutxi ez eta euskarazko hedabideei diru-laguntzak ere kendu zaizkie.
Bai eta, gainera, euskarazko komunikabideak sustatzeko deialdia ez da 2012rako soilik desagertu, sine die desagertu da. Momentuan ez da aurreikusten berrezarriko dutenik, non eta ez den Parlamentuaren berrosaketa bat egoten eta orduan beste Gobernu batek, beste tendentzia batekoak eta beste era batera, berrartuko duen kontua.
Lizentzia eskuratzeko euskarari 100 puntutik bosteko balioa ematen zaio eta, gainera, puntu guztiak eskuratzeko edukien %20 euskaraz izatearekin nahikoa da. Nola baloratzen duzu hori?
Ezin makurrago baloratu... Borondatea argia da eta interpretazio bakarra dago: bilatzen dena da euskara ahalik eta gehien murriztea. Edozein modutan, gauza bat da puntuaketa eta bestea epaimahaiak horiek nola baloratzen dituen, Euskalerria irratiaren kasua ere hor dagoelako: teorian, teknikoki hobea eta bideragarria izanda ere, momentu batean epaimahaiak balora dezake zurea ez dela nahikoa eta bestearena bai. Hori gertatu zitzaion Euskalerriari eta helegitea aurkeztua dute.
Nik zail ikusten dut Iruñean, esaterako, euskara hutsezko telebista lizentziaduna egotea. Gertatuko balitz, adibidez, Hamaika telebistak eskaera aurkeztea, deialdiak berak dituen eskakizunez gain langa politiko bat ere gainditu beharko luke ziur aski. Irudipen hori badut, eta langa hori gaindituko balu ere, zoritxarrez etorriko zaion erronka ez da batere samurra izanen...
Politika aipatu duzunez, hona eskakizunetako batek dioena: «Nafarroako Foru Erkidegoaren identitatea, instituzioak eta sinboloak errespetatzea eta berezko lurralde gisa agertzea, bereizita, bai grafikoki eta baita deskribapenetan ere». Nola itzuliko zenuke?
Horrek erran nahi du, adibidez, EiTBk aurkeztu nahiko balu, produkzio zentroa Nafarroan jarri beharko lukeela eta, seguruenik, programazioaren zati handi bat berariaz Nafarroari begirakoa izan beharko lukeela, “Navarra Directo” handitu bat balitz bezala. Hala ulertzen dut nik. Gaur egun, ez dut uste EiTBko kate bakar batek iragazkia pasako lukeenik,&punctSpace;eguraldiaren mapatik hasita xehetasun txikienera arte. Hipotesiarekin jarraituz, desagertze bidean egon zen EiTBren Nafarroako zentroa berrindartu beharko lukete eta produkzio zentro bihurtu. Ez Miramon edo Bilbokoaren pareko, baina neurri batean pareko estatusa izango lukeena.
Hipotesia dela diozu, baina bada EiTBk lurralde osoko lizentzia eskatzeko asmoa duela aurreratu duenik.
Karta hori jokatu beharra dauka, UPNk ez baitu eskua makurtuko. Hasiera batean kontrakoa zirudien, UPN Roberto Jimenezekin (PSN) egon zenean bazirudielako halako feeling bat bazegoela, baina praktikan deusetan geratu da. Gainera, PSN Gobernutik atera denean, politikoki egoten ahal ziren feelingak desagertu egin dira. Garai batean “que vienen los vascos” horrekin elkar hartzen ziren, baina egun ez dirudi halakorik dagoenik. Gainera, ezin momentu txarragoan hartzen ditu, biek ere Gasteiz eta Iruñeko Gobernuetan ezengorkotasun handia dutelako. Gaur egun, UPNk ez du hor ez galtzekorik eta ez irabaztekorik, ETBrenak... ez du deus aportatzen. Ez diot biderik ikusten.
Aurkeztuko balitz ere, lizentzia bakarrerako litzateke, ezta?
Hori da, eta... Nafarroan, zer hizkuntzatan emitituko luke? Euskaraz? ETBren aldetik gogorra litzateke dena gazteleraz egitea, baina euskaraz bakarrik egitea ez dut irudikatzen. Orain arte Nafarroako publizitate targeta, Iruñerria eta beste erabili izan dituzte halako fair playak egin eta gaztelaniaz ere egin behar dela argudiatzeko eta, orain, kate bakarrarekin... Ez dut ikusten euskarak telebistan epe motzera presentzia sendoa izateko biderik duenik. Batetik, pertsonalki ez dudalako uste ETBk Nafarroan euskara hutsez telebista egiteko bezain beste kuraia duenik eta, bestetik, tokiko ekimenenkasuan, legez Iruñea eta Lizarrara mugatuta daudelako. Bide bakarra ikusten dut: Hamaika Telebistaren gisako bateratze bat egitea.
Indar metaketa bat alegia?
Bai, ez dut uste gaur egun komunikabide txiki batek bere kabuz bakarrik halako erronka batean sartzeko modua duenik. Nafarroan, udalen aldetik ez dago sintoniarik, ez dugu ez Foru Aldundirik ez Jaurlaritzarik, eta EAEn konplikatua bada imajina ezazu Iruñean... Ez duzu instituzioen publizitaterik, ez bestelako laguntzarik.
Ikus-entzunezko hedabide bat martxan jartzeko inbertsioa ere ez da nolanahikoa...
Ikus-entzunezkoak dituen produkzio kostuak eta behar dituen giza baliabideak handiak dira. Egia da kostuak ez duela zerikusirik orain hamabi urtekoarekin, teknologia dezente merkatu delako, baina orduak eskaini behar zaizkio. Eta horrek jendea eskatzen du. Horregatik, gaur egun kazetariak gara munduan makurren eta txarren ordainduta gauden jendea; halako proiektu bat minisoldataz beteta ikusten dut, lanordu luzeekin eta soldata txikiekin. Tokiko telebista bat ezin da telebista handi bat bezala planteatu, horretarako audio operadorea, kazetaria, kameralaria... behar dituzulako. Orain hamar urte, Kataluniako telebistekin-eta kazetariaren profilaz ari ginela, planteatzen zen kazetariak egin behar zuela fregona pasa ez beste guztia: irudiak hartu, grabatu, editatu...
Egun zein egoetaran daude tokiko telebistak Nafarroan?
Xaloa bakarrik geratzen zaigu eta, gainera, enplegu erregulazioan daude. Eta Popular TV zegoen baina hori Navarra TVrekin fusionatu zen. Tafallan egon da ekimenik eta Erribera aldean bada kablez ari denik, baina eremu oso txikian eta ekitaldietara mugatutako programazioa eskaintzen dutenak dira. Lekunberrin Internet bidez zabaltzen dena izan dute... Esperientzia oso lokalizatuak dira eta, gehien-gehienean, modu altruistan egindakoak, ez era profesionalean edo hortik bizi den enpresa gisara antolatuak. Kasu hori ez da existitzen Nafarroan.
Nola oroitzen dituzu Ttipi-Ttapa telebistako garaiak?
1998an abiatu ginen eta 2009ra arte emititu genuen, 11 urtez. Erronka handia izan zen guretzat, sekula egin ez zena, populazio txikiko zonaldean... baina talde motibatua genuen oso. Hasiera hartan, Europako diru-laguntzak ere lortu genituen eta programazio txukuna, jarraitua egin ahal izan genuen. Glasgoweko soka-tira txapelketara joan ginen, Amerikako euskal artzainen erreportaje sorta egin genuen... Tokikoa ardatz hartuta, gure txikitasunean gauza aski txukunak eta politak egitea lortu zen. Jendeak ere berriki arte komentatu digu zenbat botatzen duen faltan Ttipi-Ttapa.
Ez zen samurra izango emisioak eteteko erabakia hartzea.
Ez, noski. Baina 2007tik geroz eta zailagoa zitzaigun aurrekontua betetzea. Beti zuloarekin amaitzen genuen, eta aldizkariak eta egindako merkataritza lanek sortutako gainbalioekin betetzen zen. 2009an ez zen Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik egon eta, gainera, luzerako lizentzia aukerarik izango genuenik ez zen ikusten. Ikusi genuen stop bat egitea zela onena. Ixtea, proiektua alde batera uztea baino gehiago.
Zer dakar lizentzia (ez) izateak?
Lizentziak emititzeko eskubidea eta frekuentzia ziurtatzen dizu. Ez baduzu lizentziarik zuloren bat bilatu behar duzu, baina edozein unetan frekuentzia hori beste hedabide bati eman diezaiokete. Ttipi-Ttaparekin bitan gertatu zizaigun, horrek dakarrenarekin: portal guztietako administratzaile guztiekin hitz egin, Ttipi-Ttapa zein frekuentziatan zegoen esan, hark antenistari deitu... Ikusleak galtzen dituzu. Eta, legalki, lizentzia duen seinale bat zapaltzen baduzu delitu bat egiten ari zara, are gehiago larrialdi zerbitzuen frekuentzia oztopatzen baduzu. Adibidez, Noaingo aireportuko seinalea oztopatzen omen zuelako irrati libre batek frekuentzia aldatu beharra izan zuen... Eta, libre dagoen frekuentzia hartuta ere, administrazioak esan dezake ez duzula eskubiderik eta kito. Hor dago, adibidez, EAk Erreniegan jarri zuen antenaren kasua [Nafarroa osoan ETB ikusteko 40.000 euroko gastua nahikoa zela erakusteko egin zuen ekimena eta segituan kendu zuten].
Xaloari jartzen dioten muga, esaterako, hori da: beste baten frekuentzia ez zapaltzea. Ttipi-Ttaparen kasua ere halakoa zen, baina, gero, justu gu emititzen ari ginen horietan eman zituzten lizentziak eta aldatu beharra izan genuen.
Ba al da etorkizun batean Ttipi-Ttapa telebista berreskuratzeko asmorik?
2009an udalekin eta garapen agentziekin zenbait bilera egin ziren, baina inor ez zen beregain hartzera ausartu. Urteak pasa ahala gero eta zailagoa ikusten dut tokiko telebistaren proiektua berrartzea, non eta ez den arestiko klabeetan. Ikusitakoak ikusi ondotik, klabea litzateke lizentzia lortzea, baina, Nafarroako Gobernuaren jarrera ikusita, badirudi inoiz ez dugula demarkaziorik izanen.
Ez duzu, beraz, Nafarroan euskarazko telebista lizentziaduna izateko aukerarik ikusten?
Gobernua aldatzen ez bada, ez. Esperantza bakarra udalen inplikazioan ikusten dut, udal elkarte batek erreserbatzea frekuentzia bat eta gero horren ustiapena egiteko lehiaketa bat egitea. Hau da, Gobernuak egiten duen funtzioa udalek egitea. Nik, Nafarroako ipar-mendebalderako eta euskal eremurako, oro har, ez dut bestelako aukerarik ikusten.




