OLATU LABAINKORRA -

2012ko Abuztuaren 31a

Ezagun dute Bizkaiko kostaldean. Durangaldeko edota Arratia-Nerbioi Ibarreko gero eta surflari gehiago nabaritzen dituzte. Berdin Gipuzkoan edo Lapurdin. Goierri edota Deba Garaiko urzaleak nonahi daude Zarautz, Deba, Zurriola edota Zumaiako urautsietan. Gauza jakina da surfak geurean zalaparta handia altxa duela azken hamar urteetan. Hala eta guztiz ere, 1957. urtetik dago surfa geurean, Peter Viertel (Deborah Kerr aktorearen senarra) zinema zuzendariaren lagun batek Kaliforniatik surfeko taula bat Miarritzera ekarri zuenetik. Geurean eta Europa kontinentalean, Lapurdiko hondartza izan baitzen surfak Europan ukitu zuen lehena.

Aipatu goraldi edo arrakasta horren zergatiak aurkitzen saia gintezke, baina ez da hori gaurko xedea. Txapelketa sonatuak, gure surfistek azken hamar urteotan izandako emaitza bikainak, euskal kostak surferako duen potentziala, egin berri dituzten azpiegiturak, sortu diren surf eskolak, internetek eta sare sozialen gorakadak, gazteengan surfa bezalako kirolak duen erakarmena... makina bat arrazoi leudeke, egia esan. Alabaina, euskarak gorakada nabarmena daraman surfa bezalako kirol batean duen presentzia aztertu nahi dugu.

Mikel Troitiño: hasteko, kritiko

Mikel Troitiñok (Pasaia, 1969) Zarauzko Surf Eskola zuzentzen du, Haritz Larrañaga zarauztarrarekin batera. Bien artean “Surfean ikasten: Uhinekin jolasean” surfean ikasteko material didaktikoa osatu zuten duela sei bat urte; euskaraz eta ingelesez. Bertan, surfean ikasi eta hobetzeko bi DVD eta gidaliburu bat aurki ditzakegu. Berarengana jo dugu, urte batzuk pasata, surfa bezalako kirol erakargarriak izan duen goraldiaren baitan, euskararen bilakaera nola izan den jakiteko. Urteak daramatza surfa irakasten, Hego Euskal Herriko lehen surf eskola berak eta Aitor Francesena Gallok zabaldu baitzuten Zarauzko hondartzan, 1991an, hain zuzen ere.

Surfean ikasteko materiala plazaratu eta sei urtera ea surfaren baitan euskara nola aurkitzen den galdetzean, «Gaizki» bota du serio. Baina erantzuna mamitzen du segidan. «Euskararen erromantizismo garaiak amaitu ziren. ‘Euskara zein polita!’ genioneko denboraz ari naiz. Hemen erabaki zuzen eta argiak hartzen dira edo nahasmen handia dator. Eta surfa adibide oso garbia da. Duela gutxi arte, kirol berria izan da; euskarak egokitu egin behar izan du surfaren lexikora, aukera berri bat da euskararentzat... baina atzetik goaz. Teknologia berriekin gertatzen den moduan; Windows euskaratua atera zenean, denok genuen bertsio erdalduna gure etxeko ordenagailuan. Hasi orain hori aldatzen! Euskararekin gauza bera pasatzen da. Horregatik, euskara surfean barneratzeko orduan nahiko panorama iluna ikusten dut», zehaztu de Troitiñok.

Material didaktikoa osatzeko lan egin zutenean helburuetako bat horixe zela azpimarratu du: «Aldunditik diru laguntzatxo bat jaso genuen; gutxi, baina jaso genuen. Euskara Euskal Herrian zabaltzen zihoan surfa bezalako kirol batean sartu eta zabaldu nahi genuen. GARA&punctSpace;egunkariak prezio erakargarrian plazaratu zuen (14 bat eurotan), gurekin harremantean jarri ostean. Guk lan handia egin genuen materialari zegokionez, eta GARAk laguntza handia eskaini zuen banaketari zegokionean. Dirurik irabazi ez, baina ahalik eta zabalpen handiena eman nahi genion material didaktikoari. Geroztik, surfaren inguruko DVD bakarra atera da euskaraz. Sei urtean bakarra! Surfaren inguruan, mundu mailan, bada “Christian Surfers” edo “Kristau Surflariak” izeneko talde bat. Elorrioko mutil batek atera zuen euskaraz bigarren DVD hori, Ingalaterratik etorri eta euskara ikasi ondoren. Egiari zor, Donostian urtero ekain partean ospatzen den Surfilm jaialdian euskarazko film laburrak aurkezten dira urtero. Baina, zoaz edozein surf dendara eta eskatu euskarazko DVD bat. Ikusiko duzu. Haratago joanda, euskarazko surf aldizkaririk ba al dago surfaren merkatuan, dendetan, interneten? Bat bera ere ez. Horratx», argitu du Zarautzen bizi den pasaitarrak, kopetilun.

Egoera horri arrazoi edo logika bat bilatze aldera biratu da orduan hizketaldia: «nire ustez eztabaida ez da kokatzen plano politikoan, estetikoan baizik. Surfak kutsu kanpotarra eta, batez ere, anglosaxoia izan du oinarri betidanik. Hortaz, surfak geurean irudi atzerritarra barneratu du. Surfeko lexikoak asko du, lehenik ingelesetik, gero gaztelaniatik eta azkenik, eta apenas, geuretik, euskaratik; atzeratuta goaz, bada. Eta maiz inozokeria hutsa da! Zoaz Frantziara edo Australiara eta esan taula eta orkatila lotzen dituen sokari gaztelerazko ‘invento’ deitzen diogula. Aurpegira barre egingo dizute!», azaldu du Mikelek.

Txikotaren adibidea

Eta sokaren adibidearekin jarraitu du: «behin Lekeitioko talde bat izan genuen surfean ikasten eta askotan gu adi-adi egoten gara, ikasleei surfeko gauza ezberdinak nola izendatzen dituzten galdetuz. Haiek ‘txikota’ aipatu zuten, gauza normalena balitz bezala, txalupak kaian amarratzeko erabiltzen den soka, alegia. Horrela joan gara surfeko lexikoa euskaraz osatzen. Zentzu horretan Haritz Larrañagak lan handia egin du. Urteak eman ditu han eta hemengo jende nagusi, arrantzale, arraunlari eta kostaldeko jendearekin solasean, balizko hitz erabilgarriak apuntatzen. Izan ere, itsasoko euskal lexikoa oso zabala da. Badira hitzak. Argizaria esaterako, taulari ezartzen zaiona irrist ez egiteko. Era berean, gure eskolako irakasle denak euskaldunak direnez, Euskal Herri osotik talde ezberdinak etortzen zaizkigu, gazte, haur zein helduei hori interesatzen zaielako. Bestalde, Surfa gehienbat gazteek egiten dute, 15-30 urte ingurukoek, alegia. Tarte horretan, oro har, euskara ez da askorik erabiltzen, jakin badakiten arren. Adinarekin konturatzen gara euskara nolako altxorra den. Euskaraz dakien orok gazteleraz badakienez, errezenari heldu eta gehiengoarengana iritsiko den hizkuntza erabiltzen du, jator plantak eginez.&punctSpace;Katalanek ongi asko dakite hori, eta aspaldi utzi zioten jatorrarena egiteari», zehaztu du.

Txapelketatako erabilera

Txapelketetan urteak daramatzate esatariek bozgorailuetatik surfa jendartera ekartzen, euskaraz zein erdaraz. «Baina legeak hala dioelako», zehaztu du Mikelek. «Jaurlaritzak kiroletan euskara bultzatzeko ekimenen barruan dagoelako eta, batez ere, udalek bultzatzen dutelako. Eta eskerrak kostaldeko herri gehienak euskaldunak diren. Bestela, auskalo. Eta, hala ere, begira panoramari. Erosterako orduan bai, ikurrina eta ‘Euskal Herriko Surf Federazioa’ saltzen da kamiseta batean, baina gero, erabiltzeko garaian... Guk egindako DVDa diruz lagun zezakeen Federazioak, baina ezta hala ere. Etekinik ez? Bada, laguntzarik ere ez. Horrela funtzionatzen du Euskal Herriko Federazioak. Araban, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian... gauza politak egin daitezke jendea surfera euskaraz erakartzeko. Ezertxo ere ez. Kontzientzia falta da. Ipar Euskal Herrian euskara eta surfaren inguruan ‘Glisseguna’ antolatu dute; tartean, Seaskak parte hartzen du. Topaketa irekia da, euskalduna, parte hartzailea, elkartasunean antolatutakoa... eta Euskal Herriko Federazioak ez du laguntzen. Legea falta den tokian, boluntario gutxi izan ohi da», amaitu du Troitiñok.

Julen Larrañaga: surf esataria

Julen Larrañaga klasiko bat da Euskal Herriko surfaren baitan. Makina bat saltsetan dihardu aspaldidanik: surflaria, kirol ezberdinetan esatari lanetan ibilia, Donostian Kore surf dendaren jabea da eta Zurriola hondartzako Free-Surf eskolan dihardu. Horiek, dakizkigunak. Batek daki gero. Zarauzko Surf Txapelketan esatari lanetatik ihesi, ordu erditxo batez bildu da “GAUR8”rekin. Uretan metro eskaseko olatuekin lau surflari dabiltzala hasi gara hizketan.

Mikeli bezala, euskarak azken hamar urteetan surfean izan duen garapenaz galdetu diogu lehenik: «Garapen dezentekoa izan du. Kontuan izan behar da orain dela hamar urte eskasera arte surflariak ‘pijoak’ bezala begitantzen gintuztela. Baina, herri ezberdinetako jendea surfean hastearekin batera, gazte horien euskara ere uretaratu egin da. Nahiko naturala izan da. Hamar urteotan barnekaldekoak uretaratzen hasi diren heinean, horiekiko harremanaren hasierak garrantzi handia izan duela esan nahi dut. Lehenengo hartuemana euskarazkoa bada, euskaraz jarraituko du harreman horrek. Eta alderantziz, noski. Euskal Herrian izaten diren surf txapelketei begira, nazioartekoa dela, probintzia mailakoa, herrikoa edo Euskal Herrikoa dela ere euskarak nahitaez egon behar du, legez. Euskal Herriko Federazioa aspaldi hasi zen txapelketetan esatari euskaldunak ezartzen, eta geroxeago, etxean genituen nazioartekotan. Lehena, Zurriolan ospatu zen EPSA zirkuituan izango zen, 1995ean edo», azaldu du Larrañagak.

Esatari lanetan nola arraio hasi zen galdetuta, «90eko hamarkada inguruan Europa mailako txapelketa bat ospatu zen, eta antolatzaileak lagunak nituenez, esatari euskaldunaren beharra ikusi nuen, eta haiei komentatu nien. Boluntario baten bila aritu ondoren, ni neu aurkeztu nintzen. Putzura jauzi egin nuenetik hemen nabil. Garai haietan euskararen inguruan borondatea beharrezkoa zen, ez baitzegoen ez diru laguntzarik, ez euskara bermatuko zuen legerik. Gaur egun euskara kontuan hartzen dela uste dut: Federazioko jakinarazpen guztiak elebidunak dira, surf elkarteak Bai Euskarari ziurtagiria lortzen saiatzen dira... Betikoa da, euskararen presentzia bermatzeko atzetik taldetxo batek bultzaka jardun behar du. Baina, kirol guztietan behar dira halako taldetxo eragileak, eta horrek lana dakar. Ez da intentzio falta, bitarteko material eta humanoen gabezia dela ikusten dut» argitu du donostiarrak.

Belaunaldi berrien intentzio falta

Intentzio horretan sakondu du ondoren. «Urteak daramatzagunok bidean erretzen joan gara eta belaunaldi berriei eman nahi diegu bidea, ditugun jakintzak transmititu ahal izateko. Baina, oro har, gazteek ez dute erreleboa hartzen. Kontzientzia edota borondate hori falta dela ikusten dut. Apika, aurreko egoera zein izan den ezagutu ez dutelako», agertu du Julenek. Surfeko euskarazko hiztegi bat osatzen ari dira beste esatari batzuekin batera, adierazi duenez. «Ez da erraza izango hitz horiek ezartzen, baina lan hori beharrezkoa ikusten dugu. Cut backari atzera mozketa deitzea egoki litzateke, oso literala baita. Beste gauza bat izango da jendeak hitza erabiltzea. Baina hori kirol guztietan pasako delakoan nago, eskaladan adibidez. Euskara barruraino sartuta dagoen urautsitik aterako dira jendeak benetan erabiliko dituen surfeko hitz teknikoak. Berez aterako dira; lagunartean, kasualitatez, umore dosi polit batekin...», azaldu du Julenek.

Surfaren gorakada horrek, neurri batean, euskararen aurka jokatu duela dio donostiarrak, «gure surfa hazi eta nazioartekotu den heinean, euskarak, txikiak, sufritu egin du. Horregatik, arreta berezia eskaini behar zaio gure hizkuntzari, batez ere, taldetan mugitzerakoan. Gure surf eskolak irratian badu iragarki bat eta zera dio: ‘Zatoz gurekin surfean, euskara jatorrean ikastera’ eta jendeak erantzuten du», bukatu du irribarretsu.

«SURF GEHIAGO? HIZKUNTZA GEHIAGO, ZIUR"