Hamazazpi urteko lanak, sekulako inbertsioak eta milioi eta erdi pertsona bizilekuz aldatzea eskatu zuen Txinako Hiru Arroiletako presak. Brasil eta Paraguairen artean dagoen Itaipuko presaren markak hautsiak ditu, baina horretarako herritarrek oso garesti ordaintzen dute oraindik faktura, batez ere inguruan bizi zirenek.
Jose Angel Oria
2012ko Abuztuaren 31a
Txinako agintariek 1,4 milioi pertsona bizilekuz aldatu zituzten bere garaian, Maok berak amestutako presa erraldoia eraiki ahal izateko, baina urtegi izugarria zutik dagoen arren, herritarrak bertatik bidaltzen jarraitzen du, orain, arrisku geologikoak direla-eta.
Sun Yat-sen doktoreari, Txina modernoaren sortzailetzat hartzen duten gizonari, burutu zitzaion presa hori eraikitzea orain ehun urte inguru, baina Txinako Herri Batzar Nazionalak (Parlamentuak) ez zion baimena eman 1992ra arte.
40.000 milioi eurotik gorako kostua izan duen presaren eraikitze lanak 1994an hasi ziren, eta gero eta energia gehiago ekoizten du gaur egun, baina ezin esan lanak erabat amaituta daudenik, datozen urteetan milaka lagun berriz bizilekuz aldatu beharko dituzte-eta.
Irakurleak euskarazko Wikipedia kontsultatzen badu, eraikitze lanak 2007an bukatu zituztela ikusiko du, eta 40.000 langilek baino gehiaok lan egin zutela. Ingelesez esango diote urtegia 2008an hasi zela lanean. Gaztelaniazko Wikipedian, berriz, lanak 2010eko urriaren 30ean bukatu zituztela diote. Izan ere, eraikitze lanak bukatuta ere, lanean jarraitzea eskatzen du presak, Gobernuak lortu nahi duen argindarra sortzeko ahalmenera iritsi nahi, bada. Horrek esplikatu dezake, agian, Wikipedia entziklopediaren hiru bertsio horietan hain datu kontrajarriak agertzea.
Alde egin behar
Txinako Lurraren eta Baliabideen Ministerioak joan den apirilean onartu zuen Hiru Arroiletako presatik gertu dauden eremu batzuk oso arriskutsuak direla bertan bizi direnentzat, lur-jausiak direla-eta. Orduan egin ziren kalkuluen arabera, beste 100.000 txinatarrek gaur egungo bizilekua utzi eta beste nonbaitera joan beharko dute.
“Global Times” egunkariak Liu Yuan prebentzio arduradunaren hitzak jaso zituen: «herritarrak bertatik ateratzea komeni da, azken urteotan lur-jausien kopuruak eta larritasunak gora egin baitute». Liuk erantsi zuen beraientzat ez dela harritzekoa horrelako arazoak sortzea.
Begiraleek nabarmendu dute protesta handirik ez dutela egin berriz etxea utzi beharko dutenek, baina proiektu erraldoi horien ondorioak ondo zaindu behar direla diotenen posizioa indartu egin dela herrialdean, Txinako Alderdi Komunistak bere zuzendaritza aldatu behar duen urtean.
Hala ere, izan da protestarik herrialdean beste proiektu erraldoi batzuen inguruan. Aipatzeko modukoa Jiangsu probintziako Qidong hirian gertatu zen, joan den uztailaren 28an. Oji Paper Group Japoniako konpainiak paper-fabrika bat zabaldu nahi zuen bertan, baina proiektua ez zen herritarren gustuko izan, lantegiaren isuriek itsasertzea kutsatuko zutelakoan.
Xinhua berri agentziaren arabera, milaka pertsona irten ziren kalera fabrikaren aurkako jarrera adieraztera. Manifestari batzuek udaletxeraino eraman zuten protestaldia, eta bertako ordenadore batzuk suntsitu eta automobilak erre zituzten. Egun batzuk lehenago, agintariek debekatu egin zuten eskari berarekin 10.000 ikasle inguruk egin nahi zuten manifestazioa.
Arrisku geologikoak
Uztailean bertan, baina Txinako hego-mendebaldeko Shifangen, manifestariek planta kimiko bat eraikitzeko proiektua bertan behera uztea lortu zuten, nahiz eta poliziak oso gogor egurtu zituen manifestariak.
Baina, tankerako protestarik ez da izan, oraindik behintzat, Hiru Arroiletako presaren eraginez bigarren aldiz beren etxea utzi beharko dutenen aldetik. «Gobernuak joan egin behar duzula esaten badizu, bada joan egiten zara», jakinarazi zion kazetari bati Shuai Linxiang 57 urteko emakumeak. Bera bere herritik Huangtupora eraman zuten 1998an, eta orain leku horretatik joan behar duten 20.000 pertsonetako bat da.
Presaren eraginez 19 hiri eta 300dik gora herri geratu ziren uraren azpian: 630 kilometro koadroko azalera, arkeologia eta balio historiko handiko guneak eta ia 1.400.000 lagunen bizilekuak tartean (iturri batzuek esaten dute 2 milioi lagunek utzi zituztela beren herriak).
Herria utzi behar izan zuten pertsonei Txinako Gobernuak inguruko hirietan etxebizitza berriak eraiki bazizkien ere, behartutako lekualdatze masibo hori pairatu duten bizilagunen bizi baldintza txarrek, arkeologia eta kultura ondarearen galerak, ingurumenari egindako kalteek eta presaren segurtasuna zalantzan jartzen duten arrisku geologikoek eraginda, presaren kontrako jarrera agertu dute askok, Txinan bertan nahiz nazioartean.
Kazetari «susmagarriak»
Gauzak horrela, Txinako agintariei oraindik ez diete grazia handirik egiten presa erraldoira joaten diren kazetariek. Reuters britainiar agentziako Sui-Lee Week orain aste batzuk bisitatu zuen 2.335 metroko luzera eta 181 metroko garaiera duen eustorma ikaragarria.
«Lekualdaketak tentuz hartu beharreko kontua direla adieraziz, kale-jantzian zihoazen segurtasun indarretako kideak eta ‘informazio sailekoak’ zirela esanez beren burua aurkeztu ziguten beste pertsona batzuk Reuters agentziako kazetarien inguruan egon ziren hiru egunetan, guk egin beharreko elkarrizketei oztopoak jarriz, beraiek bertan izanda herritarrek ez baitzuten ezer esan nahi», jakinarazi du kazetariak.
Huangtupoko 20.000 herritar horiez gain, beste 100.000 egongo dira datozen lauzpabost urteetan beren etxe berriak utzi beharrean, arrisku geologikoen eraginez, Liu Yuan prebentzio arduradunak apirilean jakinarazi zuenez. «Arrisku geologikoak» daude neurriaren atzean, lur-jausiak zehazki. Eta arrisku horiek areagotu egiten dira, urtegia betetzen den heinean.
Fan Xiao geologoak 2006an aztertu zituen presak eragindako arrisku geologikoak. Berak uste du urtegiko uraren maila gora eta behera ibili izanak arazoa areagotu egiten duela.
Izan ere, udan urtegiko uraren maila 30 metrokoa da, euria egiten hasten denean ura hartu ahal izateko. Ez da ahaztu behar presa Yangzi ibaiaren noizbehinkako goraldi eta uholdeak saihesteko eraiki zutela, argindarra ekoizteko helburua izateaz gain. Txinako Gobernuak horrela erabaki zuen 90eko hamarkadan, urte batzuk lehenago Yangzi ibaiaren uholde izugarri batek 3.000tik gora lagun hil zituenean.
Baina uholdeei eusteko asmoarekin egindako mugimendu horiek ahuldu egiten dute lurra, Fan Xiao geologoaren arabera: «Zutik dagoen pertsona bat bezala da; orain bultza egiten badiozu eta gero zuregana hurbiltzen baduzu, lehen zuen egonkortasunik ez du edukiko».
Txinako agintariak ez dira beraiek egindako lanaren emaitza txarrak aireratzearen aldeko. Horregatik, azken urteotan ez dute eskaini lur-jausiek eragindako heriotzei buruzko daturik. Txinako hedabide publikoek emandako datuen arabera, 2007an 48 herritar hil ziren inguruan, arazo horren eraginez. Datu horiek ezkutatzeko, agintarien erabakiak aditzera ematen du geroztik hildako gehiago eragin dituela urtegi guztiek izaten duten arazo horrek.
40 langile hilda
Hiru Arroiletako presatik gertu, beste urtegi bat eraikitzen ari da enpresa bera, Jinsha ibaiaren uraren indarra baliatu nahian. Ekainaren 28an izandako lur-jausi batek bertan lanean ari ziren langile askoren eta senide batzuen heriotza eragin zuen: 40 hildako, hiru solairuko etxe bat lur-jausiak suntsitzean. Natura era horretan aldatzeko erabakiak beti izaten ditu ondorio tragikoak, nahiz eta mundu osoko agintariei hori onartzea ikaragarri kostatzen zaien.
Txinako Gobernuak oinarririk gabekotzat jo izan ditu bere proiektuaren aurkako kritika guztiak, jakina, baina iaz onartu behar izan zuen badirela berehala konpondu beharreko zenbait arazo; hala nola, bizilagun lekualdatuen bizi baldintzak hobetzea, ingurumena babestea eta hondamendi geologikoak saihestea.
Hala ere, lehen oso jarduera ekonomiko eskasa zuen eskualde baten garapena da presa babesteko agintariek gehien erabiltzen duten argudioa.
Ingurumena babestea ere ageri da agintariek aipatutako helburuen artean. Horrenbesteko azalera uraren azpian uztean, bertan geratu ziren meatzeak, lantegiak eta zabortegiak. Horiek urteak dituzte ura kutsatzeko. International Rivers AEBetako Kalifornian egoitza duen gobernuz kanpoko erakundeak egin dituen kalkuluen arabera, urtegiaren inguruko hirien populazioak gora egin izanak gaur egun isurketa gehiago egitea eragin du. Isurketa kopurua bikoiztu egin zen 2000tik 2005era, aipatu erakundeak emandako datuen arabera.
Garbiketa lanak
«Hiru Arroiletako presa eraiki zenetik, uraren kalitateak behera egin du eta prozesua atzeraezina da», esan zien Ai Nanshan Sichuan Unibertsitateko irakasleak kazetariei.
China Yangze River Three Gorges Project Development Corporation konpainiak ia bi milioi euro gastatu zituen urtegia garbitzeko helburua duen itsasontzia lanean jartzeko. Hala ere, uraren mailak gora egiten duen bakoitzean, 200.000 metro kubiko hondakin inguru pilatzen dira presan. Urtean beste milioi bat euro gastatzen du Txinako Gobernuak hondakin horiek garbitzen.
Baina, ingurumenari egindako beste kalte batzuk ez dira konpontzeko modukoak. Esaterako, ibai horretan beste inon ez zeuden espezie batzuk erabat desagertu dira proiektu erraldoi horren eraginez, baiji edo Txinako izurdearekin gertatu den moduan.
Bandera zuriaren izurdea
Lipotes vexillifer izen zientifikoa duen izurdea lipotes generoko animalia da. Zetazeoen barruko iniidae familian sailkatuta daukate adituek. Yangzi ibaian bizi zen. Munduko beste lekuetan era naturalean ez dago horrelako izurderik. Espezie horrek hamarkada asko egin zituen desagertzeko zorian, Hiru Arroiletako presa erraldoia eraiki duten arte. Geroztik, bere habitataren kalitateak behera egin zuen eta, azkenean, desagertutzat jo dute adituek. 2008an gertatu zen hori.
Ur gezako izurdearen desagerpena metafora moduan ere ulertu daiteke. Izen asko eman izan zaizkio: pai-chi, Txinako ibaiko izurdea, hegal zuriko izurdea, Yangziko izurdea... Bandera zuriaren izurdea ere deitu izan zaio. Baina, bandera zuriak ez dio lagundu gaur egungo Txinako gizartearen energia egarriaren aurrean.




