-

2012ko Abuztuaren 31a

Asko idatzi eta hitz egin da aspaldi honetan François Hollandek eta Angela Merkelek duten edo ez duten harremanari buruz. Garai bateko Merkozy-ren antzekorik ez zela izango esan zuten askok euren artean eta indar harreman berriak iragarri zituzten Europar Batasunaren barruan. Ez da horrelakorik gertatu, unez zehatz batean, egoera zehatz baten aurrean, batzuen eta besteen artean sor daitezkeen aliantza puntualetatik aparte. Egia bada ere Alemaniak markatzen duela, neurri handi batean, Europar Batasunaren bidea, egia da, era berean, Frantziako Gobernurik gabe ezin duela sakoneko aldaketarik bultzatu. Bikotea ez da eten, berreraiki egin behar izan baldin badute ere. Hilabete batzuk behar izan dituzte horretarako eta, seguru asko, oraindik zertxobait gehiago ere beharko dute. Gero, Nicolas Sarkozyrekin gertatzen zen antzera ere, Berlinek finkatuko du, Parisek baino gehiago, norabidea, baina Merkelek Hollande behar du, honek bestea behar duen bezala. Orrialdeotan esan izan den moduan, gainera, familia politiko desberdinetakoak izatea elkarren mesederako izan daiteke.

Grezia eta Espainia. Merkollande delakoak bi gai nagusi ditu, orain, mahai gainean. Lehenengoa, krisiari aurre egitea da, premiazko egoerei aurre egitea (Grezia eta Espainia, bereziki) eta aurrera begirako arautegi eta arkitektura instituzional berria finkatzea. François Hollandek, sozialdemokrata izanik, beste jarrera, neurri eta politika batzuk bultzatuko zituela uste zuenak apaldu egin beharko ditu usteak eta esperantzak. Egia da hazkundeari buruzko akordioa bultzatu zuela, baina egitasmo birtuala da, erabat, eta ia ezeren trukean koma bat bera ere aldatu gabe irentsi zuen Merkelen Itun Fiskala. Orain, aste honetan, Hollandek berak iragarri digu lantalde bilateral iraunkorra sortu dutela Parisek eta Berlinek krisiari aurre egiteko neurriak adosteko eta Europar Batasuna bera erreformatzeko. Beti bezala, Gobernu frantsesak egin du iragarpena. Ildo horretatik, ez da ezer aldatu: zerbait egiten zutenean elkarrekin Sarkozyk iragartzen zion munduari, eta Hollanderen Gobernua, itxura denez, bide berdinetik doa (antzeko beharrak izango dituelako, seguru asko). Baina Hollandek ez lituzke bere aurrekoaren akats berdinak egin beharko. Lantalde bilateral horrek Grezia eta Espainiari buruzko erabakiak hartuko dituela esan zuen Frantziako Ekonomia ministroak, Pierre Moscovicik. Beste behin, Europar Batasunaren egitura bera kolokan jartzen dute horrelako jarduerekin eta hitzekin. Erabakiak hogeita zazpira hartzen dira, formalki, baina antzeko adierazpenekin «direktorioaren» mamua etengabe elikatzen dute beraiek.

Europar Batasunaren etorkizuna. Gobernu biek, alemaniarrak eta frantsesak, Europar Batasunaren etorkizunerako erabakigarria izango den beste kontu bat adostu beharko dute: etorkizuna. Europar Batasunaren etorkizuneko egitura eta arkitektura instituzionala, alegia. Aste honetan, Angela Merkelek berriro aipatu du Batasuna nahi eta nahi ez birmoldatu behar dela, eta, horretarako, ezinbestekoa izango dela itunak ukitzea eta erreformatzea. Begibistakoa da. Egun indarrean dauden itunak zenbait galderari erantzuteko sortu ziren, baina orain galderak aldatu egin dira eta erantzun zaharrek ez dute balio. Estatu asko ez daude erreforma berri baten alde, eta anbiziosoegia den zerbait egiteko adostasun nahiko ez dela izango iragarri dute. Baina, oso gutxik dute negoziatzeko marjina, eta Europar Batasunak eta euroak iraungo badute, sakoneko aldaketak ekidin ezinak izango dira. Merkelek oso garbi esan zuen, gainera, nahi dutenekin jo beharko dela aurrera eta bere egunean Sarkozyk berak ere garbi asko esan zion Cameroni nahi ez duenak ezingo dituela besteak geldiarazi, ez dela betorik onartuko, alegia. Horretarako daude elkarlan indartuak itunetan. Ikusi egin beharko da, hala ere, aurtengo partean egutegi zehatz bat ezartzeko gai izango diren ala ez, Merkelek eskatu bezala. Eta ikusteko dago gaurko itunak noraino luzatuko dituzten, batez ere eurogunea indartzeko. Baina, erreforma ekidinezina da eta, itxuraz bada ere, Berlinek eta Parisek adostuko dute, lehenengo. •