Mikel Olasagasti - Sistema administraria
2012ko Abuztuaren 24a
Udan Andaluzia aldean ibiltzea ez da bizitzan egin dudan gauza zentzudunetakoa, baina tira, denok egin ditugu erokeriak. Zura taldearen doinuak entzuten sartu gara Granada ingurura, girotzen joateko asmoz edo. Aurten, Federico Garcia Lorcaren heriotzaren 76. urteurrena dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte inguruotan. Egilearen bizitzaren inguruan eta antolatutako ekitaldien inguruan informazioa bilatu nuen tablet-ean eta, ustekabean, deigarri gertatu zitzaidan berri batekin egin nuen topo: Lorcaren lanak ez dira 2016ra arte sartuko domeinu publikoan.
Lorca 1936ko abuztuaren 19an erail zuten, orain dela 76 urte. Faxisten biktima izan zen Gerra Zibilean eta inork ez daki non den bere gorpua. Bere lanak debekatuta izan ziren Francoren diktadurapean, 1953. urtean “Obras Completas” lana zentsurapean argitaratua izan zen arte. Bere lanak Frantzian, Italian edo Alemanian kaleratu izan balira, domeinu publikoan kaleratu ahal izango lirateke egun, Europar Batasunean egilea hil ondorengo 70 urteak babesten direlako. Espainiaren kasuan, aldiz, 1987ko abenduaren 7a baino lehen hildakoen jatorrizko lanak 80 urtez babesten dira, eta, ondoren hildakoenak, 70 urtez. Lan eratorri eta moldaketek euren ibilbide propioa dute; ondorioz, lan eratorri edo moldatuen babesaren urte zenbatzailea hutsean ezartzen da. Mundu mailan, nolabaiteko akordioak lortzen saiatu arren, herrialde bakoitzak bere legedi propioa izan dezake. Adibidez, Mexikon lanek 100 urteko babesa izan dezakete.
Egileen babesean sortutako copyright legeek horrelako egoerak sortzen dituzte, baina copyrightaren defentsan sortutako legeek are eta egoera bitxiagoak sortzen dituzte. Adibide garbi bat hainbat aldiz aipatutako Frantziako Hadopi legea da. Egile eskubideen defentsan sortutako aberrazioa da, eta, egile eskubideak bi aldiz urratzeaz gain, uste baino lehen hilko dela dirudi izan dituen emaitza eskasengatik. Legea “hiru abisuen legea” bezala ezaguna da, erabiltzaileren bat egile eskubideak urratzen egongo balitz hiru bider abisatuko zaiolako Interneteko konexioa eten aurretik. Azken hiru urteotan, milioi bat mezutik gora bidali dira, milaka eta milaka mezu zifratu, baina guztira 134 kasu aztertu dira bakarrik eta etendako konexioen zifra izugarria izan da: 0 konexio eten dira.
Hadopi legeak 12 milioi euro xahutu ditu, tartean kontratatutako 60 langileen soldatak. Legea «kudeatzeko zaila, ez ekonomikoa eta ez eraginkorra» bezala deskribatu du Frantziako Aurelie Filippetti kultura ministroak. Ondorioz, Hadopi legera bideratutako diru partidak murriztu egingo dira eta posible da 2013ko martxoan legea bera bertan behera geratzea. Emaitza begi bistakoa da: ez da ezer lortu eta, ondorioz, atzera egiteko aukera aztertzen ari dira. Batzuentzat atzerapausoa izango da. Beste batzuentzat kontrakoa, legea onartu aurretiko egoerara itzultzea. Politikari eta eduki kudeatzaileen aldetik beti dira mehatxu, debeku eta isunak, baina kulturaren babesa bermatzeko eta batez ere erabiltzaile eta kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko lan gutxi egiten da. Sortzaile txiki orok eman beharko luke lehen pausua eta ahal den neurrian edukiak libre eman, domeinu publikora pasa aurretik ere libre erabili ahal izateko. Lorcak, olerki batean, hilko balitz balkoiak zabal-zabalik uzteko eskatzen zuen; nik, edukiak zabal-zabalik uzteko esango nuke, etorkizunean denok irabaz dezagun. •




