IRITZIA -

Koldo Sagasti

2012ko Abuztuaren 24a

Azken asteotako gizon goraipatuenetakoa Sanchez Gordillo izan dugu. Gaizkilea gutxi batzuentzat, heroia gehienontzat. Marinaledako alkatea prentsa ofizialaren jomugan jarri duen balentria, baina, ez da apartekoa izan. Saltoki handiek egunez egun lapurtzen dituzten apurretako batzuk berreskuratzea askok egin dute lehenago isilean, baina, gisa horretara egin izanak, modu antolatuan, publikoan eta kolektiboan, eman dio desjabetze ekintza horri berebiziko sona. Hedabide ofizialetako kalakariek leporatu izan diete SATeko ekintzaileei ez dituztela baliabide egokiak erabili bidezko aldarrikapen bat egiteko; emaitzek, aldiz, kontrakoa erakutsi dute, alegia, zilegi izateaz gain ekintza zuzenak egundoko oihartzuna izan duela iritzi publikoan eta eztabaida piztu duela. Bestalde, supermerkatuetako Robin Hooden ausardia salatzen duten iritzigile berberek, behingoagatik, langile baten eskubideen aldeko aldarria egin dute, alegia, SATeko desjabetzaileei sutsuki aurre egin zien kutxazainaren aldekoa. Sindikalistek eskuratutakoa ordaintzeari uko egitean langile leiala oldartu egin zitzaien eta txakur otzanaren antzera jabearen interesen alde aurpegia eman zuen.

Irailaren 26an greba jardunaldia datorkigu eta alferrik gabiltza betiko erromeria baketsu antzuak egitera dedikatzen bagara. Protesta eraginkorra izango bada, Andaluziako langileek piztutako txinpartari heldu eta ekintza zuzenari ekin beharko diogu. Orduan, kutxazain eta langile otzan askok Sevillako supermerkatuko behargin leialaren larruan ikusiko dute euren burua. Orduan, hautua egin beharko dute, haien kontura milioiak irabazten dituen nagusiaren interesak babestu ala euren gizarte klasearen kontzientzia hartu eta ez dagokien polizia lana egitea errefusatu. Batek daki, agian, hurrengoan, langile zintzo hori, zeu izango zara supermerkatuan janaria lapurtu beharrean izango dena. •