«Gaztetxe» hitzak berak badauzka nahiko konnotazio. Parranda, alkohola, drogak, zarata, zikinkeria eta abar eta abar. Baina denborak aurrera darrai eta gauzak aldatzen saiatu dira makina bat gazte. Izan zirenetik bereizi guran proiektu berriak sortu zituzten eta dituzte. Oraindik okupatzen dira etxe hutsak eta zuzenena iruditu zaien eran bizitza eman nahi izan diete okupatzaileek hormei. Baina iraganetik bereiziz. Euskal Herrian barrena pertsonalitate eta berezitasun propioak dauzkaten eraikinak aurki daitezke. Adibide garbiak dira Bonberenea, Arrasateko gaztetxea eta Altsasukoa. Asanblada bidez kudeatzen dituzte. Asanblada batek antolatzen ditu herrikoentzako ekintzak.
Beñat Alberdi
2012ko Abuztuaren 24a
BONBERENEA: TOLOSAKO GAZTE ASANBLADA
«Gazteak gara, baina egunero lan egin eta kultura sortzen dugu»
Bonbereneak eskaintza zabala dauka. Baina musikarako azpiegitura da aipagarriena. Eraikinera sartuaz bat, “Antzokia” aurkituko duzu parez pare. Agertokia dago bertan, jende andana biltzeko prest, eta taberna dauka aldamenean. Makina bat kontzertu hartu ditu. Euskal talde ezagunek, musika bidea hasi duten talde berriek edo atzerrikoek jo dute bertan. “Bonberenea sutan” musikaldia antolatzen da bi urtean behin, musika eskainiz eta herriak gaztetxea behar duela aldarrikatuz. Izan ere, etxea okupatuta dago eta Udalak kokatuta dagoen lurretan etxebizitzak eraiki nahi ditu. «1.040 etxebizitza egiteko plana dago, baina ez dauka zentzurik –dio asanbladako kide batek–. 17.000 biztanle dauzka Tolosak eta ez dauka herritarrik etxeak betetzeko». Asanbladak gaztetxearentzat etorkizun finko bat lortu nahi du, hau da, modu legalean Udalarekin eraikinak iraungo duela adostu nahi du.
Ekintzak prestatzen dabiltzanean eskaintza kontu handiz lantzen dute. «Beti saiatzen gara kalitate ona bermatzen, publikoarentzat batez ere. Kontzertu bat ikustera datorrenak, adibidez, ahalik eta gehien disfruta dezala soinu, erosotasun eta higiene aldetik».
Musikari dagokionez, disko bat grabatzeko aukera da nabarmenena musika taldeentzako. Ez da gaztetxeekin lotutako kontzeptu bat graba- zioena, baina hautsi dituzte topikoak arlo horretan ere. Bi grabazio estudio eta marka diskografiko propioa daukate. Ondo hornitutako bi estudio dituzte, soinuaren kalitatea zaintzen dutenak; eta diskoetxe indartsua dute: hamar disko aterako dituzte aurten. Musika talde ezagunek grabatu dute Bonberenean: Zea Mays, Peiremans+, Anari eta Petti, 18/98+ Auzolanean bilduma...
Talde esanguratsuek erabili badute ere, talde txikiek badaukate tokia. «Musika jo eta disko bat atera nahi baduzu asko ordaindu behar da grabatzeko». Testuinguru horretan, Bonbereneak estudioa eskaintzen die musikariei. Betiere, kalitatea zainduz. «Ez daukagu grabaziorako toki perfektua. Baina beti saiatzen gara talde horri munduko talde onenari emango geniokeen tratua ematen. Kultura babestea da xedea azken batean», azaldu dute asanbladakoek.
Sorrera ere berezia izan zen. «Hemen ez zen planteatu ‘estudio bat egin behar dugu diskoak grabatzeko’. 2000. urtean bilduma bat egin nahi izan genuen gaztetxe ugarik Euskal Herriko talde pilo batekin. Azkoitian eta Beran grabatzea erabaki zen. Baina ikusita abesti pilo bat zirela eta ez ziela denborarik emango denak ekoizteko, hemen egiteko aukera zabaldu genien. Txoko bat hartu, mikro batzuk jarri eta kantu batzuk grabatzea zen proposamena. Gero Tolosako talde batek aukera baliatu zuen disko propio bat grabatzeko. Horrela pixkanaka egonkortu egin da ekimena», azaldu dute.
Grabazio estudioen sorrerak oso ondo azaltzen du gaztetxeko ekintzetan egoten den inprobisazioa. «Urtea hasten denean ez dakizu zenbat gauza prestatuko dituzun eta zenbat proiekturi aurre egingo diezun –nabarmendu du kide batek–. Urteak eskatzen duenaren arabera egiten dugu lan».
Norbaiti zerbait bururatu, asanbladako kideekin partekatu, interesatu zaienen kolaborazioa jaso eta ideiak errealitate bihurtzea da aurrera daramaten dinamika. Herritarrek dituzten proposamenak entzuteko prest dira eta edonor bertara daiteke ideiak eman edo lanean laguntzera. Baina daukaten eguneroko funtzionamenduan ez dituzte asanbladak burutzen. «Beste gaztetxeetan kide guztiek korroan eseri eta hitz egiten dute, hemen ez gara horrela aritzen –argitu dute asanbladako kideek-. Lantalde bat daukagu, nahiko egonkorra, eta bileratxoak burutzen dira, baina deialdi finkorik ez da egiten. Erabaki bat hartu behar den bakoitzean bilera bat egingo bagenu etxeko beharrei ez genieke erantzungo. Hemen egunero daukagu lana». Erabaki garrantzitsuak hartu edo gai inportanteak landu behar badira etxeko guztiak batzen dituen bilera antolatzen dute. Egunero lan egiteko, ardurak banatuta eta betebehar horiek lantzeko taldetxoak osatuta dauzkate.
Harro eta ziur daude urteetako lanaz gazteen estereotipoa hautsi dutela. «Erakusten dugu gazteak garela eta parrandak gustatzen zaizkigula. Baina lan egiten dugu eta kultura sortzen dugu». Gainera, gaztetxearen eskola izaera azpimarratzen dute. «Hau eskola bat da. Esaterako, estudioan dabilena bere garaian lantegi batean zebilen lanean. Hemen grabazio makinak eta programak erabiltzen ikasi du eta orain musika arloko profesionala da».
AGAKO: ARRASATEKO GAZTE ALTERNATIBOEN KOFRADIA ORGANIZATUA
«Nahi duenak etorri eta hartu egiten du guk prestatutakoa»
Arrasaten ere badute gaztetxea eta hainbat ekintza antolatzen dituzte astero-astero. «Guk ez dugu zerbitzu bat eskaintzen. Guk lana egiten dugu herriarendako. Nahi duenak etorri eta hartu egiten du guk prestatutakoa», diote AGAKO asanbladako kideek.
Bitxia da Arrasateko gaztetxearen istorioa. Aurretik okupatuta zegoen eraikinean kultur etxe bat eraiki nahi zuen Udalak eta trukean gazteei beste etxe bat eskaini zien. Asanbladaren eta Udalaren artean hitzarmen bat adostu zuten eta hainbat eragilek osatzen duten asoziazio legal bati utzi zion Arrasateko Udalak eraikina. Hala ere, berresten dute autogestioa dela kudeatzeko modua. «Hitzarmena ez da garrantzitsua gure funtzionamendurako edo egunerokotasunerako. Udalak konfiantza jarri zuen gugan eta geuk ere konfiantza badaukagu».
Ostiralero batzen da AGAKO eta 15 eta 20 pertsona artean elkartzen dira. Asanblada horretan hartzen dituzte erabaki guztiak edo gehienak, denak ados daudenean. Inoiz ez dutela bozkatu azpimarratzen dute. «Asanblada bidez, autogestioa oinarri hartuta, kudeatzen da gaztetxea. Guztia borondatezko lana da eta gure diru iturriak tabernako barra eta egiten ditugun kamisetak dira. Saiatzen gara autogestioa arlo guztietan aplikatzen». Egunerokotasunean gauzak aurrera eraman ahal izateko ardura batzuk banatuta dauzkate eta asanbladan adostutako pertsona edo pertsonak arduratzen dira lan horietaz. Hala nola, barraren kudeaketa, diruzaintza edo musika ekipoa mantendu eta gestionatzeaz.
Urte guztian ikastaro eta tailerrak gertatzen dituzte. Astelehenetan txalaparta eta djembe ikastaroak, asteartetan dantza, asteazkenetan eskalada eta musika teknikari lana ikasteko aukera eta ostiraletan alboka eta bertso eskola. «Irailean egin zen asanblada bat egingo ziren ekintzak antolatzeko –azaldu dute AGAKOko kideek–. Jendeak ardura hartu zuen eta dinamika horrekin ibili gara astean zehar». Eurek antolatutakoen eta ordainduta jaso daitezkeenen ekimenen arteko aldea bereizten dute, antolatzen dituztenak parte hartzaile guztien jakintzarekin eta elkar erakutsiz aurrera eramaten diren ikastaroak direla azpimarratuz.
Oro har, asanbladako kide batek hartzen du ikastaro edo tailerraren ardura. Baina oso ohikoa da gaiaren inguruko jakintzak dituzten herritarrak hurbiltzea ikastaroetara eta eurek ere irakasle papera hartzea. Ateak zabaldu nahi izan dituzte jendeak parte hartzeko. «Norbaitek baldin badauka ilusioa zerbait egiteko, asanbladara etorri eta planteatzea besterik ez du. Beste denekin koordinatu eta aurrera».
Ostegun zein larunbatetan kontzertuak egoten dira gaztetxean eta barra ere zabaltzen dute nahi duenak trago bat hartzeko aukera izan dezan. «Taldeei afaria eta sarreretan lortutako dirua ematen zaie ordainsari gisa». Jende gehien gerturatzen den unea da. Urtean zehar 120 pertsona izan dituzte batez beste kontzertuetan, aste bukaera batzuetan 400 pertsonarekin gaztetxea bete badute ere. Taldearen eta inguruko jendearen interesaren arabera aldatzen da gerturatzen den jende kantitatea.
Ostegunetakoa bitxia da. Urte guztian zehar “Kooltur Ostegunak” prestatzen dituzte eta Mondragon Unibertsitateko ikasleak gaztetxera erakartzea lortzen dute. «Kulturaren inguruan lanean aritzen den talde batek antolatutako ekimena da. Gaztetxearekin elkarlana indartu eta bertan gauzak antolatzea dute xede. Eurek programatzen dituzte ostegunak. Aholkularitza teknikoa ere ematen digute: zer erosi, nola muntatu...». Bestalde, musika ekipoaren kasua ere berezia da. Autogestioaren bitartez erosi zuten, kultur taldearekin elkarlanean hemen ere. Horrela, ekipoa behar zuten bakoitzean ordaindu beharreko alokairua ekidin zuten. Duela bi urte erosi zuten. Hori bai, erosi bakarrik ez, asanbladako kideak beraiek arduratzen dira ekipoaren mantenuaz eta kontzertu edo ekitaldietako erabileraz. Edozein ekintza egiteko «ahalmen teknikoa» eta «nahi dutenean» erabiltzeko aukera dute.
Gaztetxearen lana ez da momentu puntualetarako bakarrik izaten. Urte guztian mantentzen diren aukerak ere badauzkate. Adibide ona da Itxungi Irratiarena. Egun guztian zehar emititzen du irratiak, FMko 107.0 sintonian eta Arrasaten eta Aretxabaletan entzun daiteke. Aurten eurek ekoitzitako programa bakarra izan dute, baina Hala Bedi edo Txapa irratietako programak entzun daitezke beste orduetan. Nahiz eta irratia, euren programak egiteko tresna bat den berez, beste irrati batzuen lanak entzutea aukera oso ona dela azpimarratu dute.
Egindako lana eta jasotako emaitzak baloratuta, asanbladako kideei beharrezkoa iruditzen zaie Arrasaten gaztetxea izatea. «Arrasateko edozein gaztek zerbait aurrera atera nahi badu, hemen badauzkagu baliabideak horretarako eta beste inon ez dizute utziko leku bat». Bertan jarduteak dakarren esperientzia ere aipatzen dute. «Guztiz autonomoak gara. Autogestioaren bidez funtzionatzen dugu, asanbladak oinarri ditugula. Guk geuk sortzen dugu dena eta horrek ematen duen askatasuna aparta da. Pertsonak lantzeko fabrika bat da eta ikastola bat bezala funtzionatzen du. Azkenean hemen ikasten duzu publikoan hitz egiten, kontuak egiten eta ostiak jasotzen. Hona etortzen den jendea zerbait berria ikasita irteten da, edo zerbait egiteko gogoarekin behintzat».
ALTSASUKO GAZTETXEA: ALTSASUKO GAZTE ASANBLADA
«Gaztetxearen beste ikuspegi bat emateko jarduten dugu»
Altsasuko gaztetxearen berezitasuna, 22 urte izateaz gain, egun osoko egitarauak antolatzean datza. Ohikoa da eta bertakoak eta inguruko herrietakoak erakartzen dituzte egun guztian zehar zer egina izateko. Hala ere, bereizi behar dira egunero eskura daitezkeen eskaintzak. «Herrikoak kontzertu edo parrandetara bakarrik ez etortzeko jarduten dugu –nabarmendu dute asanbladako kideek–, gaztetxearen beste ikuspegi bat emateko eta egunerokotasun bat izan dadin».
Asanblada asteazkenero biltzen da, 15 eta 25 pertsona artean bertaratzen direlarik. Oso gazteak direla diote, ez dituztelako 20 urte bete gehienek. Baina zerbaitekin arazoren bat badaukate, esperientzia gehiagoko herritarrengana jotzen dute. «Zerbait egiten erakusteko eskatzen diegu. Ikasi eta gero guk egiten dugu».
Altsasuko asanblada azpitalde batzuetan banatzen da eta talde bakoitzak behar zehatz bat nola ase pentsatzen du. Bururatutakoa asanbladan eztabaidatu ostean, kide guztiek elkarlanean burutzen dute.
Ekintzei dagokienez, sukaldea prest izaten dute otorduak emateko interesatuei. Beno, prest izaten zuten. Sukaldean hobekuntza batzuk egin behar zirenez azken urtebetean ez dute ezer eskaini. Hala ere, gogotsu daude berriro martxan jartzeko. Ostegun zein ostiraletan afariak prestatzen zituzten eta pintxoak zeuden aste guztian zehar.
Dena den, egun baterako antolatzen dituzten plangintzek aparteko tokia dute asanbladan eta herrian. Esaterako, Marakatoia. Gaztetxearen 15. urteurrenean antolatu zuten lehenbizi, eta, azkenengoz, duela hiru urte. «Korrikaren itxura dauka. Kuadrilla ezberdinek zati bana izaten dute herrian eta bakoitzak aldarrikapen bat babesten du, euskara edo presoen egoera bortitza kasu». Eskuz esku aldatzen da lekukoa eta bi kamioik zabaltzen dute bidea. Batek musika eskaintzen du, herriko talde ezberdinen kontzertuekin, eta besteak edaria banatu, herria aldez alde gurutzatu arte.
Film Laburren Txapelketa ere gaztetxearen eskaintzaren parte da. Herriko zein beste edozein tokitako interesatuek aurkezten dituzte bideoak eta jende ugarik parte hartzen du. Epaimahaiak iritzia eman eta bozketak egin ostean, gala izaten dute. «‘Gaztewood’ deitu genion azkenengoz, ‘Hollywood’-en ordez. Frontoian kokatu ginen eta bi ‘Oscar’ erraldoi egin genituen. Gainera, parte hartzaileak alfonbra gorritik sartu ziren eta argazkiak egiteko tokia ere prestatu genuen. Film labur guztiak eman ziren», azaldu du kide batek.
Duela astebete, berriz, Altsasun batere ohikoa ez den kirol bateko txapelketa antolatu zuten: hondartzako boleibola. Herriko plaza batean 30 tona hondar zabaldu eta kosta giroa mendi artean hedatu zuten. Txosnak, harmailak, epaileak... Hogei hirukote aurkeztu ziren, hau da, hirurogei pertsona, eta partidak ikustera jende asko hurbildu zen.
Inauteri eguneko egitaraua, Gabonetako truke azoka, aste guztiko ekintzak urtemugan, aukera alternatiboak herriko jaietan... Eskaintza zabala antolatzen dute urte guztian zehar, herriak oso gustura hartzen duela jakitun. «Jendea pozik dago. Azkenean herrian egindako ekintzak eskertzen ditu. Gainera, gauza ezberdinak eta parte hartzaileak antolatzen saiatzen gara», amaitu du gaztetxeko kide batek.




