Galder Gonzalez
2012ko Abuztuaren 24a
Aurrekoan zapping egiten ari nintzen autoan eta Azkuna I.a Enperadorea entzun nuen irratian. Aste Nagusiaren inguruan aritu zen, baina, aldi berean, elkarrizketan beste hainbat gairen inguruko iritzia galdetu zioten.
Murrizketen inguruan hitz egiteko momentua iritsi zen eta, noski, Azkunak hor arazo handi bat du: bere alderdia ezin da posizionatu gastu publikoaren alde baina PPrekin distantzia markatu behar du.
Gauzak horrela, ezin dela «duzuna baino gehiago gastatu», ezin dela «herrialde oso bat zorretan utzi»... eta antzekoak botatzen ari zela, honakoa esan zuen: «Bideragarria ez dena herrialde batean 50 aireportu edo 50 unibertsitate publiko izatea da». Herrialde hori Espainia da, noski. Baina ikus dezagun esaldi horren gaineko logika. Azkuna eta berak ordezkatzen duen PNVrentzat berdina ei dira aireportuak eta unibertsitate publikoak. Eta noski, eurak ez dira inoiz «zorretan sartu».
Gizon honek duen azal lodia ikaragarria da! Berak, eta bere alderdiak, Supersur bezalako obra faraoniko baten onurez hitz egin izan dute beti. Inoiz espainiar Estatuan egin den autobiderik garestiena, inork erabiltzen ez duen azpiegitura, eta, Bilbao beraren hitzen arabera, «gure bilobek ordaintzen jarraituko duten obra».
“SuperZor” egin izan ez balitz, diru gehiago egongo litzateke Osakidetzan edo unibertsitate publikoan inbertitzeko. Hori delako bene-benetako inbertsioa. Baina, noski, eskuinarentzat unibertsitateak eta aireportuak, ospitaleak eta errepideak, gauza bera dira.
Negozioa baldin badago ondo, egin dezagun aurrera, eta, bestela, ez dago beharrik. Zementugileentzat negozio askoz handiagoa da abiadura handiko trena, “SuperZor” edota Hondarribiko aireportua eraikitzea ikasgelak egin eta irakasleak kontratatzea baino. •




