Mendizaletasuna eta goi mailako kirola uztartuz gozatu egiten du. Bere kasa ere aritzen da eta marka berri bat hautsi berri du Alpeetan.
Xole Aramendi
2012ko Abuztuaren 24a
Esan eta egin. Chamonix eta Zermatt mendien arteko 115 kilometroak 24 orduz azpitik egitea lortu du Iker Karrerak. Hasi eta buka. Ez da makala erronka. Gustukoa du bere burua neurtzea eta tarteka era honetako saiakerak egiten ditu, goi mailako kirol errutina ahazten laguntzen diotenak.
Inoizko probarik gogorrena izan da Alpeetakoa. Datorren ostiralean Mont Blanc handia izango du zain eta entrenamendu bezala oso baliagarria izan zaio. Chamonix-Zermatteko proban gorputzak eta buruak nola erantzun dioten ikusita, iazko bigarren postua hobetzeko borrokarako prest dago.
Mont Blancen iazkoa hobetzera?
Nire esku dagoen guztia ahal den hobekien egiten saiatuko naiz eta ikusiko dugu. Aldagai asko dira nire esku ez daudenak.
Zer moduz errekuperatu zara? Chamonixen gauzak ondo atera izanak lagunduko du...
Beti. Denbora bat eskaini diozun edozer ondo ateratzen den garaian beste poz batekin egiten diozu aurre. Gorputzaren nekea hor egongo da, baina buruak lan asko egiten du eta beste modu batean aurre egiten diozu. Kirol honetan biak behar dira, gorputza eta burua, erdi eta erdi. Gorputzak beheraldia daukan unean buruak eutsi behar dio. Buruak orduan behera egiten badu, akabo! Noski, buruak nahi izanagatik gorputzak nondik ateratzerik ez badu, ez dago zer eginik.
Ultra trail proba luzeetan beheraldiak bat baino egongo dira.
Beti daude, auskalo zenbat!
Zein zen zure asmoa proba berezi honetan?
Nire lehentasuna aurtengo egutegiko probak dira. Orain, berehala izango den Mont Blancekoa. Nik ez nuen ezertxo ere arriskatu nahi Chamonix-Zermattekoa ondo ateratzeagatik. Zerbait gaizki ikusten banuen, eguraldia edo lesio arriskua esaterako, bertan behera utziko nuen, nire proiektu pertsonala zelako. Beste probatarako hau entrenamendu bezala oso ondo datorkit. Horregatik jarri nuen Mont Blancekoa baino hilabete lehenago. Bai distantzia, bai gogortasuna... fisikoki zein psikologikoki ondo zetorkidan.
Errutinatik atera nahia?
Ezagutzen nautenek badakite gustukoa dudala ohiko karreretatik kanpo zerbait egitea. Izan ere, ni mendizalea naiz. Lasterketek formatu jakina daukate, antolatuta daude eta muga batzuk dauzkate. Ondorioz, zure sormeneko aukerarik ez daukazu. Ibilbidea erabakita dago. Baina horiez gain mendi piloa dago, ibilbide piloa, eta batzuk gustukoak ditut, estetikoki erakargarriak direlako, edo atzean historia daukatelako, nahiz horietan ez den karrerarik antolatzen. Aukera bakarra daukazu, zerorrek asmatzea zerbait. Urtero egin izan dut antzeko zerbait.
1861ean egin zuten ibilbidea Alpine Club talde britainiarreko kideek. Baina bazen alderik, haiek eski gainean joan ziren.
Bai. Alpeetako ibilbide klasikoa da, garrantzitsuenetakoa. Batez ere eskiekin egiten da, glaziar mordoa pasatu behar direlako. Uda garaian ere egiten da trekking bezala, baina etapatan banatuta. Hasi eta bukatu, gelditu gabe egiten dute, eta oinez modu horretan ez du orain arte inork egin. Zergatik ez saiatu? Nire ahalegina horixe izan da. Sortzen diren galderak hainbat dira. Posible ote da? Zenbat denboran? Eskiekin 18 ordutan dago errekorra, baina oinez zenbatean? Egun batean, 24 orduz azpitik egin al ?
Ahaleginaren atzean, prestakuntza fisiko eta psikikoaz gain, zenbaki kalkulu handiak egingo zenituen.
Bai, ariketa hauek hori eskaintzen didate. Antolatutako lasterketetan segurtasun neurriak dituzu, gutxieneko osasun zerbitzuak dituzu... baina beste honetan dena airean dago. Zein bide da onena? Zuk eman behar diozu erantzuna. Aurretik buru lan dezentez gehiago eskatzen duen proba da. Eta hori ere oso gustukoa dut: liburuak irakurri, Interneten kontsultatu, norbaiti galdetu...
Noiz hasi zinen zure buruari galdera horiek egiten?
Lehengo urtean Pirinioetako hiru handiak egin nituen. Haren ondoren, duela urtebete inguru hasi nintzen pentsatzen. Etxean dudan liburu batean begiratu eta posible izan zitekeela, eskura izan nezakeela pentsatu nuen.
Guztira 115 kilometro, 15.400 metroko desnibela eta hamabi glaziar tartean. Zenbakiak edozein beldurtzeko modukoak dira...
Zer esango dizut...
Paisaia ikusgarria izango da, ezta?
Alpeak dira! Himalaiarekin alderatuz gero dimentsio gizatiarragoa dauka, eta, Pirinioen aldean, berriz, beste handitasun eta zailtasun bat aurkitzen duzu, altuerak ematen duena. Eta horrez gain, estetikoki oso ikusgarria izateaz gain, paisaia izugarri anitza da oso kilometro gutxian. Hiritik atera eta herri txikiak, mendiko ganadu bordak, artzainen bordak, basoak, belardiak, glaziarrak, glaziarren inguruko bailarak, izugarrizko harkaitzak... Barietate hori ez dago Pirinioetan eta Himalaian bertan paisaia askoz monotonoagoa da. Glaziarraren barruan sartu eta han zoaz... Harkaitza eta glaziarra, izugarrizkoak, bai, baina ez daukazu besterik. Eta gertueneko herria auskalo non!
Horrek lagunduko du.
Bai, buruko erregistroa aldatu egiten zaizu eta ez da hain aspergarria egiten. Bizia ikusten duzu, jendea, animaliak, landareak...
Hortaz jabetzeko denborarik eman al zizun proban zehar?
Egunean bertan ez. Oso kontzentratuta joan beharra dago. Teknikoki zaila da eta deskuidurik txikienarekin hortzak bertan uzten dituzu, beste zerbait ez bada. Aurreko astean joan eta hiru etapatan egin nuen ibilbidea, neurria hartu ahal izateko. Eta orduan gozatu nuen paisaiaz eta ibilbideaz. Zein ordutan atera, ze material hartu eta antzeko erabakiak hartu nituen bertan.
Laguntzailerik izan al zenuen ibilbidean?
Karreren filosofiarekin eta kontzeptuarekin hautsi egin nahi izan dut. Nire planteamendua ibilbidea ahalik eta autosufizientzia handienarekin egitea izan da. Arropa, janaria eta beharko nuen guztia hasieratik neraman gainean. Ibilbideari benetan neurria hartu ahal izateko egokiagoa iruditzen zitzaidan horrela egitea. Bestea “tranpa” txikia iruditzen zitzaidan. Erosoago zoaz, baina pertsona batek eman dezakeena eta ibilbide horren exijentzien arteko lehian lasterbidea hartzen duzu, zentzurik onenean ulertuta, betiere. Ibilbidearen benetako dimentsioa hartu ahal izateko modurik egokiena iruditu zitzaidan.
Dena den, saiakera egin aurretik esan nuen ibilbidean dauden ohiko zerbitzuez baliatuko nintzela beharra izanez gero. Ez espresuki niretzako prestatutakoak. Eta hala egin nuen. Bi aterpetxetan gelditu nintzen. Batean egunsentian zerbait jatera, eta, bestean, eguerdi partean, nahiko egurtuta nindoan eta zerbait gehixeago jatera. Dirua eraman nuen, ordaindu eta segi. Lagunak puntu jakin batzuetan ikusi nituen. «Ondo al zoaz?» galdetu, nik baietz eta aurrera.
Hainbeste ordutan sentsazioak aldatuz joango dira. Izango dira txiki sentitzen zaren uneak, baita sendo ere, helburuak betetzen ari zarela ikustean.
Ibilbide hauetan gehienetan txiki sentitzen zara; ezgai ez, baina txiki. Ahul ere ez nuke esango, baina errespetu handia diozu... Herri inguruan badakizu edozer gertatuz gero laguntza izango duzula, baina beste eremu batzuetan sartzen zaren garaian berehala ohartzen zara bakarrik zaudela.
Arrisku horren eraginez tentsioa sentitzen al duzu?
Bai, tentsio maila handia da. Batez ere, glaziarretan. Eremu batzuetan zer zapaltzen duzun ez dakizu. Eta desgastea handia da. Aurreko egunetan ere askoz kezka gehiago dauzkazu eta nabaritu egiten da. Atseden hartzeko garaian, oharkabean, burua kezka horietara joaten zaizu.
Norbaitek pentsa lezake inkontziente puntu bat baduzuela era honetako kiroletan aritzen zaretenok.
Benetan arriskuko unerik bizitzea tokatu izan balitzait uste dut argi gorriak saltatuko zuela. Nik oso garbi nuen Mont Blanceko probara begira alferrikako arriskurik ez nuela hartuko. Gizakiak beti egin ditu ikuspegi arrazionaletik begiratuta zentzurik ez duten gauzak, baina gizakia arrazionaltasunak baino esango nuke beste zerbaitek mugitzen duela.
Gertatu al zaizu sekula aurrez ezarritako mugak momentuko beroaldian puskatzea?
Ez dut gogoan.
Inoizko probarik gogorrena izan al da?
Mendiko lasterketen artean bai, bai fisikoki izugarri exijentea delako –glaziarretan askoz gehiago nekatzen zara eta horri altueraren eragina gehitu behar zaio–, bai psikologikoki zeukan tentsio egoeragatik. Autosufizientzia maila handian egiteak ere zaildu egiten du. Lasterketetan oso arin joaten zara eta nik ia bost kilo neramatzan bizkarrean. Zure energia beherantz doa eta bost kiloak gehituz...
Unerik politena zein izan zen?
Bukaerakoaz gain, Plateau d’Couloir pasabidekoa. Eguna argitzen hasi zen eta ibilbidearen erdi parean nengoen. Eguna argitzean gorputza piztu egiten da; oso polita izan zen. 3.600 metrora nengoen eta aurrez aurre Cervino ikusi nuen. Atzera jiratu eta Mont Blanc. Eta Mont Blanci lehenengo eguzki izpiek orduantxe jotzen zioten, kolore arrosa-gorriak emanez. «Merezi du!», pentsatu nuen. Oso berezia izan zen.
Eta gogorrena?
Momentu zailak bi izan nituen. Eguerdi partean Bertoleko aterpetxera iritsi aurreko malda fisikoki oso gogorra egin zitzaidan. Joan eta joan eta ez zen gerturatzen... Egon zen beste une bat ere, frontalak argirik egiten ez zidanekoa. Pilak bukatu –ez nuen besterik hartu– eta argirik gabe geratu nintzen. Goizaldeko hirurak ziren eta lau eta erdiak arte horrela egon nintzen, eguna argitzen hasi zen arte. Argirik gabe zer egin? Eserita geratu edo jarraitu? Malda nahiko teknikoa zen baina segi egin nuen. Itsu joan nintzen. Denbora dezente galdu nuen. Aurreko astetik gogoratzen nuen eta horri eskerrak egin nuen aurrera. Dena den, iluna ez da erabateko beltza. Zerua zer den, harkaitza... formak nabaritzen dira.
Gauez ibiltzea al da zailena?
Bai, antinaturala da, gizakia ez dago horretarako prestatuta. Etengabe tunelean zoaz.
Guztira 21 ordutan osatu zenuen ibilbidea. Zenbateko garrantzia zuen denborak?
Lehenengo helburua bukatzea zen. Bigarrengoa 24 orduz azpitik egitea, eta hori lortuz gero, noski, ahalik eta azkarren egitea. Glaziarren eremutik atera nintzenean posible ikusi nuen eta erlaxa nintekeen, baina ez, bukatu eta eman nezakeen guztia eman izanaren sentsazioarekin iritsi nahi izan nuen.
TVEko «Al filo de lo imposible» saioko kamerak lagun izan zenituen.
Bai, Salomon taldeko kidea naiz. Chamonix-Zermattekoa nire proiektu pertsonala izanagatik euren babesa eskaini zidaten eta haien bitartez sortu zen telebistako egitasmoa. Urria aldera eskainiko omen dituzte irudiak eta egindako elkarrizketa.
Zer daukate ultra trail probek?
Mendiko lasterketetan 2003an hasi nintzen lehian eta hiru urtez maila ertaineko probak egin nituen. Urte pare batez mendian eskalatzen eta beste gauza batzuetan aritu nintzen, 2009. urtean Beasainen Ehun Milak prestatzen ari zirela esan zidaten arte. Distantzia luzeetan aritu gabea nintzen eta animatu egin nintzen. Eta gaur urte. Nire ezaugarriei hobe egokitzen zaizkie ultra trailak. Diesela naiz, oso, eta proba ertainetarako beste txispa bat behar da. Kilometro eta zailtasun handiko ibilbideetan besteak baino hobeto moldatzen naiz.
Lehiak zer garrantzia du zuretzat?
Norbere izaerak zerikusia du eta ni kirolean lehiakorra naiz. Eta maila honetan behar duzu. Baina lehiatik kanpo gustatzen zait gauzak egitea. Garrantzitsuena ez zen erlojua, hortik kanpo egindako ariketa izan da. Lehiaketetatik kanpo mendiaz asko disfrutatzen dut eta lehia uzten dudanean ere jarraituko dut. Motibaziorik ez dudan egunean ez dut honetan jarraituko, ez naiz hemendik bizi-eta. Motibaziorik gabe, zaila da eskatzen duen dedikazioa eta karga eramatea.
Lehia zure buruarekin ere bada, ezta?
Askotan esaten da mendiaren eta nire buruaren aurka aritzen naizela, baina ez, nire burua alde behar dut, bestela ez dago zer eginik!
Kirolak zenbateko presentzia dauka zure egunerokoan?
Presentzia handia du, goizean goizetik hasita. Izan ere, elikadura oso neurtuta daramat, kirol helburuak lortze aldera. Eta lanetik kanpoko ia denbora gehiena kirolera bideratzen dut: entrenatzen, atseden hartzen, masajistarengana joanez... Motibazio kontua da.
Motibazioa mendian lortzen duzun gozamenetik dator.
Mendian disfrutatu egiten dut, bestela ez da posible. Ez nuke nahi hau gaizki ulertua izatea baina iruditzen zait mendiko lasterketetan aritzen garenon artean bi profil daudela. Batzuk korrikalariak dira, lasterka ibiltzeaz disfrutatzen dutenak, eta berdin gertatuko zaie asfaltoan edo pistan. Eta beste batzuk mendizaleak dira. Bere gaitasunengatik edo korrika egitea ere gustatzen zaielako biak uztartzen dituzte. Uste dut balioetan desberdintasunak badaudela. Ez dut esango batek besteak baino gehiago disfrutatzen duenik, baina modu desberdinean egiten dute. Orain asfaltoan aritu diren asko mendira saltoa ematen ari dira lehiatzera, baina libre duten asteburuan ez dira agian mendira joango. Eta mendizaleentzat bai, oso ohikoa da mendi inguruan ibiltzea. Eta ni mendizalea naiz, nire denbora librea mendiari oso lotuta dago. Betidanik egon da. Baserrian jaioa naiz, Amezketan, eta medio horretan mugitzea oso erosoa zait.
Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazioan ere parte hartu duzu.
Munduko beste errealitateak ezagutu ditut, horien artean Pakistango Baltistanekoa, eta zerbait eman nezakeela ikusi nuen. Urte batzuetan egon nintzen Felix Iñurrategi Fundazioan baina gaur egun ez nago, denera ezin iritsi.




