KOADERNOA -

Kattalin Miner

2012ko Abuztuaren 24a

Atzo Donostian barrena nindoala ia-ia McDonald’s-en sartu eta hanburgesa bat jan nuen. Ia-ia diot, nigatik izan balitz, printzipioak alde batera utzi eta hilerokoaren kapritxoetara abandonatuta dudarik gabe sartuko nintzatekeelako, baina beti dugulako alboan lagun bat zer egitera zoazen gogorarazi eta gelditzen zaituena. Bestela jan egingo nuke. Egia da McDonald’s putamierda bat dela, ez noski janariagatik soilik, esan nahi duen guztiagatik, kapitalismo yankee hori sinbolizatzeagatik ere bai, bai egia da. Baina batzuok batzuetan, erresaka egunetan, edo hilekoaren gose irrazionalak atakatzen gaituenean, ahaztu egiten ditugu printzipioak. Ez gaude harro, baina telefono mugikorrak kritikatu eta iPhone bat dugun berberak gara, edo gure burua feministatzat dugunak eta amari etxean ezer gutxi laguntzen diogunak. Existitzen gara, eta sekretu bat esango dizuet: gehiengoa gara. Ez zehazki hiru gauza hauengatik, bakoitzak bere printzipioak ahazteko jokaldiak ditu, bakoitzak bere erara praktikatzen du hitz hain madarikatua: inkoherentzia.

Ez, ez nago harro, hori ere egia da, baina ez dut ahaztuko nire militantzia urte hasieretan, esperientziadun emakume batek behin esandakoa: gure buruari inkoherente izaten utzi behar diogu batzuetan, bestela erotuko ginateke. Gau horretan ero moduan dantzatu nuen reggaetoia behingoz.

Azkenaldian militantzia ereduen inguruan hainbeste mintzo garen honetan, berriz topatu naiz koherentzia estremoen absurdoarekin. Asko hitz egiten dugu horretaz, konpromisoaz, eta gure egunerokotasunean egiten dugun politikaz.

Andre horrek esan zidanarekin guztiz bat banator ere, egia da, kontuz ibili behar dugula gure bizitzan printzipioak erlaxatzearekin, baina nik argi dudana da ez diodala sekula albokoari (eta alboko diodanean, printzipio bertsukoez ari naiz) bere printzipioak nola kudeatu behar dituen esango, ez dudala albokoa zigortuko %100an dena ez betetzeagatik esan nahi dut, ez dudala barazkijale batek arraina jaten badu kritikatuko, edo feminista batek familia nuklear heterosexual arautu bat osatzea pentsatzen badu epaituko. Kontu horiek denak, printzipio eta koherentziak beraz, konpromiso sozial bati erantzuten dioten baina norberaren hautua diren kontuak direla uste dut.

Eta orain gutxi ‘moskeo kanpaina’ bat abian hasi zen Donostian “Ta zu ze?” lelopean. Ez da inondik inora nire helburua gazte ekimen hau kritikatzea, baina gauza batek harritu ninduen. Kanpaina zer zen argitzen hasi denean honako esaldi hauek irakurri ditut: “Lapurrak deitzen diezun bankuei dirua ematen?”, “Gurasoen pagarekin mozkortzen?”, “Kritikatzen dituzun trapitxeroei lana ematen”, “Berriz ere letra sexista zikindun musika dantzatzera?” eta abar.

Inondik inora edukiekin sartu gabe, atentzioa deitu dit kanpaina honek, berriz ere, hainbeste hausnartu ostean, badirudi ez zaigula aurrean dugunari ohartarazi eta errieta egitea edo haren kontzientzietara jotzea besterik ateratzen. Eta nik galdera hauen aurrean denok denoi tazuzeaka hastea beste aukerarik ez dut ikusten. Zeren, barkatuko didazue, denok egiten dugu horko gauzaren bat (nik larriagoak ere bai).

Poztu naiz gazteei egonezina sortzen dieten gaiak plazaratzeko ahaleginaz, eta benetan espero dut bertatik hausnarketa gune eta borroka espazio interesgarri bat irtetea, baina baita ere espero dut, hausnarketa horretara inguratzen direnak ez dezatela beren burua gehiegi flagelatu gurasoen pagaz kalimotxoak edaten dituztelako edo bankuan kontu korronte bat dutelako.

Argi dagoena da, inkoherentziak inkoherentzia gu ez garela totalzertarako jarrera horretan eroriko, baina tira, tarteka altxa ditzagun kopak, erre ditzagun trapitxeroen kanutoak eta dantza dezagun reggaetoia, zertan ari garen ondo jakin arren, alaitasun apur batez, merezi dugu eta! •