HERIOTZA IKUSKIZUN -

Urkatuta, garrotez, zintzurra moztuta, eltzean egosita, txondorrean erreta... Jendea exekutatzeko orduan, irudimen handia erakutsi zuten gure arbasoek. Nafarroan, duela bi mendera arte, ohikoa zen tormentuarekin ikuskizuna egitea. Ikuskari morbosoa izateaz gainera, haurrentzako eredugarri ere izan zitekeela uste zen garai hartan.

2012ko Abuztuaren 24a

Donibane Garaziko gotorlekuko burua zen Joanicot kapitaina, Nafarroako Erresumak izan zuen heroirik ezagunenetako bat. 1521eko Noaingo batailaren ostean, ihes egiteko aukera izan zuen, baina gotorlekuan gelditu zen, erresuma Gaztelako erasotzaileen kontra defenditzeko asmoz. Azkenean, 21 eguneko oldarraldiaren ostean, Karlos V.aren tropak Donibane Garazin sartu ziren eta bertan zeuden guztiak preso hartu zituzten. Erresistentziaren buru izatea leporatu zioten Joanicot kapitainari, eta Iruñera eraman zuten, epaitua izan zedin. Okupazio indarrek errudun jo zuten, eta heriotza zigorrera kondenatu. Hiriko karriketan zehar arrastaka eraman ostean, urkatu egin zuten, herritar guztiek ikusteko moduan. Gorpua zatitu zuten gero. Burua urkamendiaren gainean utzi eta gainontzeko gorputz atalak hiriburuko portaletan bota zituzten. Bere delitua Nafarroako errege Henrike II.ari leial izatea zen. Gaztelarrentzat, ereduzko zigorra merezi zuen iraina.

Izan ere, gizadiaren hastapenetik duela gutxira arte, exekuzioak ikuskizun publikoak izan dira (zenbait herrialdetan, hala izaten jarraitzen dute oraindik orain), herri xumeari lezio bat irakasteko helburuarekin prestatutako ekimenak. Eta Euskal Herria ez zen salbuespena. Jendeak, oro har, biziki maite zituen justizia emateko modu krudel eta bortitzak. Exekuzioak eguerdiko hamabietan egiten ziren, eta jendetza biltzen zen bertara. Ohitura zen, gainera, haurrak eramatea, haientzako onuragarria izanen zelakoan. Ikuskizun lazgarriak gaizkia arbuiatzen irakatsiko ziela uste zen garai hartan. Usadioaren izaera eredugarri eta “didaktikoarekin” bat eginez, zigortuek ere jendaurrean hitz egiten zuten, delituzko bizimodu batek zertara eraman zituen erakutsiz eta damututa zeudela esanez. Lekukoen arabera, preso gehienek uste osoarekin ematen zuten azken hitzaldi hori, Jaungoikoak salbatuko zituela erabat sinetsita.

Kondenatuen prozesioa

Euskal Herrian, kasurik paradigmatiko eta dokumentatuenetako bat Iruñekoa da. Alde Zaharreko karrikak exekuzio publikoen lekuko izan dira mendez mende, eta urkamendi finkoak eraiki zituzten hirian bertan eta ingurumarietan; besteak beste, Ezkaba mendian, Azella zeharbidean, Burlatan edota Sanduzelai auzoko Miluze zubian. Hain zuzen, zubi horrek izena zor die bertan Erdi Aroaz geroztik egiten ziren exekuzioei. Diotenez, lepotik zintzilik zeudela, mihia aterata hiltzen ziren kondenatuak, eta hortik izendapena: “Mi(hi)-luze”. Gerora, urkabe horiek guztiak kendu eta berriago bat eraiki zuten San Roken, gaur egun Erreginaren Aldapa izenarekin ezaguna den zonaldean (kartzela zaharraren aldamenean).

Baina exekuzioez ari bagara, ezin Kondenatuen Prozesioa aipatu gabe utzi. Izan ere, hilketak bainoago, hiltzera kondenatutakoen segizioa –Vera Cruz kofradiako kideek antolatua– izan baitzen Iruñeko usadiorik ikusgarriena XVI. eta XIX. mendeen artean. Hala, hamarnaka lagunek desfile bitxi eta koloretsua osatzen zuten, zigortuari urkamendiraino egin behar zituen metroetan lagunduz.

Prozesua Kontseiluko plazan hasten zen, Errege Auzitegietan. Bertan ematen zuten epaia Gorte Nagusiek edo Errege Kontseiluak. Irizpena argitara eman eta berehala, presoak 50 ordu eman behar zituen auzitegiko ziegan. Egonaldi horretan, kofradiako bi kidek, kontsolamendu espirituala emateaz gainera, sostengua eta laguntza eskaintzen zioten etengabe. Oturuntza ederrak prestatzen zizkioten: arrautzaztutako legatza, amuarrainak, oilasko errea, behiki edo txahalkia, babarrunak, arrautzak, kontserbak adoboan... Baita garai hartan aberatsentzat soilik erreserbaturik zeuden gozokiak ere: bizkotxoak, opilak, ardo gozoa, txokolatea, pastak, eta abar.

Urkamendirako bideari ekin baino ordu laurden lehenago, 10:45ean, borreroa sartzen zen presoaren ziegan, eta exekuziorako arroparekin janzten zuen kondenatua. Tunika beltza, kasu gehienetan, edo hori-gorria, guraso-hiltze kasuetan. Apaiz bat ere egoten zen bertan, eta horrek, bedeinkazioak egin ostean, eskapularioa eta gurutzea ematen zizkion zigortuari, ibilbide osoan eraman zitzan. Atsekabeen Amabirjinari otoitz egiten zioten, kalera atera aurretik.

Segizioan aitzindari, Vera Cruz kofradiako hiru kide joaten ziren, tunikak eta txanoak jantzita. Erdiko anaikideak gurutzea eramaten zuen, eta, horren ondoko biek, kandelak. Atzetik, parrokiako haurrak ibiltzen ziren, Amabirjinaren letaniak abesten. Karrikako espaloi bietan kofradiako maiordomoak paratzen ziren, platertxoak eskuan, limosna eske «justiziatu behar duten arimaren onerako». Pregoilaria joaten zen horien gibeletik, presoak egindako delitua aldarrikatuz, baita kondenatua bera ere, burua txano beltz batekin estalirik zuela. Bukatzeko, Vera Cruz kofradiako 24 kidek eta apaizak osatzen zuten prozesioaren azkena. Horrez gainera, zalditeriako soldaduen pikete batek ibilbidea zaintzen zuen, «segizioaren segurtasuna bermatzeko». Inguruko elizetako hil-kanpaiek osatzen zuten prozesioaren musika.

Ibilbideak Iruñeko Alde Zahar osoa zeharkatzen zuen. San Frantzisko plazatik atereaz, Zapateria, Pozoblanco, Gazteluko plaza eta Estafetan gora eta behera ibiltzen ziren kondenatuak, hiriko harresietako zubiak zeharkatu eta aldirietara abiatu baino lehen. San Rokeko zelaian zegoen urkamendia muntatuta, biktima berri bat hartzeko prest.

Gurutzeari muin eman ostean, kondenatua urkamendian bermatutako eskailera batean igo eta soka-lasterra lepoan jartzen zioten. Kredo bat abesten zen orduan, eta errezoa amaitu baino lehen, borreroak eskailera ostiko batez botatzen zuen. Presoaren heriotza bizkortzeko eta gehiegizko sufrikarioa ekiditeko, borreroak hanketatik heltzen zion, beherantz tira eginez. «Urkatua ikusiko al duk hire burua, eta ez duk izanen oinetatik tira eginen dian inor!», zioen garai hartako madarikazio herrikoi batek.

Behin sententzia burututa, hildakoa zintzilik gelditzen zen, haizeak kulunkatzen zuen bitartean, arratsaldeko hirurak arte. Ordu horretan borreroak eta Vera Cruz kofradiako anaikideek gorpua urkamenditik jaitsi, beztitu eta San Frantziskoko komentura eramaten, bertan hileta-elizkizuna egin ostean, lurperatua izan zedin.

Urteek eta hamarkadek aurrera egin ahala, urkaren moda pasatu eta sistema modernoagoek indarra hartu zuten exekuzioen esparruan. Garrotea izan zen garai hartako aurrerapen teknologikorik nabarmenetako bat, haren fabrikazioa oso merkea zelako, eta ustez, heriotza azkarrago eta garbiagoa ahalbidetzen zuelako (ongi eginez gero, betiere). Estatu espainolean, 1822an egin zuten urka debekatzeko lehen saiakera, krudelegia zelakoan, baina 1824an berrezarri zuen erregimen absolutistak. 1828an debekatu zuen behin betiko Fernando VII.a erregeak, baina, hala eta guztiz ere, Nafarroa Garaian 1830era arte biziraun zuen exekuzio sistema horrek.

Sistema berria ezarri zenean, agintariek hiru garrote mota desberdindu zituzten: garrote «noblea» (kapare eta aitoren semeei aplikatzen zitzaiena), garrote «arrunta» eta garrote «doilorra» (gaztelaniaz «vil», delitu larrienak egin zituztenei aplikatzen zitzaiena). Hiru garrote moten arteko ezberdintasun nagusia kondenatua urkamendira eramateko moduan zetzan. Garrote noblean, presoa zelatutako zaldi gainean eramaten zuten; arruntean, zaldi edo asto gainean; eta doilorrean, asto gainean atzera begira, edo arrastaka.

XIX. mendean zehar, exekuzioek izaera publikoa galdu zuten gutxika-gutxika. Hala, mende horren hasieran, ikuskizuna gune bakartuagoetara mugitu zuten. San Nikolas portalearen ingurumarietara, hasieran, eta Gaztelugibelera, mendearen azken hamarkadetan. Pio Barojak berak ikusi zuen, hain zuzen, orube horretan egindako exekuzio bat, 1885ean.

Handik gutxira, 1894. urtean, exekuzioak kartzelako patioetan egitea erabaki zuten agintariek, eta ordutik heriotza zigorra ezeztatu zuten bitartean, exekuzioak pribatuak izan ziren, herritarren begiradetatik urrun. Ordura arte, baina, asko izan ziren urkamendiaren ikuskizun horietan hildakoak. Vera Cruz kofradiaren liburuen arabera, guztira, 182 lagun exekutatu zituzten Iruñean bakarrik, 1605 eta 1885 artean. Horien artean, 80 urkatuta, 89 garrotez, 11 fusilatuta eta 2 zintzurra moztuta.

Kaiolatik lapikora

Ohikoenak izan arren, urkamendia eta garrotea ez ziren jendea exekutatzeko modu bakarrak. Fusilamenduak eta zintzur-egiteak ere aipatu ditugu, baina heriotza zigor irudimentsuagoek ere tokia izan dute Euskal Herriko plazetan. Iruñeko San Nikolas elizako dorrean, adibidez, burdin hesiz inguratutako balkoi bat dago. Bertan, kondenatuak uzten zituzten, herritarren eta handik pasatzen zen ororen begiradapean, goseak eta hegazti harrapariek pixkanaka hil zitzaten.

Herritar xumeak ez ziren jendaurrean exekutatzen zituzten bakarrak. XIV. mendean, esate baterako, zigor eredugarriak asmatzen zituzten funtzionario ustelentzako. Santiago Liceras administratzaileari, adibidez, mihia moztu zioten, Iruñeko karriketan zehar arrastaka eraman zuten, eta, azkenik, Barañain herriko zelai batean urkatu zuten.

Baina zigor krudel eta lazgarririk izatekotan, hori Martin Martinez de San Vicent faltsutzaileari ezarritakoa izan zen. 1362. urtean atxilotu zuten, Tuteran. 350 urrezko txanpon faltsu konfiskatu zizkioten eta heriotza zigorrera kondenatu zuten. Frantziatik propio inportatutako ohitura bat ezartzea erabaki zuen epaileak faltsutzailea hiltzeko: presoa lapiko handi batean egostea, alegia. Hamasei egur sorta eta lau gizonen lana behar izan zituzten eltzeko ura berotzeko. Bizirik egosi ondoren, jendaurrean urkatu zuten. Ikuskizun aparta, benetan, garai hartako euskal herritarrentzako.