BOLI KOSTA -

Jose Angel Oria

2012ko Abuztuaren 24a

 

Boli Kostan 2010. urtean egin ziren presidentetzarako hauteskundeen ondorengo gerra zibilean hildakoen bi herena inolako epaiketarik egin gabe exekutatu zituzten, kasu askotan Alassane Ouattara egungo presidentearen aldeko indarrek, Gobernuak berak eskatuta egin den ikerketa baten arabera. Teorian, ikerlarien txostenak bidea zabaltzen dio 3.000 hildako baino gehiago eragin zituen gerra hartako indarrak auzipetzeari eta oso urrats garrantzitsua izan daiteke Afrikako mendebaldeko herrialdeko zauriak itxi eta etniaren araberako zatiketak gainditzeko. Baina teoriak dioena praktikan ere ikusi ahal izateko beste urrats asko egin beharko dira, oraindik bazter gehienetan gerra giroa nagusi den herrialdean. Azken asteotako berriek gogorarazten digute talde armatu ugari dabilela Boli Kostan era guztietako liskarrak, sarraskiak ez direnean, eragiten. Horiei nork egingo die aurre?

CNE Ikerketa Batzorde Nazionalak 2010eko urritik 2011ko maiatza bitartean izandako indarkeria aztertu du: erailketak, bortxaketak, torturak, desagerrarazitako pertsonak eta zibilen aurkako erasoak. «CNEk egindako lanak dio erregistratutako 3.248 biktima izan zirela, eta horietako 2.241 espediente ideologia politikoarengatik edo arrazoi etnikoengatik zuzenean, epaiketarik gabe, exekutatutakoei dagokiela», dio txostenak, nazioarteko berri agentziek ezagutarazitakoaren arabera.

Gbagbo, Hagan

2010eko azaroaren 28an egin ziren Boli Kostako presidentetzarako hauteskundeak. Laurent Gbagbo presidenteak ez zuen onartu Alassane Ouattararen garaipena eta bi hautagaien aldeko indarren arteko gerra hasi zen. Orain ezagutzera eman den txostenaren arabera, Gbagboren aldekoek –Armada, milizianoak eta Liberiako mertzenarioak– 1.009 pertsona exekutatu zituzten. Sarraski horien eraginez, Laurent Gbagbo Boli Kostako presidente ohia Hagara eraman zuten, Nazioarteko Zigor Auzitegiak epai dezan.

16.000 pertsona inguru elkarrizketatu ondoren egindako txostenaren arabera, Alassane Ouattararen aldekoek –FRCI Boli Kostako Indar Errepublikanoak, NBEren «bake indarrak» eta Armada frantsesa– beste 545 pertsona exekutatu zituzten, inolako epaiketarik egin gabe. Ouattararen alde aritu ziren dozo edo ehiztari tradizionalek beste 200 lagun hil zituzten. Ikerlariek dokumentatu dituzten beste exekuzioen egileak nortzuk izan ziren argitzerik ez dute izan egileek: kasu batzuetan herrietan sortutako autodefentsa taldeei egozten zaie exekuzioen erantzukizuna, eta, beste batzuetan, helburu eta interes ezezagunak dituzten talde armatuak daude exekuzioen atzean.

«Gizateriaren aurkako krimentzat edota gerra krimentzat har daitezkeen tankerako jarduerak izan zituzten bi aldeek», idatzi dute txostenaren egileek.
Legediaren arabera, txostenak ez du ikerketa judizial ofizial baten indarrik, baina Fiskaltzak  krimen horien arduradunak auzipetzeko erabil dezake lana, «susmagarrien gizarte mailari jaramon egin gabe». Hala ere, orain arte ezagutarazi diren datuen artean ez dira ageri krimen horien arduradunen izenak.

Ouattara herrialdeko egungo presidenteari berari leporatzen dio txostenak agintera iritsi ondoren Gbagboren 100 jarraitzaile atxilotu izana. Hala ere, agintariak berak honakoa nabarmendu du BBC telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean: «Txostena argitaratu ondoren, kriminalek ez dute inolako babesik izango. Utz diezaiegun auzitegiei beren lana egiten».

«Bi aldeek egindako ankerkeriei buruzko batzordearen arrakastak, Ouattara presidenteak agindutako justizia inpartziala bizkortu egin beharko luke», adierazi du Matt Wells Human Rights Watch AEBetan egoitza duen gobernuz kanpoko erakundeko ikerlariak.
Erredakzioetara ia egunero iristen zaizkigun berriek ez dute bat egiten Wellsen baikortasun horrekin. Esaterako, aurreko astean, abuztuaren 15ean, gutxienez bost pertsona hil zituzten (hiru zibil eta bi erasotzaile) Dabou hiriko instalazio militarren aurkako eraso batean. Leherketak ere entzun ahal izan zituzten herritarrek. Espetxe bat eta polizia etxe bat ere eraso zituzten asteazkeneko gaueko hamaiketan hasitako erasoaldian, baina ostegunean bertan Paul Koffi Defentsa ministroak esan zuen egoera erabat menderatuta zeukatela. Espetxeko 119 presoetatik 118 askatu zituzten erasotzaileek, Coulibaly komandanteak jakinarazi duenez.

Tankerako eraso ugari izan da azken asteotan Boli Kostan. Militarrak eta poliziak egon izan dira erasotzaileen jomugan. Gutxienez hamar uniformedun hil zituzten hilaren 5ean eta 6an. Ouattararen Gobernuak Gbagboren aldeko indarrei leporatu die eraso horien erantzukizuna.

Uztailaren 23an egindako beste eraso batek oso ezaugarri kezkagarriak izan zituen: UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren esku zen iheslari eremu bati su eman zioten ezezagunek, gutxienez hiru hildako eraginez. Beste iheslari asko erietxera eraman zituzten. Gerra zibilaren eraginez beren etxeak utzi behar izan zituzten 5.000 pertsona inguru bizi dira eremuan. Gerra zibilaren eraginez, ia milioi bat herritarrek beren etxeak utzi eta ihes egin behar izan zuten. Agintariek polizia ugari bidali zituzten erasoa izan zen eremura, mendekua hartzeko asmoak indargabetu nahian.

Bakea, oso urruti

Boli Kostako giroa aztertu berri du Fulgence Zamblek IPS berri agentziak banatutako txosten batean. Herrialdeko leku askotan oraindik soldaduak eta gizon armatuak direla nagusi nabarmendu du egileak, nahiz eta Ouattara presidente kargura iritsi zenetik urtebete baino gehiago pasa den: «Boli Kostako mendebaldeko sarraskiek eta Abidjan hiriburu ekonomikoan oso maiz entzuten diren tiro hotsek adierazten digute bakea iritsi arte oso bide luzea egin beharko dela oraindik».

Ohikoa da gizon armatuak kalean ikustea, Abidjanen bertan bezala herrialdeko eskualde askotan. Hiriburuko Abobo, Adjame eta Yopougon barrutietan, uniforme ezberdinak dituzten soldaduak egoten dira autoen zirkulazioa zaintzen. Kontrolak ere antolatzen dituzte.

Egungo agintariek esaten dute soldadu horiek desmobilizatutako borrokalariak izaten direla, Armadako kide ez direnean. Egoera ez dela hain larria adierazi nahi dute Gobernukoek, baina herritarrek oso bestelako egoera bizi dute. Askotan, IPSk banatutako lanaren arabera, armak erabiltzen dituzte edozein aitzakiarekin. Uztailaren 24an, esaterako, Polizia Militarraren eta FRCI Boli Kostako Indar Errepublikanoen arteko borroka izan zen, tiroka: emaitza, hiru hildako.

Tankerako gertakizun ugari izaten dira azken bolada honetan Boli Kostan. Beste egun batean, adibidez, soldaduek gazte bat hil zuten kalean, 600 CFA franko (1,20 euro, gutxi gorabehera) eman nahi ez zizkielako.

Uztailaren 27an, FRCIko soldaduek Yopougonen jarritako kontrol batean tiro egin zioten taxi bati, gidariak beraiek agindutakoa bete nahi ez zuelako: hiru pertsona oso larri eraman zituzten erietxera. Handik bi egunera, Abengourou ekialdeko hirian tankerako zerbait gertatu zen, baina emaitza tragikoagoarekin: bost biktima.

Abidjanen bertan egoitza duen Giza Eskubideen Boli Kostako Liga gobernuz kanpoko erakundeak salatu egin du talde armatu horien jarduera. Talde armatuek sarekada sistematikoak egiten dituztela eta nahi dutena atxilotzen dutela diote Ligakoek, eta kasu askotan denbora askoan edukitzen dituztela giltzapean atxilotutakoak, inolako berme juridikorik gabe, jakina.

«Gauzarik kezkagarriena da soldadu horiek bere kasa ibiltzen direla dirudiela, ez dutela agintariren baten agindurik izaten. Horien jarduera ezin dezakegu gertakizun bakantzat hartu, askotan errepikatzen da-eta», adierazi du Rene Hokou Legre Ligako presidenteak.
Begirale askok FRCIko soldaduei eta dozo ehiztariei leporatu diete zibilak erailtzea. Izan ere, gertakizun larri askotan ageri izan dira indar horiek. Iazko abenduan, esaterako, FRCIko soldadu baten eta Vavoua herriko zibil baten arteko borroka izan zen. Gizon armatuek sei zibil hil zituzten. Handik astebetera, tankerako istilu baten ondoren, beste lau pertsona hil zituzten hegoaldeko Sikensi herrian. Aurten, otsailean, ekialdeko Arrah konderrian, FRCIko soldaduen eta herritarren arteko borrokek hamar hildako eragin zituzten, zibilak gehienak. Beraz, ez da harritzekoa bertakoek Euskal Herrian horrenbeste entzundako «alde hemendik» oihuak botatzea kanpotik etorritako indar armatu horiei.

Desarme-politika

Fulgence Zamblek idatzi du istilurik larriena mendebaldeko Duekoue herrian uztailaren 20an gertatutakoa izan zela. Malinke etniako auzo batera sartu ziren lapurrak eta lau pertsona hil zituzten. Bertakoek berehala mendeku hartzea erabaki zuten eta guere etniakoen kanpaleku batera joan ziren, gerraren eraginez ihes egin behar izan zuten lagun asko hartzen dituen eremura. Datu ofizialen arabera, 11 pertsona hil zituzten orduan, horietako hainbat tiroz.

Giza eskubideen aldeko elkarteek dozo ehiztariei eta FRCIko soldaduei egotzi zieten tragedia, baina inguruan zeuden NBEko kasko urdinen jarrera ere salatu zuten, ez baitzuten ezer egin erasoa saihesteko.

Paul Koffi Koffi Defentsa ministroak telebista publikoan eman zuen esplikazioaren arabera, Laurent Gbagbo presidente ohiaren aldeko milizianoak bizi ziren kanpalekuan, eta bertatik irteten ziren lapurtzera.

Ezikusiarena egitea leporatu izan zaio Gobernuari. «Kasu guztietan, Gobernua gertatutakoari garrantzia kentzen saiatzen da, gehiegikeriak justifikatu nahian. Era horretan, soldaduen inpunitatea ikaragarria da eta Duekouen gertatutakoa inpunitate horren ondorio da», Marcellin Tanon Abidjaneko politologoaren arabera.

Desarme-politikak ez du aurrera egiten Boli Kostan, eta 2002. urteaz geroztik sortu diren gatazkek armaz josita utzi dute herrialdea. Maurice Zagol analistak uste du Ouattara presidentearen alde borrokan aritu ziren indarrak arazo bihurtu direla: «Horien aurka indarra erabiltzea beste matxinada bati ateak zabaltzea litzateke». Baina ezer egin gabe jarraitzea ez da hobea, erregimenaren sinesgarritasuna hankaz gora geratzen ari da-eta.