Iñaki Soto
2012ko Abuztuaren 24a
Autokritika ezkerreko politikaren motoretako bat da. Gogoeta klase hau, estrategiaren, ildo politikoaren eta jardun militantearen indarguneen eta ahulguneen balantzea egiten duen gogoeta, proiektu eraldatzaileetan aurrera egiteko bulkada da, hein batean senezkoa eta beste hein batean ikasia; nahitaezkoa nolanahi ere. Autokritika egitea bezain zaila edo are zailagoa da hortik ateratako ondorioak gure gain hartzea eta hauekin koherente jokatzea, baina hori beste gai bat da.
Jardunbide baten kritika egiterakoan oso ohikoa da «-itis» atzizki medikoa erabiltzea (otitis, faringitis… eta antzeko patologiei erreferentzia eginez). Zentzu horretan, duela zenbait urte, Euskal Herriko ezkerrean kanpaina bat bestearen atzetik eta norabide edo zentzu argirik gabe egiteko joerari «kanpañitis» deitu zitzaion. Esan ohi da Napoleonek arazo bat zuen bakoitzean batzorde bat antolatzen zuela. Tira, luzaroan Euskal Herrian arazo politiko bakoitzari kanpaina batekin erantzuten zitzaion, nahiko modu automatiko eta pentsatu gabean gainera. Hartara, autokritika zuzena zirudien. Nire ustez, bazen.
Kanpainen ordez, dinamikak
Nolanahi ere, jardunbide politikoan, ekinbide komunikatiboa argia izatea hil ala bizikoa da. Ondorioz, kanpainak zerekin ordezkatuko ziren pentsatzen hasita, «dinamikak» jarri ziren martxan. Hemen ere, aldaketa logikoa zirudien, kanpainei egiten zitzaien kritiketako bat beren arteko inkonexioa baitzen; alegia, ekinbide politikoak behar duen jarraikortasuna artifizialki mozten zen. Hala eta guztiz ere, horrek ez zuen helburu laburrago horiek lortzea ziurtatzen. Dinamikek etendura horiek apurtzen zituzten eta jarraikortasuna bermatzen zuten (gauzak ondo eginez gero, betiere). Bide batez, ahalegin honek komunikazio mailan arazo estrategikoak kokatzeko saiakera errazten zuen. Nire ustez, hau ere egia zen.
Gertatu ohi den bezala, kanpainen superabitaren kontzientzia berri hura jardunbide komunikatibo mota honen ia erabateko desagerpenarekin ordezkatu zen. Autokritika derrigorrezkoa dela esan dugu, baina sarri jarduera honetatik jokabide ziklotimiko bat eratortzen da: lehen gehiegi erabiltzen zen baliabidea ia-ia debekatua egotera igarotzen da (hauteskundeen salbuespenarekin, zenbait kasutan salbuespen hauek gogo txarrez edo mespretxuz onartzen baziren ere). Jakina, oreka hau lortzea oso zaila da, baina, autokritikak bere onena eman dezan, aipatutako joera ekiditea oso garrantzitsua da.
Autokritika hartatik urteak igaro dira eta, agian, bada garaia joera horiek orekatzeko. Dinamikek borroken ikuspuntu orokor bat eman dezakete, jarraikortasuna berma dezakete, baina auzi zehatz eta mugatuek kanpainak behar dituzte. Kanpaina bat «helburu zehatz batekin epe mugatu batean aurrera eramaten den ekimen komunikatiboen multzo antolatua» da, honela definitu daiteke, tentatiboki bada ere. Dinamikek ekimen multzo hauek barnebildu behar dituzte eta bien arteko koherentzia derrigorrezkoa da, noski. Auzi honetan marketin politikoak duen garrantzia azpimarratu nahi dut, eta adituei kasu egitea ere oso garrantzitsua dela esan nahi dut.
Gogoeta hauek ez datoz, inondik inora, hauteskundeen deialdiagatik eraginda, baizik eta presoen inguruan eta batez ere Iosu Uribetxebarriaren egoeraren inguruan piztu den dinamikaren harira. Baina beren balioa, dena dela, kasu horretatik harago doala uste dut. Aspalditik nuen kontu hau buruan eta honelakoetan egin ohi dudan saiakera egin dut berriro: Google-en «political campaign» eta «political dynamics» sartu ditut. Emaitza: lehendabizikoaren sarrerak politikagintzarekin eta praktika komunikatiboarekin lotutakoak ziren bitartean, bigarrenarenak teoriekin zuten lotura.
Ingelesa aipatu dudanez, nire beste obsesioetako batekin amaituko dut. Estrategia berriaren hartzaileak euskal gizartea eta nazioartea baldin badira, hobe da hainbat kanpainatan ingelesa lehenestea. Alor honetan zenbait saiakera ikusi ditut uda honetan. Bikain! •




