SENDAGAI GENERIKOAK... NOIZ? -

Medikuen errezetak amesgaizto bilakatu dira botikarientzat. Zergatik? Azken bi urtean lau aldiz aldatu direlako medikamentu generikoen gaineko arauak. Errezeta baten aurrean BOEko azken arauak errepasatu eta prezioen zerrenda begiratu behar izaten dute ze sendagai eman erabaki aurretik.

Amalur Artola

2012ko Abuztuaren 24a

Azkenaldian, oheratzen naizenean eleberri atsegin bat irakurri beharrean BOEa (Estatuko Aldizkari Ofiziala) aztertzen lokartzen naiz». Esaldia Angel Garay Gipuzkoako Farmazialarien Kolegioko presidentearena da eta ondo baino hobeto erakusten du botikarien artean dagoen ziurgabetasuna. Eta ez da gutxiagorako: azken bi urte eta erdian medikamentu generikoen gaineko lau agindu ezberdin argitaratu dituzte.

«Lehengo batean, botikari batek kontatzen zidan dagoeneko ez dakiela zenbat denbora daraman osasun aholkurik eman gabe. ‘Errezeta hartu eta aurpegira begiratzeko tarterik ere ez dut izaten, hura eskuartean hartu eta... orain zer egin behar dut?’ galdetzen dio bere buruari. Sekulako kaosa dago», ziurtatu du. Egun, botikariak hiru elementu hartu behar ditu kontuan medikamentua eman aurretik: errezeta osagai aktiboaren (adibidez, ibuprofenoa) edo markaren (adibidez, Espidifen) arabera egin den, osagai aktibo hori daramaten zenbat medikamentu generiko dauden eta zein den bakoitzaren uneko salneurria.

Izan ere, azken aginduaren arabera, botikariak merkeena den sendagaia eman behar dio bezeroari, eta, prezio bera duten kasuetan, generikoa. Errezeta markaren araberakoa bada, ea hori baino generiko merkeagorik dagoen begiratu behar du botikariak. Osagai aktiboaren araberakoa bada, merkeen zein dagoen begiratu behar du. Eta kontuan hartu behar du badaudela generikorik ez duten medikamentuak, baita hamar generiko dituztenak ere. Guzti horri laborategiek sendagaien prezioak hilabetero berritzeko aukera dutela gaineratzen badiogu, lanorduak salneurri zerrenden artean galduta ematen dituzten botikariak izango ditugu. Galduta, eta botika zergatik aldatu dioten galdezka dabiltzan bezeroei nola erantzun ez dakitela. «Batez ere betiko bezeroak direnean eta, nagusiki, euren errezetekin hilabetean behin etortzen diren adinekoen kasuan. Salneurri aldaketekin generikoen arteko aldaketak ohikoak dira, eta beraiek ez dute ulertzen lehengo hilean kaxa berdea eman bagenien orain zergatik ematen diegun berdea. Eta normala da, ez da erraza Clamoxil eta amoxizilina gauza bera direla, eta, aldi berean, osagai aktibotzat amoxizilina duten berrogei sendagai generiko daudela ulertzea...», kexatu da Estibaliz Goienetxea, Kolegioko idazkari teknikoa.

Generikoak eta ekonomia

Nahasmenaren nondik norakoak ulertzeko, komeni da zenbait alor azaltzea. Hasteko, nondik datozen generikoak. Labur azalduta: laborategi batek ikerketa egin eta medikamentu bat ateratzen du, hamar urtean berak soilik merkaturatzen du, eta, behin epe hori pasata, patentea agortu eta gainerako laborategiek osagai aktibo horren kopia egin dezakete. Kopia horiek dira medikamentu generikoak.

Ikerketarik egin behar ez dutenez, generikoak fabrikatzen dituzten laborategiek merkeago sal ditzakete sendagaiak (hau da, ez dute ikerketa faserako jarritako dirua berreskuratzeko beharrik) eta horrek eragina du enpresa farmazeutiko handietan zein ekonomian.

«Estatuek prezioak jaisteko erabili dituzte generikoak –ziurtatu du Garayk–: farmazialariei sendagai merkeena emateko agintzen badiezu, merkatuan jarraitu nahi badu markakoak ere prezioa jaitsi beharko du». Eta hala gertatu da, markako medikamentuek ere salneurriak jaitsi dituzte Estatu espainolean: «Eta hori oso ondo dago, baina azken bi urteetan oso garrantzitsuak diren medikamentuak, antikoagulatzaileak esaterako, etengabe aldatu behar izan ditu farmazialariak; generiko batetik bestera, markakora... denetik. Eta horrek nahasketa sor dezake pazientearengan». Pauso bat harago doa Goienetxea: «Nik uste aldaketok tratamenduak ondo ez joatea ere eragin dezaketela». Izan ere, azken arauak prezioen errebisioa hilabetero egin daitekeela eta laborategiek salneurriak borondatez jaits ditzaketela zehazten du eta, «orduan, talde bereko laborategiek prezio horretara egokitu behar dute, bestela finantzaziotik kanpo geratzen baitira. Gainera, badaude hornikuntza ziurtatzen ez duten laborategiak eta, merkeena eman behar badugu, gerta liteke, Galizian gertatu den bezala, dena agortzea... Zorionez, hemen eztabaida askoren ondoren utzi digute hornitzea ziurtatzen ez duten laborategiak ez onartzen...».

Garayk gaineratu duenez, etengabeko aldaketa hauek bereziki nahasgarriak dira adinekoentzat: «Kaxa ezberdinean datorren medikamentua, aurkezpen ezberdinarekin, beste kolore eta itxura batekoa... Adinekoek medikamentu asko hartzen dituzte eta aldaketa hauek arriskutsuak ere izan daitezke, erraza delako nahastea».

Orokorrean medikamentu generikoen aldeko apustua egiten ari bada ere, Estatu espainolean generikoen kaxetan osagai aktiboaren izena eta jarraian laborategiarena jartzea onartu zen (adibidez, amoxizilina-cinfa) eta, Garayren hitzetan, hori markari ematen zaion garrantziaren adierazle da: «Industriak ez du galdu markari ematen zaion garrantzia, baina, nik uste, Estatuak ez zuela onartu behar. Osagai aktiboa berbera dela sartu behar zaigu buruan, horren arabera identifikatu sendagaia; efektua egiten duena amoxizilin da, hori da medikamentua, eta ez Clamoxil».

Azpimarratzekoa da, esaten denaren aurka, medikamentu generikoek jatorrizko edo markako sendagaien osagai aktibo berbera eta kopuru berean izaten dutela, baina eszipienteak –osagarriak– ez dira berdinak izaten. Horrek, medikamentua “bera” izan arren –eragin terapeutiko bera duela alegia–, kolorea edota zaporea ezberdina izatea dakar. Hau da, medikamentua itxura batean ezberdin egiten duena eszipienteak direla, botikari kolore zehatz bat ematen dioten horiek, sabelean desegin dadila eragiten dutenak, osagai aktiboa ondo xurgatzea bideratzen dutenak... Gaineratu horiek guztiak.

Aldaketa guztion jatorriagatik galdetuta, Farmazialarien Kolegioko kideek aho batez erantzun dute: gobernu guztiek medikamentuen politikei begira hartzen dituzten neurri guztiak aurrezpen ekonomikora bideratuta egoten dira. «Ez dute erabakiok erabiltzaileengan izango duten ondorioetan pentsatzen, bestela ez lituzketelako halako neurriak hartuko», dio Garayk, eta Farmazia Komunitarioa aurrezteko faktore gisa ikusi beharrean baliabide sanitariotzat hartzeko eskaera egin du.

Farmazia osasun baliabide bat da

Salneurriak baxuagoak izatea egokitzat jotzen du Garayk, baina, aldi berean, arduratsu azaldu da: prezioak behera egitearekin batera igo egin da biztanleko hartzen den medikamentu kopurua. Errealitate horren aurrean, arlo profesionalean neurriak hartzeko gonbita egiten du: «Medikamentua ez da kontsumorako ondasun bat eta behar denean eta behar denerako soilik hartu behar da. Eta nik uste horretan profesionalok, sendagile zein farmazialariok, badugula zer egina. Denak izaki biologiko ezberdinak gara, ez digute berdin eragiten molekula edo medikamentuek, eta uste dut norbere terapian duen eragina ikusi behar dela. Utopia da agian, baina egokiena behar dena soilik hartzea da, ez gehiago eta ez gutxiago. Gehiegi hartzea ez delako ona, baina gutxiago hartzea ere ez... Badagoelako errenta baxua duelako medikamentuak hartzeari utzi dionik, eta hori izugarria da...».

Jarraipen eta ebaluazio horiek egiteko «egun ditugun sistema informatikoak», errezeta elektronikoak eta SPD sistemak –norberak egunero hartu behar dituen medikamentuak sailkatuta ontziratzeko doako sistema– gisako lanabesak aipatzen dituzte gipuzkoarrek.

«Hartzen ari diren neurriek medikamentuen prezioak jaisteko balio dute, baina laguntzen al dute osasunean? Eta hartzen al dugu kontuan larrialdietako kontsulta asko eta asko medikamentuen erabilera ezegokiaren ondorio direla? Goazen serioak izatera eta kontrol zorrotza eramatera», ziztatu du Garayk. Goienetxeak jarraitu dio: «Eta tratamenduen ebaluazioa egitera. Medikamentuak egiteko aurreko ikerketa eta ondorengoak egiten dira, hor badago kontrolik. Falta dena da pertsona bakoitzean medikazioak duen eraginaren ebaluazioa egitea, ikusteko ea merezi duen jarraitzeak. Eta hori medikuak eta farmazialariak egin behar dute». Gaineratu duenez, tratamendu kronikoekin dauden gaixoei ere apenas egiten diete jarraipenik.

Laborategietan egiten den kontrolari begira, Goienetxeak azaldu du generikoek biobaliokidetasuna –pertsonen organismoan eragin bera dutela– frogatu behar dutela eta neurketa hori egiterako orduan eszipienteak ere hartzen direla kontuan. «Eta denak egon behar du neurri oso zehatz batzuen barnean, bestela ez da biobaliokidea. Azken batean, biobalikodea izateak esan nahi duena da zientifikoki berdina dela». Alde horretatik, medikamentu generikoak «guztiz seguruak» direla argi dute bi botikariek eta horien kontra aipatu diren kontu guztiek ez dutela oinarri zientifiko irmorik iritzi dute.

Hala, generikoak zientifikoki berberak direla argi utzi eta pertsonon artean ditugun ezberdintasunen artean alde handiagoa dagoela azaldu du Garayk: «Digestio aparatua, zenbat urte ditugun... denak du eragina. Medikamentuek baino aldaera gehiago ditugu pertsonok eta, horregatik diot –errepikatu du–, medikamentuak egin behar duela guk egitea espero duguna. Ez bada hala, zer gertatzen den ikusi behar dugu. Metodoak, frogak eta material zientifikoa ditugu hori ondo egiteko».

Ikerkuntzarako inbertsioak

Generikoak egiten dituzten laborategiei leporatu ohi zaien kontu bat medikamentu berriak egitea “galarazten” dutela da. Ikerketak egiten dituztenak marka handiak dira, eta, zenbaiten ustetan, generikoak saltzen badira ikerketak egiteak errentagarri izateari utzi eta etxe farmazeutiko handiek ez dute inbertsiorik egingo. «Markakoak altxa egin dira, esanez haiek direla inbertsioa egin eta orain prezioa jaitsi behar dutenak... baina ez dugu ahaztu behar medikamentu biologikoekin finantzatzen direla», argitu du Garayk. Goienetxeak azaldu duenez, egun badaude 3.000 euro balio duten botikak, «eta soilik hogei konprimitu datoz...».

Gertuko etorkizunean «prezio benetan handiak» dituzten medikamentuak ikusiko ditugula uste dute, eta, horren aurrean, zer? «Gaixotasun oso larrien aurka eragin dezaketela erakusten badute erabili egingo ditugu, baina nola ordaindu? –galdetu du Garayk–; Osasun politika sendoak egin behar dira, ez soilik politika ekonomiko-sanitarioak. Pertsonen osasuna zaindu behar da, epe ertain-luzerako politikak behar dira, profesionalen parte hartzea sustatu eta horretarako bideak ireki, pazienteen jarraipena egin...». Horri “utopia” deitu dio Garayk, baina interesgarria litzateke utopiara iristeko ahalegina, behintzat, egitea.