Suitzatik Txinara, Argentinatik Senegalera, Errusiatik Euskal Herrira... Herriz herri eta, batez ere, mendiz mendi ibili da Juan Mari Feliu bere bizitza osoan. Euskal Herriko zein Nafarroako mendi federazioetako kide izateaz gain, European Ramblers Association elkarteko presidenteordea da. Bidaia horietan piztu zitzaion bildumak egiteko grina.
Ion Orzaiz
2012ko Abuztuaren 17a
Uharten Juan Mari Feliu mendizale eta bidaiari nafarrak duen etxean sartu eta bertan gordetzen dituen sekretu eta bitxikeria guztiak deskubritzea British Museum entzutetsuko biltegi batean edo Indiana Jonesen bulegoan galtzea bezalakoxea da. Urteetan zehar egindako bidaien testigantzak, hautsez beteriko mapak, txano exotikoak, afixak, aldizkari zein egunkari horituak, panpinak, postal zaharrak, billeteak... eta liburuak. Liburu mordoa. Egiazki, halako bi edo hiru etxe beharko lituzke Feliuk bere pisuan gordetzen dituen objektu guzti-guztiak sailkatu eta ikusgai paratu ahal izateko. Halakorik ez du, ordea, eta oroitzapenak pilatu egiten zaizkio apalategietan, lurrean edo paretetan iltzatuta.
Mundu osoa zeharkatu du Juan Marik. Txina, India, Suitza edo Peru bezalako herrietan bizitako esperientzia bakoitzak utzi dio zimurren bat aurpegian, eta horren guztiaren testigantza osatzen dute orain artean argitaratu dituen 20 bat liburuek eta hamaika hedabidetan idatzitako artikuluek (tartean, GARA egunkarian eta “Gure Mendiak” edo “Pyrenaica” bezalako aldizkarietan). Baina, mendi-gidak eta erreportajeak bainoago, mendizale iruindarraren bizitza zirraragarriaren erakustokirik garbiena bere etxea bera da. Herrialde bakoitzean topatutako txikikeria ezdeusenak ere biltzen ditu, eta urrea bailiran gorde. Posterrak eta txiskeroak. Betaurrekoak zein pegatinak. Pospolo kutxak edo labanak.
1950eko hamarkadan hasi zen Feliu objektuen bilduma egiten, artean gaztetxo bat besterik ez zela: «Mendiko materiala biltzen hasi nintzen, 13 edo 14 urte nituela. Motxilak, zorroak, eskiak, betaurrekoak... baina baita nire kaierak ere. Mendian bizitako esperientziak idazten nituen. Koaderno horietako bati ‘Ekaitzen liburua’ izena eman zioten lagunek, bertan idatzitako pasadizo guztiei kutsu epikoa zerielako. Istorioak idealizatzen nituen. Finean, mutiko bat nintzen, eta gauzarik arruntenek ere liluratzen ninduten. Gaur egun, testu horiek irakurtzeak barregura ematen dit, ortografia txarrarengatik batez ere, baina altxorrak balira bezala gordetzen ditut».
Gazte denbora horietatik, bidaiari beteranoak beti izan du gauzak gorde eta sailkatzeko irrika. «Artxibozain bokazioa» esaten dio berak. «Agirizain lana egin izan dut nire bizitza osoan. Eusko Alkartasuna alderdiko militante nintzenean, frankismo garaiko egunkari zaharrak biltzen eta albiste interesgarriak mozten hasi nintzen. Gerora, liburu bat ondu nuen horrekin: ‘El montañismo navarro visto a través de la prensa’».
Arrazoi ezberdinengatik egiten ditu Feliuk bere bilduma guztiak. Estresa kentzeko, batzuk; objektuek balio sentimentala dutelako, beste zenbait; eta behin baino gehiagotan, trasteak pilatu egiten zaizkiolako, besterik ez: «Nire bildumetako batzuk kasualitatez egin ditut ia, mendiko materialarena kasu, arian-arian objektu ugari etxean pilatu zaizkidalako, baina beste hainbat apropos egindako bildumak dira: seiluak, afixak, billeteak, garagardo botilen etiketak... Bilduma batzuk bertan behera utzi behar izan ditut, leku gehiegi kentzen zidatelako. Estreinatu gabeko kamiseten bilduma nuen, adibidez, baina janzten hasia naiz jada, gehiagorako tokirik ez dudalako».
Ondorio terapeutikoak
Gailuak, dokumentuak eta bestelako objektuak biltze hutsak efektu terapeutikoa izan dezakeela uste dutenetakoa da esploratzaile nafarra. «Gauzak biltzea zaletasuna da niretzat, hobby-a, baina estresa gainetik kentzeko modu bat ere bada. Askotan, lanean ari naizenean, zoratu egiten naiz dokumentu eta e-mail guztiekin, eta une horietan, nire bildumak sailkatzen hasten naiz. Arrunt lasaigarria da».
Eta nola lortzen ditu Feliuk oroigarri eta bitxikeria horiek guztiak? Gorago aipatu bezala, gehientsuenak bidaietan erositakoak dira, eta gainontzekoak, senide eta lagunek oparitutakoak. «Lagunak ongi heziak ditut jada, eta bidaia bat egiten duten bakoitzean, hainbat oroigarri ekartzen dizkidate. Dena den, nahiago ditut nik neuk topatutako edo erositako objektuak, ukitu pertsonalagoa duten bildumak egitea gustuko dudalako».
Bildumak egin bai, baina horiek patxadaz ikusteko eta garai zaharrak gogora ekartzeko astirik ez omen du uhartearrak. «Ipurterre hutsa naiz, geldi egoten ez dakien horietakoa. Lagunen bat bisita egitera etortzen zaidanean, aukera baliatzen dut esperientziak gogoratzeko. Afarietara ere albumak eramaten ditut, eta iragana gogora ekartzen dugu. Baina une horiek kenduta, ez dut nire bildumak ikusteko betarik ere».
«Tsunamien gela»
Bere etxean zehar egiten ari garen bisita gidatuan, gela txiki batera heldu gara. Ez dago ia altzaririk. Liburuz eta albumez beteriko apalategiak paretetan, ez besterik. Eta gelatxoaren erdian, lurrean bertan, dokumentu zaharrez osatutako multzo erraldoia. Paperezko iceberga, oroigarrien eta objektu bitxien ozeanoan. Hanka-puntetan jarrita, solasaldiarekin jarraitu dugu, paper mendiaren alde batetik bestera hizketan. «‘Tsunamien gela’ izena eman diot honi, dokumenturen bat hartu nahi dudan bakoitzean, paperezko olatu bat sortu eta dena lurrera erortzen delako», aitortu digu.
Ibiltzeko tokirik ere ez dugu, egunkari, eskuorri eta afixen artean, baina, gezurra dirudien arren, anabasa ez da erabatekoa. Kaos ordenatua da Feliuk etxean duena. «Oso metodikoa naiz gauzak biltzerako orduan. Dena ordenatuta daukat. Argazki zaharrak, adibidez, urtez urte sailkatuak ditut [1926ko argazki multzoa hartu eta banan-banan erakutsi dizkigu]. Badakit gauza bakoitza non dagoen».
Ordubetez ibili gara bilduma guztiak aztertzen, argazki-albumak begiratzen, egunkari zaharrak irakurtzen eta antzinako mapak kontsultatzen, baina, hizketaldi atseginaren ostean, galderarik onena ez du artikulua sinatzen duen kazetariak egin, orain arte hitz erdirik ere esan ez duen argazkilariak baizik: «Etxean sute bat piztuko balitz, zer salbatuko zenuke?». Kopeta ilundu eta pentsakor gelditu da Feliu. «Egia esan, ez dakit. Seilu bilduma, edo billeteena, agian, edo postalak, edo...». Ezin bakar bat aukeratu. Zehazteko eskatu diogu. «Ezin dut. Halako zerbait gertatuko balitzait, neure burua leihotik behera botako nuke, eta kito!», esan digu, barrez. Hala ere, agerikoa da maitasun handia diela gordetzen dituen zigiluei; akaso, bilduma guztien artean kutunena du hori: «Gure anaia zena oso filatelista handia zen, eta bilduma handia zuen. Nik gutxi batzuk besterik ez ditut gordetzen, balio sentimentalarengatik, batez ere. Gainontzekoak saldu egin nituen aspaldi, tokirik ez nuelako etxean».
Orain, Feliu prest dago berriz ere motxila hartu eta munduko bazterrak zeharkatzeko. Europa, Asia eta Amerika aldean ibili ostean, Afrikara itzultzeko gogoa duela aitortu digu, baina hori uda pasata izanen da, urte amaiera aldera: «Egitekotan, bidaiak neguko hilabeteetan egiten ditut, hainbat arrazoirengatik: jende gutxiago ibiltzen delako, hegaldiak eta hotelak merkeagoak direlako eta Euskal Herriko hotzetik ihesi, lurralde epelagoetara joatea gustuko dudalako. Seguru asko, Senegalera itzuliko naiz hemendik gutxira». Auskalo zerekin beteko duen zorroa mendizale nafarrak oraingo honetan. •




