1986. urtean sortutako Ziklox Garaialde taldearen errautsetatik sortu zen Manillares Iturriaga, 2010ean. Alegiako taldeak jende ezberdin andana bildu du herrian musikaren inguruan. Bertsioak kantatzen dituzte, eta joaten diren tokietan izugarrizko jai giroa sortzen dute. Ez da harritzekoa, 30 kantari inguruko talde batez hitz egiten ari baikara...
Fausto Berazadi
2012ko Abuztuaren 17a
Alegiako Txintxarri Abesbatzak 50 urte betetzen zituela-eta hasi ziren biltzen Manillares Iturriagako taldekideak. 2010eko apirila zen eta abesbatzaren urtemuga ospatzeko herri guztia kantuan jarriko zuen Musikaz Blai ikuskizun musikaturako zerbait egitea pentsatu zuten.
Gisa horretan deskriba daiteke Manillares Iturriagaren hasiera. Baina taldeak badu beste aurrekari garrantzitsu eta ahaztezin bat ere. Izan ere, 1986. urtean, Euskal Herrian rocka eta punka pil-pilean zirela, Alegian bertan sortu zen Ziklox Garaialde taldeak eragin handia izan du egitasmoan. Entseguak bizikleta tailer batean egiten zituztelako jarri zioten taldeari izen xelebre hori. 2010ean, Ziklox Garaialdek abesbatzaren urteurrenerako berriz bildu behar zuela-eta, herriko musikari gazteei laguntza eskatu zieten taldekideek, Paulo Garaialde baxu jotzailea 1995. urtean hil baitzen. Gainera, kantak jotzerako orduan ere laguntza ederki etorriko zitzaiela ondo zekiten Ziklox Garaialdeko kideek, hasierako taldetik bik bakarrik jarraitzen baitzuten indarrean. Gazteak segituan jarri ziren lanean, ilusioz eta gogoz. Egitasmoak izandako arrakasta ikusita, jarraitzea erabaki zuten.
Ziklox Garaialderekin zerikusia zuen izenen bat behar zutela pentsatu zuten orduan, talde berriari jartzeko. Manillares Iturriagako kide den Julen Goikoetxeak adierazten duenez, «Zikloxen antzeko izen bat nahi genuen. Baten batek ‘Manillares’ bota zuen eta denoi gustatu zitzaigun. Gero izenak abizen bat behar zuela-eta, ‘Iturriaga’ bota zuen beste batek. Eta halaxe sortu zen izena, lagun giroan». Alegian duten herri giroak eta adin ezberdinetako herritarren arteko laguntasunak zerikusi handia izan dute taldearen eraketan, ezbairik gabe.
Ziklox Garaialderen ibilbidea
Bi urtez ibili ziren kontzertuak ematen Ziklox Garaialdeko kideak, 1986an hasita. Hor ziren Iñaki Navarro eta Xabi Navarro anaiak, lehena gitarran eta baterian bigarrena; Manillaresen jarraitzen duten bakarrak dira. Paulito Garaialde zen baxu jotzailea eta koroak ere egiten zituen, eta, azkenik, Piti Garmendia abeslaria eta turuta jotzailea zen. The Clash, Madness edota The Specials bezalako talde mitikoen bertsioak taularatzen zituzten, euskaraz. Bitarteko gutxirekin hasi ziren, ahal zuten moduan. Euskal Herrian musika grina izugarriarekin bizi zen garaiotan, eta, halako mugimendu indartsua ikusita, beraiek ere animatu ziren musika egitera. Kontzertuetara jende asko eramaten zuten, herritarrak gehienak, eta kontzertua eskaintzen zuten taberna, gaztetxe edota aretoan alkohola amaitzea ez zen arraroa izaten, izugarrizko parrandak egiten baitzituzten. Taldekideak 1995. urtean bildu ziren, Paulito baxu jotzailea hil zenean. Navarro anaiek musikaren munduan jarraitzen zuten eta herriko beste lau musikari batu zitzaizkien orduan, berriz ere hainbat kontzertu emateko.
2010 eta 2011 artean, berriz bildu eta disko bat grabatu zuten, 2011ko ekainean argitaratu zutena. Horrenbestez, 25 urte eta gero, lehen diskoa kaleratu zuten: “Urteak ez dira alferrik pasatzen”.
Manillares Iturriagaren ibilbidea
Bi urte eskasen ondoren, sona handia lortu du Manillares Iturriaga taldeak Alegian. Musika talde bat baino gehiago direla diote, «kolektibo» bat alegia. Guztira 25 lagunetik gora dira taldean. «Zahar, gazte, heldu, langile, langabe, neska, mutil... edozeinek abesten du Manillaresekin. Taldekideei zein kantaren bertsioa abestu nahi duzun esan, eta, entsegu gutxi batzuen ostean, musika talde batekin gogoko duzun abestia kantatzeko aukera duzu», azaldu du Goikoetxeak. «Bertsioak jotzen ditugu, baina kanta bakoitzean abeslari ezberdina igotzen da taula gainera», gaineratu du. «Musika instrumentuak jotzeaz dozena bat lagun inguru arduratzen gara, tartean Navarro anaiak. Besteak animatu eta gurekin kantatzera datozen abeslariak dira», agertu du taldeko bateria jotzailea den Julen Goikoetxeak.
Ederra da ideia. Herriko rock musika talde batek gustuko abestia eurekin abesteko aukera ematea herri guztietara zabaldu beharko litzatekeen aukera izan beharko litzateke. Beraien leloa argigarria da oso: «Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!». Eta ez zaie arrazoirik falta, ez horixe. Are gehiago, geroz eta jende gehiago animatzen da kantatzera. Herriko taberna batean kontzertuen aurretik zerrenda bat irekitzen dute, edonork parte har dezan gustuko kanturen batekin.
Edozein herriko jaietara joan eta arrakasta lortzeko osagai ezin hobeak ditu Manilarres Iturriaga taldeak. Batetik, kanta ezagunak jotzen dituzte. Bestetik, taldekideen artean sortzen den saltsa kutsatzeko gai dira. Izan ere, alegiar hauen izaera parrandazalea ezagututa, ez dago zalantzarik oholtzaren azpikoak dantzan eta kantuan jarriko dituztela euren animo, oihu, dantza xelebre eta mozorroekin.
Taldearen lana plazaratu eta harremanak indartzeko asmoz, sarera ere egin dute salto: wwww.manillar.es helbidean kontzertuen eta beraien jardunaren berri ematen dute. Horrez gain, badute Twitter kontua ere: www.twitter.com/Manillares. Azken urteotan sare sozialek duten garrantziaren jakitun, Facebooken ere badute beraien orrialdea. Argi beraz bizikletaren eskuleku edo “manillar” gainean aldapa behera datozen hauekin!




