-

Euskara hutsean bizi gaitezke. Horretarako lanean jarduten dira Ueman. Baina kontzientziazioa eta motibazioa landu behar dira oraindik.

Beñat Alberdi

2012ko Abuztuaren 17a

Euskara hutsez bizitzea dauka helburu. Euskararen erabileraren datuak eta bizitzaren arlo guztietan gure hizkuntzan mintzatzeko aukerak ardatz hartuta, errealitate posible baina ezberdin bat sortu nahi du, lurralde guztietako udalerriekin batera lanean.

26 urte dauzka. Jende asko harritu du bere gaztetasunak. Hala ere, botatako argudioek, eskainitako irribarreek eta edozein plangintzaren inguruan ematen dituen azalpenek argi uzten dute zergatik den uneotan Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria. Ziurra, hurbila eta gozoa da; Euskal Herri euskalduna lor daitekeela sinestarazteko beste.

Egoera ez da erraza. Baina pausoz pauso iristen da bukaerara. Norbanakotik hasi eta erakunde publikoetara iritsi arte, helburu txikiak betez ibili nahi du bergararrak. Euskal Herri euskaldun bat «posible» delako.

Nola bukatu zenuen Ueman?

Orain dela urte eta hilabete zinegotzi aukeratu ninduten bergarako herritarrek. Ostean, iraila bukaeran, proposamena egin zidan Bilduk. Baiezkoa eman nuen eta aurrera egin genuen.

Ze suposatu du Uemako lehendakari izateak zuretzat?

Hasiera batean bertigo pixka bat eta beldurra neuzkan. Azkenean erakunde potente bat da, Euskal Herri mailan funtzionatzen duena. Bueno, Hego Euskal Herrian, lau lurraldeetan eta 61 udalekin. Horrek badauka bere garrantzia. Gaur egun, nire egunerokoan, lan bat suposatzen du, baina, era berean, uste dut ohore bat dela euskararen alde lan egitea, eta, gainera, Euskal Herri mailako erakunde batean.

Aldatu al da euskararekiko zure ikusmoldea?

Bai, asko. Nik beti esan izan dut euskaraz bizi naizela eta kanpoko jendearekin egiten dudala erdaraz. Baina orain konturatzen naiz pentsatutakoa baino gehiago egiten dugula erdaraz edo egiten dudala behintzat. Orain interes berezia jartzen dut euskaraz egiteko eta arreta gehiago jartzen dut ingurukoek ere nola egiten duten, kalean kartelak nola dauden...

Lehen, igual, gehiago tematzen nintzen «euskaraz egin behar dugu» esaten. Konturatu naiz horrek ez duela askorako balio. Orain gehiago elkarrizketetan sartzen naiz euskaraz eginarazten. Jendeari ez diot zuzenean esaten, baina bai saiatzen naiz euskara gailen dadin.

Zein helburu zeuzkan Uemak sortu zenean?

Uema hiru helbururekin sortu zen. Udalerri euskaldunetan euren bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz egiteko bideak zabaltzea edo lantzen joatea. Bigarrena, euskara nagusi izango zen lurgune bat osatzen joatea eta udalerri ezberdinak elkartzea. Eta, azkena, udalerri euskaldunen garapen sozioekonomiko eta kulturala bultzatzea. Hasieratik gehien landu diren helburuak izan dira lehenengo biak. Arlo sozioekonomiko eta soziokulturalak bultzatzen hasiera batean saiatu ginen, baina gaur egun oso gutxi egiten da, kultura mailan zer edo zer gehiago. Arlo sozioekonomikoan ezer, gainera, egoera ekonomikoak ez du laguntzen.

Eta gaur egun?

Konturatu gara helburu horiek betetzeko hasieratik hona gure bidetik pixka bat irten garela. Orduan berriro hartu ditugu helburuak eta ildo estrategikoak gabiltza lantzen. Horretarako, martxan jarri dugu batzorde misto bat. Langileek eta zuzendaritzako hainbat kidek osatuta dago eta hor gabiltza denon artean lanean. Uemak berak ze ekintza egingo dituen eta zein zerbitzu emango dituen erabaki behar dugu.

Zer dela eta iruditzen zaizue bidetik atera zaretela?

Azkenaldian badago euskara zerbitzu bihurtu denaren sentsazioa eta hori ez da gure helburua. Horretarako badira beste hainbat enpresa eta guk uste dugu harago joan behar dugula. Gure lana politikoa izan behar da. Egia da hainbat udalerri txikik baliabide propiorik ez dutenez, zerbitzuak eskaintzeko laguntza emango diegula. Baina hori baino harago joan behar dugu. Batez ere herritarrak euskaraz bizitzeko bideak lantzera eta arnasguneak, euskaraz bizi diren lurguneak, hedatzera. Modu horretara, gure ustez, erabilera handitu egingo da.

Zergatik diozu euskara zerbitzu bihurtu zaretela iruditzen zaizuela?

Azkenaldian asko mugatu gara diru laguntzak lortzera edo ekintza konkretu batzuk egitera. Egia da Uema 61 herrik osatzen dutela eta asko oso txikiak direla. Beraz, ez daukate euskara teknikaririk. Horregatik, kartelak euskaratzen, diru laguntzak bideratzen eta halakoetan aritu izan gara askotan. Nik uste dut hori egitea beharrezkoa dela, baina hortik aurrera kontzientziazio eta transmisio lan bat egin behar dugula.

Bestetik, herritarren artean Uema zer den eta zertarako balio duen zabaldu nahi dugu. Azkenaldian galduta dagoen zerbait da. Herri asko Ueman daude baina herritarrek ez dakite. Askotan udal barruan geratzen den erabaki politikoa da.

Zein funtzio betetzen ditu, gaur egun, Uemak?

Zerbitzu izatera mugatu gara. Egia da zazpi langile daudela eta 61 bat herri, herri asko dira eta lehengo antolaketa moduarekin gaur egun ezin dugu erantzun behar den bezala. Orduan ildo estrategikoa ondo finkatuko dugu. Horren araberako antolaketa berri bat osatuko dugu eta ekintzak finkatzen joango gara.

Beharrezkoa al da Uema Euskal Herrian?

Nik uste dut baietz. Uemak egiten duen lana –eta hemendik aurrera nik uste lan politiko handiagoa egingo duela– beharrezkoa da. Gure lana Euskal Herri mailakoa izatea nahi genuke nagusiki; orain Hegoaldean gabiltza, baina badaukagu asmoa Ipar Euskal Herrian ere hasteko. Oso egoera ezberdinak dira, bai legedia aldetik bai ezaguera eta erabilera aldetik ere. Baina, poliki-poliki, gure helburua da denok euskaraz bizitzea.

Ohikoa da euskaraz dakien jendea gazteleraz entzutea...

Orain dela aste gutxi atera zuen Soziolinguistika Klusterrak euskararen erabileraren inguruko txostena. Ez da jaitsi eta hori ez da txarra. Baina ezaguera igo den momentutik erabilera igo egin beharko litzateke. Nik uste hor kontzientziazio falta bat dagoela euskaldunon aldetik. Ez dakienak ikastea oso ondo dago, baina dakienak erabili egin behar du. Hori barneratu behar dugu benetan euskaraz bizi nahi badugu. Guk erabili behar dugu eta horretarako aurrerapausoak geuk eman behar ditugu, norbanakotik hasita. Gero erakunde publikoek ardura ere badaukate. Baina nik uste norbanakotik hasi behar garela.

Ueman buru-belarri ari gara ildo estrategikoak finkatzen eta aurreikusita daukagu euskararen erabilera bultzatzeko ekintzak martxan jartzea. Gero, lurralde bakoitza ez da berdina. Adibidez, Gipuzkoa edo Araba. Gipuzkoan behintzat ezaguera maila oso altua da, nahiz eta gero erabileran ikusten dugun hobe daitekeela.

Erabilera eskasa da euskararen gaitz larriena. Zein tratamendu dituzue buruan?

Kanpaina diferenteak egin izan dira eta guk jarraituko dugu kanpaina ezberdinak egiten. Baina norberak oso garbi izan behar du norberak eman behar duela euskara erabiltzeko urratsa. Orain arte egin diren kanpainak ikusi eta hausnartu beharko dugu benetan zertan huts egin den. Lan asko egin da eta diru asko inbertitu da, baina, era berean, ahalegin horiek emandako fruituak ez dira izan guk nahi genituenak. Azken hamar urteotan erabilera ez aurrera ez atzera geratu da, beraz, hor arazo bat daukagu. Ez dugu asmatu nola bultzatu erabilera. Hortxe gure erronka, beraz.

Klusterrak dio erabilerak ezin dezakeela gora egin elebidunen kantitatea eta euskararen erabilera ahalbidetzen duten sare zein guneen kopurua handitzen ez bada.

Euskaraz bizitzeko gune horiek beharrezkoak dira eta udalerri euskaldunak, arnasgune direnak, nahi ditugu elkartu. Denon indarra batuta handiagoa izango da. Nik uste gune horiek beharrezkoak direla, baina jendeak kontzientziatu behar du gune horietara euskaraz eginez joateko. Horretarako Uemak berak bere bideak jarriko ditu.

Etorkizunerako zer plantea daiteke?

Jendea euskaraz bizi dadin motibatzen asmatu behar dugu. Esatea: ni euskaraz bizi naiteke eta euskaraz bizi nahi dut gainera. Nik errespetatzen ditut besteen hizkuntzak, baina nirea ere errespetatu behar dut. Eta hori batzuetan ahaztu egiten zaigu.

Posible da igoera?

Bai, nik uste dut posible dela. Adibidez, Klusterrak esaten du azkenengo urteetan Araban ezaguera igo egin dela. Nik uste Gipuzkoako egoera jada nahiko ondo ikusten dugula eta lasaitu egin garela. Hor falta zaigula kontzientzia. Baina beste gune batzuetan igo da. Esaterako, ni Gasteizera joan izan naizenetan konturatu naiz badoazela poliki-poliki guneak euskalduntzen.

Kostatzen da jendea txip horretan jartzea, baina nik uste dut posible dala. Masa elebiduna igo den heinean, motibazioa eta kontzientziazioa ondo lantzen baditugu eta asmatzen badugu, posible da. Beharrezkoa da, gainera, euskaraz bizi nahi badugu.

Zein pauso eman behar dira norabide horretan?

Formula ez da berria, beti-betikoa da: dakigunek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea. Oso garrantzitsua da erakunde publikoek ere kontzientzia hori edukitzea eta beren zerbitzuak euskaraz emateko aurrerapausoak ematea.

Udalez osatutako mankomunitatea da Uema azken batean. Zer egin dezake udal batek euskararen egoera hobetzeko?

Lehenengo garbi izan behar dute euskaraz bizitzea nahi duten edo ez. Behin hori erabakitakoan, lehen gauza da egoeraren diagnostikoa egitea, herriarena eta udalerriarena. Horren arabera helburuak eta irizpide batzuk finkatzen dira.

Udal batek bere zerbitzu denak euskaraz ematen baditu, herritar batengan eragin handia dauka horrek. Gauza askotarako jotzen dute herritarrek udalera. Bestalde, udal batek mila zerbitzu ematen ditu, aisialdi mailan, kirol arloan, errolda kontuetan... Horiek denak euskaraz eman beharko lituzke.

Eta gero, nik uste dut udal batek eragin dezakeela beste erakunde publikoetan. Eska dezake Diputazioarekin harremanak euskaraz egitea. Jaurlaritzarekin ere bai. Hor udalak aktiboak izan behar dira; hori behar-beharrezko da. Azkenean herriaren ordezkariak zinegotziak dira. Bakoitzak bere herrian eta inguruan eragina dauka.

Udalen jarrera aktibo hori ohikoa al da?

Normalean Ueman dauden udalak kontzientziatutako udalak dira. Hainbatek esaten digute: oso txikiak gara eta baliabideak falta zaizkigu. Laguntza gehiago behar dituzte, beraz. Beste batzuek, Bergara bera adibidez, euskara zerbitzu propioa daukate eta erraztasun handiagoak dituzte. Normalean Uemako teknikariekin finkatzen diren irizpideak betetzen saiatzen dira. Igual azkenaldian erabaki politiko bat izan da Ueman sartzea edo ez. Orain nahi duguna da herriak berak eskatzea eta udaleko langileek beraiek ere ikustea Uemako kide izatearen beharra. Herri horri Ueman egoteak abantailak ekartzen dizkio herriari eta herriak berak eman egiten dio Uemari. Nik uste elkargunerako toki bat dela.

Zein baldintza eskatzen zaizkio udal bati Ueman sartzeko?

Hiru baldintza bete behar dira: lehenengoa, herritarren %70 euskalduna izatea. Bigarrena, borondate politiko agertzea, hau da, udalbatzak plenoan onartu behar du Ueman sartzea eta horretarako bertako estatutuak ere onartu behar ditu. Hirugarrena, urtean kuota bat ordaintzea.

Zenbat udal daude uneotan Ueman?

Momentu honetan ofizialki 61 udal daude. Irailean sartuko dira beste bost berri: Oñati, Getaria, Mañaria, Ondarroa eta Erantzi. Nik urrian hartu nuenetik kargua udal dezente jarri dira gurekin harremanetan. Aurkezpen dezente egin ditugu herri ezberdinetan, batzuetan politikoei bakarrik eta beste batzuetan politikoei eta udal langileei. Datorren urtera begira espero dugu udalerri gehiago sartzea. Egia da egoera politiko berriak eragin handia izan duela, politikoki euskararekiko atxikimendua asko hazi dela eta horren ondorio dela igoera. Herri askok deitu izana eta behintzat lehen kontaktu hori euren aldetik eman izana oso garrantzitsua da nire ustez.