2012ko Abuztuaren 17a
Seiak ziren, hitzartutako ordutik hamar minutu berandu. Klabean eman zidaten izenez deitu eta aspaldian nobelarekin nola nindoan galdetu zidan. Burua jaitsi nuen elkarrizketa aitortzeko, eta aurpegira begiratu nion gero, ez zihoala gaizki, eta ea bera zer moduz.
Aurpegieran ez zuen ezaugarri nabarmenik, eta ez nintzen bere jiteaz gogoratuko, harrapatutakoan, aginduak nork eman zizkidan galdekatzen nindutenean.
Tabernaren bazterrera mugitu ginen. Sarrerara begira bera, eta ni neu, besteizenez nintzenari eutsi naiz, leihotik begira, kalean jendeak bere egitekotan hain modu arruntean nola demontre jarrai zezakeen galdezka.
Edo gu nola heldu ginen haraino.
Ez zidan gauza handirik esan. Auto bat etorriko zela nire bila hamar minutura: beltza, argiekin kliska egingo zuela, neu espaloi ertzean zain egiteko eta gelditu gabe eramango nindutela.
Gero han gauzak nola ote ziren galdetu zidan.
Han?
Bazekien urteak zirena itzuli ez nintzela. Neu bezala ilusio batean bizi ote zen gizona?
Amaitu nuenean seinale bezala zekarren egunkaria berriz bildu eta keinu egin zidan bekainarekin. Berriz ez ikustea desiratu nuen, etorkizunarentzat hori ona izango zen ala ez ondoegi jakin gabe.
Bion kafeak ordaintzeko utzi, eta kalea gurutzatzen deneko semaforoen parean zain geratu nintzen.
Autoa ez zen beltza. Adin ertaineko gizonezko batek neraman. Ez zidan galderarik egin bidean zehar. Atzean autoaren kristalak ilunean lausotuak zeuden, nahitara, kanpotik barrukoaren berri izan ez dezaten, baina barrukoak ere nondik nora doan ikus ez dezan.
Etorkizunera begiratzeko autoko gidariaren kristaletik ikusten ziren seinaleetan neure burua kokatzen saiatu nintzen. Oostendetik 40 kilometrora bidezuri bat hartu zuen, baso ertzetik ibili ginen, eta soilgune batera atera ginenean, autotik jaitsarazi ninduen. Han beste auto bat genuen zain. Bisera bat eta eguzkitarako betaurrekoak eman zizkidan. Hark bidegurutzetan galdu ninduen.
Begiak itxita ilun, errealitatea modurik opakoenean, neure familia irudikatu nuen, Angeluko hondartzara joateko poltsa prestatzen etxean. Eta Les Duneseko olatua hondar haitzaren kontra eta karta jokoan udako egunaren denbora erretzen seme-alabekin.
Etxe bat izan zen ezagutarazi nuen hurrengoa. Autoa garajean utzi eta goiko solairura eraman ninduen.
Zer moduz?
Etxeko argibideak eman zizkidan: bakarrik egongo nintzela egunetan, lasai egoteko, jasoko nuela seinaleren bat. Arretarik ez pizteko. Jatekoa bazela despentsan eta irrati txiki bat eta liburu batzuk seinalatu zizkidan, ordu hilak pasatzeko.
Besterik?
Larrialdi kasurako zenbaki eta kontrazeinua utzi zituen hozkailuan imanari itsatsita.
Atea itxi zuenean bakarrik geratu nintzen. Leihotik begiratu nuen eta hamazazpi gauetan inork ez zuen etxea inguratu.
Elurra egin zuen.
Zergatik egin ote genituen gauzak horrela?
Gero hilabete lehenago tabernan agurtu ninduen gizon bera agertu zen etxera.
Itzultzeko ordua zela esan zidan. Nire gauzak biltzeko. Auto bat izango nuela zain hamabost minutu barru. Lasai hartzeko. Dena prest zela.
Nire benetako izenez deitu ninduen.
Bisera eta betaurrekoak jantzita, une batez neure familia ikusi nuen Angeluko hondartzan, berriz. Eurengana joateko moduan izango nintzen orain.
Erortzen sentitu nuen neure burua. Ezagunen besoetara erortzen, baina erortzen, azken batean. •




