40 URTEKO HEMEROTEKA -

Gogoratzen al zara Berlingo harresia erori zeneko «Egin» egunkariko lehen orriaz? Eta Ardanza lehendakari izendatu zuteneko «Deia»-ren azalaz? Gogoratu bakarrik ez. Gordeta dauzka oñatiarrak. Urtez urte bildu ditu arlo edo ildo ezberdinetako idazkiak, bere etxea liburutegi propioa bilakatzeraino. Baina gorde bakarrik ez. Lortutako hainbat egunkaritako eta «Egin»-eko bilduma eskaini dio GARAri.

Beñat Alberdi

2012ko Abuztuaren 17a

Irribarretsu ireki du Jerardo Elortzak etxeko atea. Irribarre are handiagoarekin gonbidatu barrura sartzera, lan propioz eraikitako liburutegira. Liburuz betetako apalak daude horma bakoitzean, estilo eta garai ezberdinetako koadro edo objektuak hutsune apurretan. Garai historikoak gogorarazten dituzte apaingarriek, baita etxeko sofak ere. Baina badira museoetan edo edozein etxetan aurkitu ezin diren harribitxiak: egunkariak. Ez gaurko egunkariak. Ezta atzokoak ere. Ezta aste honetakoak. Azken 40 urteotako egunkariek osatzen dute bere bilduma. Azken 40 urteotako gertaeren berri ematen duen hemeroteka dauka Elortzak etxean. Pilaketaren tamainak, ordea, bultzatu du interesa zeukanari bildumaren zati bat hartzeko aukera zabaltzera. GARAri ere eskaini zion aukera eta baliatu egin du. “Egin”, “Punto y Hora” eta beste hainbat argitalpen eman dizkio Jerardo Elortzak GARAri. Euskal kazetaritzaren historiaren zati bat.

«Galdetu didate zergatik hasi nintzen. Hasieran, afizioz. Baina eragin zuen Udal Liburutegiko Batzordeko kide izateak. Frankismoko azken urteetan jardun genuen, liburutegiko egunkarien sailari laguntzeko», azaldu du. Ez zen bertako aktibista bakarrik izan ordea, apaletan gorde ezineko historia dauka sorbalden gainean oñatiarrak. Deustuko Unibertsitatean Aleman Filologia ikasketak burutu zituen, baina ez da alemanera mugatu bere bizitza. Euskararen inguruan jardun du urte askoan. «Zientziak ez, beste dena», egin duela dio txantxetan. Espainiako Urritiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalean, UNEDen, ibili da lanean, Euskara sailean. «Garai horietan Leioako unibertsitatea hasi berri zegoen eta Gasteizkoa hasi gabe. Euskara kontuetan jardun genuen. B eta D ereduekin eta geroago EGA bihurtu denarekin. Gure sailean ez zegoen karrera bat. UNEDen txapelpean ekintzak egiten genituen. Gure asmoa zen euskaraz gauzak irakastea, historia eta literatura batez ere». Literaturarekiko zeukan afizioa dela-eta editorial batentzako lanak idazten aritu zen. Zehatzago esanda, irakaskuntzarako testuak egiten parte hartuz. DBH edo Batxilergoan darabilten liburuak prestatzen aritu zen.

Irakasle gisa edo irakaskuntzari lotuta bakarrik ez zuen jardun. Makina bat ikerketa burutu ditu eta makina bat dira argitaratu dituen liburuak. Arrasate, Bergara zein Oñatiko euskarak aztertu ditu. Bere herriko eraikin edo arte bildumak azaldu ditu argazki eta guzti. Eskualdeko idazle ezagunen, edo horren famatuak ez direnen, bizitzak ere izan ditu hizpide liburuetan, Telesforo Monzon esaterako. Azkenengo urtean 1936ko gerrako Oñatiko esperientzia aztertzen jardun da, garai hartako gertaerak argitu nahi dituen talde batean. «Askotan entzuten dira Bergara, Eibar, Donosti, Bilbo edo Gernikako kontuak. Baina konturatu ginen Oñatin, fronterik egon gabe ere, gertatu zirela gauzak. Borrokarik ez zen egon, baina bai oso errepresio latza», dio.

Jerardo gaur egun

Azkenaldian Lakuako Gobernuak argitaratzen duen euskal pertsonaien aldizkarien arduradun dirau Jerardo Elortzak. «Ezagunak» ez diren pertsonaienak, baina «euren arloan ekarpenak» egin dituztenen historiak kontatuz. Bestalde, “Kontzejupetik” Oñatiko herri aldizkarian ere kolaboratzailea da. Argazki zaharrak aztertzen ditu, noiz ateratakoa den, irudietan nortzuk agertzen diren eta harrezkero zein aldaketa egon diren azalduz. Lan eta lan jardun da urteetan. Lanen zerrenda orriotan ezin daiteke sartu.

Oñatiko Unibertsitatean aritu da azken urteotan, baina gaur egun erretiroa hartuta dago. «Duela hiru urte hartu nuen erretiroa. Jada gaztea ez naiz eta nire erritmoa har dezaket horrela». Erretiroak ez du gelditu ordea, aurrekoekin jarraitzen du eta plan berrietara atxikitzen da. «Herrian antolatuko duten Bertsolari Txapelketan epaile lanak egingo ditut», esan du.

Bildumaren osaera

Egindako lanen bilduma izan arren, berezi eta interesgarriena argitalpenena da. Bere bildumaren osaeran sartzeko frankismoaren azken urteetan kokatu behar da. «Prentsa aldaketa handia egon zen trantsizioan. Hasieran ‘Deia’ eta ‘Egin’ atera ziren. Baita ‘El País’ ere. Aurretik bazeuden aldizkari interesgarriak. Niretzako interesgarriagoak eta landuagoak gero etorriko zirenak baino», esan du, eutsi ezinezko irribarrearekin. Garaiotan kazetaritzaren berrikuntza garrantzitsua egon izana azpimarratzen du. «Kazetaritza berri bat etorri zen. Arinagoa, irakurterrazagoa. Formatu txikia hartu zuten. Europako hainbat egunkarik zeukatenaren antzekoa».

Aldaketa ez zen egunkarietara mugatu ordea. Aurretik bazeuden “Zeruko argia” –gaur egungo “Argia”-ren aurrekaria– edo “Anaitasuna” aldizkariak. Baina ugaldu ziren argitalpen horiek ere, «lauzpabost urte iraun zuen mugimendu batean. ‘Garaiak’, ’Berriak’, ‘ERE’ edo ‘Punto y Hora de Euskal Herria’ agertu ziren. Baina ez zuten asko iraun», dio.

Arnasa hartu zuen euskal kazetaritzak diktatura frankistak jarritako muga estuak bertan behera geldituta. Garai haietan ekin zion argitalpenak biltzeari. Frankismoa amaitu, egunkari eta aldizkariak ugaldu, erosi eta gorde. Hori izan da bere lan dinamika. «Hasieran, gainera, irakurtzeko denbora nahikoa ez eta gorde egiten nituen». Urtez urte pilatzen joan ziren. «Garai hartatik ‘Deia’, ‘Egin’ eta ‘El País’ gorde ditut. ‘Der Spiegel’ alemana ere erosi eta gorde izan dut. Baita aldizkari pila ere». Aurretik aipatutako aldizkariak dauzka etxean, hala ere, ez horiek bakarrik. «Euskara elkarteko ‘Hegaz’, esaterako. Gehiago ere bazeuzkaten eta erosi nituen, baina bidean galduko nituen».

Baina ez ditu paperak bakarrik pilatuta. Aldizkari bakoitzaren historia ere buruan darabil. «‘Pott’ mitikoa ere badaukat. Modernoak ziren idazleak: Atxaga, Ruper Ordorika, Ion Juaristi (oraindik euskaraz idazten zuenean) edo Iturralde. Bilbon ikasten zuen ikasle talde batek osatzen zuten. Oso formatu ezberdinak erabiltzen zituzten, horregatik dauka ‘Pott’ izena. Aldizkariaren izenburuak: ‘Pott bandaren plaga’, ‘Pott bandaren braga’, ‘Pott bandaren fraka’. Saizarbitoria eta Koldo Izagirrek ere ateratzen zuten beste bat: ‘Mermelada ustela’. Horren izenburuak ere bitxiak: ‘Zorion ustela’, ‘Panpin ustela’...».

Gerra aurreko batzuk ere badauzka; “Euzkadi”, adibidez. Espainiako II. Errepublikaren garaian EAJk argitaratutako aldizkaria da “Euzkadi”. «‘Euskaldunon Egunkaria” ere badaukat. Nik uste osorik daukadala gainera. Gaur egun harpidetuta nago ‘Berria’ egunkarira».

Biltzearen arazoak

Horrenbeste argitalpen gordetzeak badauka alde txar nabarmena: toki falta. «Leku falta» edo «etxe aldaketa» izan ditu askotan arazo eta lehenago bilduta zeuzkan argitalpenak «bidean» galdu dituela dio. «Etxean dauzkadanak ateratakoan nik uste planto egingo dudala. Denbora pila bat behar da hauek denak ordenatu eta kaxetan sartzeko. Saiatzen naiz ahalik eta txukunen egiten, hautsi gabe, baina batzuetan oso zaila izaten da». Ingurukoen laguntza ezinbestean jaso behar izan du. Bestela ezin izango zituen gorde orriak eta orriak. Igartzen zaio benetan eskertzen duela. «Nire arreba Maixabel, nire iloba Agustin Garai eta Maria Luisa Marin, Jabier Barrenetxea adiskidea eta Oñatiko laterandar komunitateari, borondate onenarekin euren lokalak utzi dizkidatelako. Tere Letamendi nire emazte zenari zor diot, batez ere, material hau sailkatzen eta antolatzen hainbat urtetan eta pazientzia handiz eskaini zidan laguntasuna».

Liburuen bilduma

Badauzka egunkari eta aldizkari pila bat. Baina baita liburuak ere. Gainezka daude apalak. «Euskarazko liburuekin hasi nintzen. Trantsizio garaian asko ez zeuden, baina erosteari ekin nion». Historia, linguistika, etnografia... Gai zerrenda ere ez da makala: Oñatiri buruzkoak, Gipuzkoakoak edo idazle ezagunenak. Poesiak ere hartu du bere tokia. «Literatura eta poesia. Autoreka ordenatu ditut. Klasikoak ere badauzkat». Euskaraz, noski. Bere lanen artean ere sartzen baita itzulpengintza. Argitaletxeentzat ibili da, baina unibertsitatean ere itzuli ditu hainbat liburu. Dena den, ez da euskarara mugatu. Kataluniako edo Galiziako lanak ere badauzka. Galiziakoak batez ere, soldaduska bertan burutu eta hango inguruekin maiteminduta itzuli zen-eta.

«Gero liburu zaharrekin hasi nintzen. Aurkitu ditut pare bat perla». Liburu artean dabil alde batetik bestera. Baina bat esku artean hartu eta bota du mahai gainera. Ez dirudi asko axola duenik. «Ez dauka balore handirik, latinez idatzita dago-eta. 1563koa da, ‘Metamorfosia’. Inprenta asmatu eta 100 bat urtera edo inprimatuko zuten. Oso ondo irakurtzen da. Polita eta modernoa». Euskarazko lehen liburuak ere baditu. «Lehenengo edizioak» aurkitzea «oso zaila» dela azpimarratzen du. «XIX. mendekoak dauzkat gehienbat. Hau –esku artean beste liburu bat hartuta– 1700 ingurukoa da, hori Iparraldekoa, 1775ekoa; beste hau, ‘Zerurako bide zuzena eta segurua’, 1869koa. Ortografia ere oso berezia da. Hainbat klase eman izan ditut horren inguruan».

Irakaslea izateak izan du eraginik liburuen bildumarekin. «Klasera sekulako maletarekin joaten nintzen. Liburuak aipatu bakarrik ez, beti gustatu izan zait erakustea. Ikasleek eurek eskertzen zuten liburu zaharrak ikusi eta ukitzea», esan du. Bere ikasle izandakoekin elkartu ohi da kalean edo gutxien esperotako tokian. Hala ere, lanean leku ezberdinetan arituta zaila egiten zaio non topo egin zuten asmatzea. «Galdetzen diet: ‘Non ezagutu ginen? Bergaran?’. ‘Elgetan’ erantzuten didate askotan».

Joseba Sarrionandia

Jerardo Elortzak historiarako daukan zaletasuna ez da argitalpenetara bakarrik mugatzen. Bizi izan ditu makina bat esperientzia, bere historia propioa idatziz, eta aurretik beste batzuek bizi izandakoak ere badauzka buruan. «Joseba Sarrionandia ezagutu nuen, UNEDen. Gurekin jardun zen irakasle Bergaran eta orduan atxilotu zuten oraindik ikaslea zela. Astebukaeretan etortzen zen, lan pixka bat egin eta ikasketak ordaintzeko».

Oraindik ere harrituta jarraitzen du berarekin. «Harrigarria zen. ‘Argia’-n idazten zuen orduan, hasi berritan. Ez dakit nongo literaturari buruz edo zinemari buruz jarduten zuen. Ez genuen ezagutzen, ez zen famatua oraindik, baina bere lan bat irakurri eta galdetzen nuen: ‘Nork idatzi du hori?’. ‘Mutiko gazte batek’ erantzuten zidaten, inork ez zuen ezagutzen orduan. Horiek jarri zuten moda bat, literatura ingelesa, frantsesa edo portugesa irakurtzeko».

Bizi izan, oroimenean gorde eta atzo izan balitz bezala kontatzen du. Entziklopedia galanta da bera bakarrik. Historian zehar gertatutako istorioak ere ezagutzen ditu. Gaur egun bizi garen tokitik gertu bizitakoak, baina ez ditugunak ezagutzen. Oñatiko lurretan hil zen “petrikiloaren” istorioa badaki eta buruko bildumaren adibide ona da. «Sasi medikuak ziren. Hezurretako gaitzak tratatzen zituzten, hausturak-eta. Esperientzia asko izaten zuten. Pedro Petritik etorriko da izena. Diminutiboa edo despektiboa, ez dakit. Izen berezi bat izatetik, ofizio bat izatera pasatu zen, Jaun Jose Telleria Zeraingo sasimedikoagatik».

Lehenengo Karlistadari buruz mintzatzen da eta emandako datu andanarekin badirudi berak bizi izan zuela. «1827an Bilbo setiatu zuten karlistek. Bertan Zumalakarregi zauritu egin zuten. Berak ez zuen Bilbora joan nahi, baina goikoek edo Karlos V.enak behartu egin zuten. Ez omen zeukan hiltzeko besteko zauria. Medikuz mediku pasa zen, baina inork ez zuen asmatu sendatzen. Okertu egin zitzaion zauria eta beste denek ez zutelako asmatu petrikiloa deitu zuten. Berak ere ez zuen asmatu eta hil egin zen. Erru dena petrikiloari botatzen zaio. Baina bera azkena izan zen, aurretik beste mediku pila bat pasa zituen».