-

2012ko Abuztuaren 17a

Udaren bueltan beste urte politiko bat hasiko da, eta berriro azken urteotako agenda markatu duten gai berberak nagusituko dira: krisi ekonomikoa, España proiektuaren egiturazko krisi sakona eta Euskal Herrian egoera arras ezberdina sortzeko irekitako prozesu politikoa, besteak beste. Hitzordu garrantzitsuak ere aurreikus daitezke, guztien artean aipagarriena une honetan EAEko hauteskundeak ditugu, oraindik noiz izango ote diren argitu gabe egon arren, udazkenean edo legealdiaren amaieran izango ote diren jakin gabe.

Eta horrek denak, nahitaez, eragile guztiak behartuko ditu –behartzen ari da jada– beren jardueraz eta jokabideaz hausnarketa egitera. Batzuek tokia berreskuratu nahiko dute, beste batzuek denbora irabazi, eta, azkenik, aldaketa elikatu nahi dutenek gehiago eragiteko eta egoera mugitzeko beharra izango dute.

Prozesu demokratikoa deritzanaren garapenean urteurren esanguratsua dugu gertu. Aieteko Konferentziak eta ETAren Adierazpen historikoak urtebete egingo dute urrian. Gertakizun nagusi horien ondotik bi aldaketa oso garrantzitsu izan dira hilabeteotan: PPk hauteskundeak irabazi eta, gehiengo osoz, Gobernua osatu zuen, alde batetik, eta Frantzian PSko Hollande iritsi zen Errepublikako presidentetzara, bestetik. Gehiegizko espekulazioetan erortzeko arriskurik badago ere, esan daiteke gatazkaren ondorioak gainditze aldera bidea eraikitzeko harremanetan eta lanean aldaketak ekar ditzaketela bi gertaera horiek.

Aieteko Konferentziara bitarte, Zapatero zen gobernuburu. Hauteskundeak aurreratu zituen eta horrek lantzen ari zen ibilbide orria martxan jartzeko beharra azkartu zuen, PPko Gobernuarekin Aietera iristea ezinezkoa izango zelakoan. Mugarria jarri zen. Gerora, Mariano Rajoyren Gobernuak itxikeriari eutsi dio, ibilbide orri hura egoki garatzea galarazteraino. Inboluzio gogoak ere sumatu zaizkie PPko eta Estatuko zenbait sektoreri. Aurreko urteko urriko gertaerek ekarritako egoerak, ordea, ez die nahi bezala aritzen utzi. Ezintasunak eta kontraesanak ere izan dituzte. Sorturen legalizazioa eta Estrasburgoko azken epaia dira adibide.

Frantziako Gobernuak apenas izan zuen esatekorik Sarkozyrekin, egin gogotik egin bazuen ere, bide poliziala sutsuki indartuta. Hollandek hauteskundeak irabazi eta gero, Parisek protagonismo politiko handiagoa izan dezakeela entzun dugu. Euskal Herrian hautatutako PSko diputatuen jokabideak iritzi hori indartu du. Madrili erabateko babesa eman zion Manuel Valls Barne ministro berria, aldiz, isilik da aspaldian. Horrek guztiak, halere, ez du esan nahi bide poliziala baretu denik, ezta Frantziaren interesak eta aliatuak aldatu direnik ere. Aietek irekitako jokalekuan sartzeko asmoa duen edo ez dago orain argitzeko, ez gehiago, ez gutxiago.

Esan bezala, Espainiako Gobernuan itxikeria da nagusi. Iosu Uribetxeberriaren auzia, preso eta gaixo dauden beste lagunena bezala, dugu adibiderik lazgarriena. Azterketa hau idazteko orduan azken erabakiak hartzeke daude. Medikuek esan dute minbiziak ez duela atzera bueltarik eta, legea aplikatuko balitz, kalean beharko luke. Legearekin, ordea, ez da nahikoa «Zuzenbide Estatu» xelebre honetan. Madrilen hartu behar dute orain erabakia. Kaleratuko balute, Uribetxerria duintasunez, etxean eta etxekoekin, biziko litzateke amaiera arte. Jukutriarik badago eta kartzelan mantentzen badute, heriotza lehenago etorriko da, bortitzago.

Denetarik entzun dugun egunotan. Argudio moralak, legalak eta politikoak erabili dira, eta astakeria galantak bota dituzte mendekuari eusten diotenek. Konponbidearen alde asko dago egiteko. Jonathan Powellek ederki esan zuenez, garaile/garaituen eskemek ez diote etorkizunari biderik irekiko. Etorkizuna eraikitzeko Uribetxeberriaren beraren hitzak izan dira eredugarri. Izugarria azaldutako lasaitasuna eta maila politikoa zein ideologikoa. Bere azkena baina bere herriaren hasiera ikusi du. •