MAROKO -

Aurtengo Ramadana bihar bukatzekoa da. Milioika lagunek egin dute islamak agindutakoa, gehienek herrialde musulmanetan eta beste askok erlijio horren jarraitzaileak gutxiengo diren lekuetan. Baina musulman izan gabe ere, herrialde musulman batean bizi denak derrigorrez egin beharko du baraualdia kartzelara joan nahi ez badu.

Jose Angel Oria

2012ko Abuztuaren 17a

Egoera aldatu nahi duten marokoar ekintzaileak aurten ere saiatu dira beren aldarrikapenak adierazten, baina animoak baino gehiago kritikak jaso dituzte.

Ramadana, Harluxeten arabera: «Mahomatar urtearen bederatzigarren hila. Musulmana hilabete osoan egunsentitik ilunabarreraino barau hertsia egitera behartua dago eta erretzea, lurrinak ematea eta harreman sexualak izatea ere debekatua du». Hiztegi entziklopedikoak dioena oker dago, musulman ez denak ere baraualdia errespetatu beharra dauka-eta, jendaurrean bederen, Marokon gertatzen den moduan. Beraz, ezin esan Ramadaneko baraualdia bakarrik erlijio kontu bat denik, Estatuak ezartzen baititu zigorrak eta gizarte osoak araua apurtzen duenaren aurkako txibato lana egiten duelako.

Azken urteotan udan izan da Ramadana, eta hori oso kaltegarria da Marokoko jarduera turistikoarentzat: terrazak huts-hutsik egoten dira eguzkia ezkutatu arte eta turistak berak ere, nahiz eta jakin berak ez duela baraualdia errespetatu beharrik, bazter guztietan nagusi den giroaren eragina sentitzen du. Turismoak hil horretan behera nola egiten duen ikusita ondoriozta daiteke turista askoren iritziz ez dela gomendagarria Ramadanean oporretara herrialde horietara joatea.

Marokon badaude egoera hori aldatu nahi duten herritarrak. Aurten Masayminch («ez dugu baraualdia egiten») taldea sortu dute, baina eragin handiagoa dute sare sozialetan kalean baino. Fedegabeek edozein ordutan jendaurrean jateko, edateko eta erretzeko duten eskubidea defendatu nahi dute. «Gizarteari esan nahi diogu ezberdinak garela eta ez daukagula ezberdintasun hori ezkutatu beharrik», esan zion France Presse agentziari Imad Iddine Habib 23 urteko gazteak, Facebooken abian jarri duten ekimenaren sortzaileetako batek.

Hala ere, beraiek ez dute antolatu baraualdia publikoki eta elkarrekin apurtzeko ekitaldirik, 2009an ekintzaile batzuek arrakasta handirik gabe egin zuten moduan, garai hartako ausardia garesti ordaindu behar izan dute-eta. Eta Ramadanari dagokionez, egungo agintariak (islamistak, erregearen bedeinkazioarekin) aurrekoak baino zorrotzagoak dira. Mustapha El Khalfi Komunikazio ministroak oso garbi adierazi du legea betearazi egingo dutela.

Mehatxuak

«Ez dugu gatazkarik eragin nahi, gaiari buruzko eztabaida abian jarri baizik», adierazi dio Efe agentziari Hamid Lahlu ekintzaileak. Hala ere, mehatxuak jaso dituzte beraien posizioa irratian edo sarean esplikatu izan dutenean.

AEBetako Pew Ikerketa Zentroak egindako txosten baten arabera, Marokon herritarren %89k esaten dute erlijioa «oso garrantzitsua» dela beraien bizitzan. Ez da harritzekoa, beraz, herritar askok «sakrilegiotzat» hartzea jendaurrean ogitarteko bat jatea.

«Herritar gehienak harritzen dira Ramadanean kalean zerbait jaten norbait ikusiz gero», onartu du Omar Benjelloun giza eskubideen aldeko abokatuak.

Kode Penalaren 222. artikuluak arautzen ditu Ramadaneko baraualdia jendaurrean apurtzen dutenen aurkako zigorrak. Sei hilabeteko kartzelaldia ezar dezakete. Gehi isuna.

Eta gizarteari tokatzen zaio salatari lana egitea. Marokoko hedabideek eskaini duten informazioaren arabera, nekazari batek lau gazte salatu zituen Beni Mellal probintzian errepidean jaten eta erretzen ikustean eta orain epaiketaren zain daude. Beste leku batean, “Akhbar Al-Youm” egunkariaren arabera, diputatu baten seme bat harrapatu zuten jendaurrean erretzen eta gazte batzuek aurpegiratu egin zioten hori egin izana eta eraso egin zien bere automobilarekin. Egunotan zabalik egon diren jatetxe askotan, esaterako, zerbitzariek ez diete ezer ateratzen musulmanei, edo musulmanak direla iruditzen zaienei.

Haurdunek, hilekoarekin dauden emakumeek, diabetikoek eta beste gaixotasun batzuk dituzten herritarrek ez daukate baraualdia egin beharrik, indarrean dauden arauen arabera, baina zerbait jan behar badute, ezkutatu egiten dira normalean, inor ez probokatzeagatik.

Hori da egungo giroa, baina orain urte batzuk askoz ere lasaiago bizi ziren fedegabeak. «Lehen, baraualdia egiten ez zuenak ez zuen inor molestatzen, baina orain herritar asko Jainkoaren paperean ipintzen dira. Baraualdia egiten ez duenak ezkutuan jaten du, besteen sermoia ez entzuteagatik», Soumaya Naamane Guessous soziologoak adierazi duenez.

Marokoko gizartearen «zurikeria» salatzen du Habib ekintzaileak. «Legea bertan behera uztea nahi dugu. Gu ez gara fededunak eta gizarteak ez dauka guri bere sinesmena ezartzeko eskubiderik», dio.

Masayminch taldeak eztabaida zabaldu nahi du, baina ez du intelektual eta alderdi aurrerakoi askoren babesik izan. «Harrituta gaude horien jarrerarekin», esan du Hamid Lahluk. Omar Benjelloun giza eskubideen aldeko abokatuak esplikatu du askatasun gehiago nahi duten herritar askok ez dutela bat egiten ekimenarekin gazte horien estrategia okerra delakoan. «Ez diote ez modernitateari ez laizismoari laguntzen. Etsaiei egindako oparia dira», esan du Benjellounek.

Sarean ere adierazi dute beren iritzia Masayminchen aurkakoek. «Herrialde musulmana gara, ez laikoa. Ramadanean kalean jan nahi dutenek Europara joateko bisatua eska dezatela», zioen horietako batek.