-

2012ko Abuztuaren 17a

Egunotan Donostiako Piratak hedabide guztietan ageri dira, merezimendu osoz. Azken hamarkadan egin duten lana izugarria da. Beste modu bateko festak antolatzen saiatzeaz gain, gizarteko zenbait arazoren inguruan posizioa hartu dute. Erakunde publikoen gabeziak azaleratu dituzte urteotan, piratak instituzioei lotu gabe errebelde jarraitzen duten burezurdun banderadun begibakarrak direlako. Bandera igotzen dutenean, kontuz! Horregatik, benetako piratak ezin du erakunde publikoekin harremanik izan, bestela pirata izateari utziko dio-eta. Horregatik harritu nau hainbeste aurtengo Donostiako festen hasiera piratek eman behar zutela irakurtzeak; are gehiago hiriko ordena zaintzen duten artilleroak eta piratak nahastuta ikusteak. Kontraesana!

Merezitako «lanaren aitortza» jaso dute Donostiako Piratek, baina beldur naiz instituzioen omenaldiak euren arteko «harreman berriaren hasiera» irudikatu ez ote duen, eta piratek bandera gordeko duten. Edozein gobernuk behar du oposizioa, zirikatzailea, gobernua eskuinekoa (batez ere honek) edo ezkerrekoa izan. Eta Donostiako Udalak betiko piratak behar ditu. Ezin ditut imajinatu Neo eta Adams agentea kafe bat hartzen, ezta Marat Luis XVI.arekin Versallesen paseatzen edo Bruto eta Cesar Erromako jaiei hasiera emanez «zu ere bai, Bruto?» deiadar egiten duten bitartean. Halakorik ez gertatzea espero dut eta piratek, omenaldi hau jaso arren, omendu dituen Udala zirikatzen jarraitzea gustatuko litzaidake, Udala edozein delarik ere, azkenean, donostiarrak ateratzen baitira garaile. Burezurdun bandera altxa eta instituzio publikoei euren gabeziak erakusten jarraitzen ikusi nahi ditut piratak, «abordatzera!» oihu eginez, hiriaren ordenaren zaintzaileak eta politikoak dardarka jarriz. •