Indarkeria matxistaren aurkako giza mugimenduek urrats asko egin dituzte azken urteotan Argentinan, Latinoamerikako beste herrialde batzuetako egoera negargarritik aldentzeko. Gaia agenda publikoan sartzea lortu dute feministek eta beraiekin batera lan egiten dutenek, eta gizonek ere badute esku hartzeko aukera, beraiek ere matxismoaren biktimak baitira.
Daniel Galvalizi
2012ko Abuztuaren 17a
Emakumearen aurkako indarkeriari Argentinako gizartearen barruan aurre egiten dion erresistentziak gora egin du, gobernuz kanpoko erakundeak buru direla, tratu txarren fenomenoa larriagotzen den heinean. Emakume asko hil zituen hiltzaile baten etxearen jabetza kentzea izan da erresistentzia horren adibiderik argigarriena. 2011n, Argentinan 282 emakume erail zituzten beraien bikotekideek.
«Nire ustez, zoriarekin hobe da sutsua izatea patxadatsua baino, zoria emakumea baita, eta zeure mende izan nahi baduzu, beharrezkoa da astintzea eta aurka egitea. Eta ikusten da errazago errendatzen dela sutsuen aurrean, hotz jokatzen dutenen aurrean baino. Eta beti, emakumeak bezala, gazteen laguna da, pazientzia gutxiagokoak direlako, basatiagoak, eta ausarkiago menperatzen dutelako». Nikolas Makiaveloren “Printzea” liburuaren 25. kapitulutik atera dugu esaldia. Itzulpena Juan Martin Elexpuruk egina da. Makiavelok 1513an idatzi zuen hori. Paragrafoak argi uzten du zein puntutaraino dagoen sustraituta gure gizartean kultura matxista. Aspaldiko kontua da, ez atzo goizekoa.
Bi mutur Latinoamerikan
Kultura matxistaren aurkako borrokari dagokionez, Latinoamerikak oso une berezia bizi du gaur egun. Alde batetik, Erdialdeko Amerikan eta Mexikon, narkotrafikatzaileek larriagotu egin dituzte emakumeen aurkako indarkeriazko prozesuak, eta Estatuaren konplizitatea izaten dute emakumeen eskubideak bortxatzen dituztenek. Kontinentearen hegoaldeko muturrean, Argentinak bestelako giroa bizi du, gobernuz kanpoko erakundeek lortu baitute zoritxarrezko fenomenoa bistaraztea, ezkutuan zegoena ageriko bihurtzea. Hori bai, horretarako ordura arte alor askotan nagusi ziren aurreiritzi ugari hankaz gora bota behar izan zituzten lehendabizi.
Alderaketak egiten hasiz gero, argi geratzen da argentinar gizarteak aurrera egin duela azken hamarkadotan emakumeen eskubideei dagokienez, Latinoamerikako beste estatu askok baino gehiago gainera. Emakumeak aurrera egin du, gauza askotan ikus daitekeenez: Estatuko presidentetzan (hauteskundeetan berriz garaipena lortu duen Cristina Kirchner dago karguan), Epaitegi Gorenean, alderdi politikoetan, hedabideetan zein enpresa munduan.
Agian aurrera egin izanagatik, beharbada horren eraginez, bere garaian espainol Estatuan gertatutako fenomenoa errepikatu da azken urteotan Argentinan: herritarrek gero eta gehiago onartzen dute genero indarkeriari aurre egin behar zaiola. Gaur egun emakumeen aurkako indarkeriak leku garrantzitsua lortu du Argentinako agenda publikoan eta Parlamentuko jardueran ere izan du eraginik.
Bilakaera kezkagarria
Oso kontuan hartu behar da emakumeak aurrera egin izanak talka egiten duela kultura matxista patriarkalarekin, betidanik gizarteak oso barneratuta eduki duen horrekin. Eta talka egite horretan emakumeen aurkako indarkeria nabarmentzen da: iaz Argentinan 30 orduro emakume bat hil zen bere senarrak, mutil-lagunak edo bikotekide ohiak egindako erasoaren eraginez. 282 hildako, 40 milioi biztanle dituen herrialde batean. Zenbakiak zirraragarriak dira, batez ere azken urteotako bilakaera aztertuta: 2008an 208 emakume erail zituzten; 2009an, 231; eta 2010ean, kopurua 260ra iritsi zen.
Datu horiek Bilgunearen Etxea izeneko erakundeak eskaini ditu, Adriana Zambrano Behatokia eratu zuten ekintzaile feministak elkartzen dituen elkarteak alegia. Behatoki hori da genero-indarkeriak Argentinan eragin dituen hildakoak sistematikoki aztertzen dituen herrialdeko bakarra, Gobernuak oraindik ez baitu agindu arazo honen inguruko datu ofizialak prestatzeko.
2008an sortutako Adriana Zambrano Behatokiak herrialdeko 120 egunkari eta berri agentziak aztertuta lortzen ditu zenbaki horiek. Argentinako iparraldeko Jujuy probintzian bere bikotekide ohiak eraildako 28 urteko neskaren omenez du izen hori. Adriana Zambranoren erailketaren kasuan, epaileak erabaki zuen gizonak «nahi gabe» hil zuela emakumea eta bost urteko kartzela zigorra ezarri zion, bost urte besterik ez. Hil eta gero ere, neska hura biktima bihurtu zuten berriz.
«Nirea zelako hil nuen»
Fabiana Tuñez da Bilgunearen Etxearen koordinatzaile nagusia eta bera ageri da erakundearen sortzaileen artean ere. Genero indarkeriaren biktimei laguntza legala eta psikologikoa eskaintzen hamar urte egin ditu dagoeneko. Sinesgarritasun handiko aditua da gaur egun eta bazter guztietatik deitzen diote gaiari buruz hizketan aritzeko. 27 boluntarioren laguntzarekin egiten du lan, eta nazioarteko diru laguntza bat eta herritarrek emandako kopuru txikiak dituzte horretarako.
«Bere jabetza delakoan gizon batek emakumea erailtzea da ‘femizidioa’. Fenomeno horri buruz aritzeko erabiltzen den beste hitza, tankerakoa, ‘feminizidioa’ da, baina azken horrek hiltzailearekiko segurtasun indarren konplizitatea eskatzen du, eta matxismoari ezberdintasuna eransten zaio, Guatemalan gertatzen ari den moduan», esplikatu dio GAUR8ri Fabiana Tuñezek.
«Matxismoaz hitz egitea ez da gizonez hitz egitea: matxismoa kultura bat da eta matxismoa oinarritzat hartzen duen hezkuntza jaso dugu emakumeok zein gizonek. Bi sexuek jasaten dute matxismoaren eragina. Gizon matxistak dauden moduan, emakume matxistak ere badaude. Patriarkatua ez da bakarrik gizonen kontua, baina esan daiteke azkenean emakumeak izaten direla matxismoaren biktima zuzenak. Matxismoak gizonezkoen eginkizuna ere kinkan ipintzen du, esaterako, gizon batek negar egitea gaizki ikusten denean», erantsi du adituak.
Lau milioi kaltetu
Fabiana Tuñezek jakinarazi dio GAUR8ri bere behatokiak eskainitako datu horiei erantsi behar zaizkiela indarkeria jasan behar izan duten baina hil ez diren emakumeei buruzkoak. Amnesty International erakundeak egindako kalkuluen arabera, Argentinan lau milioi emakumek jasan behar izan dute indarkeria motaren bat.
Tuñezek jakitera eman digunez, Wanda Taddei bizirik erre zutenetik, femizidio askotan erraustu egiten dute emakumea. Taddei senarrak erail zuen, Callejeros rock taldeko bateria jotzaile ohiak. Musikaria erotu egin zen 2004ko kontzertu batean izandako sutearen eraginez 192 pertsona hil zirenean. Inoiz ez zen errekuperatu eta emaztearekin haserretu zen batean, su eman zion. 29 urteko kartzela zigorra betetzen ari da gaur egun. Taddeiren erailketaren berria zabaldu zenetik, azidoarekin edo suarekin erretako emakumeen kopuruak ikaragarri egin du gora.
«Genero indarkeria gaur egun agerikoagoa da Argentinan eta legediari dagokionez ere aurrera egin da. 2009an onartutako Indarkeriaren Gaineko Legeari esker, esaterako, Estatuak errazago onartzen du orain indarkeria fisikoaz gain lanekoa, ondareari dagokiona, mediatikoa eta psikologikoa ere hor daudela. Latinoamerika osoan dagoen legerik aurreratuena da, indarkeria zer den definitzeko egiten duen ahaleginari dagokionez», nabarmendu du Bilgunearen Etxeko ordezkariak.
Hala ere, Argentinako Estatuak badu oraindik aurrera zertan egin, genero indarkeriari dagokionez. Gainditu gabeko irakasgaiak lirateke, Tuñezen analisiaren arabera, estatistika ofizialek arazoa kontuan hartzea, biktimei laguntza zuzena ematea eta baliabide ekonomiko urriko pertsonek ere Justizia Administraziora iristeko aukera izatea. «Aurrekontua handitzeko eskatzen ari gara, Emakumearen Kontseilu Nazionalak 32 milioi pesoko (5,6 milioi euroko) aurrekontua baino ez baitu, eta kopuru horrekin oso gauza gutxi egin baitaitezke. Gabeziak ikusten ditugu prebentzio kanpainei dagokienez, ia ez baitira egiten Argentinan gaur egun, laguntzari dagokionez eta aldaketa kultural sakona lortzeko urratsei dagokienez», nabarmendu du.
Argentinar ekintzaileak ez ditu ahaztu bere azterketan poliziak eta epaileak: «Oraindik badaude oso era kezkagarrian emakumearen aurkako indarkeria justifikatzen duten epaileak, eta, gainera, polizien gaitasuna oso eskasa da arazoari aurre egiteko garaian».
Azkenik, ez dio garrantzirik kendu nahi hedabideek bultzatutako indarkeriari, «kasu askotan emakumeen aurkako indarkeria normaltzat hartzea eragiten baitute etxe guztietara inolako filtrorik gabe iristen diren programa batzuek».
Aldaketa, behetik
Bilgunearen Etxean genero indarkeria eskoletara ikasgai moduan eramatearen aldekoak dira, «haurtzarotik hezten hasiz gero lortuko baitugu herritarrak arazoaz jabetzea». Tuñezek bat egiten du «herri feminismoarekin», munduko leku askotan emakumeek ez dutela inolako eskubiderik nabarmentzen duen mugimenduarekin, eta ezberdintasun larri horiek ezabatu egin behar direlakoan dago. Edonola ere, argi utzi nahi du ekintzaileak bera ez dela gizonaren etsai sentitzen: «Gizarte hau aldatuko dugu gizona zein emakumea aldatzerik izaten badugu». Azken urteotan, Argentinako giza mugimenduek genero indarkeriaren aurkako borrokan lan asko egin dute, kalean zein hedabideetan ekintza zehatzak eginez. Politikari batzuen laguntzarekin, gobernuz kanpoko erakundeek bi helburu dituen erasoaldia jarri dute abian: alde batetik, herritarren kontzientziazioa, hedabideetan leku gehiago eskuratuz; eta bestetik, legedia aldatze aldera arazoa agenda publikoan sartzea.
Nabarmentzekoak dira urtero azaroaren 25ean, Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, egiten diren mobilizazioak. Baita egin diren Emakumeen Topaketa Nazionalak ere. Urtero hiri ezberdinek hartzen dituzten bilera horietan 30.000 emakumek esku hartu izan dute, eta hori ez da ohikoa ez Argentinan ez Latinoamerikan. «Ez dago Latinoamerika osoan etenik gabe horrelako topaketarik hartzen duen herrialderik, non klase sozial eta etnia guztiak nahasten diren. Topagune horietan, gure eskariak aldarrikatzeaz gain, urte horretan genero indarkeriaren aurkako borrokan egin beharrekoa erabakitzen da», Tuñezek nabarmendu duenez.
«Arazo honen inguruan lanean hasi ginenean, Argentinan oso egoera nahasia genuen. Basamortu batean geunden, ez baitzegoen erreminta legalik eta inork ez baitzizun jaramonik egiten. Orain arazo sozial bihurtuta dago, baina gizarteak horrela onar dezan prozesu batzuk bizi izan behar ditugu», adierazi dio GAUR8ri Dario Witt ekintzaileak, Maria Pueblo Etxearen sortzaileak. Gobernuz kanpoko erakunde hori biktimen aldeko fundazio eta babesleku da aldi berean. Argentinan genero indarkeriaren inguruan landa-lan gehien egin duen taldea da.
Witt 1994an hasi zen genero indarkeriaren aurkako borrokan. Benetako aldaketak lortzeko bidean herritar xumeek egin dezaketen ahaleginen paradigma da. Estatuaren babesik ez izateak eta kultura matxistaren nagusitasunak eragiten duten sufrimendua ezaguna du. «Gure seme-alaben eta ondarearen aurkako atentatuak izan ditugu. Nire semeak urte asko egin zituen psikologoarengana joaten nire lana gorrotatzera iritsi zelako, oso egoera traumatikoak bizitzea tokatu baitzitzaion, heriotza mehatxuak… Hiru aldiz saiatu dira ni hiltzen, eta iheslari bat defenditzeagatik labana sartu zidaten besoan. Gure kamionetak eraso ugari jasaten ditu. Hala ere, urteotan 22.000 pertsonei eman diegu gure laguntza, gizon biolentoak etxetik aldentzea 1.800 aldiz lortu dugu, eta 400 jipoitzaile eta adingabeen 60 abusatzaile atxilotzea ere lortu dugu urteotan», laburbildu digu.
Gaztaroan, Witt giza eskubideen aldeko lanean konprometitutako apaiz batekin aritu zen lanean. Baina 90eko hamarkadan, Hego Amerikako hamarkada neoliberal tragikoan alegia, bere ikuspegia aldatzen hasi zen. Saltzaile ibiltari bihurtu zen: kafea eta medialuna izeneko Argentinako croissantak saltzen zituen kale gorrian. Garai hartan jende asko ezagutu ahal izan zuen. Orduan ikus ahal izan zituen krisi ekonomikoaren efekturik gogorrenak eta orduan ikasi zuen nola sortzen ziren «gaixotasun sozialak», genero indarkeria eta adingabeek beren etxetik ihes egitea. Egoera horren aurrean, 1997an, emazte ohiaren eta beste ekintzaile beterano batzuen laguntzarekin, bere taldeari itxura juridikoa ematen hasi zen, eta egoitza fisiko bat eskuratu ahal izateko dirua lortzen. «Garai hartan asko ikasi genuen, muturreko egoerak bizitzea tokatu zitzaigun-eta. Babeslekua eraiki aurretik, gizonak etortzen zitzaizkigun atea txikitzeko aizkorak hartuta, beren emazteen bila. Pixkanaka gure segurtasun sistemak hobetu egin genituen eta diru sarrera gehiago lortu. Japonian, Italian, Alemanian, Espainian eta Ameriketako Estatu Batuetan lehiaketak irabazi genituen».
Babeslekua La Plata hirian daukate, Buenos Aires hiriburutik 60 kilometrora. Leku hori sortzeaz gain, biktimei eta seme-alabei laguntza legala eskaintzen diete. Baina hori nahikoa ez delakoan, Maria Pueblo Etxeak gizartea arazoaz ohartu dadin nahi zuen eta horretarako mintegiak antolatu zituen, poliziak gaitzeko helburuarekin. Epaitegietan ere lortu zuen goraipatzeko moduko garaipena: Buenos Aires probintziako Justizia Administrazioa behartu zuen biktimaren helbidea erasotzaileari ez ematera, legeak zituen zirrikituak erabilita hori egiten baitzuen ordura arte.
Iraultza sinbolikoa
«Indargabetutako matxista bat naiz, indargabetzen joandakoa, eta badakit gizarte matxista baten produktua naizela. Gure kulturaren arabera, gizon jaiotzean gizon izateagatik duzun boterearekin jaiotzen zara, eta, emakumezkoa bazara, gizona bera baino matxistagoa izan behar duzu, zerbait lortu nahi izanez gero. Horregatik, gizonek genero berdintasunaren aldeko borrokarekin bat eginda lortuko ditugu aldaketarik esanguratsuenak, emakumeekin elkarlanean», Witten iritziz. Filosofia horretan oinarrituta, beste erakunde eta elkarte batzuekin batera INAHCOM Matxismoaren Aurkako Gizonen Institutu Nazionala eratu zuten. 2010az geroztik, eragin handia duten indarkeriaren aurkako kanpainak jarri dituzte abian, zenbait politikarien laguntzarekin.
Horrela sortu zen Matxismoaren Aurkako Gizonak izeneko kanpaina. Politikariekin batera leku jakin batzuetara joaten ziren eta bertaratzen zirenek eraildako emakume baten izena zuen karteltxoa hartzen zuten. «Kartela jasotzen dut eta era honetan nire gain hartzen dut kultura matxistaren zama, eta gertatzen denaren erantzukizuna onartzen dut», esaten dute orduan, Wittek esplikatu duenez.
Testuinguru horretan lanean ari zirela etorri zitzaion burura Witti Argentinako historiako krimen ezagunenetako bat sinbolikoki aldatzeko ideia: 1992an, La Plata hiriko etxe batean, Rodolfo Barreda dentistak eskopeta hartu eta emaztea, amaginarreba eta bi alabak erail zituen, emakume horiek bera psikologikoki oso gaizki tratatzen omen zutelako. Biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina gaur egun baldintzapeko askatasuna lortua du, Kode Penal zaharrak dituen zirrikituak baliatuta.
Lau femizidioak egin ziren etxea huts-hutsik egon da urteotan. Morez margotu zuten eta talde feministek grafitiak egin zituzten paretetan. «Elkartean pentsatzen genuen babeslekua eskaintzea ez dela nahikoa, eremu irekiren bat sortu behar genuela, herritarrak kontzientziatzeko eta gaitzeko, eta arazoaren adar guztiak ukitzeko. Barredaren etxearen aurreko aldea komunitatearen arbel erraldoi bihurtu genuen. Herritarrek bertan adierazten zuten bere haserrea. Leku horren esanahi sakonaz jabetzea bururatu zitzaidan: zergatik ez leku horren desjabetzea eskatu eta matxismoaren aurkako borrokaren erreferentzia-gune bihurtu?».
La Plata hiriko intendenteak esku hartu zuen ekitaldi batean, Dario Wittek bere proposamena publikoki ezagutzera eman zuen. Handik urtebetera, Barredari etxearen jabetza kentzeko proiektuak urrats asko egin ditu Buenos Aires probintziako Diputatuen Ganberan eta Senatuaren argi berdearen zain dago.
«Barreda bere oinordetzatik aldendu egin behar zuten, eta berak ezeren jabe izateko duintasunik ez duela erabaki. Gizarte matxistak beste inork onartzen ez duen historia kontatu zuen hiltzaileak, hildako lau emakumeek esan beharrekoa entzuterik ez genuen izan-eta. Horregatik pentsatu nuen izuaren ikur hori genero indarkeriaren aurkako ikur bihurtzea. Argentinan lehen aldiz gertatuko da horrelako zerbait: lau homizidio egin ziren etxe bat, herritarrak arazoaz jabe daitezen erabiltzea. Gure asmoa bertan liburutegi tematiko bat edukitzea da. Ez dugu morboaren museo bihurtzerik nahi, gure helburuak lortzeko tresna baizik, aldaketa kultural bat lortzeko, eta horretarako eduki sinboliko handiko ekintzak egin behar dira», esplikatu digu.
Gizartea gai honetan izan duen loalditik esnatu egin dela dirudi. Lehen inoiz ikusi ez genuena ikusten dugu orain: hedabideetan, etxean eta eskolan ere gaiaren inguruko eztabaidak egiten dira. Hala ere, lan asko dago egiteko eta hezkuntzaren, testu liburuen eta pertsonaia publikoen mezuen bitartez aldaketa kulturala lortu arte ez da bukatuko.
Aldaketa horren ondorio positiboak estrukturalak izatera ere irits daitezke. Zentzu horretan Wittek ateratzen duen ondorio bat aipagarria da: «Matxismoak oso sustrai sakonak ditu, indartsuenek ahulenekiko abusatzeko duten ahalmena da, gizarteak zilegitasuna emandako ahalmena. Gizartean nagusi den kulturak eragin du gatazkak indarkeriaz konpontzeko joera bazter guztietan egotea. Etxean bezala munduan, boterea da nagusi eta familiaren barruan gertatzen denak munduan gertatzen dena elikatzen du. Inor ez da kalterik gabe ateratzen».
PERTSONEN SALEROSKETAREN DRAMA
«Pertsonen salerosketa genero indarkeriaren bertsiorik muturrenekoa da eta ez litzateke existitu ere egingo Estatuaren konplizitaterik izango ez balu», dio Tuñezek. Matxismoak Argentinan duen aurpegirik ilunenetakoa da. Arlo horretan ere gizarteak makina bat urrats egin ditu. Nabarmentzeko moduko emakume indartsu bat daukagu: Susana Trimarco. Bera Marita Veron 2002an bahitu zuten 23 urteko neska gaztearen ama da. Tucuman probintzian harrapatu zuen proxeneta talde batek eta geroztik etxean ez dute haren berririk. Trimarco, alaba aurkitu nahian, prostituzio sareetan sartzera iritsi zen eta horri esker 110 emakume sexu esklabo izatetik salbatu zituen. Bere borrokak Tucumango eliteak astindu zituen eta iritzi publikoa beste mende bateko ezaugarriak dituen arazoaz jabetu zen. Testuinguru horretan lortu zen 2011n emakumezkoen salerosketa zigortzen duen legea aurrera ateratzea. Trimarcok AEBetako Estatu Sailaren sari bat jaso zuen 2007an eta Kanadako Gobernuarena geroxeago. Bakearen Nobel Saria berari ematea ere proposatu dute.
Pertsonen salerosketaren aurkako lana aurrera doa Argentinan. Duela gutxi, gobernuz kanpoko hainbat erakundek eta kondoi enpresa batek “Bezerorik gabe ez dago salerosketarik” izeneko kanpaina jarri dute abian. Preserbatibo paketean zera irakur zitekeen: «Seguru puta dela? Pertsona hori sexu-esplotazioaren biktima izan daiteke. Bezerorik gabe ez dago negoziorik».
Marita Veronen bahiketan eta esplotazioan esku hartu zutenen aurkako epaiketa egiten ari dira une honetan. Bera esklabo izan zen garaian bere ondoan bizi zirenek esan dute kokaina hartzera behartzen zutela lanean hasi aurretik, eta bahitzaileak bortxatu egin zuela eta bere seme bat izan zuela. Eta azkenean hil egin zutela. Baina hori lekukoen adierazpenak dira. Amak egiaren zain jarraitzen du. Justizia eske segitzen du Tucumanen.




