2012ko Abuztuaren 17a
Gustukoa dut aldiro nekazaritza estatistikak begiratzea. Ekonomiaren beste perspektiba bat ematen du nekazaritzak. Gure gizarte industrializatuetan dena kontrolpean dugula ematen du. Dena, ez; nekazaritzak etengabe gure atzaparretatik ihes egiten du. Elikagaien ekoizpena industrializatu egin dugu eta nekazaritza ekoizpena baino petrolioaren menpeko jarduera bihurtu dugu. Hala ere, erabateko kontrola bermatzea ezinezkoa zaigu. Beste esparruetan ez bezala, eguraldiaren gorabeherek berebiziko garrantzia dute. Ez dira aldaketa oso handiak behar edo hondamendi bat gertatu beharrik ez dago elikagai baten uzta zeharo baldintzatzeko. Azken finean, eguraldiak eta uztek naturarekiko menpekotasun egoeran gaudela gogoratzen digute.
Nekazaritzan eragin zuzen-zuzena du naturak, baina, zeharka bada ere, gainontzeko jarduera ekonomikoengan ere eragiten du. Hasiera batean ez iruditu arren, baita finantza arloan ere. Hartzekodunei berdin zaie eguraldia nolakoa den, interesak berdin-berdin pilatzen dira egunak joan eta egunak etorri. Baina eguraldia kaskartzen denean, uztarekin batera nekazarien kaudimen ahalmena ere jaitsi egiten da. Hori ez da elikagaien prezioan bakarrik nabaritzen, baita beste produktuen salmentan ere. Eta horrela, banketxeek kaudimengabeen kopurua hazten doala ikusten dute, eta, bide batez, euren kontuak izorratzen ari direla. Horrek guztiak izugarrizko eragina du mundu mailako ekonomian, nekazaritza modu oso desorekatuan banatuta baitago munduan zehar. Ondorioz, nekazaritzak uste duguna baino garrantzia askoz ere handiagoa du inguruotan ere.
Behin hori argituta, goazen harira: FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak mundu mailako elikadura indizearen uztaileko datuak aurkeztu ditu. Ekainetik uztailera %6 igo da, hala ere, 2011ko otsailean lortutako maximotik urruti dago oraindik. Dena den, aldaketak aurreko hiru hilabeteetako beheranzko joera apurtu du. Antza, eguraldiak eragin du joera aldaketa. Artoaren garapenerako funtsezko sasoian, lehortea eta bero handiegia izan dira Ameriketako Estatu Batuetan. Horregatik, artoaren prezioak %23ko igoera izan du uztailean. Gariaren prezioa ere igo egin da. Kasu horretan, bi izan dira faktoreak. Batetik, Errusiar Federazion labore horren uztaren gaineko perspektiba txarrak dituzte, eta, bestetik, artoaren prezioaren gorakadak gari eskaera handitu eta prezioa gorantz bultzatu du. Gainontzeko zerealetan, batez ere arrozaren prezioetan, ez da aldaketarik nabaritu.
Azukrearen prezioa %12 igo da hilabete bakarrean. Eguraldia izan da kasu honetan ere protagonista: azukre-kanaberaren esportatzaile nagusia Brasil da, eta, bertan, sasoitik kanpo euria egin du kanaberaren bilketa zailduz. Bestalde, Indian montzoia atzeratu da eta horrek kezka zabaldu du. Horrez gain, Australian izandako euri eskasiak ere izan du eragina azukrearen prezioaren igoera horretan.
Olio eta koipeen prezioak %2 igo dira, sojaren gaineko eskaera handitu eta eskaintza murriztu delako. Gainontzeko olioen eskaintza, palma-olioa edo ekilore-olioa kasu, bere horretan mantendu da eta horregatik indizea ez da gehiago hazi. Haragiaren eta esnekien prezioak ez dira apenas aldatu azken hilabetean. Hala ere, haragiaren prezioa 2011ko mailan mantendu den bitartean, esnekien prezioak jaitsi egin dira pasa den urtearekin alderatuz gero.
Orokorrean, nahiz eta elikagaien prezioak igo egin diren, ez dira industria produktuen prezioak bezainbeste igo. Horrenbestez, nekazarien eros ahalmenaren eta gainontzeko herritarren eros ahalmenaren arteko distantzia gero eta handiagoa da munduan barna. Ordenagailu bat erosteko gero eta gari gehiago ekoitzi behar. Gainera, ezin dugu ahaztu Europan bizi garenok ere prezioen igoerak jasan arren, horrek ez gaituela bereziki erasaten: eros ahalmen handia dugu, diru asko, eta, gainera, gure moneta edonon onartzen dute. Guk ere elikagaien prezioen igoera nabaritzen dugu, noski, baina gurearen pareko eros ahalmenik ez duten herrietan prezioen igoeraren ostean gosea etorri ohi da. •




