Iratxe Esnaola | Informatika ingeniaria
2012ko Abuztuaren 10a
Bukatzear dira Londres 2012ko Olinpiar Jokoak. Zenbakitan: 17 lehia-egun guztira, 26 kirol ezberdin, 1.000 kirolari baino gehiago, 70.000 boluntariotik gora, 204 Olinpiar Batzorde, 21.000 transmisore, 4 milioi dolar eta 200.000 ordu hasi aurreko probetarako. Baina bada bestelako zenbakirik: gutxi gorabehera 9.000 zerbitzari erabili dira, 1.000 sare eta segurtasun gailu, 9.500 ordenagailu, 3.500 aditu kontratatu dira ikuskapenetarako eta milioi erdi linea-kode daude informazio sistema osoaren atzean. Zalantzarik ez dago: teknologia ezinbestekoa da Olinpiar Jokoetan, azpiegituraren, dopinaren kontrako kontrolen eta komunikazioaren oinarria baita, besteak beste.
Azpiegiturari dagokionean, eta betiere Olinpiar Jokoetako emaitzak ahal bezain azkar munduko txoko guztietara iristeko helburuarekin, elkarren artean integratuak dauden informazio sistema ezberdinak erabiltzen dira, nagusiki Atos Origin enpresak garatuak, 2002tik Olinpiar Jokoen informazio sistemen arduraduna dena.
Informazio sistema horietako bat MyInfo+ da. On line sistema bat da, hedabide, kirolari eta bestelako langileei zuzendutakoa. Bertan, egutegia, dominen rankinga, errekorrak eta garraio zerbitzuen gaineko informazio guztia kontsulta daiteke. Era berean, esatari edo berriemaileentzako informazio sistema bat ere bada, zeinaren egitekoa emaitzak ukipen-pantaila batean agertzea den, 0,3 segundotan.
Zentzu horretan, ordea, erabiltzen den informazio sistema osoa ez da Beijingeko Olinpiar Jokoetan erabili zenarekiko oso ezberdina. Londresekoak pertsonalizazio maila handiagoa eskaintzen du, hedabideak, kirolariak eta publikoa ezberdin tratatuz.
Azpiegituratik harago, eta inoiz baino indar gehiagorekin, dopinaren aurkako kontrolak egiteko teknologia aipatu behar dut ezinbestean. GARAn eta NAIZen irakurri ahal izan genuen: espiritu olinpikoaren azken mehatxua genetikoki moldatutako kirolariak dira. Hau da, kirolari batek laborategi batean garatutako DNA sar dezake bere gorputzean, birus bat bailitzan, eta horrela globulu gorrien edo muskulazio hormonen ekoizpena estimulatzea lor dezake. Horrela, muskuluetara oxigeno gehiago iritsiko da eta horrek kirolariaren errendimendua handituko luke.
Oraindik ez da, ordea, moldaketa genetikoa ziurtasunez aztertzeko teknologiarik sortu, baina urte gutxiren buruan errealitate bilakatuko dela adierazi dute adituek. Edozein kasutan, egungo araudi berriarekin, Londresen parte hartu duten kirolarien DNA zortzi urtez gorde ahal izango da. Eta, beraz, dominak lortu dituztenek, zortzi urteko epea eta itzala gainditu beharko dute benetan inolako tranparik gabe irabazi dituztela ziurtatzeko.
Baina dopinaren aurkako teknologia berriak garatzeko beharra dagoen arren, kontrol zorrotza eramango da Londresen, noski. Erabiltzen den tresna horietako bat da ImageQuant, irudi biomolekularrak sortzen dituen teknologia. Hamazazpi egunetan ia 5.000 test inguru egingo dituzte eta informazio oso zehatza eskaintzen du.
Eta ezin aipatu gabe utzi komunikazioaren eremua. Zuzeneko streaming emisioez gain, hedabideek jarraipen zorrotza egiten diete Olinpiar Jokoei, papereko edizioan eta on line gehigarri eta txoko berezituak sortuz. Twitter, Facebook eta gisako sare sozialak ere oinarrizko tresnak bilakatu dira, nola ez. Eta diru laguntza bitartez edo borondatez Olinpiar Jokoen berri ematen duten blogariak ere milaka dira.
Izan kirolari, kazetari edo informatikari, hauxe da, bere osotasunean eta lau urtean behin, Olinpiar Jokoen definizio zehatza: zentzu eta forma guztietan, bi astetan zehar perfekzioa laztantzeko, urteetako lana eta esperientzia exijitzen duen nazioarteko ikuskizuna. •




