-

Gorka Zozaia | Kimikaria

2012ko Abuztuaren 10a

Aspaldi xamar nabil gai honi heltzekotan, eta bizi berri dudan enegarren aberrazioa edalontziak gainezka egiteko tanta izan da. Oporretako bidean Italia zeharkatu dugu autoz, eta halakoetan gertatzen den lez, herrialde bat bere gasolindegien bidez ezagutu dugu (ez hartu hitzok, beraz, oraino ezezagun zaidan herrialde horren erakusle gisa). Ohiko xelebrekerien artean, atentzioa eman dit gasolindegi eta bideko jatetxe guzti-guztietako komunetako iturri eta “kateak” sentsore bidez funtzionatzen zutela ikusteak. Atentzioa eman dit, batean pixa egiten nuen bitartean piztu zaidalako, dena zipriztinduz, bestean erregeari gutuna idatzi ostean altxatzearekin batera, ipurdia garbitu baino lehen, isuri duelako ura, eta gainera, errematerako, eskuak garbitzeko tentelaren moduan dantzatu behar izan ditudalako iturriaren azpian.

Ez dakit aberrazio hau italiarren higienezaletasunaren ondorio den, “teknologia” fetitxe gisa ote duten, edo beste barik, Berlusconiren lehengusuren baten negozio biribila izan den. Dakidana da askok honi aurrerapen teknologikoa deituko diola, teknika berriek aurrerapen teknologikoa bere horretan ekarriko balute bezala. Alegia, iturri bati mugimendu sentsore bat ezartzea aurrerapena balitz bezala.

Kontziente naiz diskurtso honi darion kirats atzerakoiaz, edota Theodore Kaczynskiren sokatik aurrerapen teknologikoen aurkako arrazonamenduaren traza har dakiokeela, baina ez noa hortik, saiatu alboratzen teknologiaren inguruan eraikitako mito eta estigmak. Uler gaitezen, euskarazko wikipediak teknologiaren inguruan duen definizioa jasoko dut erreferentzia nagusi gisa: “­Teknologia, grezierazko τεχνολογος-tik, tekne (τεχνη, ‘zientzia, arte, edo lanbide’) eta logos (λογος, ‘jakintza-multzoa’) hitzez osatuta dago. Hainbat definizio dituen arren, kontzeptu zabalenean, espezie batek tresnak sortu, erabili eta ingurunea bere nahi eta beharretara aldatzeko duen jakintza-multzoari deritzo teknologia”.

Egia da ingurunea gure nahi eta beharretara aldatzeko ariketa horretan, ingurumena zeharo kaltetu dugula eta bide honetatik jarraitzen dugularik Lurraren mugekin topo egingo dugula; baina iraunkortasuna posiblea dela sinisten dudan hein berean ulertzen dut nik aurrerapen teknologikoa. Finean, ingurunea gaur, eta bihar ere, gure nahi eta beharren arabera aldatzen jarraitzeko jakintza-multzoa, alegia. Horren arabera, ezin diot teknologia deitu tresna sinpleak konplexu bilakatzeko joera zentzubako honi.

Autoa gidatzean euria noiz den jakiteko gai naiz, edo gauez argiak piztu behar ditudala ohartzeko moduko ikusmena badut, eta argiak piztean baten bat fundituta badago, nire kabuz, bost minututan aldatzeko aukera izatea aurrerapen teknologiko itzela deritzot. Zabaldua den sinismenaren arabera, berriz, teknologikoki aurreratuen diren autoak gurpila aldatzeko ere mekanikoarengana eraman behar direnak dira.

Aberrazio hauek, gehienetan, xede komertzial eta ekonomikoak izaten dituzte iturburu. Zer saldu berriak behar baitira etengabe, eta beti baitago hobe makina bat langile baten lekuan. Zenbatetan argitu dizkizuete zalantzak telefono bidezko bezeroaren arreta zerbitzu automatikoek? Ziur ez direla izan taberna bateko komunean, txizaldiaren erdi-erdian, ilunetan, besoak astindu behar izan dituzuen aldien adina.

Argi esateko, bizitza erraztu beharrean konplikatzeko norabidean ematen diren urratsei ezin zaie teknologia esan. Hortik aurrera, bakoitzak ikusiko du zein aplikaziorekin xahutzen duen denbora. Konfortaren izenean, gure ahalmenak makinen esku uztearekin, gure adimenaren garapena oztopatzen ez dugun bitartean, lasai egon gaitezke. Hori bai, istripuak ekiditeko, izan beti zentzu guztiak alertan eskuak bolantean ditugunean eta txiza egiterakoan, ez hurbildu gehiegi sentsoredun komunetara; bazpare! •